Elikagaien Galerari eta Xahuketari buruzko Kontzientziazioaren Nazioarteko Eguna da irailaren 29a.
Elikagaiak alferrik galtzearen garrantziaz ohartzeko, ingurumenean, ekonomian eta gizartean horrek dituen ondorioez jabetzeko eta kontsumo arduratsuago baten alde urratsak egiteko aukera ematen digu egun honek.
Elikagaiak ekoiztea, banatzea eta kontsumitzea egunerokoaren parte naturala dela ematen duen arren, sarri ez gara konturatzen bidean zenbat elikagai galtzen edo xahutzen diren. Izan ere, botatzen dugun janariaz gain, harekin batera galtzen dira ura, energia, lurra eta pertsonen lana ere. Testuinguru horretan, Elika Fundazioak egiten duen lanak ikuspegi esanguratsua eskaintzen du, elikagaien galera eta xahuketa zer diren, non gertatzen diren eta gaur egun lehen mailako erronka zergatik bihurtu diren ulertzeko. Izan ere, Antton Alza Elika Fundazioko teknikariak honela azaldu du: “Ez dago kontzientzia nahikorik oraindik garrantzi handiko arazo baten aurrean gaudela jakiteko, nahiz eta ingurumenarentzat, ekonomiarentzat eta gizartearentzat ondorio garrantzitsuak izan horrek”.
Alzak ohartarazi duenez, irailaren 29an izaten den Elikagaien Galerari eta Xahuketari buruzko Kontzientziazioaren Nazioarteko Egunak aukera ematen du arazo horri ikusgarritasuna emateko eta elikadura kate osoan arreta jartzeko. Haren hitzetan, “egun hau ospatzea garrantzitsua da, elikagaien kateko eragile guztiak arazo horren dimentsioaz kontzientziatzeko”. Horregatik, ezinbesteko urratsa da etxeetan, eskoletan eta gainerako eremuetan hartzen ditugun erabakiek duten eraginaz ohartzea eta janariaren balioa berriz erdigunean jartzea.
Etxeetan hasten da ardura
Elikagaien galeraren eta xahuketaren arazoa elikadura kate osoan gertatzen bada ere, pisurik handiena gure eguneroko ohiturek dute, Alzak azpimarratu duenez: “Europan eta EAEn egindako neurketetako datuek adierazten dutenez, gure etxeetan gertatzen da elikagai hondakinen xahuketarik handiena; guztizkoaren % 50-60 da”. Agerian uzten du horrek arazoa ez dagoela soilik ekoizpenean, merkataritzan edo ostalaritzan; nabarmena da etxe barruan hartzen ditugun erabakiek ere eragin zuzena dutela.
Hori dela eta, Alzak gogorarazi du elikagaiak alferrik galtzea murrizteko lehen urratsa kontzientzia hartzea dela: “Jakiak alferrik galtzeak dakarren benetako arazoaz jabetu behar dugu, eta, aldi berean, horrek ekar ditzakeen onurez ere ohartu: aurrezte ekonomikoa, baliabideen erabilera iraunkorragoa eta egoera ahulenean dauden pertsonekiko elkartasuna, besteak beste”. Eguneroko ohitura txikiek, beraz, garrantzi handia dute: “Neurri eraginkorrak izan daitezke behar baino elikagai gehiago ez erostea, frutak eta barazkiak honda ez dakizkigun adi egotea, soberakinak berrerabiltzea edo prestatzen dugun janaria benetako beharretara egokitzea. Horrela, janaria botatzea saihesteaz gain, elikagaien balioa bera ere berriz aitortzen da”, gaineratu du Alzak.
Eskolak ere badu zeregina
Elikagaien galeraren eta xahuketaren aurkako borroka ez da etxeetara edo elikadura kateko profesionaletara mugatzen den erronka bat soilik; eskolak ere zeresan handia du, espazio horretan ohiturak, balioak eta kontzientzia txikitatik eraikitzen direlako. Hala azaldu du Alzak ere: “Eskolek funtsezko eginkizuna dute gai horri buruzko kontzientziazioan eta sentsibilizazioan”. Haren esanetan, Eskolako 2030 Agenda eta tankerako hezkuntza programak lagungarriak izan daitezke xahuketak ingurumenean, gizartean eta ekonomian zer eragin duen jabetu daitezen ikasleak.
Kontzientziazio hori, gainera, ez da soilik ikasgelako azalpen teorikoetara mugatu behar. Alzaren aburuz, eskola jantokiak ere funtsezkoak dira txikitatik ohitura iraunkorrak sustatzeko, eta eguneroko praktikek balio handia izan dezakete heziketaren ikuspegitik: “Ariketa erraz batek, hala nola jantokian gertatzen den elikagaien xahuketa monitorizatzeak eta hura murrizteko erronka egiteak, izugarri lagundu dezake helburu horretan. Horrela, ikasleek gaiari buruz entzuteaz gain, beren egunerokoan bertan ikus dezakete zenbat galtzen den eta zer egin daitekeen hori saihesteko”.
Hala ere, Alzak nabarmendu du hezkuntzak egin dezakeen lana ez dela nahikoa, etxeko ohiturekin lotzen ez bada: “Familiek berebiziko garrantzia dute etxetik kultura gastronomikoak eta ohitura egokiak eskuratzeko, hezkuntzaren esparruan egin daitekeen lana osatzeko”. Horregatik, elikagaien xahuketa murrizteko benetako aldaketa ez da eskolan edo etxean bakarrik eraikitzen, bi eremu horien arteko loturan baizik.

Janaria alferrik ez galtzeko kontzientzia piztuz
Irailaren 29an izaten den Elikagaien Galerari eta Xahuketari buruzko Kontzientziazioaren Nazioarteko Egunaren helburua da elikagaiak alferrik galtzearen gaineko ezagutza zabaltzea eta gizartean kontzientzia piztea. Batez ere, egun horrek aukera ematen du elikadura kate osoan gertatzen diren galerak eta xahuketak ikusarazteko, eta, hezkuntzaren bidez, gizarte osoan kontsumo arduratsuagoa, baliabideen zaintza eta ohitura jasangarriagoak sustatzeko.