Amaren bularreko esnea naturalena, merkeena eta osasuntsuena izanagatik ere, formulakoa arruntagoa izan da urte askoan. Esne artifizialaren arrakastaren gakoak ezagutzea lagungarria da bularra ematea ikusezin eta ezezagun bihurtu izana ulertzeko, batetik; eta bestetik, biberoiko esnea norma bihurtzeak eradoski nahi eta ezin duten andreengan dituen ondorioez jabetzeko.
Osasun zentroko horma batean itsatsia dagoen afixa bateko ama irribarretsu batek arreta
bereganatzen du: lasaitasun ederrean, bularra ematen dio haur besoetakoari. Ume jaio berri batek jaso dezakeen elikagai onena, naturalena eta merkeena bularreko esnea dela iragartzen du kartelak; amarentzat ere osasuntsua dela, eta gainera, bien arteko atxikimendu emozionalean laguntzen duela.
Ezin jar daitezke amagandiko esnearearen onurak zalantzan, ebidentzia zientifikoek, eta bereziki giza espezieak milaka urtetan gaur arte iraun izanak erakusten dituzte amaren esnearen onurak. Baina, hala eta guztiz ere, ama askok ez diote umeari bularra ematen. Askok eta askok, nahi izan eta ahaleginak eta bi eginagatik ere, ezin izaten dute. Ustez irribarretsua eta lasaitasunez beterikoa izan beharko lukeen unea mingarria eta negargarria bihurtzen da emazte ugarirentzat, eta une hori gainditu ezinda, eradoskitzea utzi egiten dute lehen hiruhilekoa bete aurretik. Zergatik, bada, ama askok ez dute eradoskitzen edo ezin dute eradoski, osasuntsuena, naturalena eta merkeena baldin bada?
Galdera horri arrazoi ugarirekin erantzun diote Euskadiko Esnearen Ligak antolaturiko edoskitzearen sinposiumean batu diren adituek. Bertako nahiz nazioarteko emagin, pediatra, nutrizionista eta ama ugari elkartu dira iragan uztailean EHUren ikastaroan, eta guztiak bat etorri dira edoskitzea uzteko arrazoiak nagusiki sozio-kulturalak direla esatean, eta ez berez bularra emateko ezintasun fisikorik dutelako andreek. Hurrengo lerroetan sakonduko ditugun puntu hauek aipatu zituzten nazioarteko adituek emakumeek edoskitzea uzteko arrazoi nagusi gisa:
- Biberoiaren kulturan bizi gara, eta esne artifiziala bihurtu da norma. Informazio desegokia dago formulako esnearen arriskuen eta amaren esnearen onuren inguruan.
- Edoskitzearen kulturaren transmisioan eten bat gertatu da, eta andreek ez dute inguruan titia eman duen beste amen eredurik.
- Naturalena izanagatik ere, zailtasun handiak izaten dituzte andreek, eta ez daukate ez minari, ez zalan-tzei aurre egiteko aski informazio eta babes, ez profesionalen partetik eta ezta babes sozial eta familiarrik ere.
-Politika sozial eta laboralak desegokiak dira gomendaturiko gutxieneko edoskitzea betetzeko. Osasunaren Munduko Erakundeak sei hilabetez amaren esnearekin soilik elikatzea gomendatzen du, haatik, amatasun bajak lau hilabetekoak dira Hego eta Ipar Euskal Herrian.
Nahi eta ezinaren paradoxaren adibide da Alaitzen kasua: Uztailean sinposiuma egiten ari zen lekutik kilometro gutxitara, bularra hartzen zuen hamar eguneko alabak zazpi egunetan “irabazi beharreko” pisua bederatzi egunetan irabazi zuela-eta pediatriako erizain batek esne artifiziala emateko gomendioa egin zion Alaitzi, umea goserik omen zegoela-eta. Profesionalak ez argitu zion umeak egoki hartzen ote zion bularra; ez behatu zuen zein izan zitekeen “pisu gutxi” hartzeko arrazoia; ez pardelei begiratu zien; ez biberoia eta esne artifiziala ez ziren bestelako alternatibarik proposatu zion; ez. Lehen-lehenik biberoiko esnea emateko gomendatu zion. Alaitzek, baina, ez zion biberoirik eman, bere esnea atera eta hura eman zion umeari jeringila bidez, eta postura zuzendu eta umea gero eta gehiago hartzen eta gero eta esne gehiago sortzen hasi zen, amak bere buruarengan konfiantza hartzen zuen neurrian.
Edoskitzearen inguruan, teorien eta praktiken artean dagoen distantzia erakusten du Alaitzen adibideak, osasuntsuena, naturalena eta merkeena dela jakinagatik ere, formulako esnea aholkatu baitzion osasungintzako profesionalak, eta ama askok jasotzen dituzten mezu kontraesankorren artean bizi duten ezinegona ere erakusten du.
Umea amaren esnearekin ala biberoiarekin edoskitzeak kontrobersia handia sortzen du gaur egun, oraindik ere, informazio eta praktika kontrajarriak ikusten baitira osasun zentroetan eta kalean. Eta emakume asko eztabaida antzu eta aurreiritzi makurren erdian aurkitzen dira. Batetik, esne naturala emateko hautua egiten duten andreek oztopoak aurkitzen dituzte sarri, hala nola, leku publikoetan ezin emana aurkitu dute —Barakaldoko zentro komertzial batean berriki debekatu egin dute umea eradoskitzea, adibidez—, edo edoskitzea denboran luzatuz gero ere kritika ugari jaso ohi dituzte. Eta bestetik, ez ematea erabaki-tzen duten andreak, berriz, epaituak sentitu izan dira eta, erruduntasun sentimendua eragin diete askori.
Gai arantzatsua da, beraz, edoskitzearena. Baina argitu dezagun nola iritsi den arantzatsu izatera, formulako esneari eta bularrekoari buruzko informazioa eta baliabideak izanda, norberak erabaki dezan zer egin:
Zergatik bihurtu da formulako esnea hain arrunta?
Henri Nestlek 1860an asmatu zuen haurrak elikatzeko lehen formula artifiziala, behi esnea eta zerealak nahasturik, eta merkatu agortezin baten ateak zabaldu zituen: formula ekoiztea merkea baita eta beti jaioko baitira umeak. Hasiera batean umezurztegietako haurrentzako soluzio gisa merkaturatu zuen Nestlek formula, amagandiko esnerik hartu ezin zuten ume haien biziraupenerako. Baina, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, konpainiaren jomuga umezurztegiak ez eta osasun zentroak bilakatu ziren, eta promozio eta marketing lan itzelaren ondoren, biberoiko esnea osasun zentroetako errutinazko elikagai bihurtzea lortu zuen, laborategietatik zetorren elikagaiarekiko lilura sortu eta amaren esnea baino hobea zela sinetsarazteraino. Mundu industrializatuan XX. mendearen bigarren erdialdean esne artifiziala naturala baino gehiago kontsumitzera iritsi zen, eta gaur egun, oraindik, Nestlek kontrolatzen du formulako esnearen negozioa mundu mailan.
Formulako esnearen zabalkundearekin, ordea, osasun-arazo ugari hedatu ziren 70 eta 80ko hamarkadetan; mundu industrializatuan igo egin ziren obesitate, diabete nahiz asma eta alergia kasuak, eta lurralde azpigaratuetan, berriz, haurren heriotz kasuak ugaritu ziren, biberoiak esterilizatzeko modurik ez izateak infekzio asko eragin baititu. Ondorioz, formularen arriskuez jabeturik eta amagandiko edoski-tzearen jaitsiera nabarmena gertatu zela ikusirik, formulako esnearen komertzializazioa erregulatzeko kodigo bat sortu zuten Osasunaren Munduko Erakundeak eta UNICEFek 1981ean. Kodigo horren arabera, esne artifiziala komertzializatzen duten konpainiek debekaturik dute formulako esnearen promoziorik egitea (saldu bai, baina ezin dute ez elikagaiaren, ez biberoien ez tetinaren publizitaterik egin), ezin dute doako laginik banatu familia berrien artean (ospitale askotan ohiko errutina izan da etxeratzean amari dosi batzuk oparitzea) eta ezin dituzte esne artifizilaren onurak naturalarekin konparatu (argiki azaldu behar dute naturala osasuntsuagoa dela).
Baina konpainia handiek ez dute kodigo hori errespetatzen —bereziki iragarkien puntua—, eta arau hauste horren ondorio zuzena da, Elisabeth Sterken nutrizionista kanadiarrak sinposiumean azaldu zuenez, biberoia norma eta ohiko elikagai bihurtu izana. Esne artifizialaren arriskuez eta naturalaren onurez informazio desegokia da, Sterkenen arabera, ama askok ez eradoskitzeko arrazoietako bat.
Zein dira amagandiko esnearen onurak?
Sven Arne Silfverda Suediako irakasleak aurkeztu zituen eradoskitzearen mesedeak. Lehenik, umearen osasun fisiko eta kognitiboan dituen onurak azaldu zituen Suediako Unibertsitateko Zientzia Klinikoen Saileko irakasleak. Amagandiko esneak proportzio egokian du ura, proteinak, gantzak, karbohidratoak, mineralak, bitaminak eta burdina, eta horrek gaitz ugari saihesten laguntzen du, haurra infekzioetatik babesteko antigorputzak baitauzka (txerto batek bezala), eta gainera, digestio errazekoa da umearentzat. Irakasleak berak Europako hainbat lekutan zuzendu dituen ikerketetako emaitzak aurkeztu zituen, eta adierazi zuen ondoko gaitz hauek saihesten laguntzen duela amaren esneak: diarrea, otitisa, Croneko gaisotasunak, diabetea, arteria-tentsioa edota leuzemia. Horrez gain, erakutsi zuen edoskitzeak umearen garapen neurokognitiboan laguntzen duela, garapen intelektual eta motorean mesedegarria baita amagandiko esnea.
Amaren osasunean ere mesede egiten du edoskitzeak. Errekuperazio fisikoan laguntzen duela erakutsi zuen Suediako irakasleak, gantza jaisten laguntzen baitu erditu eta berehala; uteroa kontraitzen ere laguntzen du edoskitzeak (horregatik zenbaitek kontrakzioak sentitzen ditu edoskitzen hasi berritan). Eta horrez gain, bularreko eta obarioetako minbizia izateko arriskua gutxitzen du esnea emateak, eta diabete eta obesitate arriskuak ere murrizten ditu amaren kasuan ere. Erditze osteko depresioak urriagoak izaten dira eradoskitzen duten amen kasuan, oxzitozinak —prolaktinarekin batera esnea sortzen duen hormonak— efektu lasaigarria eragiten baitio amari.
Umearen eta amaren osasun fisikoaz gain, emozionalean ere mesede egiten du edoskitzeak, atxikimendua errazten baitu. Sven Arnek azaldu zuen bezala, edoskitzea elikatze hutsa baino askoz gehiago da: edoskitzea kontsolamendua da umearentzat —horregatik dauka, hain zuzen, txupeteak titiburuaren forma—.
Amagandiko esnearen onurez hitz egin beharrean, sinposiumak batu zituen mediku, emagin, pediatra eta nutrizionistek esne artifizialaren arriskuak ezagutu behar direla azaldu zuten. Elisabeth Sterkenek argitu zuen esne artifizialarekin elikatzeak hainbat gaixotasun kroniko eta kardiobaskular edukitzeko arriskua handitzen duela, hala nola, asma, alergiak, obesitatea edota diabetea.
Ugaztunak garela ahaztu zaigu
Formularen arriskuak eta esne naturalaren onurak ezagunak izanagatik ere, errealitateak erakusten du Euskal Herriko ama gehienek gaur egun ez dutela betetzen Osasunaren Munduko Erakundeak soilik elikagai hori emateko gomendatzen duen gutxieneko sei hilabeteko epea. Horren erantzule nagusia, adituen arabera, biberoiaren kulturak amagandiko edoskitzea ikusezin bihurtu izana da. Ikusezintasunak ondorioak ditu bularra eman nahi duten amengan ere, eten kultural bat egon denez, edoskitzearen baloreak transmititu ez diren bezala, moduak, posturak, zalantzak, minak eta abar ere ez baitira ez transmititu eta ez argitu. Horregatik, eradoski nahi duten ama askok onurak ezagutuagatik ere, ez dakite nola eradoski, eta ez dakite zer espero behar duten.
Transmisioa eten eta edoskitzea ikusezin bihurtu izanaren lehen ondorioa da ama askok uste dutela ez direla bularra emateko gai, nahiz eta oso gutxi diren esnerik ez duten emakumeak. Beraz, nahiz eta zesareaz jaio, edo amak gaitz larriren bat izan —minbizia gainditu, diabetea eduki edo epileptikoa izan, adibidez— bere bularrek kalitate oneko esnea ekoitzi ahal izango dute, haurdunaldian euren gorputza umea ernetzen ari den bitartean bularrak ere prestatzen ari baitira berau elikatzeko. Azken finean, ugaztunak gara, hau da, geure baitan bizidun bat ernatzeko gai gara eta hura geure esnearekin elikatzeko.
Eradoskitzeko ezintasuna, beraz, bestelako arrazoietatik eratorria da, nagusiki postura eta teknika desegokiagatik; mihi frenillo laburregiagatik, edo bularra emateko ordutegiak edo aholku desegokiak jarraitzeagatik. Horien lehen ondorioak mina eta zauriak izan ohi dira, hau da, ama askok min hartzen dute titia ematean, zauriak sortzen zaizkio bularrean; edo infekzioak dituzte —kandidiasia edo mastitia nagusiki—. Eta zartadurak jasanezinak bihur litezke garaiz artatu eta erremedioa jarri ezean.
Ohiko zauriak eta konponbideak:
Titiburuetako mina —askotan jasangaitza bihurtzerainokoa— izan ohi da umea ez dela ongi hartzen erakusten duen adierazle bat, berez, adituen arabera, baldintza egokietan edoskitzeak ez bailuke minik eman behar. Titiburuan zartadurak ireki-tzen direnean, umeak titiburua soilik heltzen duelako izan ohi da, haatik, titiburuaz gain areolaren zati handi bati heldu behar dio haurrak ondo hurrupatzeko eta esnea produzi-tzeko.
Umea ez bada ondo iristen areolari heltzera, ez du esnea ondo hartuko, eta ez badu ondo hartzen, ez du bularrak esnerik produzituko, eta arazoak sortu litezke. Haurrak titiburuari eta areolari ondo heltzeko postura egokia behar du, eta estabilitatea eta amarekiko kontaktua.
Postura zaintzea beraz, funtsezkoa izango da, ondo hurrupatzeaz gain, erosoa izan dadin, orduak egingo dituelako amak eradoskitzen, eta umeak hartzen.
Haurra ondo kokatua eta postura egokian egonagatik ondo hartzen ez duenean, zenbaitetan, umeak mihia mugitzeko arazoren bat daukalako izan ohi da. Bestela, infekzio kasuak ere eman litezke, izan kandidiasia edo mastitisa. Kandida mikroorganismoaren bitarteko infekzioak amari bezala umeari eragiten dio, eta infekzioa sendatu ondoren jarrai daiteke bularra ematen. Mastitiaren kasuan, bularrak gorritu, berotu eta handitzeaz gain, sukarra izan ohi du emakumeak, baina umea eradoski dezake —mina jasateko gai bada—. Dena den, pediatra eta emaginek artatzea komenigarria litzateke kasu hauetan.