Erreportaje honetan COVID-19aren pandemiak haurrengan eta nerabeengan izan dituen ondorioak biltzen dira eta hobeto egin zitezkeenak aipatzen. Nahia Idoiaga, Ane Ablanedo eta Ana Garcia adituen ezagutzaz gain, hiru gurasoren eta gizarte hezitzaile baten testigantzen bilduma ageri da.

Itsasoak badaki basatia izaten eta mimoz eta denboraz eraikitako gazteluak kolpez eraisten, berriz hutsetik hasteko eremu bat utziz. Itsasoak badaki dena hankaz gora jartzen eta olatuz olatu arnasaren premia gogorarazten. Halako itsaso basati eta zabal bat izan da pandemia mundu mailan (izan dela esateko iragan denbora erabili baliteke behintzat). Olatu sail handi bat izan da. Bizitzaren lehen urteak ere olatuen indarrez bizi ohi dira, intentsitatez eta mundua arnasteko irrikaz. Olatu ezberdinak gurutzatuko dira orriotan, distantzia pixka batetik begiratu eta zipriztinak noraino heldu diren edo hel daitezkeen aztertuko da. Pandemiaren aparraldia beheranzko joeran dagoela dirudien honetan, ur azalean eta urpean geratutakoa izango da mintzagai eta hizpide.

Pandemia hitza esateak bakoitzari oihartzun ezberdina egiten dio, askotariko irudi eta sentipenak sortzen ditu kontzeptu bakarrak. Erreportaje honetan ahalegin bat ageri da, olatuz olatu osatutako garai honek haurrengan eta nerabeengan zein eragin izan duen edo izan dezakeen aztertzeko. Uhinetik uhinerako bidean Ana Garcia bikote, familia eta banakako psikoterapian aditua, Ane Ablanedo Larrion irakaslea eta neurosiaren prebentzioan aditua eta Nahia Idoiaga Mondragon, psikologian doktorea eta EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultatean irakaslea izango dira bidelagun nagusi eta garai honen ondorioak aztertzen hasi aurretik, hezitzaile eta gurasoen adierazpenak ere lagin gisa bilduta daude, egoerari alderdi ezberdinetatik so egiteko.

Karmele Mitxelenak, hiru haur txikiren ama den irakasleak, aipatu du, zenbaiti harrigarria gerta badakioke ere,  familia bezala “positiboa” izan zela lehen itxialdi luze hura: “Haurrek normaltasun osoz bizi izan dute pandemia hasieratik. Oso barneratuta izan dituzte arauak eta itxialdi garaian pozik sumatzen genituen, 24 orduz gurasoekin egoteak, haiekin jolasteak, kozinatzeak… Asebete egiten zituen eta ez zuten kalera irten nahi zutenik esaten, oporraldi moduko zerbait izan zen beraientzat eta guretzat, berriz, zerbait berezia, elkarrekin eta beste inor gabe hainbeste denbora pasatzeko aukera berezi bat”.

Harrera etxe batean dauden haurrekin lan egiten duen gizarte hezitzaile bati, Olaia Lasari, bere bizipenari buruz galdetuta, beraientzat oso aldi nahasia izan dela gogoratu du, momentuaren arabera oso ezberdin bizi izan dutena. Aurreko elkarrizketatuaren bidetik, alderdi baikorra azaleratu du hasteko: "Lehen konfinamenduan, hezitzaile bezala erabaki genuen etengabe ekintzak antolatzea haurrentzat; karaokeak, antzerkiak, eskulanak… Denetik antolatu genuen eta etxe askotan ez bezala, jolasa ahalbidetzeko baldintzak geneuzkan, harrera etxean bederatzi haur elkarrekin bizi izateak alde horretatik lagundu egiten baitu…”. Haurrei sufrimendurik handiena, zalantzarik gabe, “familia biologikoekin aurrez aurreko kontakturik ez” izateak eragin omen zien eta bideo-deien bitartez saiatu ziren egoera samurtzen. Horrez gain, otorduak haurrengandik aparte egin beharra eta musukoaren erabilerak sortutako mugak aipatu ditu: “Pentsa zer den haurrentzat, beraien etxean egonik, beraiek zaintzen dituzten pertsonak beti musukoarekin egon beharra eta musuak eta besarkadak jaso edo ez unean-uneko hezitzailearen beldurraren baitan egotea…”. Kontaktu fisikoa hainbeste murriztu izanaren penaz mintzo da eta birusa etxean sartu eta haurrak gaixotu zirenean haiek zaintzeko ospitaleetan erabiltzen den babes-arroparekin eta haurrak gelaka isolatzen ibili beharra “gogorra” izan zela.
Hurrengo galdekatua, Maialen Bengoetxea, irakaslea eta bi haurren ama izanik, kontziente da euren bizipena ez dela ohikoena izan eta zortedunak izan direla bizi diren lekuan bizitzeagatik, haurrek, landa eremuan egonik, eremu zabala eta basoa eskura izanik, jolaserako askatasun handia izan dutelako, baina, gertatu den eskubideen urraketa, jabetza pribatuaren, hau da, etxebizitza bakoitzaren baldintzen arabera egon izana tamalgarritzat jo du: “Gureek bizikletan ibiltzeko aukera izan dute, korrika ibiltzekoa eta jende askorekin elkartzekoa; komunitatean bizi garenez, bazkariak eginez-eta, haurrek ongi pasa zuten konfinamendu garaia”. Gatazka-iturri handiena telelana izan zela argi dauka, kosta egiten baitzitzaien haurrak entretenitzea eurek lan egin behar zuten bitarte horretan eta aldiro “trabarik ez egiteko” ekintzak proposatzen aritu beharrarekin ez zen eroso sentitu, telebista ikusteko edo marrazki bat egiteko eskatzen ibili beharra ez baitzen egokiena bere ustez. Arreta eman zion, alabak zaharrenak sei urte bete zituenean “musukoa eskatu” izanak; etxetik beldur mezurik jaso ez bazuen ere, “babestu beharra” sentitzen zuen antza.
Elkarrizketatutako azken gurasoak, Yaiza Elizondok, pandemiak beraien etxean “eragin txikia” izan duela zehaztu du, lehen itxialdi hura ez zutelako zehatz-mehatz bete eta neurriak malgututakoan, bost haurreko talde txikian izanik ere, harremanak mantendu dituztelako, haurrek euren berdinekin jolasteko aukera izan zezaten. Lehen konfinamendu luzea iritsi zenean haur txikienak urtebete zeukan eta nagusiak hiru eta ez zitzaion batere bideragarria egin telelana: “Bikoteak lanera joan behar zuen eta ni telelanean bi txikirekin ez nintzen moldatzen. Beraz, egunero aiton-amonen etxera joaten ginen, haiek han jolaserako, zuhaitzetara igotzeko, korrika egiteko… aukera zuten eta nik lan egin nezakeen”. Horri eskerrak arinagoa egin zitzaiela eta “jende gehiagorekin erlazionatzeko aukera” izan zutela gaineratu du. Dena den, gogoan du 3 urteko haurrak kezkaz begiratzen ziola etxeko leihotik parke prezintatuari, “noiz irekiko” zuten galdezka. Gaitzaz “naturaltasun handiz” hitz egin izana eta arauak hasieratik azaldu izana haurren mesederako izan dela uste du, bestela ez baitzuten ulertzen zakurrak euren jabeekin kalean ibili ahal izatea eta haiek etxean geratu behar izatea. Ederrena, jai-egunetan, familian, inoiz egin gabeko jolasak egiteko denbora edukitzea zela oroitzen du; presarik gabe, lasai, jolasari lehentasuna eman ahal izatea.


“[Haur eta nerabeak] Oso erresilienteak izateak ez du esan nahi iragazkorrak ez direnik; eragin egin die


Nahia Idoiaga 
Psikologian doktorea


Bere ikuspegi psikologikoaren galbahetik, Nahia Idoiagak, pandemia baino “pandemia pack” bat izan dela pentsatzen du, olatu bakoitzak agerian utzi baititu gabezia edo arazo batzuk. Dena den, guztietan ere, haurrak eta nerabeak izan dira talde “kaltetuenetakoak” bere aburuz, “oso errespetu gutxi” izan zaielakoan dago. Bestalde, zaintza erdigunean jartzeko aukera paregabea “galdu” egin dela sentitzen du.

Zaintzari dagokionean, Ana Garcia psikoterapeutak uste du pandemiari “esker” ezer gutxi ikasi dugula, ikastekotan pandemiaren “ondorioz” ikasi dugula. Etxebizitza bakoitzaren ezaugarrien arabera (leiho edo metro kopurua, terraza izan edo ez…) eta etxekoen komunikazio moduaren arabera, bi urte hauetako gorabeherak “oso ezberdin” eraman direla gogorarazi du.

Ane Ablanedo psikologo eta irakasleak, osasuna zaintzeaz gain, “osasun integrala” babestu behar zela uste du eta umeak neurrietara oso ongi egokitu direla esatea arriskutsua dela, “haurrak beste erremediorik ez zutelako eta gurasoak pozik egon zitezen” egokitu baitira neurrietara hain zintzo. Ez zaio hainbeste interesatzen hartutako neurriak hartu behar ote ziren edo ez; hartu behar izatekotan, horiek orekatzeko hartu ez diren neurriekin dago kezkatuta.

Ondorio psikosozialak
Hiru profesionalak arduratuta daude pandemiak haur eta nerabeengan eragindako ondorio psikosozialengatik. Idoiagak, Ablanedoren bidetik honakoa dio: “Oso erresilienteak izateak ez du esan nahi iragazkorrak ez direnik; eragin egin die. Gogoan izan, itxialdi garaian ere, helduok kirola egin genezakeenean haiek ezin izan zutela eta, gerora, futbol estadioak bete zitezkeenean eurek ez dutela eskola kirola egiterik izan…”. Horri guztiari atxikitzen dio haur askok, itxialdiaz hitz egitean “arnas falta” aipatzea, modu batean hori ukatu baitzaie: arnasa eta arnasa hartzeko tartea. Ikasturte honetan arreta psikologikorako zerbitzuek “gorakada handia” jasan dutela diote datuek eta hori, hein batean, lehen konfinamendu hartako kargaren ondorio zuzena ei da.

Garciak bere kontsultan “depresio, antsietate, estres eta motibazio falta” kasu andana topatu du eta demanda handiko garaia izaten ari dela dio. Nerabezaroa berez dolu garai bat izaten da, baina isolamenduak eta berdinekin kontaktu gutxi izateak sintomatologia hori guztia nabarmen areagotu du: “Harremanak dira nerabeentzat garrantzitsuena eta batzuk sarean mantendu dituzte; sare sozialetan bete dituzte hutsune horiek, baina, beste batzuk gehiago isolatu dira. Are gehiago, banakako jolasetan aritu dira, partekatzen ez diren bideo-jokoetan. Eta horientzat, bereziki, oso estresagarria izan da garai hau”.


Nerabezaroa dolu momentu bat da, baina egoera honek sintomatologia hori arriagotu du; isolamendua ekarri du
 

Ana Garcia 
Psikoterapian aditua


Emaitza akademikoetan ere antzeman dira ondorioak, Idoiagak dio hasiera-hasieran eskakizunaren malgutze bat egongo zela zirudiela eta “aprobatu orokorraz” asko hitz egin zela, baina, “benetako arazoa” beste nonbait kokatu du: “Lehendik ere gabezia egoera batean zegoen eskola eta zentroek ahal dutena egin dute exijentzia berriei erantzuteko; tamalgarriena da lehen dena partekatzeko eskatzen geniela haurrei eta, orain berriz, ezer ere ez partekatzeko esaten ari gatzaizkiela”. Adibide bezala, zehaztu du, biderketak egiten ikasteko galdu zuten denbora berreskuratzen errazagoa dela harremanen alderdian galtzen dena berreskuratzea baino: “Pandemia lehertu zenean lan metodoetan aldaketa interesgarria bizi zuen hezkuntzak: talde lanean oinarritua, adin nahasketarekin, proiektuka landua, partaidetzan ardaztutakoa. Eta burbuilaka eta ukitu gabe lan egin beharrak berrikuntza hori asko mugatu du. Kontrapuntuan, ez dut uste helduon lan munduan baldintzak hain gogorrak izan direnik”. Burbuiletan lan egiteak eragin dituen kalteei begira, gehitu du zenbait ikaslek ez dutela afinitaterik euren taldeko kideekin eta egunero zortzi ordu pasa behar izan dituztela konfiantzazko lagunik gabe. Oro har, “helduzentristak” garela eta haurrei ahotsik ez zaiela eman salatu du.

Ablanedok ere arazoak guztion artean lantzeko aukera hezitzailea galdu izanaren pena dauka eta pandemiak eragin duen “obeditzaile eta ez obeditzaile” bereizketa absurdua aipatu du, zenbaitetan neurriak gehiago baliatu baitira “kontrolerako”, osasuna babesteko baino. Gehiegizko sozioerregulazioa izan dela salatu du. Bizitako honek guztiak haurrengan eta nerabeengan ondorioak izango dituela argi dauka: “Batzuengan ikaragarrizko beldurra sortu du, neurotikoa, besteengan ukamena, omnipotentzia; mundu bat non ez den ezer gertatzen… Eta haurrek hori guztia bizi izan dute, kontuan hartuz, gainera, birus batek elementu paranoidea duela berekin; hor dagoela baina ez dela ikusten. Gizartearen neurosia aktibatu egin du pandemiak, aurretik ere ez baikeunden batere ondo”. Etxeko lanen aurrean egin behar litzatekeen bezala, jasan ditugun zenbait neurriren aurrean “intsumisioa” egin behar litzatekeela uste du baina, “zatituta, antolatu gabe eta beldurrez” egonik, zaila dela.

Idoiagak musukoaren erabilpenak eragin dituen gabeziak izan ditu hizpide eta irakasleen aldetik “kontaktu zuzena” premiazkoa duten haurrei, gertutasun hori ukatu egin zaiela gogorarazi du. Beste aldetik begiratuta, musukoa ordu luzez erabiltzearen ondorioz haur askok “itolarria” sentitu duela gaineratu du: “Izan ere, eskolako zortzi orduez gain, zaintza-geletan eta eskolaz kanpoko jardueretan ere ordu extra asko pasatzen dituzte txikiek eta, gainera, ez zaie bereziki ongi azaldu, zergatik eraman behar zuten musukoa patioan eta zergatik kalean ez. Gauzak hobetu diren uneetan ere kosta egin da eskoletan neurriak leuntzea. Azkenak izan dira beti denean”. Azken bi urteetan aitona-amonekin harreman gutxiago izan dute ume gehienek eta horrek tristura eragiten dio, “belaunaldi arteko harremana oso garrantzitsua” delako bi aldeentzako. Horrez guztiaz gain, pandemia garaian ama izan direnak izan ditu gogoan eta haien egoeraren berezitasunaz ezer gutxi esan dela adierazi du: “Haurdunaldi edo erditze prozesuan zeuden pertsonek bizitako estresak, beldurrak eta antsietate mailak zein eragin izan duen edo izango duen” ez da bereziki ikertu eta hori ere aztertu behar litzatekeela uste du, ama askok izan baitute COVID-19arekin positibo emanez gero “haurrarengandik urruntzeko izu hori” eta muturreko egoera horretan asko sufritu dute.


Nerabezaroa, are zailago

Lehen ere mugitua izan ohi den garapen-etapa, nerabezaroa, zaildu egin du pandemiak. Eskolak ez duela egoera arintzen lagundu uste du Ane Ablanedo irakasle eta neurosiaren prebentzioan adituak. Hezkuntza zentroek izan duten funtzioari begira, Ablanedok uste du gauzak hobeto egin zitezkeela, baina ez dela horretarako baliabiderik eman: “ Asmorik onenarekin aritu dira irakasleak baina lehendik ere edukietan oinarrituta zegoen hezkuntza-modu baten gabeziak bistaratu dira; garbi geratu da, beste behin, Bigarren Hezkuntzaren oinarrian ez dela ikasleen ongizatea jartzen. Edukien karga jaitsi beharrean eta denen artean egoerara nola egokitu adostu eta alternatibak bilatu beharrean, berez patologikoa eta patologizantea zen Bigarren Hezkuntza jasanezina bihurtu da testuinguru honetan”. Nerabeentzat estuasun handiko garaiak izan direla gaineratu du eta ez dela tarterik egon zama hori arintzeko; aisian topa zezaketen deskargarako aukera ere mugatu egin baitzaie: “Suizidio datuekin harrituta dago jendea orain, baina hau lehenagotik datorren zerbait da”. Nerabeak gehiago eta hobeto babestu behar zirelakoan dago eta “estigmatizazio gogorra” pairatu dutela nabarmendu du. Neurriak denentzat latzak izanagatik nerabeengan are latzagoak izan direla ikusi du: “Bigarren sozializazio fasean daude, heldutasunerako bidean, garapen betean eta etapa horretan hormonen-dantza hor dago, izaten ikasten ari dira, gorputzetik ari dira ikasten eta guk eten egin diegu hori”.

Ana Garcia psikoterapeutak ere kezka adierazi du nerabeengatik, eta azken denboran lan handia dutela aitortu du: “Nerabezaroa dolu momentu bat da eta beti existitu da dolu hori, gorabehera aldi bezala, baina egoera honek sintomatologia hori larriagotu du; isolamendua ekarri du, kontaktu gutxi beren berdinekin. Horrek zerikusi zuzena du orain sufritzen ari diren antsietate mailarekin”.

Nahia Idoiaga Psikologian doktoreak suminez bizi du zaintza erdigunean jarri ordez ertzaren ertzean kokatu izana: “Zaintzaren izenean zaintza ukatzera iritsi gara; COVID-19ak jota zeudelako edo, besterik gabe, kontaktu zuzenak zirelako bakartuta izan ditugu gaztetxoak, gela batean astebetez bakar-bakarrik; guretzat gogorra bada pentsa beraientzat zer izan den!”.
    
Gerora begiratuz, letozkeen edo etorri behar luketen hurrengo “olatu” bezala, zaintza, hausnarketa gaitasuna, argitasuna eta osasunaren ikuspegi osoa izendatu dituzte. Mareak jendartea ilargian harrapatzen ez badu behintzat.


Komunikazioa
Garciak eskoletan “oso azkar eta oso egoera zailetara” egokitu behar izan dutela eta orokorrean “haurrek behar zuten jasoketa” izan dutela sinesten du, nahiz eta irakasle bakoitzaren beldurra eta ezjakintasuna kudeatzeko gaitasunaren baitan ere egon den jasoketa hori. Gizarte zerbitzuen lana ere goraipatu du, “adi” ibili direlako “zailtasun gehien zituztenei baliabideak, Interneta eta ordenagailuak lortzeko”. Hutsunea “hausnarketarako espazioetan” antzeman du, bai eskolan eta baita etxean ere, eta horri eman dio garrantzia: “Guk ere ulertzen eta ezagutzen ez genituen gauzak azaldu behar izan dizkiegu haurrei eta gaztetxoei eta informazio gehiegi eman diegu askotan… Hobe genukeen, informazioa gutxinaka eman izan bagenie, eta emandakoa, euren adinera egokitua eta ahalik eta argiena”. Gertaerak arrazionalizatzeko joera zabalduta dagoela eta kasu honetan ere halaxe izan dela pentsatzen du: “Kutsaketa datuak, arriskuak eta heriotzak aipatu dira, baina, emozionalitatea ez da neurri berean landu”. Helduek beren zaurgarritasunaz hitz egitea eta ziurgabetasuna aitortzea baikortzat jotzen du eta haurrei mezu hau helarazi behar litzaiekeela iradoki du: “Ez dakigu zer gertatuko den baina, era guztietara, gu hemen egongo gara zuekin”.

Osasun mentala eta ongizatea bermatzeko edo errazteko komunikazio gakoez galdetuta, Garciak, haurrekin edo nerabeekin hitz egiterakoan ezinbestekoa “galdetzea” dela argi dauka, baina galderak parez pare egin behar direla, “nondik” galdetzen den ere garrantzitsua baita. Benetan zer moduz dauden jakiteko, “bai edo ez erantzuten diren galderak saihestea” aholkatzen du, hurbilpena benetakoa eta errazagoa izan dadin. Begiratzearen eta egotearen balioa azpimarratu du. Idoiagak bere aukera azaldu du: “Egiatik jokatu dut seme-alabekin, exajerazio handirik gabe eta aurrez gaizki esandakoak (superkutsatzaile zirela, adibidez), zuzenduz”. Kasu askotan, “burua joan zaigula” eta pandemia “alienazio tresna” bezala erabili izana kritikatu du.

Bide horretatik, “erruduntasunaz” asko hitz egin da pandemian zehar eta haur eta gazteengan horren zantzurik sumatu ote duten galdetuta, Idoiagak honakoa dio: “Seigarren olatuak balio izan du erruduntasuna kentzeko, aurretik bazegoen halako mespretxu bat, nola kutsatu ote zinen aipatu behar bat, zerbait gaizki egin bazenu bezala… Baina seigarren olatuak epidemiaren sozializazioa ekarri du, alde batetik ez bazen bestetik, erraz kutsatu zintezkeelako…”Aurretik, haurrak errudun askotan sentitu direla uste du, “superkutsatzailetzat” jo baitzituzten, hasiera batean, eta horren zama eraman behar izan dute, baita euren aiton-amonak kutsatzeko beldurra ere. Gainera, eskubideak lortzea gehiago kosta zaiela haurrei eta, lortutakoan, eskola kirolean edo lagun artean kutsatu badira, adibidez, “eskubide horiek gaizki erabiltzeagatik kulpa” sentitu dutela ziurtzat du.

Txertoaren auzian ere “gurasoek tentuz argudiatzeko beharra” azpimarratu du Idoiagak, bestela eskolan eztabaida desegokiak sor daitezkeelakoan; “txertatzen bazara zerbait txarra gertatuko zaizu” edo “txertatzen ez bazara ez duzu eskolara joaterik izango” bezalako adierazpenak entzun izan baititu haurren ahotik. Eman beharreko informazioa ongi eta xehe eman behar litzaiekeela dio, haurrek eta nerabeek ere “beren gorputzean gertatzen dena jakiteko eskubidea” dutelako.

Begirada orokortuta, Ablanedok “eskolaren erdigunean bizitza jartzeko beharra” aldarrikatu du eta, hala, gertatutakoa kodetzeko tresnak emateko toki bat gehiago izan litekeela: “Eskola ulertu behar litzateke, haur eta gaztetxoek beren sozializazioa zabaltzeko eta errealitate geruza sakonagoetara iristeko toki bezala, non jakintza eta harreman berriak aurkituko baitituzten… Bizitzaren luzapen bat izan behar litzateke eskola, bizitzeko eta bizitza ulertzeko lagungarria”. Munduan guztia aldatu den garaian, eskolek martxa berdin-berdin jarraitu izana ez du seinale ontzat eta, “hutsune handiak” egon direla nabarmendu du. 


Bizitza osoa, maskarapean


Bizitza eta mundua aldatu direla esaten da, baina ez da hala 2020ko martxotik aurrera jaiotakoentzat, mundua horrelaxe ezagutu baitute. Harreman sare txikiagoak ezagutu dituzte, irribarre baino musuko gehiago, eta festaren eta jendetzaren bizipenik apenas izan duten. Hain berezia den aro horri buruz galdetuta, hiru adituek uste dute pandemiak eta hori saihestu nahian hartu diren neurriek ondorioak izan ditzakeela txikitxoenengan, baina ez dakitela konponezinak izango ote diren. Ana Garcia psikoterapeutak “haurren plastizitate handiari esker” trauma gehienei buelta emango zaiela espero du, “maila traumatikoaren baitan” beti ere. 0-2 urteko tartean haurrek dena “imitazioz” ikasten dutenez, musukoarengatik “ahoskera eta emozioen espresioa” oso mugatua egon izanak kezkatzen du. Euren garapenean hain garrantzitsuak diren “komunikatzeko modua eta keinuak” galdu dituzte haurtxoek eta beste haurtxoekin ohi baino gutxiago erlazionatu dira. Hori orekatzeko “jolaserako espazioak bermatzea” ezinbestekotzat jo du: “Parkera eramatea, jolas sinbolikoak garatzea, naturako elementuak eskaintzea eta jolas dezan uztea, funtsean”.

Ane Ablanedo neurosiaren prebentzioan adituak gogorarazi du 0-2 urte bitartean ahozkotasun fase betean daudela haurrak eta espero duela inork ez diola musukorik jarri haur bati tarte horretan, “dramatikoa” bailitzateke. “Ahoarekin eta ahotik” erlazionatzen dira, hala behar du: “Haur izateko aukera izan dezaten ekosistema batzuk zaindu behar dira; haurrekin erlazionatzeko eta esperimentatzeko guneak eman eta mugak argi jarri, azalpen gutxirekin, arrazionaltasuna garatu gabe baitaukate”. Gainerakoan, adin horretan, haur batentzat “bere bizitza” familia dela gogorarazi du, beraz “ez diela zertan bereziki eragin” uste du. 4 urtetik gorako haurretan ikusten du arrisku handiagoa, “amarekiko sinbiosia apurtzen eta sozializatzen” hasten diren garaian, besteekin “gorputzetik komunikatzea funtsezkoa” baita, eta lehen sozializazio horretan, espantsio betean, beste pertsonak, “arrisku” bezala aurkeztea larria dela dio, ezin baita “soziabilitate bat beldurretik” abiatu. Osasunaren izenean, osasuna era osoan begiratu gabe, kasu batzuetan “kalte konponezinak” eragin direla sinesten du.

Idoiagak, 2 urteko haurrak hizkuntza martxan jartzen ari direla eta ahoskatzeak ez ikusteak “logopedia ikuspegitik kalteak” ekar ditzakeela pentsatzen du, nahiz eta normalean erraz errekuperatuko duten. Ardura handiena, haurrak “irakasle musukodunekin” egon behar izateak sortzen dio, txikiek funtsezkoa baitute gertuko harremana eta emozioen berri aurpegikeratik jasotzea.