Galdera horri erantzuten saiatu ziren Amaia Elizalde, Katixa Dolhare-Zaldunbide eta Gorka Bereziartua literatura adituak.
Datorren azaroan beteko da Jon Miranderen jaiotzaren mendeurrena, euskal literaturako nobela moderno aitzindariaren egilearena. Polemikaz inguraturiko idazlea izan zen Mirande, antisemita eta nazien zalea, besteak beste, eta eztabaida horiek mahai gainean jarriz irakurtzea izan daiteke mendeurreneko ariketa interesgarri bat.
Bainaz beteriko ibilbidea egin zuen Jon Mirandek. Euskal narratiba modernoaren mugarrietako bat idatzi zuen, Haur besoetakoa, baina nobela pederasta bat da. Poeta handia, bai, baina antisemita eta nazien aldekoa, aitortua, gainera, hainbat gutun amaitu baitzituen Sieg Heil agur naziarekin. Beraz, orain, haren mendeurrena beteko den honetan, nola gogoratu behar ditugu Jon Mirande eta haren lana?
Galdera horri erantzuten saiatu ziren Amaia Elizalde, Katixa Dolhare-Zaldunbide eta Gorka Bereziartua literatura adituak, hain polemikoa izan den egilea eta haren lana berreskuratuko dituen mendeurrenaren atarian Karrikiri elkarteak eta Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialak antolatu zuten mahai-inguruan. Hirurak bat etorri ziren. Mirandek hainbat ikuspegitatik sor ditzakeen zalantzak kontuan izanda ere, hirurek bat egin zuten Mirande irakurtzearen alde, haren lanen “kalitatea” nabarmenduz. Harago, euskal literaturaren bilakaera ulertzeko, ezinbestekotzat jo zuten idazlearen lana ezagutzea: alde batetik, orduko garaiari buruz gehiago ezagutzeko; eta, beste alde batetik, haren ondoren sortutako literatura sakonago ulertzeko. Elizalderen ustez, Mirandek “izugarrizko eragina” izan zuen inguruan, eta eredu izan zen askorentzat. Zaldunbidek honela definitu zuen Mirande: “Goi mailako idazle bat da, beldurrik gabe literaturara eraman zituena bere barne mamuak, libreki, eta, beraz, polemika sortu zuena gauza sakratu gehiegi kateatzen zituen euskal gizartean”. Hizlarien arabera, baina horiek nabarmentzea, garaian kokatzea eta literaturaren eta errealitatearen arteko mugak eta mugarik ezak auzitan jartzea izan daiteke Miranderen literatura balioesteko modu bat haren mendeurrenean.
1925eko azaroaren 10ean jaio zen Jon Mirande, Parisen, haren familia Zuberoatik joan baitzen Frantziako hiriburura lanera. Ama Sohütakoa zuen, eta aita Garindainekoa. 20 urte zituela hasi zen euskara ikasten. Euskarazko lehen idatzia 1948an argitaratu zuen, Gernika aldizkarian. Euskaraz gain, beste hogei hizkuntza zekizkien, eta haietako hainbatetan idatzi zituen sorkuntza lanak. Bretoieraren akademiako kide izan zen. Haatik, 1962an Aingeru Irigaraik, Federiko Krutwigek, Koldo Mitxelenak eta Luis Villasantek euskaltzain oso izendatzeko proposamena egin bazuten ere, Piarres Lafittek kontrako iritzia zuenez, ez zen sekula Euskaltzaindian sartu.
Literaturari dagokionez, idatzi zituen lanak bere pentsamenduaren isla ziren, batez ere poesian. Erotismoa, heriotza, suizidioa, paganismoa eta abertzaletasuna ekarri zituen olerkietara, garai hartan euskal letretan ohikoak ez ziren gaiak, hain zuzen ere. Haur besoetakoa liburuak, berriz, pedofilia, intzestua eta suizidioa jorratzen ditu, eta garai hartako ohitura tradizionalen eta moral judu-kristauaren kritika argia da. Mirandek 1954an idatzi zuen eleberria, baina 1971 arte ez zuen lanak argia ikusi. Hala adierazi zion Mitxelenak 1960an gutun bidez: “Zure AUR BESOETAKOA ia buruz ikasi dut. Irakurriago eta atseginago zait, bene-benetan. Eleberri benetan berria eta egun-egungoa. Ez dakizu zenbat deirotzen dudan oraindaino argitara gabe idaukitzea”.
Idatzi eta iritzi polemikoak
Idatziak bezain polemikoak ziren Miranderen iritziak. Abertzalea zen bai, baina gogor kritikatu zituen garaiko eskuineko eta ezkerreko abertzaletasunak, moral judu-kristauaren kutsua hartzen baitzien bi adarrei. Abertzale erradikaltzat zuen bere burua, eta euskaldunaren jatorriko izpiritu askea eta indartsua aldarrikatzen zituen, Joxe Azurmendik bere lanetan jaso izan duenez. Eskuindar abertzaleek begi txarrez hartzen zituzten Miranderen laikotasuna eta erotismoa; ezkerrekoek, berriz, Miranderen adierazpen naziak, faxistak eta antikomunistak gaitzesten zituzten. Hala ere, garaiko idazleen adiskide izan zen, hala nola Andima Ibiñagabeitiarena, Txomin Peillenena, Piarres Lafitterena, Koldo Mitxelenarena edota Jon Etxaiderena. “Gure artean faszista seguru bakar bat dago. Hori, Jon Mirande. Eta bere egiaztitasunagatik, bere prestutasunagatik miresten dut” utzi zuen idatzirik Gabriel Arestik, Anaitasuna aldizkariaren 219. zenbakian, 1971. urteko irailaren 30ean.
Mirande, ehun urte geroago, eskoletan
Ariketa interesgarria izan daiteke, bere horretan, Jon Miranderen Haur besoetakoa —osorik zein zatika— gaurko betaurrekoz irakurtzea, edizio gaurkotuak baitaude. Horrez gain, Oskorriren Kattalin abestia Jon Miranderen poema batean dago oinarrituta. Deabruareneskola.eus webguneak sarrera interesgarriak ditu Miranderi buruz. Eta Bidegileak eta Poesia kaierak bildumek ere eskaintzen dizkiote aleak idazle polemikoari.