Autofinantzatutako eta autogestionatutako kooperatiba integrala da Azkoitiako Bizilore eskola aktiboa.
Bizi-prozesuak erdigunean kokatzea eta ikasketa hortik abiatzea izan zen Azkoitiako Bizilore eskola aktiboaren helburu nagusia hastapenetan. 10 urte geroago, komunitatea da duen indargunerik handiena. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak “hezkuntza berrikuntza metodologikoko proiektu” gisa izendatu du.
Autofinantzatutako eta autogestionatutako kooperatiba integrala da Bizilore eskola aktiboa. Etxearen luzapena da Bizilore. Irakasleak bidelagunak dira, eta gurasoak eskolaren parte. Haurrak etxeko zapatilekin egoten dira eta espazio goxoak dituzte, etxean bezala. Gurasoek ere haientzat prestatutako espazioak dituzte eskolan; lanerako edota bazkaltzeko, adibidez. Komunitate sendoa dute eta horixe da duten indargunerik handiena. Eskola komunitatea aktiboa eta parte-hartzailea da Bizilore.
2 eta 15 urte bitarteko 54 ume daude eskolan. DBHko 3. maila artekoak dira, handitzen doazen heinean zabaltzen baitituzte gela berriak. DBHko 4. mailako gelari, beraz, datorren ikasturtean helduko zaio txanda.
Irune Agirregabiria, Haur Hezkuntzako bidelaguna eta arduraduna da, zuzendaritza ardurak ditu eta gurasoa ere bada. Ariane Unamuno eta Galder Gonzalez gurasoak dira eta hiruak Biziloreren sorreratik izan dira eskolan. Hastapenei buruz mintzatu da Agirregabiria: “Bizi- prozesuekiko errespetua ekarriko zuen gunea izatea nahi genuen, nork berak barruan duena ateratzeko lekua. Gerora konturatu gara, Bizilorek askoz ere gehiago hartzen duela eta uneotan duen indargunerik handienetakoa komunitatea dela. Gure seme-alaben hezkuntza prozesua elkarrekin egiten ari garela sentitzea handia da. Guztiok elkarrekin eraikitzeko leku bat da Bizilore, norbera izateko leku bat”.

“Proiektua geure sentitzen dugu. Familiak oso integratuta gaude eskolan eta horrek ikasteko eta pertsona gisa hazteko aukera ematen digu. Niretzat eskola bat baino gehiago, bizitzako fase hau nire familiarekin batera bizitzeko tokia da”, aipatu du Gonzalezek. “Bakoitzak bere lekutik, bere gaitasunetatik eta ezinetatik elkar osatzen dugu eta elkarrekin ateratzen dugu aurrera proiektua. Umeekiko begirada partekatzen dugu. Familiak, bidelagunak eta haurrak erdigunean gaude eta denon artean denontzat egokia den gune bat sortzen eta moldatzen joaten gara”, gaineratu du Unamunok.
Jakina, garrantzitsua da Bizilorera gerturatzen diren familiek seme-alaben hezkuntza prozesua bidelagunek eta familiek elkarren eskutik eramaten dutela jakitea. Familiei lehenik aurkezpena egiten diete, eta ondoren lau saio trinko egiten dituzte eskolaren funtzionamendua eta filosofia barneratzen hasteko.
Askotan esaten dugu seme-alabentzako eskola bat eraikitzen hasi ginela, baina guretzat ere eraiki dugula
Irune Agirregabiria, bidelaguna eta gurasoa
Eskolatik kanpora
Komunitate bizitzak eskolatik kanpo ere jarraipena du. “Eraikin hau martxan egoteko, materialak sortzeko, langileen soldatak osatzeko, mantenu lanak eta komunikazio lana egiteko… lan boluntarioa egiten dugu eta lan hori egiten dugun bitartean familiak elkarbizitza egiten ari gara”, dio Agirregabiriak. Herriz herri talo postua jartzera joaten dira, Bizijolas egitasmoa egiten dute (jolas askea ardatz gisa hartuta herriz herri egiten duten dinamika), eskolan auzolanak egiten dituzte… Beti izaten da zereginen bat.
Urtean zehar bederatzi hausnarketa saio egiten dituzte eta hainbat gairen gaineko gogoeta egiten dute: hezkuntza nola ulertzen duten, heziera, jolasa, irakurketa-idazketaren akonpainamendua, gurasotasuna… Horrek proiektua kohesionatzen du eta, horrez gain, bilerak eta batzar orokorrak maiz egiten dituzte: “Guraso guztiak elkartzen gara eta gure beldurrak eta kezkak ateratzen ditugu. Biluztu egiten gara, nolabait, eta hori konfiantza eremu batean, zaindutako eremu batean, egiten dugu. Lotura ederrak sortzen ditugu inguruan ditugun pertsonekin”, dio Gonzalezek.

Gurasoek ere etxe gisa bizitzen dute eskola. Bidelagunek eta gurasoek errespetu handiz hartzen dute elkar Gonzalezek azaldu duenez: “Guraso gisa kontzeptu asko apurtu behar dituzu hasieran, hau beste mundu bat delako, baina gerora konturatzen zara eskolak horrelakoa izan beharko lukeela beti. Niretzat naturala hau da”.
Bizilore eskola zergatik aukeratu zuten galdetuta, seme-alabak eskolatzea haustura baino, etxeko giro goxoaren jarraipena izatea nahi zutela diote Agirregabiriak eta Unamunok. Gonzalezek zalantza gehiago izan zuen hasieran: “Bikoteak neuk baino sentsibilitate handiagoa zuen proiektuarekiko, baina konplikatua iruditzen zitzaigun. Azkoitian beste bi eskola daude eta bagenekien eredu hori ez genuela nahi, zerbait txikiagoa nahi genuela, baina hau beste mundu bat iruditzen zitzaigun. Hasieran ez nuen buruan halako eredu bat, baina oso deskubrimendu polita izan zen. Opari handia izan da eta ikasketa ikaragarria dakar, denontzat”.
Agirregabiriak jarraitu du: “Gurasotasuna eta bizitza bera bizitzeko modu jakin batekin lotura du. Askotan esaten dugu seme-alabentzako eskola bat eraikitzen hasi ginela, baina guretzat ere eraiki dugula”.
Umeak sentitu behar du heldua bera zaintzeko eta prozesuan laguntzeko dagoela: berdin du 2 edo 15 urte dituen
Irune Agirregabiria, bidelaguna eta gurasoa
Bidelagunak eta umeen interesak
Biziloren ez dago irakaslerik edo hezitzailerik, bidelagunak daude. Ñabardura garrantzitsua dela adierazi du Agirregabiriak: “Irakasle hitza irakastearekin lotuta dago eta badirudi irakasleak aurrean duen pertsonak ezer ez dakiela. Guretzat haurra gaitasunez beteta dagoen izakia da, potentzial handikoa, eta garrantzitsua da bide horretan lagunduko dion norbait ondoan izatea. Bidelagunon lana etengabeko bilaketa da: begiratu behar dugu noiz aurreratu garen eta noiz lapurtu diogun prozesu bat haur bati, eta begiratu behar dugu prozesua ez lapurtzeko nahian bakarrik noiz utzi dugun. Bien arteko marra oso fina da”.
Atxikimenduari garrantzi handia ematen diote eta eskolara bidelagun berriren bat iristen denean ematen dioten lehen kontsigna atxikimendua lantzea da: “Umeak sentitu behar du heldua bera zaintzeko eta prozesuan laguntzeko dagoela: berdin du 2 edo 15 urte dituen”, dio Agirregabiriak.
Ikasketa umeen interesen arabera eta hortik abiatuta egiten dute, eta ezagutza eguneroko bizitzarekin uztartzeko ahalegina egiten dute. Umeengandik sortzen diren esperientziak eta une egituratuak uztartzen dituzte eta bien arteko oreka lortzen saiatzen dira. Une egituratuetan bidelagunek proposamen zehatzak eskaintzen dituzte eta, ondoren, tailerretan, praktikaren bidez zentzua hartzen dute: esate baterako, aroztegian taula bat hiru zatitan banatu behar dutenean eta horretarako zatiketa egin behar dutenean. Ezagutza horiek erlazionatuta, ikasketa esanguratsua eta funtzionala bihurtzen da, eta haurrek barne motibazioan oinarrituta, inguruko mundua ulertzeko eta bizitzarako tresnak eskuratzeko gaitasuna garatzen dute.
Biziloren ez dute azterketarik egiten; ebaluazioa etengabeko behaketa, elkarrizketa, hausnarketa eta dokumentazioaren bidez egiten dute eta ikasketa esanguratsua izaten da. Adibidea jarri du Agirregabiriak: “Semeak aipatu zidan esan ziotela institutura joaten direnek azterketarako ikasi eta hurrengo asterako ikasitakoa ahazten dutela. Ea hori nola den posible galdetzen zidan. Guztiz harrituta zegoen”.

Eskolak hainbat espazio ditu: liburutegia, aroztegia, sormena, azterretxea, kanpoko espazioa, elkarbizitza lantzeko espazioak, mugimendua lantzeko espazioak… Kanpoko espazioei (baratza, urmaela, jolastokia…) garrantzi handia ematen diete. Natura ikasgela bizia da, eta, gainera, ikasle guztiek partekatzen dute kanpoko espazioa: “Haiek aukeratzen dute norengana hurbildu nahi duten eta gerturatze oso ederrak ikusten dira, adin berekoen artean ikusten ez direnak. Elkar zaintzeko modua edo elkar miresteko modua, elkarri gauzak erakusteko modua, laguntzeko modua… Oso aberatsak dira. Harreman sare oso sanoa sortzen da, nork berak aukeratutakoa”, adierazi du Unamunok. Adin aniztasunak konparaketa ekiditen duela gaineratu du Agirregabiriak: “Erritmoak doitzen dira eta elkar zaintzen dute. Hori altxor bat da eta dinamika errazten digu baita bidelagunoi ere”. Gurasoek ere esku hartzen dute kanpoko espazioetan.
Unamunok azpimarratu du elkarrekin aurrera egiteko eta elkar zaintzeko kultura dutela Biziloren: “Bihotza, borondate handia eta gaitasun handia dagoen kolektiboa da Bizilore”. Gurasoentzat haien bizitzaren parte da: gurasoak ere eskola dira eta eskola bizi egiten dute.