Haziera eta heziketa gaien gaineko esamesei erantzuna emateko

 

Hik Hasi egitasmoak haziera eta heziketa gaien gaineko esamesei erantzuna emateko bideopodcasta sareratu du.

 

Non edo non entzun dut...? galdera izango du abiapuntu bideopodacastak. Kirol edo kultura arloko guraso ezagun batek luzatuko du galdera, eta entzun duen gaiari buruzko kezkari erantzuna emango dio aditu batek. Olatz Lasagabaster Hik Hasiko erredaktorearen eta adituaren arteko solasaldi dinamikoak eta gaurkotuak osatuko du bideopodcastaren hezurdura.

Ez dira gutxi izaten helduek haziera eta heziketa kontuetan izaten dituzten buruhausteak. Non edo non entzundako kontuek eta baieztapenek zalantzak sortu ditzakete, eta kezkak argitzen laguntzeko eta korapiloak askatzeko helburua izango du bideopodcastak.

Gurasoentzako, familientzako eta irakasleentzako tresna izan nahi du Non edo non bideopodcastak. Haziera eta heziketa gaietan informazioa, orientazioa eta kalitatezko erreferentziak ematea du helburu. Gaininformazioak markatutako garai hauetan, eta eduki zorrotz baina eskuragarrien beharra gero eta handiagoa denean, proiektu berri honek herritarren benetako kezkei erantzun nahi die.

Horretarako, formatu hurbil eta gaurkotu baten alde egin du: gaur egun oso hedatuta dagoen bideopodcasta. Horrekin batera, haziera eta heziketa gaietan esperientzia eta eskarmentua duten Euskal Herriko adituek hartuko dute parte, euskaraz eta Euskal Herrian sortua izanik.

Familiei informazio fidagarria eta kalitatezkoa erraz eskuratzeko aukera ematen dien baliabide berritzailea eskaintzen du, eta, aldi berean, haurren, gazteen eta gurasoen ongizateari eta familia osoaren ongizateari ekarpen esanguratsua egiten dio. Hazi Hezi aldizkariaren osagarri da Non edo non bideopodcasta.

 

 

Lehen atala: etxeko gatazkak ekiditeko pilulak

Lehen atalean Andoni Aizpuru telebista aurkezleak luzatu du galdera: Non edo non entzun dut garrantzitsua dela helduok espektatibak murriztea eta umeengan haiei ez dagokien ardurarik ez jartzea…? Hala al da?

Galderari erantzuteko Nerea Mendizabal psikopedagogoa eta Komunikazio Ez Bortitzean aditua izan da gonbidatua. Olatz Lasagabaster Hik Hasiko erredaktorearen eta bien arteko solasaldi dinamikoan eta erakargarrian erantzun dio galderari, eta bide batez, etxeko gatazkak gutxitzeko pilulak eskaini ditu.

Bideopodcast berria Hik Hasiren egoitzan grabatuko da. Gidoia Olatz Lasagabasterrek egingo du, eta animazioak eta edizioa Paula Estévez ilustratzaileak eta Hik Hasiko komunikazio arduradunak. Hilero atal berri bat sareratuko da, hileko lehen ostiralean, hain zuzen ere. Hik Hasiren webgunean, youtube kanalean eta sare sozialetan ikusi ahal izango da.