Ikasturtean zeharreko jarduera asko oso produktiboak eta itxiak izan ohi dira; haurrei ia dena erabakita eman ohi zaie. Hortaz, udako oporrek atseden hartzeko, lasai egoteko, askatasunetik erabakiak euren kabuz hartzeko, eta malgutasun handiagoarekin bizitzeko balio diete.
Eskolako etena, aisialdirako tartea, atsedena, jolasa, familiakideekin eta lagunekin egoteko denbora, errutinak alde batera uztea, hondartzaz eta mendiaz gozatzeko aukera… hori guztia eta gehiago dira oporrak. Zer garrantzia dute, ordea, haurrentzat?
Udako oporrez hitz egiten hasita, behin eta berriz azpimarratzen dute “askatasuna” hitza Nerea Agirre Mondragon Unibertsitateko irakasleak eta Lander Juaristi eta Amaia Etxabe Txatxilipurdi Euskara eta Aisialdi Elkarteko kideek. Euren aburuz, ikasturtean zeharreako jarduerarik gehienak oso produktiboak izaten dira eta oso marko itxia izaten dute; 6-12 urte inguruko haurrei egin beharreko gehiena erabakita eta itxita ematen zaie. Hortaz, udako oporrek atsedena, askatasuna, arnasa hartzeko denbora eta lasai egoteko parada eskaintzen diete haurrei; euren erabakiak hartzekoa, eta ikasturtean zeharreko muga zurrunen aurrean malgutasunez jokatzekoa.
Egunak luzatzen hasten dira udaren atarian, eta eguzkiak indarrez bero- tzen ditu bazterrak; fruitu eta barazki berriak izaten dira soro-baratzeetan eta etxeko abereek nahiz basoko animaliek atseden hartzen dute. Naturarekin batera, pertsonen erritmoa ere pausatu egiten da udan, egunak lasaiago igarotzen dira, beste patxada batekin. Urte sasoi hori ezin aproposagoa da beraz, Agirre eta Juaristiren ustez, haurrek oporrak egin ditzaten. “Uda garaiko denbora librea benetan baloratu behar dugu eta hortik sortzen den guztiari balioa eman. Beste era bateko esperientziak bizitzen dituzte haurrek udan, askotan ikasturtean zeharrekoak bezain baliagarriak. Bati baino gehiagori entzun diot udaldi bateko esperientziatik gehiago ikasi duela eskolatik baino”, dio Juaristik.
Haur gehienak desiratzen egoten dira oporrak iristeko. Egun bereziak izaten dira: goizean goiz jaiki beharrik ez, egun guztia jolaserako libre, iluntzera arte kanpoan ibiltzeko aukera… Udako oporretan, gozamenetik eta euren iniziatibatik abiatuta, haurrek desio duten hori egitearen garrantziaz mintzo dira adituak: uretan jolastu, afal ondoan kalera irten, lagunekin ordu luzez egon, mendira joan eta ikasturtean zehar ez bezalako abenturak bizi… “Oporretan disfrutatu egin behar dute haurrek, libre sentitu eta euren ekimenez jardun. Sarritan, ordea, ez da erraza. Egunorokoan, beste modu batera jokatzera ohituta gaude eta hori denbora galtzea irudi dakiguke”. Hain zuzen ere, denbora “aprobetxatzeko” gaur egungo gizarteak duen “obsesioa” da oporrei lotuta Agirrek eta Juaristik aipatzen duten beste alderdi bat: “Ikasturtean zehar haurrek denborari etekina atera behar izaten diote; eskola orduekin eta eskolaz kanpoko ekintzekin hartuta izaten dute eguna, ‘garrantzitsua baita etorkizun oparo bat eraiki- tzeko prestatzea, ikastea, janztea’. Horrexegatik, oporretan inportantea litzatzeke eguneroko bizimodu zurrun eta egituratu hori apurtzea eta malgutasunez jokatzea”.
Haurrak oporretan egon arren, guraso askok lan egin behar izaten dute udan, eta ez da erraza izaten batzuen eta besteen bizimoduak uztartzea. Buruhauste ugari izan ohi dute zenbaitzuk euren seme-alaben zaintzaz arduratuko den norbait topatzeko: aitonak, amonak, izebak, osabak, zaintzaileak, udalekuak, bestelako jarduera antolatuak… Guztiak baliatu behar izaten dira sarritan haurrak bakarrik geratuko ez badira. Horrek, ordea, atzera ere haurren udako oporraldia gehiegi egitura- tzeko arriskua ekar lezake, arnasa hartu ordez, haurrak berriz ere itota sentitzekoa: “Hor kontraesanean erortzen gara askotan. Alde batetik, esaten dugu haurrek askatasuna eta lasai egoteko denbora behar dutela, eta bestetik haientzat hezkuntza ez-formaleko alorrean egonaldiak eta jarduerak antolatzen ditugu”, azaltzen du Juaristik Txatxilipurdik antolatu ohi dituen udaleku itxiei nahiz irekiei erreferentzia eginaz.
Hezkuntza ez-formalean, ordea, Txatxilipurdiko kideek beste klabe batzuekin egiten dute lan. Haurren askatasunean, haien erabakitzeko ahalmenean eta gozamenean oinarritzen dira, malgutasunez jokatzen dute, momentuaren arabera (eguraldia, haurren gogoa, herrian antolatuta dauden bestelako ekintzak…) inprobisatuz. Bi gako aipatzen ditu Agirrek: “Antolatutako zerbait izan arren, denboraren karga produktibo hori arindu egiten da batetik; eta bestetik, espazioak eta lagunarteak aldatu egiten dira. Bi alderdi horiek oso garrantzitsuak dira: lehenik, ez gaudelako denbora aprobetxatu eta hortik zerbait ateratzeko zain, hau da, ez gaude produktu bati begira; eta bigarrenik, espazioak eta lagunarteak zuzeneko eragina dutelako pertsonen artean sortzen diren harremanetan; pertsona-multzoak diferenteak direnez, beste harreman-eredu batzuk sortzeko aukera eskaintzen dute antolatutako aisialdiko ekintza horiek”.
Errutina berriak
Urtean zeharreko arau, ohitura eta errutinak apurtzeko parada ematen dute udako oporrek. Ordutegiaren aginterik gabe, patxadan ibiltzeko aukera izaten dute haurrek. Baina ohiturak erabat baztertu gabe, familian edo lagunartean errutina berriak sortzeko ere abagune polita eskaintzen dute oporrek, Agirre eta Juaristiren aburuz. Egunero lagunekin toki batean elkartu eta igerilekura bakarrik joatea izan liteke errutina berezi horietako bat; edota asteartero liburutegitik film bat hartzea eta lagunekin ikustea; edota gurasoekin batera egunkaria irakurtzen hastea; etab.
Etxean dauden egunak ahal bezain ondoen igarotzeaz gain, zenbait haurren kasuan ohikoa da udalekuetara joatea nahiz familian oporrak pasatzera kanpora irtetea. Badira, ordea, hainbat arrazoi tarteko (gurasoek nahi ez dutelako, lan egin behar dutelako, dirurik horretan ez gasta- tzeko…), uda etxean igarotzen duten haurrak ere. Agirrek eta Juaristik argi dute haur batetik bestera diferentziarik egon badaiteke (uda etxean igaro duenaren eta kanpora irten denaren artean), diferentzia horiek helduok eginak direla. Hezitzaileek nahiz gurasoek haur bat udan non izan den eta zertan aritu den baloratu ordez, pertsona horren bizipenak eta esperientziak nolakoak izan diren baloratu beharko luketeela uste dute: “Bizipen guztiek balio berbera dute, bai hemen geratu eta lehen aldiz orein bat ikusi duen haurrarenak, eta baita lehen aldiz Eiffel dorrea bistaratu duenarenak ere”. Hortaz, opor aurretik garrantzitsua litzateke haurrekin lantzea zer espero duen oporretatik, zein bizipen berri edukitzeko prest dagoen, zer gustatuko litzaioken sentitzea… opor ondoan berriz, bakoitzak dakarrenari balioa ematea litzateke egokiena: lehen galdera “non egon zara?” izan beharrean, “zer izan da egin duzun gauzarik emozionanteena?” izatea aproposa litzateke, galdera hori haur guztiek erantzun ahalko baitute intentsitate berarekin.
Azken batean, oporrak leku batean edo bestean igaro, inportanteena haurrak lasaitasunean gozatzen duten helduekin egotea dela irizten dute Agirrek eta Juaristik. “Heldua patxadan badago, libre, behar duen denbora hartzen, disfrutatzen, eta egiten duena sabeletik egiten, bada, haurrak ere giro horretan sartuko dira eta gozatu egingo dute”. Hortaz, komenigarria litzateke, oporretan haur eta gazteen inguruan dabiltzan helduek ere euren atsedenerako tartea hartzea, eta zenbait unetan, “intentzio hezitzaileen” intentsitatea murriztea eta norbere burua zain- tzea, lasai eta gustura sentitzeko: “Udan gorputzak aldatu egiten dira, baita janzkerak eta posturak ere; dena aldatzen da eta aukera izaten dugu lasaitasunetik harremanak izateko, besteengana gerturatzeko. Hortaz, heldu moduan, aukera hori aprobetxatu egin behar dugu”.