Nerabeek euren espazioa behar dute eta gurasoek oreka topatu behar dute haien ondoan egonez.
Nerabeek euren espazioa behar dute eta gurasoek oreka topatu behar dute haien ondoan egonez, baina era berean egon gabe. Hala dio Philippe Lemenu psikologo kliniko eta psikomotrizistak.
Espazioa behar du nerabe batek. Espazioa behar du bere lekua bilatzeko eta nor izateko. Bere espazioa behar du, espazio fisikoa, baina baita soziala, korporala eta mentala ere. Bere gorputz berria ezagutzeko, lagunartean berkokatzeko, identitatea eraikitzeko eta autonomia hartzeko espazioa behar du.
Philippe Lemenu psikologo kliniko eta psikomotrizista belgiarrak dio norberaren logelak sinbolizatzen duela hobekien nerabearen espazioa: “Haien tenplua da. Nerabeek intimitate fisikoa eta psikikoa, haien gelara transferituko dute”. Logela desordenatu batek nerabe baten barne kaosa azal dezake; logela beti erabat jasoak nerabeak perfekzioarekin izan dezakeen borroka isla dezake. “Guraso askori kosta egiten zaio onartzea nerabeak intimitaterako espazio babestua eduki behar duela. Dena kontrolatu nahi izaten dute, eta horrek lurraldearen bortxaketa dakar askotan, baimenik gabe hor sartzeak duen intzestu konnotazio osoarekin. Zeren, gela nerabearen gorputzaren errepresentazioa baldin bada, haren gelan baimenik gabe sartzea bortxaketa baten gisakoa da”.
Entzun, ulertu eta maite
Zein da, hortaz, gurasoen lekua seme- alaben nerabezaroan? Lemenuk argi dio: “Gurasoek hor egon behar dute, baina hor egon gabe”. Nerabearen ondoan egon behar dute, baina inbaditu gabe. Lemenuren ustez, distantzia oso garrantzitsua bihurtzen da nerabezaroan eta esaten duenez, gurasoak haiengandik oso gertu egotea, orokorrean, jasangaitza izaten da nerabeentzat.
Nerabeak gelako atea ixten du gurasoak bere espazioan sar ez daitezen. Espazioa ez inbaditzeak, alabaina, ez du esan nahi seme-alabekiko distantzia emozionala jartzea, adituaren arabera. Askotan “utzi bakarrik!” dioenak, benetan zer esan nahi duen interpretatu behar dela dio Lemenuk: “Esaldi horren atzeko mezua beste bat da: ‘Nitaz ardura zaitezen behar dut’. Isolamendu hori askotan dei bat da, bila joango gatzaizkiola ziurtatzeko beharra duelako”. Garai horretan, gurasoen egiteko garrantzitsuena nerabeari segurtasuna ematea dela dio psikomotrizistak: “‘Hemen nago, nigan babestu zaitezke’, hori da, batetik, gurasoak nerabeari eman diezaiokeen mezurik garrantzitsuena, eta bestetik, markoa eta mugak ezarriko dizkiola ziurtatzea”.
Gurasoek hor egon behar dute, baina hor egon gabe. Nerabearen ondoan egon behar dute, baina inbaditu gabe
Phillipe Lemenu, Psikologo klinikoa eta psikomotrizista
Markoa eta mugak jartzea gurasoen egiteko garrantzitsuenetako bat dela dio: “Hasteko, barne mugak daude, nerabeak berak eraikitzen dituenak, gurasoekiko harremanaren bidez jaso edo integratu duen horren guztiaren arabera”. Arlo horretan gabeziak ikusten ditu adituak: “Nerabeari diskurtso paradoxikoak bidaltzen zaizkio, mezu inkoherenteekin eta erreferentzia finkorik eskaini gabe edo, are gehiago, batere erreferentziarik gabe”.
Beharrezkoa da, bestetik, kanpo mugak —kodeak, arauak, legeak— zein diren jakitea ere: “Nerabeak galdera egingo du beti: ‘Noraino irits naiteke nahi dudana lortzeko?’”. Espazioak eta distantziak nerabezaroan duten garrantzia ulertzeak, seme-alabak ulertzea esan nahi du, Lemenuren arabera: “Gurasoei segurtasun falta handia sortzen die ulertzen ez dituzten jokabideak ikusteak eta lehen hor zegoen haurra ikusi nahi izaten dute”. Batzuetan “ulergaitza, eramanezina eta aztoragarria” den etapa honen aurrean, hiru hitz proposatzen dizkie psikologo klinikoak gurasoei: entzun, ulertu eta maite.
Gelatik atera ezinik
Nerabe batek bere logelan pasatzen duen denborari erreparatu egin behar zaio, psikomotrizistaren arabera: “Gelara aldi baterako erretiratzen baldin bada, ez dugu zertan larritu, hortxe eraikitzen baitu identitate berria”. Gorputza, sexua, ideiak, musika, zaletasunak probatzeko espazioa da logela. Baina zer gertatzen da nerabeak handik atera nahi ez duenean?
Ikerlariek ohartarazten dute ez dela osasungarria nerabe bat bere logelan telefono batekin edo Internet eskura duen ordenagailu batekin isolatzea
Phillipe Lemenu, Psikologo klinikoa eta psikomotrizista
Gelan etengabe baldin badago eta tarte luzeak pasatzen baldin baditu, adi jarri behar du gurasoak, Lemenuren hitzetan, tristura psikiko sendo baten sintoma izan baitaiteke: “Eta, kasu horretan, oso garrantzitsua da esku-hartzea. Zeren sentsorialki isolatzen direnean, euren burbuilan itxiz, harremanari ihes egiten diotenean eta, gainera, hitza desagertzen hasten denean, jada alarma gorriak jo du”.
Isolamendu horri, gainera, sakelakoa edo ordenagailua eransten baldin badizkiogu, eragiketaren emaitza aztoragarria izan daiteke. Ziberjazarpen kasuetan adituak diren ikerlariek ohartarazten dute ez dela osasungarria nerabe bat bere logelan telefono batekin edo Internet eskura duen ordenagailu batekin isolatzea.
Ziurgabetasun garaiak
Nerabezaroan segurtasuna azpimarratu beharreko hitza dela uste du Lemenuk, gizartean ziurtasun eza handia delako: “Ziurgabetasunaren ondorioz, nerabeek angustia handia dute bizitza aktibora, lan mundura salto egiteko, hainbat alderdiren eraginez: lana bilatzeko aukera gutxiago dago, eta bestalde, norberaren identitatea aurkitzea zailagoa da egun. Nerabe asko galdera handi baten aurrean daude: ‘Zer gertatuko da nire bizitzarekin?’. Lehen aita kazetaria baldin bazen, zeu ere kazetari bihurtuko zinen, modu natural batean; bidea oso sinplea zen, eta era berean, oso estua, itxia, itogarria. Oraingo arazoa hauxe da: nerabeek badakitela zer ez duten izan nahi (ez dute gurasoak bezalakoak izan nahi), baina ez dakite zer izan nahi duten”. Horrek angustia sor diezaieke.