Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak “Eguneroko arrazakeria egoerak ikastetxean: guztion erronka” izeneko jardunaldia antolatu zuen.
2025eko abenduaren 12an, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak “Eguneroko arrazakeria egoerak ikastetxean: guztion erronka” izeneko jardunaldia antolatu zuen. “Nongoa zara?” galderatik eta horrelako esaldietatik hasi eta izena behin eta berriz gaizki esatera arte, eguneroko keinu sotilek uzten duten arrastoa jarri zuten erdigunean. Kulturartekotasuna folklorean geratzeko arriskuaz ohartarazi zuten, eta desberdinkeriak zein botere harremanak izendatzeko beharra azpimarratu.
Non kokatu behar du eskolak kulturartekotasuna? Eta arrazakeriaren aurkako lana? Zein da irakasleari dagokion tokia, eta zein da ikasleei dagokiena? Galdera horiek zeharkatu zuten jardunaldia hasieratik amaierara, eta parte-hartzaileek bat egin zuten ideia batean: egunerokoan txikikeria gisa pasatzen diren jarrerek —galdera batek, begirada batek, txantxa batek— arrastoa uzten dute, eta arrasto hori izendatu eta landu egin behar da.
Jardunaldiari hasiera emateko, Mondragon Unibertsitateko bi irakaslek hartu zuten hitza: Ane Urizarrek, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleak, eta Sara Jimenez de Aberasturik, fakultate bereko irakasleak. Hitzaldiaren hasieran ezarri zuten markoan, hezkuntzan neutraltasunik ez dagoela adierazi zuten. Aitzitik, eskolak gizartean dauden botere harremanak berritzen ditu askotan, eta, aldi berean, haiek astintzeko aukera ere badu. Horregatik, kulturartekotasunaz hitz egitea ez dela nahikoa esan zuten; kulturartekotasunak, eguneroko arrazakeriaren aurrean, posizio bat hartzera behartzen duela.
Urizarrek bereziki azpimarratu zuen identitatea ez dela kaxa itxi bat, ezta jatorri bakarrera murrizten den etiketa ere: identitateak pluralak izan daitezke, eta, batez ere, elkarrekin eraikitzen dira. Ikasle bati behin eta berriz “nongoa zara?” galdetzeak, adibidez, muga bat marrazten du: nor dago barruan eta nor kanpoan, nor den hemengoa eta nor behin betiko kanpotarra. Galdera horri helduta, ohartarazi zuen aurreiritziak eta estereotipoak egon ohi direla atzean: “Aurreiritzi batzuk edo estereotipo batzuk badaude galdera horren atzean, eta identitate plurala elkarrekin eraikitzen dela esaten dugu”.
Arrazakeria honela definituko nuke: pertsona arrazializatuok, arrazializatuak izateagatik, egunerokotasunean jasaten ditugun iruzkin, jarrera edo ekintza diskriminatzaileak
Lexuri Bergara, ikasle ohia
Jimenez de Aberasturik, berriz, hezkuntzaren dimentsio politikoa ekarri zuen erdigunera, Paulo Freireren ideia bati helduz: hezkuntzan ez dago jarrera neutrorik, eta askatasunaren edo menderatzearen alde hezten dugula gogorarazi zuen. Horregatik, azaldu zuen arrazakeriaren aurrean isilik geratzea ez dela ez sartzea, baizik eta egoera hori normalizatzea. Horren aurrean, oso garbi utzi zuen ez dela nahikoa esatea “ni ez naiz arrazista”; are gehiago, erantzukizunaren markoan kokatu zuen: “Argi izanda gu ez garela errudunak, baina bai erantzuleak”. Hortik abiatuta, azpimarratu zuen eguneroko praktikak berrikusi beharra dagoela: nola izendatzen ditugun egoerak, zein erreferente eskaintzen ditugun, nola hitz egiten dugun, eta zer itxaropen jartzen ditugun ikasle bakoitzarengan.
Urizarren eta Jimenez de Aberasturiren hitzaldiak, beraz, jardunaldi osoaren norabidea gidatu zuen: kulturartekotasuna ez dela folklore kontua, ezta giro ona izateko osagarri bat ere. Eskubide kontu bat da, eta eskolan, egunerokoan, erabakitzen da.

Eguneroko arrazakeria izendatu
Urizarrek eta Jimenez de Aberasturik hasieran jarritako markotik abiatuta, irakasleek eta ikasle izandakoek osatutako mahai- inguruak eraman zuen jardunaldia egunerokotasunera. Lexuri Bergara, txinatar jatorriko ikasle ohi ondarroarra; Hanane El Fakiri, jatorri arabiarreko ikasle ohi aguraindarra; Ane Zelaia, irakasle gasteiztarra; eta Mikel Henda Gomez de Segura, irakasle gasteiztarra eta ekintzaile antirrazista, aritu ziren, eta haien bizipenek argi utzi zuten arrazakeria ez dela beti nabarmen identifikatzen den zerbait. Hala azaldu zuen Bergarak: “Nik honela definituko nuke arrazakeria: pertsona arrazializatuok, arrazializatuak izateagatik, egunerokotasunean jasaten ditugun iruzkin, jarrera edo ekintza diskriminatzaileak. Askotan, arrazakeria hori bi mailatakoa izan daiteke: lehen mailakoa arrazakeria sotila izango litzateke, sarri oharkabean pasatzen diren jarrerekin lotutakoa; eta bigarren mailakoa, berriz, arrazakeria bortitza edo esplizitua”.
Arrazakeria sotila ikastetxean agertzen denean, irakasle askok ez dakite nola jokatu, eta sarri gertatzen da gertaera bera pasatzen uztea edo gerora lantzea. Bergarak argi zuen, ordea, une horrek berebiziko garrantzia duela: “Beste behin gertatu behar al du horrelako egoera batek, zerbait egiteko?”. Ez delako gauza bera egoera izendatzea edo isiltzea, eta ez delako gauza bera ikasleari babesa ematea edo bakarrik uztea.
El Fakirik ere eguneroko egoera asko jarri zituen mahai gainean, batez ere xehetasun gisa hartu ohi direnak; izenen kasua, adibidez. Norberaren izena behin eta berriz gaizki esatea, ez ikastea edo sinplifikatzea, akats txiki bat izateaz gain, norberari tokia ukatzea ere bada, eta horrek nekea dakarrela azaldu zuen El Fakirik: “Etengabe zuzentzen ibili behar horrek, azkenean, amore ematera eramaten zaitu. Nahiz eta irakasleei behin eta berriz errepikatu nola esaten den nire izena, behin eta berriz gaizki esaten baitzuten askok”.
El Fakirik aipatutako beste eremu kezkagarri bat orientazio akademikoan eta itxaropenetan sartzen diren aurreiritzietan oinarritu zen. Ikasle bati bidea zabaldu beharrean murriztu egiten zaionean, arrazakeriak beste forma bat hartzen du: irain bat baino gehiago, aukera baten ukazioa da.
Askotan, arrazakeria ez da besteek egiten digutena soilik; zer-nolako informazioa helarazten diguten eta zer-nolako kulturan hezten garen, horrek ere eragina dauka
Mikel Henda Gomez de Segura, irakaslea eta ekintzaile antirrazista
Henda Gomez de Segurak, berriz, ohartarazi zuen arrazakeria ez dela besteek esaten digutena soilik, eta horregatik ez dela nahikoa “irainik ez egotea”: “Askotan, arrazakeria ez da besteek egiten digutena soilik; zer-nolako informazioa helarazten diguten eta zer-nolako kulturan hezten garen, horrek ere eragina dauka. Istorioen bitartez eta ikasten dugunaren bitartez, arrazakeria hori xurgatzen dugu”. Eta, harreman horietan, kezka nagusi bat seinalatu zuen, zeinaren ingurura behin eta berriz itzuli baitzen mahai-inguru osoa: “Guztien artean gertatzen da, baina ni kezkatzen nauena da nork duen boterea harreman horretan. Oro har, irakasleak izaten du boterea”.
Txikikeria bat ez da txikikeria
Mahai-inguruan behin eta berriz agertu zen ideia bat: arrazakeria sotilaren aurrean, txikikeria hitzak tranpa egiten du. Txikikeria deitzen diogunean, ikasleari esaten diogu gertatutakoa ez dela hain garrantzitsua. Baina gertatutakoa behin eta berriz errepikatzen denean, ikaslearen lekuaren gaineko mezua finkatzen da: nor den hemengoa, nor den etorkina beti, norena den hitza, eta norena isiltasuna.
Zelaiak, irakasleen begiradari begira jarrita, ohartarazi zuen eskolan sarri diskurtso eroso batean gelditu direla: “Uste dut diskurtso batean geratu garela: aniztasuna balioetsi behar da, eta oso eroso geratu gara hor. Baina ez dugu desberdinkeriez hitz egiten”. Gaineratu zuen zaila izango dela benetako aldaketa egitea, irakasleak hortik hasten ez badira, ezin ezin izango baitiete lagundu haurrei egoerak identifikatzen, irakasleek ere euren jarrerak eta ohiturak berrikusten ez badituzte.
Horregatik, hizlariek azpimarratu zuten esku-hartzeak baduela oinarri bat: egoera identifikatu, posizionatu eta izendatu. Ez errudun bila joateko, baizik eta markoa aldatzeko, eta ikasleari babesa emateko. Ondoren etorriko da lanketa, baina horrelako egoera baten aurrean lehenengo uneak erakusten du eskolak zer jarrera hartzen duen.
Curriculumak ere muga marrazten du
Mahai-inguruan, eguneroko keinuez gain, beste galdera bat ere egin zen: zer erakusten du eskolak, eta zer uzten du kanpoan? Izan ere, arrazakeria ez da soilik esaten dena; iruditerietan, materialetan eta edukietan ere txertatzen da. Hendak bere arloan jarri zuen adibidea: “Filosofiaren sorrera Grezian kokatu ohi dugunean, gainerako pentsamendu-tradizioak ezabatuta geratzen dira, eta, horren ondorioz, “hemendik kontatutako” historia unibertsala bihurtzen da”.
Horrek lotura zuzena du Bergarak, El Fakirik eta Zelaiak aipatutakoarekin: “Material didaktikoetan, pertsona arrazializatu gutxi agertzen dira, eta, agertzen direnean ere, estereotipoekin agertzen dira askotan; gainera, euskalduntasuna irudikatzeko erabiltzen dugun iruditeriak murriztua izaten jarraitzen du maiz, “euskaldun” eredu bakarra marraztuz”.
Beharrezkoa da protokoloak izatea, bai, baina baita hausnarketarako espazioak ere, gure begirada berrikusteko, haurrekin eta familiekin dugun tratuan
Ane Zelaia, irakaslea
Protokoloak, banaketa eta begirada
Bergarak berriro azpimarratu zuen gakoa arrazakeria-egoerak identifikatzen jakitean dagoela, eta, behin identifikatuta, unean bertan posizionatu eta gertatutakoa izendatzean: “Niretzat, gakoa honako hau da: identifikatzea, posizionatzea eta, momentuan, gertatutakoa izendatzea”, esan zuen.
El Fakirik irakasleen esku-hartzearen garrantzia ekarri zuen, eta eguneroko arrazakeria kontuan hartuko duen protokolo zehatz baten beharra aipatu zuen: “Egoera larri baten aurrean soilik esku hartzen badugu, ez dugu aurreratuko. Horregatik, ezinbestekoa da protokolo zehatz bat egotea”.
Zelaiak, berriz, protokoloez gain, barrura begiratzeko beharra azpimarratu zuen: “Beharrezkoa da protokoloak izatea, bai, baina baita hausnarketarako espazioak ere, gure begirada berrikusteko, haurrekin eta familiekin dugun tratuan”.

Giza eskubideetatik begiratuta
Jardunaldiari amaiera emateko, Jeanne Rolande Dacougna Minkettek, ikertzaile eta aktibista feminista, antirrazista eta dekolonialak, markoa zabaldu zuen giza eskubideen ikuspegitik. Haren ikuspuntutik, hegemonia kultural baten eraikuntzarekin lotutako sistema bat da arrazakeria, kolonizazioak eta deshumanizazioak elikatutakoa. Rolandek, gainera, arrazakeria erabili zuen Mendebaldearen hegemonia kulturala nola eraiki den azaltzeko: beste herrietako ezagutzak ezabatuz eta deshumanizazioa normalizatuz, kolonizazioaren eta indarkeriaren bidez.
Rolandek hezkuntza komunitate dekolonial, antirrazista eta ekitatibo baterako agenda proposatu zuen, eta hainbat giltza jarri zituen mahai gainean:
Lehenik, ikasleen banaketa ekitatiboa: erantzukizun publikoa dela gogorarazteaz gain, soziala ere badela azpimarratu zuen, eskola denon diruarekin finantzatzen delako.
Bigarrenik, harrera protokoloak eta protokolo antirrazistak: “Egin dezagun tratu berdintasunean eta diskriminazio ezan oinarritutako protokolo bat”, proposatu zuen Rolandek, horrelako egoera bat gertatzen denean nora jo eta zer egin jakiteko helduleku argiak jarriz.
Hirugarrenik, curriculuma eta materialak: esfortzu handia eskatu zuen, ezagutza esparruetan oraindik ere “gizon zuriz” betetako kanona nagusi delako. Eta irudi batekin azaldu zuen zergatik den garrantzitsua beste erreferentzia batzuk ekartzea: “Azken finean, inporta duena da gazteek beren burua islatuta ikustea, ezinezkoa baita ikusten ez duzun zerbait izatea”.
Azkenik, irakasle taldeen aniztasuna eta prestakuntza azpimarratu zituen: prestakuntza irakasle ibilbidearen hasieratik lantzea proposatu zuen, eta etengabeko prestakuntzan sakontzea. Horrez gain, ohartarazi zuen irakasle taldeak oso homogeneoak direnean zailagoa dela beste errealitate batzuk ikustea; aldiz, askotarikoagoak badira, erantzuteko gaitasun handiagoa dago.
Azken finean, inporta duena da gazteek beren burua islatuta ikustea, ezinezkoa baita ikusten ez duzun zerbait izatea
Jeanne Rolande Dacougna Monkette, ikertzaile eta aktibista feminista,antirrazista eta dekoloniala
Banaketa eta itxaropena
Segregazioaz ari zela, Rolandek beste ideia bat jarri zuen mahai gainean: “Eskolak aukera berdintasuna bermatzeko sortuak direla esaten dugu maiz, baina testuinguru arrazista batean bizi gara, eta horrek eskolan ere agertzen diren praktikak baldintzatzen ditu”. Horietako bat, haren esanetan, hezkuntza segregazioa da: “Horrelako banaketek ez dute soilik ikasleen profila bereizten; elkarbizitza eta aukera berdintasuna ere hausten dituzte. Haurrek nahastu egin behar dute elkarrengandik ikasteko, bestela desberdintasuna sortzen baita”.
Itxaropenen eta orientazioaren auzian ere jarri zuen arreta Rolandek. Azaldu zuen erraz bultzatzen gaituztela jokabide diskriminatzaileetara, aurreiritziak eta estereotipoak frenatzeko baliabiderik ez badugu; eta horrek eskola porrotaren profezia elikatzen du askotan. Eta beste ohar bat egin zuen hezkuntza ibilbideen inguruan: “Lanbide Heziketa balioztatu eta aitortu behar da, bai, baina jende guztiarentzat izan dadila; bestela, arriskua dago bide batzuk beti pertsona berberentzat uzteko eta muga berriro ere beste toki batean marrazteko”.
Rolanden hitzaldiarekin, jardunaldiak hasierako galderara itzuli zuen begirada: “Nongoa zara?” galdetzen dugunean, muga bat marrazten dugu; baina eskolak, aldi berean, muga hori lausotzeko tresnak ere baditu. Horretarako, eguneroko keinuak izendatu, curriculumaren iruditeria zabaldu, eta protokoloak zein banaketa politikak birpentsatu behar dira. Eta, batez ere, Urizarrek eta Jimenez de Aberasturik hasieran esan bezala, asmo onetatik harago, eguneroko lanean antirrazistak izatearena birpentsatu beharra dago.