Haur txikienei ugalketa azaltzeko egindako liburua euskaraz argitaratu du Ttarttalok.

 

Anna Salvia psikologo eta sexu hezitzaileak eta Cristina Torron ilustratzailek haur txikienei ugalketa azaltzeko egindako liburua euskaraz argitaratu du Ttarttalok. Beldurrak eta tabuak atzean utzi eta gaiaz natural eta erraz hitz egiteko baliabideak eta gida dakartza, 4 urtetik aurrerakoentzat.

 

Sexualitatea ez da soilik ekintza erotikoetara mugatzen, gure izateak, loturak, eta harremanak eraikitzeko eta desiratzeko moduen parte da. Gero eta zabalduago eta barneratuago daukagu sexualitatea, pertsona bakoitzaren identitatearekin, gorputzarekin, emozioekin edo/eta alderdi sozialekin lotua dagoela, baina oraindik ere sarritan kosta egiten da umeekin gaiaz naturaltasunez hitz egitea. Horren adibide da haurrek hain modu naturalean galdetzen digutenean, "nola egin ninduzuen ni?" galderari erantzuteko lotsak eta beldurrak etortzea. Anna Salvia psikologo eta sexu heziketan adituaren arabera, horren atzean urte luzetako ikuspegia dago: "Luzaz gure kulturan ez da egokitzat jo izan haurrekin gai honetaz hitz egitea, eta horregatik, familia eta hezitzaile askori zaila gertatzen zaie oraindik". Tabuak harrotzeko eta haurrekin ugalketaz eta sexualitatearen zati horri buruz natural eta hitz xumeekin hitz egiteko, heziketa liburua egin zuen Cristina Torron ilustratzailearekin, eta orain euskarara ekarri du lana Ttartalok, Honela egiten da haur bat! izenburupean.

Eskolan 4. mailan landu ohi dute giza ugalketa, baina haurrei txikiagotan sortzen zaizkie umeak munduratzeko prozesuari buruzko galderak, Salviak dioen moduan: "Bizitzako lehenengo urteetan neska-mutilek haurrak nola egiten diren jakin nahi izaten dute, nola ote den posible haurtxoak ezerezetik sortzea edo nola litekeen garai batean haiek berak ez existitzea". Psikologoak ohartarazten du familiek eta hezitzaileek ez badiote sexu-heziketako premia hain oinarrizko honi erantzuten, galdera horien erantzunak "beste nonbait bilatzen" ikasiko dutela. Izan ere, sexu heziketako adituaren arabera, "umeak hitz egiteko gai diren unean bertan" agertzen da haurrak nola egiten diren jakiteko grina, 2 eta 3 urte artean. "Nola sartu da nire anaiatxoa amaren sabelean? Nondik irtengo da? Zer jaten du? Pixa eta kaka hor barruan egiten ditu?... Bada, galdera horiei eutsi eta hitz xumeetan "umeen adinari egokitutako hiztegi erraz bat erabiliz" proposatzen du galderei erantzutea. 

 


Ez dute zertan gizakien ugalketaren inguruko ulermen erabatekoa eta xehea izan. Nahikoa dute ugalketa zer den ulertzen hastea, eta bereziki garrantzitsua da gaia tabua ez bihurtzea

Anna Salvia, psikologo eta sexu heziketan aditua


 

Psikologoak ikusten baitu oraindik ere guraso zein hezitzaile askorentzat sexualitatea bere osotasunean ez ezik, ugalketa bera ere tabua dela: "Familia eta profesional askok uste dute haurrei gizakien ugalketa azaltzea biologiako klase magistral bat ematea dela, hitz oso tekniko eta ulergaitzekin, horixe delako guk jaso dugun azalpen bakarra".

 

Tabuak, beldurrak eta galdera deserosoak

Tabu ugari harrotzen ditu liburuak, familien ohiko beldur eta kezkei hitza jartzen baitie; "haurra egiteko zakila baginan sartu behar dela esaten badiot, probatu nahiko du?", galdetu izan diote sexu hezitzaileari, edo haurrak norbere sorreraz galdetzean, gurasoen kezka izan ohi da noraino eman azalpenak; egileak honakoa proposatzen du: "Zure seme-alabei nola sortu zenituen esplikatzeko, ez dut esan nahi gau hartan zer sexu praktika egin zenituen azaldu behar diezunik, baizik eta maitasuna eginez sortu ote zenuten ala profesionalen laguntzaz, eta —gehitzen du— prozesuari buruzko pasadizo kutun batzuk aipa ditzakezu". Edota, zer erantzun haurrak, sorkuntza azaltzen diogunean, "nola egiten den" ikusi nahi duela esaten badu? Salviak dio ume batzuk hain liluratuta gelditzen direla sorkuntzaren istorioa entzutean, gurasoi eskatzen dietela jakinarazteko maitasuna egiten duten hurrengo aldian ikusi egin nahi baitute. "Eskaera honek blokeatu egin ohi ditu helduak, ez baitute halako proposamenik espero. Haurraren eskaera guztiz naturala da eta aukera ematen digu sexu-harremanak intimitatean egiten direla azaltzeko. Eta halako elkarrizketak oso egokiak dira haurren sexu-abusuak prebenitzeko".

Liburuak, halaber, sortzeko, erditzeko eta edoskitzeko modu ugariez gain, dolu perinatala jorratzen du eta baita familia eta esperientzia aniztasuna ere: "Haurrek ikas dezaten prozesu hauek bizitzeko hainbat eta hainbat modu daudela". Gaian sakontzeko, ezagutzen dituzten pertsonen adibideak jartzea gomendatzen du, "kontzeptu abstraktu hauek istorio zehatz bihur daitezen".