Hik Hasiren Haur Hezkuntzako jardunaldietan taldean eta hezitzaileen arteko harremanetan jarriko dute arreta Susana Martinez eta Jordi Mateu formatzaileek. Taldea eta harremanak funtsezkoak dira hezitzaileen lanean, baina gutxi problematizatu dira gaur arte.

Eskolan egunerokotasunean bizi ditugun hainbat kontraesanei ahotsa jarri die Susana Martinezek zenbaki honetako elkarrizketa nagusian: batetik, hezitzaile askorengan ikusten den ezintasunari, eta, bestetik, urteek, eta administrazioaren eta eskolaren erakundearen exijentziek ekar dezaketen eszeptizismoari. Korridoreetan ikusten ditugu, akaso geure azalean bizi ditugu, ondoeza eragiten digute, baina zer egiten dugu min horiekin? Nori dagozkio?

Askok bizi ditzaketen minak eta kontraesanak marko makrotik begiratzera gonbidatzen gaitu Susana Martinez Eskurtze BHIko irakasleak, eta bera partaide duen ProCC (Prozesu Zuzentzaile Komunitarioen Metodologia) ekimenak. Ez baitira arazo indibidualak, oker partikularrak eta norbanakoaren erruak. Hezitzaileoi dena exijitzen zaigu, eta “dena” ezinezkoa da. “Omnipotentziatik inpotentziara pauso bat dago”, dio. Eta garrantzitsua da, beraz, nork bere eginkizunak eta ardurak ongi zehaztea eta onartzea, orduan izango da hezkuntza, izatekotan, benetan eraldatzailea. “Dena” ezinezkoa baita; “dena” ez baita ezer.

Taldea eta hezitzaileen arteko harremanak funtsezkoak dira hezkuntzan. Ongi kudeatu ezean, arazoak, gatazkak, ondoezak eta minak sortzen dituzte. Baina horra hor kontraesana, beste behin: oso funtsezkoak izanagatik, gutxitan izendatzen eta problematizatzen dira, gutxitan hausnartzen eta teorizatzen da, eta beraz, ezer gutxi egiten da formalki eta metodologikoki taldea eta hezitzaileen arteko harremanak zaintzeko. Azaroaren 15ean eta 16an izango dugu elkarrekin hausnartzeko eta ekiteko hitzordua Hik Hasiren udazkeneko Haur Hezkuntzako jardunaldietan.


Premiazkoa da ratioak jaistea eta irakasleei euren artean koordinatzeko, familiei arreta emateko, eskolak prestatzeko, lanak eta ariketak zuzentzeko eta ikasle guztiei behar bezalako jarraipena egiteko denbora gehiago ematea. Lan burokratikoa arindu behar da.

Tere Maldonado