ANE ALEMAN QUINTANA | IRUÑEKO JASO IKASTOLAKO DBH4-KO IKASLEA
Etorkizuna: gizakiak duen denboraren ikuspegi linealean oraindik gertatu ez diren ekintzek osatzen duten kontzeptua da. Hori da hiztegiek ematen diguten definizioa, baina, zer da etorkizuna ikasleontzat? Has gaitezen hasieratik; akaso ez digute beti esaten etorkizunera begiratu beharrean oraina bizitzen ikasi behar dugula? Gerokoak pentsatzen egunerokoak galtzen ditugula? Eta, orduan, zergatik egiten dugun guztia etorkizunari begira egiten dugu? Zergatik ikasleok haur batzuk garelarik gure etorkizun osoa eraiki behar dugu? Eta nola jakin zein den gure ametsetako etorkizuna? Agian gaur zerbait gustuko dut eta bihar gorroto dut. Ikasleontzat etorkizuna misterioz betetako istorio bat da, ipuin baten bukaeran jartzen diren hiru puntuak amaierarik ez duela adierazteko. Beraz, ikasleon etorkizuna gizarteak eraikitzen duela esan dezakegu. Argi dago: gizarteak dioenaren arabera, nik orain Batxilergoa egin eta Unibertsitatean sartu beharko nuke. Hori da gizarteak etorkizun bikain gisa ezartzen digun ideia. Eta guk zer? Galderak… Hau da etorkizunak dakarkiguna: zer egingo dut? Eta ez badut Batxilergoa egin nahi? Zer nota atera beharko nuke nahi dudana ikasi ahal izateko?... Benetan merezi du gure bizitzaren urterik onenak azterketengatik estresatzen pasatzeak? Zenbakiak bezala sentitzen gara, eta ikasketetan lortzen ditugun emaitzen araberako etorkizunak itsutzen gaitu. Ia egun osoa pasatzen dugu ikasketen menpe: bihar azterketa dut, hurrengo asterako bi lan egin behar ditut… eta, maiz, plangintza horrek guztiak ez digu harago begiratzen uzten, ez ditugu bizitzaren beste alderdiak ahal dugun guztia aprobetxatzen. Horrela izango al da gure etorkizuna? Ez al dut inoiz nire buruari denbora pixka bat eskaintzeko aukerarik izanen? Gure nahiak alde batera uzten ditugu eta zenbaki bihurtzen dugu gure etorkizuna. Arazoak ekartzen dizkigu horrek. Izan ere, ez da ikasketen afera soilik izango. Lan bat bilatu eta berriro errutina berean betirako bizitzea ez litzateke gure kezka bakarra izan beharko. Gaur egungo gizarteak ikasketak gure munduaren erdigune bihurtzen ditu, badirudi hori dela gure bizitzetako gauzarik garrantzitsuena. Horregatik ikasleontzat etorkizuna aldaketa izan beharko litzateke, gure etorkizunean oraina bizitzen jakin beharko genuke, ikasketez gain bizitzaren beste gauzak ikusten hasi beharko ginateke, eta benetan nahi dugunaren alde borrokatu beharko genuke. Gure etorkizuna guk geuk diseinatu behar dugu, gure erara, gizartearen pausoak jarraituz edo bide berriak eraikiz, gaur egungo gizarteak jartzen dituen mugak suntsituz. Argi daukagu, ikasleok galdera asko ditugu etorkizunari buruz, gizarteak eragin handia du guregan eta gehienok ez dakigu zer egingo dugun hemendik urte batzuetara. Hori da etorkizuna, gure galdera guztiak erantzuteko zeharkatu beharko dugun bidea.