Olentzerori gutunak idaztetik Olentzero ez dela existitzen esatera pasatzen dira haurrak une batean. Mundu magikoa bete-betean bizitzetik errealitatearekin topo egitera. Trantsizio hori ulertzen lagundu eta helduontzako zenbait argibide eman ditu Josune Martirena Sagastibeltza gorputz terapeutak.
Ordura arteko mundu magikoak irrist egiten die umeei errealitatearekin topo egitean. 6-8 urte inguruan galderak egiten hasten dira edota ‘Olentzero gurasoak dira’, ‘Erregeak ez dira existitzen’ eta horrelako esaldiak botatzen. Zer-nolako aldaketa gerta-tzen da beraiengan? Nola pasatzen dira mundu magikotik errealitatera? Zer egin dezakegu helduok beraien galderen aurrean? Trantsizio hori ulertzeko gakoak eman ditu Josune Martirena Sagastibeltza gorputz psikoterapeutak eta haur eta nerabeen prebentzioan adituak.
“Bizipen horiek guztiek garunaren garapenarekin dute zerikusia”, azaldu du Martirenak. “Hasieran bi garun egitura izaten ditugu martxan, linbikoa eta reptilianoa, eta 2 urtetik aurrera neokortexa ere hasten da azaltzen. Neokortexaren barruan bi hemisferio daude, eskuinekoa eta ezkerrekoa. Bien artean eskuinekoa da lehendabizi garatzen hasten dena. Hemisferio horrek emozioen munduarekin du zerikusia, espazioaren munduarekin, mugimenduarekin, mundu sinbolikoarekin... Eta hemisferio hori bete-betean egoten da haurrak 8 bat urte egin arte. Aldiz, ezker hemisferioa logikarekin, logika matematikoarekin, hizkuntzarekin... zerikusia duena da eta beranduxeago hasten da garatzen.
Hala, 2 eta 6-7 urte bitartean (betiere umearen arabera) eskuin hemisferioa bete-betean ari da lanean; pentsamendu magikoa, espazioa, mugimendua, fantasia... nagusitzen dira. “Umeak, adin horretan, hori guztia behar du mundua ikusteko, bere gaitasunak oso mugatuak baitira oraindik. Berak ikusten du mundua, ikusten ditu helduak, ikusten ditu gauzak... baina zaila zaio hori errepikatzea, zaila zaio gauza asko ulertzea... Orduan, fantasia egunerokoan ikusten duena an-tzeztuz imitatzeko erabiltzen du, eta pentsamendu magikoa, berriz, inongo logikarik ez duten arrazoi eta ondorioen arteko lotura egiteko”, azaldu du Martirenak.
Horrela, ume batentzat ez da arraroa izaten honako hau bezalako loturak egitea: ‘bai, euria egingo du nik botak jantziko ditudalako’. Ez dago inolako arazorik lotura hori egiteko. Hori da pentsamendu magikoa: logikarik ez duten bi arrazoi eta ondorio lotzea. Eta fantasia erabiltzen du mundu horiek sortzeko: izaki desberdinak, hitz egiten duten animaliak, ezer ez da hiltzen... “Eta horren barruan, Olentzeroren kondaira eta horrekin guztiarekin doan kontakizuna oso naturala zaio haurrari, ez da harri-tzen, hor dagoelako, mundu magiko eta fantasia horretan”, dio gorputz psikoterapeutak.
Ezker hemisferioaren indartzea
Garunaren garapenean aldaketak gertatzen dira beraz, baina ez bat-batean, progresiboki baizik. Horrela, nahiz eta ezker hemisferioa lehendik ere garatzen ari, eskuin hemisferioarekin elkarlanean, umeak 7 urte inguru dituenean indar handiagoa hartzen hasten da.
Ezker hemisferioaren garapenaren ondorioz, haurrak bere barrutik, bere egozentrismotik kanpora gehiago begiratzeko aukera izaten duela dio Martirenak. “Egozentrismo horretatik kanpora joaten da eta ulermen gaitasuna ere garatu egiten da. Eta, horrek errealitateaz gehiago jabetzeko aukera ematen dio. Kausa-ondorioak lotzeko baldintzak ematen hasten da eta horren ondorioz hasten da pentsatzen: ‘nola da posible Olentzero gau batean Euskal Herriko etxe guztietara iristea? Ez da posible!’. Lehenago planteatu ere egiten ez zena orain plantea-tzen hasten da, kanpora begiratze bat dagoelako eta horiek ulertzeko gaitasuna dagoelako”.
Horrekin batera, gerta liteke norbaiti zerbait entzutea, ikaskideren batek zeozer esatea, anai-arreba zaharragoak baldin baditu haiei zerbait entzutea... Eta halako batean iristen da benetako galdera: ‘ama, aita, egia al da Olentzero gurasoak zaretela?’. Galdera horri zer erantzun? “Ez dago denentzat baliagarria den modu egoki bat”, dio Martirenak. “Hori familiaren estiloaren araberakoa da. Baina niri galdetzen badidazue, nik modu bat esango dut, berriz ere azpimarratuz ez dela bakarra eta zilegi dela edozein. Umeak berez bizitzen duen garapen hori kontuan hartuta, bera izan dadila urrats horiek ematen dituena. Nola? Utz diezaiogun galderak egiten hasten, eta gero, erantzun diezaiogun galderekin”. ‘Nola irits daiteke Olentzero etxe guztietara?’. Galdera hori egiten duenean, helduak utz diezaioke berari pausoak ematen; erantzun bat eman beharrean beste galdera bat buelta diezaioke: ‘eta zuri zer iruditzen zaizu?’. ‘Bada, niri iruditzen zait...’. Nolabait umea bera izan dadila hipotesiak egiten dituena, eta horrek aukera ematen dio helduari haurra zein puntutan dagoen ikusteko. Hori da Martirenak proposatzen duena. “‘Bai, baina ez’ horretan dagoela ikusten baldin badugu, esan diezaiokegu: ‘zuk zer nahi duzu? Existitzea ala ez existi-tzea?’. Eta horren arabera, erantzuna berak emango du. ‘Bai, bai, existitzen da’ esaten badu, bada lehen bezala jarraitu. Eta ‘ez, zeren ez da posible etxe guztietara iristea gau batean. Zuek zarete?’. Modu horretara, berak markatzen du erritmoa”.
Bai-ez horretan dagoen haurraren kasuan, azken erabakia berea da. Berak erabakitzen du orain arteko moduan ilusio horretan jarraitu nahi duen ala aldatu egin nahi duen. “Interesgarria da espazio hori berari ematea. Eta espazio hori emateko galderekin laguntzea, baliagarria izan daiteke. Erantzunak eman ordez, galderekin jarraitzea”, aholka-tzen du haur eta nerabeen prenbentzioan adituak.
Egiazko mundu horrekin topatzean haur batzuk engainatuak senti ote daitezkeen galdetuta, Martirenak dio nondik begiratzen den dela gakoa. Gauza bakoitzari bere lekua ematea garrantzitsua dela, alegia. “Esaten baldin badiogu ume bati: ‘Aizu, begira, Olentzero gure fantasian, gure irudimenean, eta besteenean, existitzen da. Guk ipuinak irakurtzen ditugunean, egoera horiek ez daude kanpoan, baina buruan bai, eta guretzat benetakoak dira. Fantasiaren munduan errealak dira. Hori bai, egongelan opariak uzten dituena gu gara. Baina fantasian bai, jakina, existitzen direla’. Hortik begitatuta engainurik ez dago. Engainua da mundu errealean bakarrik geratzen bada”, baieztatzen du Martirenak. “Baina umeek fantasiaren mundua berea dute. Eta helduok ere bai. Nork ez du izugarrizko ilusioa jartzen gustuko bidaia bat prestatzerakoan? Ez al du imajinatzen zer ikusiko duen, nolakoa izango den... Hori ere fantasian dago, ez da momentu horretan bizitzen ari den zerbait, eta inork ez lioke esango bere burua engainatzen ari denik”.
Anai-arreba zaharragoak sekretuaren gordailu
Ilusioa osagarri garrantzitsua da. Mundu magiko horretan parte hartzen dugunean sortzen zaigun ilusioa. Eta anai-arreba zaharragoek ere ilusio hori bizitzen dute, nahiz eta errealitatearen jakitun izan. Horregatik, behin dakitenean, sekretu horren gordailu izan daitezke. Beraientzat garrantzitsua da ‘ni heldua naiz eta badakit’ hori, gazteagoek ez dauzkaten gaitasun batzuk edukitzea. Eta alderdi horrek asko asebetetzen ditu. Baina, aldi berean, fantasia, inozentzia, ilusioa ere oso hurbil daukate, eta hori bizitzea oso atsegin dute, erraz konektatzen dute. Gauza bera gerta dakieke helduei ere. Helduek asko konektatzen dute haurren begirada inozo horrekin, gauzak ikustean jartzen duten harridura aurpegi horrekin. Hori oso kutsakorra da. Ilusio hori asko zabaltzen da inguruan, horretarako prest egonez gero, noski. “Ilusioa eta atsegintasuna baldin badago, erraza da jokoan parte hartzea”, dio gorputz psikoterapeutak. “Azken batean, zer da ilusioa? Zerbaiten esperoan gaudenean eta espero dugun hori zerbait atsegina eta gustagarriarekin lotzen badugu, ilusioa pizten digu. Indartsu sentitzen gara, asebeteta, motibatuta... Ilusioak zerbaitetarako gogoa pizten digu. Aspaldi ikusi ez dugun lagun maitakor bat ikustea, aspaldian egon ez garen leku batean egotea... Olentzeroren kondaira eta opariak ere, nolabait atsegintasunarekin lotzen gaituzten zerbait dira”.
Gerta liteke pertsona batzuk Olen-tzerorekin edota opariekin ilusiorik ez sentitzea, posible da. Batzuk Olentzeroren etorreran jartzen duten ilusio bera jartzen dute beste batzuk bidaia bat prestatzen. Badaude oso txikitatik opariak gurasoek uzten dituztela esaten duten gurasoak. “Hor ez dago Olentzero opariak uzteko, gurasoak baizik. Baina horrek ez du kentzen ume edo heldu horrek beste gauza batzuetan ilusiorik ez izatea. Umearen kasuan, beste egoera batzuetan konektatuko du fantasia horrekin eta mundu magikoarekin. Zeren bere garunaren garapenak behar baitu mundu sinboliko hori”, gaineratzen du Martirenak.