Une honetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Hezkuntza Lege berriaren atarian egonik, EH Bilduk hezkuntza konferentzia bat antolatu zuen pasa den abenduaren 6an. Euskal hezkuntzaren erronkak izendatzeaz gain, Kataluniako hiru gonbidatu ekarri zituen, horien artean Nuria Mora Generalitateko Hezkuntza sailburuordea. Hemengoaren antzeko prozesua egina dute eta haien irakaspenak baliagarri izan daitezke.

EH Bilduk pasa den abenduaren 6an antolatutako hezkuntza konferentzian hiru gonbidatu katalan izan ziren hango esperientziaz hitz egitera: Nuria Mora Generalitateko Hezkuntza sailburuordea, Francesc Colomé Generalitateko Hezkuntza sailburuorde ohia eta Juanjo Falcó Lleidako Udaleko alkatetzako aholkularia. 2006an egin zuten hezkuntza itun nazionala Katalunian, 2019an LEC Kataluniako Hezkuntza Legea eta segregazioaren aurkako ituna eta 2021ean Kataluniako Hezkuntza Zerbitzuko ikastetxeen hezkuntza eskaintzaren programazioaren eta ikasleen onarpen prozesuaren Dekretua. Hezkuntza sistema hobetzeko urratsak ematen ari dira eta haien erronkak, zailtasunak eta lorpenak ezagutzera ematera etorri ziren. Nuria Mora egungo sailbuordeak azaldu dizkio Hik Hasiri egiten ari diren ibilbidearen ingurukoak.

Zein dira legearen ezarpenean topatu dituzuen oztoporik aipagarrienak, baldin eta topatu baldin badituzue? 

Bata hizkuntzaren aferako esku-sartze judizialak. Hezkuntza sistema katalana murgiltze sisteman oinarritzen da eta injerentzia judizialek eskoletan tentsioa sortu dute eta hezkuntza sistema bera oztopatu dute. 

Bigarren oztopoa hezkuntza inklusiboan inbertitzeko bitarteko gabezia izan da. 500 milioi eurotako injekzioa beharko genuke estatuaren aldetik eta ez gara jasotzen ari. 

Oztopo bi horiekin batera zailtasun bat ere badugu. Curriculum berriak beste modu batera lan egitea ahalbidetu digu, irakaskuntza moduak aldatuz, eta irakasle batzuei kosta egiten zaie oraindik irakasle-ikasle, entzule-hartzaile eskematik ateratzea.

Legeak planteatutako berrikuntzetako bat Kataluniako Hezkuntza Zerbitzua izan zen. Zein helburu zuen?

Hasteko eta kokatzeko, esan dezadan Katalunian 5.461 ikastetxe ditugula; 3.835 publiko, 689 itundu eta 937 pribatu. 

Kataluniako Hezkuntza Zerbitzuaren helburua hezkuntza eskaintza bakar bat egitea izan zen; eskola publikoek eta kontzertatuek, denek, herritarrentzat edo hezkuntza zonaldearentzat eskaintza bakar bat egitea. Osasun zerbitzuaren antzeko egoerara iritsi nahi dugu, non eskola batera joaten zarenean ez litzatekeen antzemango publikoa edo kontzertatua den, zerbitzu berbera eskainiko bailukete. 

Hezkuntza Zerbitzu horretan parte hartzeko ikastetxeek hainbat baldintza bete behar dituzte, besteak beste: zentro gisa izena emana egotea, derrigorrezko hezkuntzako etapa bat edo bat baino gehiago eskaintzea, irakasle-ikasle ratioa betetzea eta ez igotzea, irakasle tituludunak edukitzea, eskolako eta eskolaz kanpoko eskaintzaren berri ematea, katalanezko irakaskuntza bermatzea, curriculuma betetzea, irabazi asmorik ez izatea, segregazioaren aurkako ituna sinatzea eta Ikasleen Onarpen Dekretua onartzea. Azken finean, eskola publikoek eta itunduek, biek, partida arau berberekin jokatzea lortu da nahi.

Zuen esperientziatik begiratuta, zer gomendatzen diezu euskal hezkuntzaren aldaketan murgilduta daudenei? 

Hizkuntzaren kasuan, egoera desberdina daukagu; Katalunian murgiltze eredua daukagu. Uste dut sozialki izugarrizko onura dakarrela horrek, hezkuntza sistematik ateratzen diren ikasle guztiak bi hizkuntza ofizialak ulertzen eta hitz egiten ateratzen direlako, gehi atzerriko hizkuntza bat. Eta aukera hori hezkuntzak demokratizatzen du. 

Guretzat garrantzitsua izan den beste puntu bat ikastetxeen autonomiarena izan da, legeak hori bultzatzen baitu. Horretan ari gara eta uste dut garatu behar den prozesu bat dela. Badakit diskurtso bikoitza duela. Sindikatuek autonomiak desberdintasunak sortzen dituela diote, eta desberdintasunak disonantziak dakartzala. Baina errealitatean, joko-arau berdinekin, ikastetxeen autonomiak aukera ematen du bertan lan egiten duten pertsonak hezkuntza proiektuari lotzeko, zentroan egiten denaren ardura hartzeko eta, beraz, hobetzen ahalegindu nahi izateko, helburua ikasleen arrakasta lortzea delarik. 

Ikastetxeen autonomiak zuzendaritza talde sendo bat eskatzen du, zeinak hezkuntza proiektuaren markoaren barruan hurrengo lau urteetan zer proiektu eta nola garatuko diren zehazten duen. Hau da, nola antolatzen den zentroa bere hezkuntza proiektuari erantzuteko, hezkuntza proiektua aldatuz doalarik proposamen berriak sartu ahala. 

Bide horretan, urrats berri bat ematea falta zaigu: ikastetxeek euren irakasleak eta hezitzaileak (gizarte hezitzaileak, gizarteratzeko teknikoak...) hautatzea hezkuntza proiektuan ezarritako helburuak betetzeko.

Katalunian eskola publikoek irakasleak hautatzeko aukerarik ba al dute? 

Hein batean bai. LEC legeak plantillaren erdia profilatzeko aukera ematen du eta plantillen dekretua daukagu. Baldin eta plazak hutsik baldin badaude, ikastetxe batek bere hezkuntza proiektuari erantzungo dieten profileko irakasleak eska ditzake postu horietarako. Hainbat profil daude zehaztuta: hizkuntzaeskakizuna, artistikoa, inklusiokoa, liburutegikoa... 

Plaza horien berri ohiko moduan ematen da udan, ikastetxeetako webguneetan ere horren berri ematen da, lurraldeko zerbitzuetan ere bai eta nahi duen orok eman dezake izena, funtzionarioek lehentasuna duten arren. 

Sindikatuen aldetik kritikak jaso izan ditugu, irakasleak nahierara hautatu daitezkeela diotelarik, baina profila ongi definituta baldin badago, eskolako kontseiluan onartzen da, ikuskaritzak ontzat ematen du eta profila egituratuta geratzen da. Beraz, profila hezkuntza proiektuari erantzungo dion pertsonari begira dago, ez lagunari. Eta zuzendaritza aldatzen baldin bada edota plaza lortu duen pertsonak alde egiten baldin badu, helburua profilari lotutako plazak hor jarraitzea da. 

Horrekin irakasle konprometituagoak lor daitezke ikastetxean? 

Horrekin eta egonkortasunarekin. Eta horrez gain, ikuskaritza sendo baten laguntzarekin eta lidergoa izango duen zuzendaritzaren kudeaketa onarekin, ikastetxeak gai izan beharko luke bere hezkuntza proiektua egiteko eta irakasleak horri lotzeko. Hori behar du ikastetxe batek. Eta irakaslea ez baldin bada lotzen, aldaketak egiteko mekanismoak behar ditugu: izan lekualdatzeak, izan zerbitzu eginkizunak, izan formazioa edo bestelakoak. Helburua irakaslea hezkuntza proiektuari lotzea da, bere gelan ikastetxeak erabaki duena gerta dadin, eta ez berak nahi duena.

Plazak hutsik baldin badaude, ikastetxe batek bere hezkuntza proiektuari erantzungo dieten profileko irakasleak eska ditzake postu horietarako