Profesionala. Laguna. Bidaiaria. Zinezalea. Idazlea. Parrandazalea. Alaba. Emakumeak bezainbeste hitz izango dira norbere burua definitzeko erabiliak. Baina, amatasunak, batik bat lehen umearen etorrerak, itzalean jartzen ditu denak, eta hitz bakarra dakar argitara: ama. Oraindik esanahiz eta funtzioz jantzi behar duen hitza. Oraindik norbera janzteko handiegi, edo estuegi gelditzen den hitza. Baina bolada batez, bederen, bera nor den definitzeko erabiliko duten, erabiliko duen hitz nagusia, agian bakarra. Nola umea bere sabelean hazi den 9 hilabetez, ia beste ezerentzat, bere erraientzat ia tokirik ez utzi arte, kanpoan ere gauza bera egingo du lehen hilabeteetan umeak, amatasunak, ia beste ezerentzat espaziorik ez utzi arte.  

“Izugarrizko trastorno” gisa definitzen du Haizea Barandiaran perinataleko psikologoak lehen umearen etorrera aldizkari honetako gai nagusian, eta horrek sortzen duen desoreka, hein batean, norbere identitatearen galerarekin lotuta dagoela dio. Izan ere, goitik behera aldatuko da emakume horren bizitza. Bere identitatearen eraikuntzan oinarri ziren “ni soziala” eta “ni profesionala”, beste batzuen artean, eszenatik kanpo geldituko dira bat-batean. Eta ama izateak, ama gisa bere identitatea eraikitzeak hartuko du espazio guztia bolada batez. “Eman egin behar duzu, zeure burua entregatu, aunitz, bolada luze batez. Utzi behar dituzu zure izaeraren parte ziren alderdi batzuk, derrigor”, dio Estitxu Fernandez psikologia perinatalean adituak. “Nor naiz orain?” galdera etengabe airean, Katixa Agirre idazleak Gaurkoa atalean kontatuak erakusten duen bezala: “Alaba nagusia jaio zenean pentsatu nuen ez nuela sekula berriro idazteko denbora eta grina topatuko. Gerora onartu dut nahi baino denbora gutxiago dudala irakurtzeko eta idazteko, baina daukadan denbora apur hori aprobetxatu nahi dudala nire identitatearen parte ezinbestekoa den atal hori ere zaintzeko”.

Uko horiek onartu eta identitate berriaren neurrira, amaren jantzira egokitzeko bere buruarekin nahiz inguruarekin borrokan dabilen emakumeak, gainera, mezu gogorra jasoko du sistemaren, patriarkatuaren aldetik: ama perfektuaren ideala, Fernandezek dioen moduan, ama arduratsu eta maitakorra izateaz gain, profesional arrakastatsu eta bizitza sozial aktibodun emakumea dena. Idealaren ispiluan begiratu, eta berriro ere galdera dator: “Eta ni nor naiz orain? Hori naiz? Eta hori izan nahi al dut?”.

Izan ere, identitate berrira egokitzeko ibilbidean sistemak ezinbestean bidegurutze batean jarriko du emakumea, eta bi bide soilik erakutsi: umearen zaintzari eman lehentasuna eta bere identitateko beste hainbat atali uko, ala norbere identitate anitzei heltzeko zaintzaren zati bat delegatu? Fernandezen ustez, bai bata bai bestea aukeratzeak presioa, ezintasuna, kulpa, frustrazioa… eta bakardadea eragingo ditu. Bidegurutzeko bi bideak izan daitezke arantzatsuak, biek dakarten identitatea izan daiteke jantzi deserosoa. Beraz, zergatik ez esploratu bide berriak, propioak, norberaren neurrikoak? Horregatik, sistemak, patriarkatuak ez duelako tokirik, arnasik uzten amatasunaren jantzia gure neurrira, eroso eraikitzeko, kontziliazioa utopia hutsa delako egun, “zaintzaren gaia atera behar da jada erdigunera, eta urgenteki hartu behar dira neurriak”. Gure identitateaz ari garelako, gure umeek ama osoak behar dituztelako.