Gaur egungo gizartearen erronka nagusiak teknologia digitalaren bustidura dute: denok bizi dugu digitalizazioak gure egunerokotasunean duen eragin izugarria harremanetan, lan munduan, aisialdian, ekonomian… eta hezkuntzan ere bai. Gailu digitalak gure ikasgeletan sartu dira eta sarritan entzun ohi da ikasleek tresna horiek helduek baino hobeto erabiltzen dituztela. Baina zer dago erabilera horren atzean? Digitalizazioa tresnen erabilera hutsera mugatzen al da soilik? Hala haratago doa? Galdera horiei guztiei gizarte zein hezitzaile gisa erantzuteko garaia iritsi da, zalantzarik gabe. Hori dela eta, ikastetxeetan erronka digitalen aurrean proposamen zehatzak egiteko testigua hartzeko momentua da. 

Azken urteetan, alfabetatze digitalak berebiziko garrantzia hartu du, digitalizazioa modu esanguratsuan, kritikoan eta kontzientean erabiltzeko beharra azpimarratuz. Teknologia digitalak erabiltzeko ezagutza izateaz gain, horien erabilerarekiko kritiko izateari eta kontzientzia beharrari egiten dio erreferentzia alfabetatze digitalak. Euskal testuinguruan, hiritarren konpetentzia digitalaren erreferentziazko marko europarra DigComp da, arlo horretan hiritar batek izan behar dituen 21 konpetentziak zehazten dituena. Hezkuntzak (ikastetxeek eta irakasleek) konpetentzia horiek garatzeko ikaskuntza-testuinguruak eta -esperientziak eskaini behar ditu, ikasleek konpetentzia digitala garatu dezaten. Horretarako, irakasleen konpetentzia digitala ezinbestekoa da ikaskuntza-testuinguru horiek diseinatzeko, eskaintzeko, gidatzeko eta ebaluatzeko. Testuinguru horretan, irakasleen konpetentzia digitalaren erreferentziazko markoa –DigCompEdu– ezinbesteko erreferentzia da. Bertan, digitalizazioari lotuta irakasleak bere egunerokotasunean izan behar dituen 22 konpetentziak zehazten dira. 

Dena den, ikasleen konpetentzia digitala sustatzeko, ez da nahikoa irakasleen konpetentzia digitalean arreta jartzea, ezinbestekoa baita ikastetxeek ere digitalizazioari begirako ikuspegia eta posizioa izatea. 2023-2024 ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxe guztiei Ikastetxeko Proiektu Digitalaren txostena izateko eskaera egin die Eusko Jaurlaritzak. Estatu mailan egin den eskaera izan da eta, beraz, ez da EAEn egindakoa soilik. Ikastetxeko Proiektu Digital hori irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuen bitarteko digitalen erabilera egokitu eta erraztuko duen tresna izango da; ikastetxe bakoitzak teknologia digitalen gainean bere ikuspegi pedagogikoa eraikitzeko aukera, alegia. Hortaz, Ikastetxeko Proiektu Digitalaren helburu nagusiak hiru dira: teknologia digitalaren erakunde mailako ikuspegia eraikitzea eta adostea, ikuspegi tekno-pedagogikoa hezkuntza proiektuan integratzea eta baliabide digitalen erabilera ikas-eta irakas-prozesuetan moldatzea eta erraztea. 

Hori posible egiteko, Europako hezkuntza erakunde digital konpetenteen markoa (DigCompOrg) izan da oinarria. Markoak, sei dimentsioei egiten die erreferentzia: 

  1. Lidergorako eta gobernantzarako jardunbideak. 

  2. Irakaskuntzarako eta ikaskuntzarako jardunbideak. 

  3. Ebaluazio-jardunbideak. 

  4. Edukiak eta curriculumak. 

  5. Elkarlana eta networking-a. 

  6. Azpiegiturak. 

Ikastetxeko Proiektu Digitala sortzen hasteko, dimentsio horiek kontuan hartuko dituen diagnosia egin behar da. Hori egiteko, SELFIE doako tresna jarri da eskuragarri ikastetxe guztientzat, markoak zehazten dituen sei dimentsio horien gainean ikastetxe bakoitzak bere erakundean teknologia digitalen erabilera nola egiten duen aztertzeko. Beste era batean esanda, SELFIE tresnak hezkuntza erakundeei teknologia digitalen integrazioaren ebaluazioa egiteko aukera eskaintzen du. Hori egiteko, ikasleen, irakasleen eta zuzendaritzako kideen informazioa jasotzen da, ikastetxeen egoera ahalik eta ikuspegi anitzenetatik begiratzeko. Jasotako informazioarekin, SELFIE tresnak txosten pertsonalizatua egiten du, hezkuntza erakundeak teknologia digitalen erabileraren gainean dituen indarguneak eta hobekuntza ildoak zehazteko informazioarekin. Horrela, ikastetxeari jasotako datuen gainean hausnartzeko aukera zabaltzen zaio, teknologia digitalen erabilera esanguratsuaren gainean aurrerapausoak definitzeko. 

Hezkuntza erakundeei teknologia digitalaren erabilera nolakoa den aztertzeko SELFIE tresna eskainita ere, Ikastetxeko Proiektu Digitala osatzea erronka konplexua da: horrelako proiektu esanguratsua egiteak denbora eta teknologia digitalen erabilera ikuspegi tekno-pedagogikotik definitzeko ezagutza eskatzen ditu. Errealitate konplexu horretaz jakitun, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (HUHEZI) KoLaborategitik bidelaguntza pertsonalizatua eta erabilgarritasunera bideratua planteatzeko hautua egin genuen. 

Bidelaguntza proposamen horren helburu nagusiak bi dira. Alde batetik, SELFIEaren bidez ikastetxeak jasotzen dituen datuak ustiatzeko laguntza eskaintzea, bertako ekosistema digitala modu errealean neurtzeko eta hobetzeko baliabide eraginkorra izan dadin. Beste alde batetik, datu horien interpretazioarekin, ikastetxearen errealitatea definitzeko, ulertzeko eta hobetzeko proposamen errealak eta egokiak egiten laguntzea. Modu horretan, ikastetxearentzat baliagarria, esanguratsua eta praktikoa den Proiektu Digitala zehaztea da helburu nagusia. 

Erraza ez bada ere, hasiak gara lehenengo pausoak ematen. Arizmendi ikastolako Almen guneak eta HUHEZIko KoLaborategiak elkarrekin egindako prozesua oso emankorra izan da. Alde batetik, ikastetxeari bere beharrei egokitutako bidelaguntza eskaini zaiolako, Ikastetxeko Proiektu Digitala diseinatzeko hausnarketarako espazioak sortuz. Bestetik, HUHEZIrentzat oso baliagarria izan da esperientzia, ikastetxearekin bidelaguntza prozesua modu esanguratsuan balioesteko eta hobetzeko aukera ematen duelako. Bidelaguntzaren prozesua lau fasetan banatu da. (Irudia 1: bidelaguntza prozesuaren prozesua). 

Lehenengo fasean, helburua ikastetxearen informazioa jasotzea da, ikastetxea barnetik ezagutzeko eta digitalizazioaren gaineko ikuspegia zein den identifikatzeko. Horretarako, lehenengo, zuzendaritza taldearekin biltzen gara eta ikastetxearen interesguneak jasotzen ditugu, SELFIE galdetegian beharrezkoak –eta posible– diren aldaketak egiteko helburuz. Era berean, irakasleekin digitalizazioaren gaineko sentsibilizazio prozesua jartzen dugu martxan. Horretarako, SELFIE galdetegiaren, digitalizazioaren gaineko markoaren, zein Ikastetxearen Proiektu Digitalaren inguruko oinarrizko azalpenak emateko saioa antolatzen dugu. 

Ikastetxearen nondik norakoak ezagututa eta sentsibilizazio prozesua aktibatuta, bigarren fasean, SELFIE galdetegia betetzen da. Erantzuteko garaian, gaian adituak diren bi pertsona presente egotea interesgarria dela pentsatzen dugu, zalantzak argitzeko eta beharrezkoak diren azalpenak emateko. Izan ere, galdetegiak zenbait gai tekniko jorratzen ditu eta galderak ez dira beti argi ulertzen. 

Hirugarren fasean, jasotako informazioaren gaineko analisia egiten dugu, hausnarketa prozesua irakasleei eta zuzendaritzako kideei zabalduz. Lehenengo, jasotako erantzunen analisia egiten da. Analisi horretan, indarguneak eta hobetzeko aukerak azaleratzeko aukera dago, aurrerago egin beharreko Proiektu Digitalaren lehenengo zirriborroa osatuz. Behin oinarrizko analisia eginda, zuzendaritza taldearekin bigarren saioa antolatzen dugu. Bertan, taldearen aurreikuspena jasotzeko lan dinamika planteatzen dugu, txostenari begira jarri eta ekarpenak egiten hasteko. Galdetegiak jorratzen dituen esparruen gaineko autopertzeptzioa lantzea da helburua. 

Hori eginda, prozesua amaitzeko, egindako analisitik ateratako helburuak eta ekintzen definizioa egiten dugu, Ikastetxeko Proiektu Digitalaren txosten definitiboa diseinatuz. Horretarako, indarguneak eta hobetzeko moduko alderdiak kontuan hartu eta Ikastetxearen Proiektu Digitala indartzeko proposamenak eta gomendio zehatzak ondorioztatzen dira, horiek ere txostenean txertatuz. Argazki propioa eta objektiboa jasotzeaz gain, beharrei erantzuteko ideia eta proposamen zehatzak jasotzen ditu. 

Hala eta guztiz ere, Ikastetxearen Proiektu Digitalaren txostenaren erredakzioa ez da prozesuaren amaiera. Txostenean jasotakoa inplementatzeak zalantzak, kezkak, ustekabeak eta erresistentziak ekar ditzake, eta ziurgabetasun horri aurre egiteko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko KoLaborategitik bidelaguntza eskaintzen dugu. 

Prozesu guztia kontuan izanda, Arizmendin aurrera eramandako esperientzia pilotua oso aberasgarria izan dela esan dezakegu: gure bidelaguntza prozesuaren zilegitasuna eta egokitasuna berretsi genituen, eta bidean emandako feedbackarekin hobekuntzak egin genituen. Batetik, bidelaguntza eskaini genuen hezkuntza komunitatearen ardura, zalantza, kezka zein indarguneak kontuan izanda. Bestetik, prozesuari zentzu praktikoa eta erreala eman genion, gogoeta praktikoa erdigunean jarrita. 

Zalantzarik gabe, etorkizun hurbilean ikastetxe guztiek egin beharko duten prozesu horri egokitasuna eskaini behar diogula azpimarratuko genuke: ikuspegi tekno-pedagogikoan oinarritutako zentzua eta gogoeta, hain zuzen ere. Nahiz eta Ikastetxeko Proiektu Digitala ikastetxe askok derrigortasunetik ikusi, zentzua emango dioten espazioak ireki behar dira prozesuan, ikastetxearen errealitatearekin loturak eginez. Digitalizazioaren erabilera esanguratsua gaur egungo hezkuntzaren erronka nagusietako bat izanik, prozesu honen eraketak hausnarketa sakona eskatzen digu, bai unibertsitateoi –aditu gisa–, eta baita ikastetxeei ere –aritu gisa–. Elkarlanetik eta elkarlanean asko ikasi daitekeela ondorioztatu dugu prozesuan, ikastetxeen benetako beharretatik abiatuta bidelaguntza ahalik eta esanguratsuena eta pertsonalizatuena eskainiz. Digitalizazioa izango bada, pedagogikoa izango da, eta Ikastetxeko Proiektu Digitala hori lortzeko bidean aliatua izan daiteke.