Haziera esneak, ‘potito’ edo poteko barazki eta fruta pureak, haurrentzako lehen jogurtak, lehen gailetak... Hamaika produktu daude merkatuan haurrei zuzenduak, ustez propio sortuak haurrek dituzten behar ‘bereziei’ erantzuteko. Elikagai horietako asko, ordea, helduok kontsumitzen ditugun elikagai arruntak baino are kaltegarriagoak dira osasunerako, Libe Garmendia nutrizionistaren esanetan.
Ohikoa da supermerkatuan haurrei zuzenduriko produktuen txokoa aurkitzea. Bertan pixohialak, garbitzeko toallatxoak, xanpu eta bainurako gel bereziak... aurkituko ditugu. Eta, horien ondoan, gero eta gehiago, haurrei zuzendatuko elikagaiak. Haurrek izan ditzaketen behar bereziei erantzuteko propio prestatuak. Han izango dira hazierako esneak, potito edo poteko barazki eta fruta pureak, haurrentzako sorturiko lehen jogurtak nahiz gailetak, papilla edo ahiak, zurrupatzeko fruta pureak... haurrek behar dituzten bitamina eta mineralez beteak, beraien liseriketarako lagungarriak, espreski adin tarte horretarako sortuak. Hori dio, bederen, produktu horien ontzietako mezuak, iragarkiak. Libe Garmendia dietista eta nutrizionistak argitzen duenez, ordea, haurrek ez dute elikagai arruntekin, gurasoek etxean kontsumitzen dituzten ohiko produktuekin ase ezin den aparteko behar berezirik. Ez behintzat dieta orekatu bat eskaintzen bazaio etxean haurrari, eta elikagai osasuntsuak kontsumitzen badira. Are gehiago, zenbait kasutan, ustez haurrentzat bereziki prestaturiko produktu horiek jaki arruntak baino kaltegarriagoak izan daitezke beraien osasunarentzat.
Adibidez, merkatuan agertu dira 4 hilabetetik aurrera emateko prestatuak daudela dioten zerealak, hori dio ontzietako etiketak. Baina Munduko Osasun Erakundeak (MOE) 6 hilabete arte haurrari esklusiboki amarengandiko esnea ematea gomendatzen du, eta, hori posible ez bada, esne artifiziala erabiltzea. “Baina zereal horiek merkatuan aurkezten diren moduan, ulertzera ematen da haur batek kontsumitu ditzakeela, eta 4 hilabeteko baimena bukatu zaion ama bat eror daiteke horien kontsumoan”, Garmendiaren esanetan. “Baina ikusi da zein inportantea den 6 hilabete arte esnearen bidezko elikadura mantentzea, hori baino lehen bestelako elikagaiak emateak badituela arriskuak: nutrizio defizita, obesitatea, arnas aparatuko gaixotasunak edo infekzio gastrointestinalak izateko arriskua handiagoa da, esaterako”.
Badira hainbat jogurt marka ezagunek komertzializatutako ‘haurraren lehen jogurta’ izan behar luketenak ere, 6 hilabetetik aurrera kontsumitzeko prestatuak ustez. Baina haur batek ez du behar jogurtik adin horretan, “hartzekotan 10 hilabetetik aurrera has daiteke hartzen, baina ez du behar, bai amarengandiko edoskitzearen bidez bai esne artifizialaren bidez bere behar nutrizionalak asetuta daudelako esnekiei dagokionez”. Gainera, amarengandiko edoskitzea gutxitzean edo desagertzean eragina izan dezake horrelako produktuen kontsumoak.
Bestalde, ustez haur txiki-txikientzat pentsatuta egon arren, azukre gehitua duen jogurt arrunt batek bezainbeste azukre izaten dute horrelakoek, eta, beraz, “ez dira hobeak. Jarraipeneko esnearekin eginak daudela eta, badirudi produktu hobea izan behar duela haurrarentzat, baina konposizioan % 80a da esne hori, eta gainerakoan almidoia izan dezake, azukrea... azkenean elikagai prozesatua da”.
Haziera esnea ala esne osoa?
Antzeko zerbait gertatzen da haziera esne delakoekin ere. Urtebetetik aurrera, bi urtetik aurrera... kontsumitzeko produktu bezala aurkezten dira, ulertzera emanez inplizituki hori dela adin tarte horretan haurrek har dezaketen esne bakarra, edo beraientzat egokiena bederen. Haurren fisiologiari egokituak eta horien beharrei erantzuteko pentsatuak daudela iragartzen dute, baina “ez dute halako aparteko esnerik behar, behi esne arrunta, esne osoa da, urtebetetik aurrera hartu beharko luketena”, Garmendiaren esanetan.
Are gehiago, esne oso arrunta baino txarragoak izan daitezke haurrarentzat, ikuspegi nutrizional batetik. “Osagaiak ikusten baditugu, behi esneari gantzak kendu eta landare jatorriko olioak gehitzen zaizkio. Askotan olio horiek, behi esneak dituen gantzak baino kalitate nutrizional baxuagokoak izaten dira. Aldi berean, azukreak gehitzen dizkiete, haur batek ez duenean azukrerik behar. Bada, haziera esnearen baso bakoitzean 12 gramo azukre hartuko lituzke haur batek, ia bi sobre azukre. Beraz, konparaketa horretan esango dugu behi esnea askoz ere hobea dela. Gainera, haur batek urtebetetik aurrera normaltasun osoz liseritu dezake behi esnea”.
Azukrea da gakoa
Eta Garmendiak mahai gainera ekarri du horrelako produktuen onuragarritasuna zalantzan jartzen duen faktore nagusietako bat: elikagai horiek duten azukre kantitatea. Izan ere, pediatrek eta osasun erakunde guztiek gurasoei nabarmentzen dieten moduan, 6 hilabete dituenetik aurrera esneaz gain elikadura osagarriarekin hastean, kontuan izan behar da haurrarentzat prestaturiko jakiek ezin dutela ez azukrerik ez gatzik izan.
Alde batetik, haurra fisiologikoki ez dagoelako prestatua bi osagai horiek barneratzeko, bere gil-
tzurrunak, esaterako, ez direlako gai osagai horiek asimilatzeko. Eta, beste aldetik, elikadura osagarriaren garai hori gakoa delako haurrak elikadura ohitura osasungarriak barneratzeko: “Elikagai osagarriaren funtzioetako bat nutrizionala da, noski, baina heziketa-funtzio bat ere betetzen du: elikadura ohitura egokiak ari gara erakusten”, Garmendiak nabarmentzen duenez.
Ohitura on horiek sortzeko bidean, garrantzitsua da haurra zapore, kolore nahiz testura desberdinak dastatzera, ikustera eta ukitzera ohitzea. Modu horretan, errazagoa izango du elikagai espektro zabal bat kontsumitzea etorkizunean ere, talde guztietako elikagaiak kontsumitzen dituela bermatuz, eta, modu horretan, dieta osasuntsua eginez. Bada, zapore desberdinetara egin dadin haurra, “lagungarria izango da jakiak berezko zaporearekin aurkeztea. Modu horretan errazago onartuko ditu zapore desberdinak. Aldiz, jaki guztiak azukretsuak badira, beraien gustua zapore gozoetara ohitzen da, eta hori ez da komeni”.
Izan ere, haurrak berezko joera du jaki gozoekiko. “Ama esnea gozoa da, eta ez balute joera hori izango, agian ama esnea ez litzaieke hainbeste gustatuko. Era berean, mikatzarekiko halako errefusa sentitzen dute, mikatzak naturan toxikoarekin duelako lotura”, argitzen du Garmendiak. Baina pixkanaka batarekiko errefusa eta bestearekiko joera horiek orekatzen joaten dira. Beraz, dastamena garatzen ari den fase honetan, inportantea da haurrek zapore desberdinak ezagu-tzea eta horietara ohitzea.
Elikagai prozesatuak oinarri
Azukrez josiak daude, baita ere, azken urteetan zenbait etxetan haurraren dietaren oinarri bilakatu diren elikagai prozesatuak. Izan ere, etxean egindako frutak eman beharrean, ontziratuta etortzen diren zurrupatzeko fruta pureak hartzen dituzte hainbat haurrek; edo etxean egindako barazki purea beharrean, potito delakoetan datorrena; eta haurrentzako elikagai prozesatuetan errege, papilla edo ahia eta zerealak. Bada, papilla horietako bat egunero emanez gero haurrari 6 hilabetetik urtebetera bitartean, haur horrek aldi horretan bi kilo azukre kontsumitu ditu, Garmendiak nabarmentzen duenez. Hain zuzen, bere gorputza azukrea asimilatzeko prestaturik ez dagoen adin tarte batean.
Izan ere, papilla horietako zenbait azukrerik gabeko produktu gisa merkaturatzen badira ere, zereal hidrolizatuak edo dextrinatuak dituzte osagaien artean, eta, beraz, badute azukrea. “Horiek, azken finean, azukrea dira. Kate luzeko zereal bat hartu eta hidrolisi bat egiten zaio. Prozesu horren emaitza kate motzagoko karbohidratu bat da, eta azukrea. Etiketatua arretaz begira-tzen badugu, ikusiko dugu karbohidratuetatik eratorrita azukrea egon badagoela. Batez besteko bezala, zereal horietan herena-edo azukrea da. Horretaz gain, eduki dezake almidoia gehituta, zenbaitetan kalitate kaskarreko gantzak gehitzen zaizkie, palma olioa bezalako produktuak...”, argitzen du Garmendiak.
Beraz, gisa horretara aurkeztuak hartu beharrean, 6 hilabetetik aurrera haur batek heldu batek kontsumitzen dituen zereal berdinak jan ditzakeela nabarmentzen du Garmendiak, hala nola etxe gehienetako dietan presente dagoen arroza, edo garia, artatxikia...
Potito delakoei dagokienez, fruta eta barazki gutxi izaten dutela dio dietistak, eta almidoia nahiz ura botatzen zaiela potoa betetzeko. “Gainera, batzuetan azukrea ere gehitzen zaie, eta proteinak dituztenen kasuan, horiek kalitate baxukoak izaten dira”. Antzerako zerbait gertatzen da zurrupatzeko fruta pureekin ere, almidoia eta azukrea eduki dezakete gehituta. Haurrak fruta bere horretan emanda errefusatu egiten badu, batzuetan gurasoek irtenbidea delakoan ematen dizkiete gisa honetako produktuak, “baina horiek eman baino hobe da ezer ez ematea. Pentsatzen dugu fruta ematen ari garela, baina horiek jatea ez da fruta jatea bezala. Produktu horietan haurrak ez du ikusten zer fruta dituen, ez du ukitzen, ez du mamurtzen...”.
Zer eragin dute osasunean?
Produktu horien guztien kontsumoak eragina izan dezake haurraren osasunean. Izan ere, haurraren elikadura ohiturak zehazten ari diren garaia izanik, “horrelako produktuekin ez dituzte testura, zapore... desberdinak probatzen. Etxeko jakietara ohitzeko aldia den horretan, produktu horiek hori gertatzea eragozten dute. Beraz, ondoren jaki desberdinak onartzeko zailtasunak izan ditzakete. “Gainera, txiki-txikitatik zapore oso gozoetara ohitu diren haurrek, segur aski aurrerago ere azukretan aberatsak diren elikagaiak jaten jarraituko dute.Ondorioz, bai epe motzera bai epe luzera gehiegizko pisua edo obesitatea, diabetesa edo gaixotasun kardiobaskularrak garatzeko arrisku handiagoa izango dute”.