Zubiak zeharkatu, elkarren ondoan eseri eta helmugarantz abiatzea da irakasleek eta ikastetxeek duten egitekoa. 

 

Zubiak zeharkatu, elkarren ondoan eseri eta helmugarantz abiatzea da irakasleek eta ikastetxeek duten egitekoa. Helmugarantz abiatu, bidean sortuko diren uneei eta aukerei arreta berezia eskainiz eta horiek guztiak aintzat hartuz.

 

Hobetzeko tresna da ebaluazioa, ez epaiketa hutsa, ezta kalifikazio hutsa ere. Ideia horrekin bat egin zuten Ebaluazioaren Nazioarteko Kongresuan parte hartu zuten adituek. Eta irudia ere aldarazi zuten: kalifikazio deabrutuaren lekukoa hartu du ebaluazio lagunkoiak. Begirada aldatu egin da.  

Carol Campbell irakasle eskoziarrak Hik Hasiren zenbaki honetan egindako elkarrizketa nagusian dioen moduan, ebaluazio hitzaren jatorria latinetik dator eta ondoan esertzea esan nahi du. Irakaslea ikaslearen ondoan esertzeak espazio fisikoa partekatzeaz harago, bidea elkarrekin egiteko aukera eta elkar ezagutzeko aukera ematen die. Era horretan egindako ebaluazioak pertsona aintzat hartzera bultzatzen gaitu. Ez soilik haren lanaren azken emaitza, baizik eta horra iristeko bizi izan duen prozesua eta haren testuingurua ere kontuan hartzera. Luis Lizasoain EHUko irakasle ohiak haren hitzaldian azpimarratu zuen moduan, ebaluazioan testuinguruak ere berebiziko garrantzia baitu; faktore sozioekonomikoek eta kulturalek inpaktu handia dute. 

Irakasleak eta ikasleak prozesua elkarren ondoan eta elkarri begira egitea garrantzitsua da. Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak esan zuen moduan, ebaluazioa zubi bat baita. Zubiak zeharkatu, elkarren ondoan eseri eta helmugarantz abiatzea da irakasleek eta ikastetxeek duten egitekoa. Helmugarantz abiatu, bidean sortuko diren uneei eta aukerei arreta berezia eskainiz eta horiek guztiak aintzat hartuz. Modu horretan, bidea atseginagoa izango da eta helmugara iristeko aukera, berriz, handiagoa.