Albina Stardust drag erregina da Eneko Garcia.

 

Aurpegi ezagun bilakatu da Eneko Garciarena (Burlata, 1997) Albina Stardust drag erregina moduan, baina elkarrizketa Enekori egin diogu, oholtzatik behera ere ez-bitartasuna erakusteko premia dagoelako. Heziketa lana egiteko bokazio politikoa du Eneko zein Albina moduan, oholtzan zein kalean.

 

Oholtza gainean eta Albina Stardusten larruan mezu askatzaileak eta probokatzaileak jaurtitzen ditu Eneko Garciak. Eta gero ikastetxeetara joaten da haurrekin drag tailerrak egitera, esperimenta dezaten, ausart daitezen, izatera, norbera izatera aska daitezen, zurrunegia baita bizitza bi kaxoien barnean, haurrentzat eta helduontzat. "Pauso bat aurrera ematea falta da: showetara etortzen direnei gero esatea, 'ba hauek kalera ateratzen dira eta horrela bizi dira eta egin daiteke eta bizi daiteke; eta guai dago!'"

 

Aurreko zenbakiko Gai Nagusia Pirritx, Porrotx eta Marimototsi eskaini genien, eta haiek omentzeko drag erregina pila bat igo zineten BECeko oholtzara maiatzaren 3ko ekitaldian. Gurasoek eta umeek zuekin egin genuen dantza… Zerbait gertatzen ari al da Euskal Herrian?

Uste dut baietz. Aldaketa bat badago eta jendeak ikusten ditu identitate berriak eta genero adierazpen berriak, eta ez soilik trabestiongan. Askotan fokua guregan jartzen da, trabestia oso ikusgarria delako, baina oraindik oholtzaren azpikoa ikustea falta dela uste dut, eta, horregatik, elkarrizketa hau Eneko moduan egitea guai iruditzen zait, oholtza gainean showa egiten dugula, baina gero egunerokotasunean genero adierazpen molde berriak ere badaudela ikusteko; dena ez da bitarra, “hau neskena”, “hau mutilena”... Ikuspegi hori gainditu nahi dugu. Oholtzatik behera ere, kalean disidenteak garela ikustea guai dago. Horregatik esaten dugu gu ez garela emakumez janzten, ze, zer da emakumez janztea? Yogurina Borovak esaten du bera emakume batengandik baino hurbilago dagoela pailazo batengandik, eta hala da.

 

Eneko, zu nola iritsi zara honaino?

Bidaia luze-luzea izan da. Ni trabesti jaio nintzen: nire ahizparen bufandak gona moduan jartzen nituen; amaren takoiak janzten nituen; beti izan ditut panpinak; beti izan naiz super marikita eta feminitateak liluratu egiten ninduen; eta etxean beti utzi izan didate, puntu batera arte, nahi nuena egiten eta askea izaten. Etxean beti egon dira muga batzuk, baina besteek esango zutenagatik edo bullying-etik babesteko. Gero, nerabezaroan, kontziente izan nintzenean gizartea nolakoa den eta zer espero den nitaz, oso maskulinoa, oso normatiboa eta heterosexuala izaten saiatu nintzen. Batzuetan pausotxo batzuk aurrera ematen nituen, baina ingurutik jasotzen nuen feed backarekin atzera egiten nuen. Beti egon da nire baitan borroka bat, eta gaur egun, oraindik, ez naiz erabat askea.

 


Queer teoria aurkitu nuenean eta ez-bitartasunari buruz irakurri nuenean, beste mundu bat ireki zitzaidan: ‘ez daukat erabaki beharrik’


 

Gasteizen berriro hasteko modua aurkitu zenuen Itzulpengintza ikastera joan zinenean, ezta?

Bai, hiri berria, jende berria, queer jende asko ezagutu nuen nire karreran… Orduan makillajearekin eta ileordeekin hasteko aukera izan nuen, lehendabizi modu teatralizatuan, pertsonaia bat izango balitz bezala, baina pertsonaia horrek eraman ninduen ni nor nintzen eta nor izan nahi nuen planteatzera: beti izan dut gatazka ea emakume transa naizen ala ez naizen. Queer teoria aurkitu nuenean eta ez-bitartasunari buruz irakurri nuenean, berriro ere beste mundu bat ireki zitzaidan: ez daukat erabaki beharrik. Txikitan ez ziguten transexuala izatea zer den inoiz azaldu. Nik uste nuen transexuala izateko alua eduki behar zela eta ebakuntza bat egin behar zenuela eta hori dena… eta nik ez nuen hori nahi, nire gorputzarekin ez bainengoen deseroso. Ez nuela aukeratu behar konturatu nintzenean eta normatiboak ez diren identitateak daudela ikustean, mundu bat ireki zitzaidan. Orduan drag-a nire bizitzan aplikatzen hasi nintzen.

 

Garai hartan ez zenuen erreferentzia handirik izango Euskal Herrian; orain, berriz, zu zara ez-bitartasunaren erreferentzia bat.

Niretzat oso beharrezkoa da ez-bitartasunaz hitz egitea. Aldaketa behar dugu gizartean, gurasoengan, izeba-osabengan, bizilagunengan… Denek egin behar dute ikasketa eta aldaketa, eta bereziki ikastetxeek eta hezkuntzak aldaketa handia egin behar dute. Ikastetxeko esperientziak bizitza aldatzen digu; nik txikitan trabesti bat ikusi izan banu, bizitza aldatuko zidakeen. Orain ikastetxeetara joaten naiz eta drag tailerrak egiten ditut haur txikiekin, eta esperimentatu egiten dute. Txikitan zer egiten genuen mozorroekin? Esperimentatu. Guretzat Frozenen soinekoa janztea ikaragarria zen, beste mundu bat irekitzen zigun, eta ikaragarria zen beste norbait izatearen sentsazio hori! Drag-aren helburua jendea aska dadin inspiratzea da, esperimentatu eta jolastu dezagun.

 

Ez omen zitzaizun gustatzen gizon izendatua izatea, ezta? Nola gainditu zenuen besteen begiradak zeukan eragin hori?

Txikiak garenean ikusten dugu gizona izatea futbola eta kirola gustatzea dela, eta nik gustuko nituen gauzak ez ziren gizonenak. Horregatik kritikatzen ninduten eta bullyinga jasaten nuen. Neure buruari galdetzen nion: ez baldin banaiz gizona, emakumea al naiz? Batzuk eroso daude hor, baina beste askok prozesu bat egin dugu eta ikusi dugu ez gaudela hor eroso.

 

Feminismoa izan da askorentzat deserosotasun horiek izendatzeko modu bat.

Feminismoari esker identifikatu dugu gutako askok ere geure burua garen moduan. Hurrengo pausoa bitartasuna apurtzea izan behar da. Horrekin ez dut esan nahi emakumeak desagertu behar direnik edo euren errealitatea ikusi behar ez dugunik, hori tontakeria hutsa da; baina bitartasuna gainditu behar dugu. Izan ere, gizona/emakumea, maskulinoa/femeninoa… bitartasun horretan non marrazten dugu limitea? Praka bat maskulinoa da? Gauza batek bestea kolokan jartzera eramaten gaitu: erabiltzen dugun arropaz pentsatzen hasi eta arropak eraman gaitzake genero adierazpena zalantzan jartzera, eta horrek genero identitatera, eta horrek sexu orientaziora... dena pausoka doa. Eta aipatu nahi dut zeinen garrantzitsua den pertsona bati aldatzeko aukera ematea: pertsona batek esan dezake gaur ez-bitarra dela eta bihar emakumea dela; ba kito! Ezin dugu kuestionatu pertsona baten prozesua. Beste pertsona baten identitatearen gaineko iritzia ez da iritzia, epai bat da. Adierazpen askatasunaren izenean, iritzi guztiak errespetatu behar ditugula eta tontakeria hori saldu digute… kariño, hori ez da egia! Nik errespetatuko dut zure iritzia kafesneari buruz, baina nire nortasunari buruzko zure iritzia ez, edo emakume transak ez direla emakumeak esatea ez da iritzi bat, hori nazismoa da.
 

Nola ikusten duzu zure ikasle garaiko errealitatea eta gaur egun ikastetxeetan aurkitzen duzuna?

Askoz gehiago hitz egiten da gaur egun gai hauen inguruan. Egia da, baita ere, oraindik ikasleengandik entzuten ditugun gauza asko kezkagarriak direla. Horregatik diot hezkuntza ezin dela ikastetxeetan bukatu: etxera eraman behar dugu. Guztiok gara hezkuntza. Hemen [Nafarroan], adibidez, Skolae programa daukagu eta lan handia egiten du gurasoekin. Guraso moduan garrantzitsua da ikasteko prest egotea. Jendea trans pertsona bat hurbil daukanean hasten da gai honi buruz ikasten eta entzuten, bai, marabilla, baina gaur egun informazio guztia eskura daukagu eta gai hauei buruz ez baldin badakigu ezer, ez dugulako jakin nahi da.

 


Nik errespetatuko dut zure iritzia kafesneari buruz, baina nire nortasunari buruzko zure iritzia ez, edo emakume transak ez direla emakumeak esatea ez da iritzi bat, hori nazismoa da


 

Feminismoak eta LGTBI kolektiboaren ikusgarritasunak gora egin duten neurrian, jarrera atzerakoiak ere indartu egin direla ikusten dute irakasleek.

Diskurtso atzerakoi horiek ez dira inoiz joan. Agian momentu batean diskurtso horiek isilarazi ditugu eta ez dira onargarriak izan, baina erreakzionarismoak gora egin duen heinean, jende horrek beldurra galdu du, eta nahi duena esanda ere, ikusten du ez dagoela arazorik. Hori ikusten da leku guztietan, faxistak Tik Token eta telebistan eta leku guztietan hitz egiten ari dira eta inork ez die ezer esaten, adierazpen askatasunaren izenean.

 

Egoera horretan, ez-bitartasunean edo genero identitate anitzetan kokatzen diren ume askoren gurasoek kezka adierazten dute. Zuk zure gorputza jartzen duzu borroka honetan… Nola bizi duzu beldur hori?

Beldurra beti dago, ze egunero jasotzen ditugu erasoak, modu askotan. Erasoa ez da soilik hitz bat edo hostia bat. Eraso batzuk normalizatu izanak kezkatu egiten nau, eta uste dut emakumeek ere normalizatu egin dituztela: "betikoa da eta ez da ezer gertatzen". Bai, gertatzen da, eta hor borroka dago egiteko. Baina, era berean, ezin gara egunero borrokan bizi, nekagarria baita. Gaur egun nik nire posiziotik eraso bat jasaten dudanean baditut erantzuteko erremintak, eta badut laguntza eskatzeko sare bat. Baina txikiak garenean ez dugu horrelakorik, eta hori oso kezkagarria da. Gai honekin orientatzaile asko galduta ikusten ditut ikastetxeetan, eta justu haiek izan behar dira honen inguruan jakin behar dutenak eta lan egin behar dutenak. Ikastetxeek benetako protokoloak eduki behar dituzte eta erantzukizuna hartu behar dute. Eta ez noa bullyingeraino, komentario diskriminatzaile bakar bat ere ezin da onartu, haurrek espazio seguruak behar baituzte ikastetxeetan. Nik askotan pentsatzen dut, "benetan ez dituzuela egoerak ikusten?" Ni irakaslea izan naiz, eta ikusten da eta entzuten da. Zer gertatzen den ikustea 1+1 batzea bezain erraza da: ikasle bat disidentea denean ikusten da; pertsona bat sexu orientazioagatik, elikadurarengatik, gorputzarengatik... edo dena delakoagatik ezberdina denean, ikusten da, eta hor erantzukizuna duenak hartu egin behar du.

 

Eneko, nolatan hartu duzu zuk jarrera politiko eta pedagogiko hau?

Nik asko sufritu dut, baina beti izan naiz oso pertsona ausarta eta hitz egiten eta esaten jarraitu dut, eta nire espazioak eta segurtasun burbuilak bilatzen —burbuilak beharrezkoak dira eta ni oso gustura bizi izan naiz eta bizi naiz burbuilan—. Ni hainbat pertsonak inspiratu naute eta modu berean, nik ere beste batzuk inspiratu nahi ditut. Lady Gaga bere diskurtsoarekin, bere musikarekin eta bere mezuekin deskubritu nuenean ikaragarri lagundu ninduen, bada orain, nire diskurtsoak, beste askoren diskurtsoak bezala, lagun diezaieke beste pertsona askori. Prozesu bat egin dut honetan ere, ze nire helburua, hasiera batean, jendeak nik pasa nuena ez pasatzea zen, eta momentu batean ulertu nuen hori ezinezkoa dela; tristea da, baina gauza batzuk pasa egin beharko dituzte, zeren errealitatea hor dago, eta gauzak gertatuko dira.

 

Ez diozu soilik disidentea izan daitekeen horri laguntzen, beste pertsonengan ere eragiten duzu, hasteko hemen zaudela erakutsiz; errealitate hau ukaezina da.

Polita da horrela ikustea. Hain zuzen ere, hori lortu nahi dugu. Nik argi eta garbi esaten dut nik egiten dudana nire disidenteentzako dela; ni ikastetxe batera joaten naizenean eta marikita bat, bollera bat, pertsona trans bat edo ezberdina den norbait ikusten dudanean… ume horiei mundua irekitzen zaie, eta nik haiengatik egiten dut egiten dudana, argi eta garbi. Irakaslea naizenean ere, Eneko naizenean, haientzat arnasgune bat eta espazio seguru bat izateko egiten dut egiten dudana. Baina pertsona hauei laguntzeko, besteak hezi behar  ditugu, eta uste dut erradikalagoak izan behar dugula heziketa horretan, eta gauza batzuk ez ditugula onartu behar: tolerantzia zero behar dugu. Oraindik asko entzuten dugu, "eske haurren gauzak dira"; kariño kontuz! Ez dira haurren gauzak, ez da broma bat, ez da txiste bat eta ez da kontu isolatu bat, ez, eta guraso moduan hori pentsatzen baduzu, kontuz, ea etxe horretan ere zer broma eta zer txiste egiten diren!

Gehitu nahiko nuke ez dela hain zaila. Ez da hain zaila komentario batzuk ez egitea, ez dela hain zaila espazio seguruak sortzea… igual zaila izan daiteke jaiotzetik haur bat ez-bitartasunean eta generorik gabe haztea, baina ez dugu hori exijitzen, exijitzen duguna oso oinarrizkoa da. Nik gaur egun ezagutza konkretu batzuk exijitu egiten ditut, gaur egun ez baldin badakizu zer den feminismoa edo ez-bitartasuna… aizu, irakurri! Ez dakizu ez duzulako jakin nahi!

 


Nik egiten dudana nire disidenteentzako da: ikastetxe batera joaten naizenean eta marikita bat, bollera bat, pertsona trans bat edo ezberdina den norbait ikusten dudanean… ume horiei mundua irekitzen zaie, eta nik haiengatik egiten dut egiten dudana, argi eta garbi


 


Euskaratik egiten duzue hau, behar zen haize bat ekarri duzue… kontzientziatik eta politikatik egiten duzue.

Mundu guztian bezala, Euskal Herrian punkak ikaragarrizko indarra izan du, oso iraultzailea zen gizon batek oholtzatik "puta policia" oihu egitea, ados, hala izan da, baina nire iritziz, gaur egun hori ez da hain iraultzailea, hori norma bihurtu da. Gaur egun iraultzailea da trabesti bat egotea txosnetan; emakume bat egotea txosnetan bakarrik, beste gizon askorik gabe; kartel batean emakume bat baino gehiago egotea… hori da iraultzailea gaur egun. Ireki egin behar dugu, baita euskal kultura ere. Egungo gizartera egokitu behar dugu, bestela, pikutara goaz.

 

Esan duzu, “ez naiz guztiz askea”, zer beharko zenuke guztiz askea izateko?

Beste planeta batera joan beharko nintzateke! (barrez). Mundu utopiko horretan generorik gabeko gizarte bat nahi nuke, non ez diren generoak eta genero rolak ezberdintzen. Hori ezinezkoa ikusten dut gaur egun, baina aurrerapauso batzuekin hurbil gaitezke; hizkuntza aldatuz, hizkuntza eraldatuz, legaltasuna eraldatuz eta genero ez-bitarra onartuz eta ikusgarritasuna emanez… eta guztiz aske izateko kapitalismoa ere bukatu beharko litzateke, ze gauza bera da, kapitalismoa, matxismoa, LGTBIfobia… Ez dakit guztiz aske inoiz izango naizen, baina mundu ideal hori generorik eta dirurik gabeko mundu bat izango litzateke!

 

Albina Stardustek zer eman dizu?

Niri identitatea eman dit: drag-aren bitartez garatu dut nor naizen. Ni oso lotsatia izatetik nentorren, ez nuen hitz egiten, luma ezkutatzen saiatzen nintzen, oso normatiboa nintzen, lodia nintzen… Nire helburua oharkabeko pasatzea zen, eta drag-a justu kontrakoa da, mundu guztiak begiratzea da. 10 euroko peluka batekin drag-ean hain ondo sentitzen banaiz, zergatik ez ekarri hori nire egunerokotasunera? Orduan hasi nintzen pixka bat makillatzen eta pixka bat jolasten, eta gutxinaka ahalduntzen. Eta bat-batean konturatu nintzen jendeak beti begiratuko nauela, ezkutatzen saiatzen naizenean eta baita ni naizena guztiz ateratzen dudanean ere. Hortaz, zergatik ezkutatu behar dut naizena, modu berean begiratuko banaute? Eta beste pauso bat da oholtzatik behera ere disidentzian bizitzea. Drag-a, oraindik ere, mozorro moduan ikusten da, eta oholtza gainean egin daitekeen zerbaiten moduan, baina pauso bat aurrera ematea falta da: gure showetara etortzen direnei gero esatea, "ba hauek kalera ateratzen dira eta horrela bizi dira eta egin daiteke eta bizi daiteke; eta guai dago!".