Markel Irizar, Lidl-Trekeko managerrari elkarrizketa.

 

Argi zeukan txikitatik txirrindulari profesionala izan nahi zuela, baina argi zeukan, baita ere, ez zela garailea izango. Taldearentzat egin du beti lan. 2004tik 2019ra bitartean txirrindulari profesionala izan da eta maitasun ikaragarria jaso du bidean. Egun Lidl-Trekeko garapen taldeko managerra da eta “aitatasunetik” egiten du bere “lan pedagogikoa” txirrindulari gazteen bidelaguntzan.

 

Markel Irizarrek (Oñati, 1980) berehala ekartzen du hizpidera aitatasuna, izan lanaz edo bizitzaz mintzatzean. Haurtzaro eta nerabezaro gogorrak bizi izan zituen, eta taburik gabe mintzo da aitaren alkoholismoaz, horrek ekarritako arazoez eta suizidioaz. Txirrindularitza izan du indargune eta ihesbide, eta gaur arteko lanbide. Garaipen gutxi eta maitasun asko ekarri dizkio bideak, zaleek biziki estimatu baitizkiote bere balioak, jarrera eta bizipoza. Izen horixe darama Oñatin duen kafetegiak, eta grabagailua jarri orduko aipatu ditu aita zena, Alaitz Perez de Arenaza bikotea eta Xabat, Aimar eta Unai semeak.

 

Lidl-Trek taldean scouting lana egiten duzu gaur egun. Hasteko, kontatuiguzu zer lan den hori eta nola egiten duzun.

Gaur egun, Lidl-Trekeko garapen taldeko managerra naiz. Scouting-eko arduraduna naiz, eta nire egitekoa txirrindulari juniorrak bilatzea da —normalean 18 urtekoak— eta­ Development talde gaztera ekartzen saiatzen gara, euren garapen prozesua kudeatzen dugu eta gero bidelaguntza egiten diet World Tourreko eliteko taldera. Tartean, sortu diren harremanaren ondorioz, World Tourreko bi txirrindulariren entrenatzailea naiz, soka oso estua egin delako, eta World Tourreko lau txirrindulariren zuzendari kontaktua naiz. Nik uste dut oso garatua daukadala aitatasun sena, hiru mutikoren aita naiz Alaitzekin batera, eta taldean sentimendu horretatik egiten dut lan. Nik entrenatzen dudan mutil bat, Mathias [Vacek] txekiarra, gure etxean bat gehiago da, nire semeen laugarren anaia bezala sentitzen dugu. Asko inplikatzen naiz gure txirrindulariekin; oinarri familiarrak asko arduratzen nau, adibidez familiako arazoak dituztenekin enpatia handia daukat, eta kasu horietan, gibela uzten dut. Familiarekiko daukadan sentiberatasun hori oso garrantzitsua da egiten dudan lanean.


Scouting lanean kontuan izateko ezaugarri garrantzitsuak dira teknika eta indarra, baina zuretzat balioak ere garrantzitsuak dira kirolean. Nola bilatzen duzu ona izatearen eta balioak edukitzearen arteko oreka?

Ona izan behar da, bai ala bai. Txirrindulariak fisikoki X zenbakiak eduki behar ditu, baina asko fijatzen naiz teknikan eta saiatzen naiz txirrindulariek balio pertsonal batzuk eduki ditzaten ere; ez dut sagar ustelik nahi taldean. Lidl-Treken argi dugu lasterketak irabazi behar ditugula, baina ez edozein preziotan. Treken bizikletak saldu behar ditugu, horretarako, gure produktuan konfiantza edukiko duen jendeak ikusi behar du honek guztiak zerbait berezia daukala atzean. Guretzat balioak oso inportanteak dira. Nire lana txirrindulari gazteen jarrerak zuzentzea eta bidelagun izatea da. Nik txantxetan esaten diet ezin dudala orain konpondu euren aitek 20 urtetan izorratu dutena; eta barre egiten dute. Batzuetan gauza txikiak ematen dute, baina nik garrantzia handia ematen diet halakoei. Aurrekoan, adibidez, korredore batek masaje bat hartu zuen eta gelara zihoan zapatiletan oina ongi sartu gabe, orkoia dena zapaltzen ari zela; zapatilla horiek 180 euro balio dutela eta hondatzen ari zela esan nion, “balioa eman behar diozu daukazunari, jende askok ezin ditu horrelakoak erosi”. Hurrengo egunean ongi jarrita etorri zen eta eskertu egin zidan zuzendu izana. Asko saiatzen naiz balio batzuk transmititzen, txirrindulari ona izateko ez dira soilik balio fisikoa eta indarra behar, arlo pertsonalari garrantzi handia ematen diot.

 


Asko saiatzen naiz balio batzuk transmititzen, txirrindulari ona izateko ez dira soilik balio fisikoa eta indarra behar, arlo pertsonalari garrantzi handia ematen diot


 


Aldiz, oso txikitatik bestelako balio batzuei loturik hasten dira umeak kirolean, bereziki kirol hegemonikoetan, futbolean adibidez. Nola elikatu genitzake zuk balioesten dituzun ezaugarri horiek txikitatik?

Hasteko, kontuan izan behar dugu txirrindularitza oso desberdina dela futbolaren aldean. Gure kasuan, beste taldeko txirrindulari bat erori baldin bada, gure medikuak zainduko du; edo beste talde bateko txirrindulariak behar badu, gurekin eramango dugu aireportura... Horrelako gauzak futbolean ez dira gertatzen. Txirrindularitza oso kirol sanoa da, eta elkar zaintzen dugu. Ni Lidl-Trekekoa baldin banaiz, ez naiz Uaren kontrakoa; zu Pogačar zalea bazara, oso ongi, baina ez zara beste baten kontrakoa. Eta hori transmititu egiten da. Alde batetik, kirola bera dago. Eta beste elementu garrantzitsu bat, nire ustez, gurasoak gara. Gure umeak zer balio ari dira jasotzen gurasoengandik? Nik, mutil bat fitxatzera noanean, haren gurasoei lanean jarraitzeko esaten diet, ez pentsatzeko semearen kontura jubilatuko direnik! Guraso askok, eurek ezer egin ez dutenean, herriko onenak ere izan ez direnean, hau da, euren semea genetikoki mugatuta utzi dutenean, munduko txapelduna izatea nahi dute! Ni ez nintzen oso txirrindulari ona, orain nire semeei zer eskatuko diet? Konpromisoa, ardura eta arauak errespetatzea eskatuko diet. Arazoa da guraso askok euren seme-alaba Messi izatea nahi dutela, eta ulertu behar dute ez dela posible. Ez jarri listoirik hor, horrek frustrazioa eragin behar dio zure seme-alabari.


Nolako kirola, halako balioak?

Ez naiz beste kiroletako dinamiken jakitun, baina ikusten dudanagatik, esan dezaket beste kiroletan gertatzen diren gauzak ez direla txirrindularitzan pasatzen. Asteburu honetan futbol partida batera joan naiz, eta gurasoak builaka ikusi ditut. Uste duzu horrela zure seme-alabari laguntzen diozula? Nik, txirrindularitza proba batean, nire semeei esaten diet: “Oso ondo maitea, oso ondo ari zara, aupa, aurrera!” eta kito. Teknikoki entrenatzaileak zuzentzen du; gurasook ez daukagu ezer esatekorik teknikoki. Guraso taxista izan behar dugu: eroan eta ekarri eta animatu, eta kito!
 


Arazoa da guraso askok euren seme-alaba Messi izatea nahi dutela, eta ulertu behar dute ez dela posible. Ez jarri listoirik hor, horrek frustrazioa eragin behar dio zure seme-alabari


 

Denek Messi izan nahi dute… baina zuri irakurri dizudan moduan, “Messi hartuta zegoen”; zuk ere bazenekien ez zinela izango Peter Sagan. Nola onartzen da taldearentzat egin behar duzula lan?

Lehendabizi norbere mugen jakitun izan behar gara. Norbere langa larregi altu jartzen badugu, sekula ez gara iritsiko eta frustrazio ikaragarria biziko dugu beti. Goazen ona naizen horretan ehuneko ehuna ematera. Gure espektatibak gauza ditzakegun helburuetan jarri behar ditugu, eta gero satisfazioak izango ditugu. Baina kirolean, askotan, espektatibak larregi altu jartzen ditugu. Askotan ez dira, gainera, neskak edo mutilak jartzen dituenak, baizik eta gurasoaren espektatibak dira. Zergatik jartzen ditu gurasoak espektatibak hain altu? Gure frustrazioak seme-alabengan jartzen ditugu, eta hori arazo handia da. Gogoan dut behin, beste arlo batean, lagun batek esan zidana: “Markel, zuk egin zure planak; zure semeak bereak izango ditu-eta”; hori da kirolean ere egin behar duguna.

 

Taldearentzat egindako lanetik ere gauza ederrak jaso daitezke, garaipenak agian ez, baina publikoaren maitasun handia jaso izan duzu zuk txirrindulari profesionala izan zaren bitartean, zure balioengatik, jarreragatik eta bizipozagatik.

Ni Donostiako Klasikoaren ostean erretiratu nintzen [2019ko abuztuan], eta seguraski garaipen askok emango ez luketen agur bat izan zen maitasun, sentimendu eta emozio aldetik, palmares batek hobetu ezingo lukeena. Horra iristeko bidea oso gogorra izan da: nerabe garai gogor batetik iritsi naiz horra; nire amak oso ondo egin zituen gauzak, baina aitak oso bizitza gogorra izan zuen eta liatu egin zuen. Zaila eduki arren, oso ondo egin zuen eta nire kirol bidea oso ondo kudeatu zuen; oso apasionatua zen, baina sekula ez zen sartu nire kirol ibilbidean eta ez zidan presiorik sartu, eta pila bat animatu eta lagundu ninduen. Amaren, aitaren eta aitaita-amamaren babesa eta laguntza eduki dut, soilik konpromisoa exijitu didate. Beste alor batzuetan asko sufritu dut, baina gaur egun naizen kirolari moduan, nire gurasoek egin zutenarekin oso pozik nago.

 

Bizitzak, haurtzaroan-gaztaroan bederen ez zaitu goxo-goxo tratatu, hitz egin izan duzu aitaren alkoholismoaz, bere buruaz beste egiteaz, minbizia izan zenuen 22 urterekin… Txirrindularitza zure identitatearen eraikuntza horretan zer izan da, ihesbide, indargune…?

Biak izan dira, ihesbide eta indargune. Energia kanalizatzeko oso bide garrantzitsua izan da, adrenalina husteko eta gauza askori buruz hausnartzeko bidea izan da. Oso heldua izan naiz txikitatik, bizitzak hala egin ninduen: nik banekien muga non neukan, eta ezin nituen gauzak liatu. Oso jakitun nintzen gure egoera zein zen, gure egoera ekonomikoa oso txarra zen, aita gaizki zebilen… eta nik hor ez neukan tontokeriatan eta nerabe izatera jolasteko eta errebelde izateko tarterik. Nahiko arazo neukan etxean errebelde izateko! Asko sakrifikatu nintzen, oso ikasle ona nintzen eta ez nion amari sekula disgustu bat bera ere eman, oso kontuz ibili behar nuen guztiarekin… Ni ez naiz inoiz mozkortu! Oso heldua izan naiz umetatik, ez neukalako beste erremediorik, eta sakrifizio horrek guztiak, era berean, asko lagundu dit eta dauzkadan balioei garrantzi handia ematen diet bizitzan. Nire aitaita eta amama ikaragarrizko liderrak izan ditut: aitaita oso alemana, oso diziplinatua zen: “mutikoa, gauzak ondo egin!”; nire amama, berriz, maitasuna, maitasuna, maitasuna, maitasuna izan da: “Ai maitea, zenbat gura zaitudan! Zu berezia zara!” Nire amama dena “maitte-maitte” zen eta nire aitita dena diziplina zen. Hori izan da jaso dudana: konpromisoa, diziplina, maitasuna; konpromisoa, diziplina, maitasuna. Eta gaur egun, nire semeak hezteko prozesua nire aitaita eta amamaren formula berarekin doa: diziplina eta maitasun asko.

 


Aitak markatu egin ninduen, eta argi neukan akats horiek ez nituela errepikatuko. Gero minbizia eduki nuen eta esan zidaten igual ezingo nuela umerik izan. Desio ikaragarria garatu nuen umeak edukitzekoa, eduki dudan bizitzagatik: seme bakarra, haurtzaro gogorra, momentu gutxi zorionekoak, gero minbizia… Ia obsesio bihurtu zen familia izatea


 

Kirolari oso gutxiri entzuten zaie aitatasunetik hitz egiten, zuri adina. Nola bizi izan duzu aitatasuna eta kirola?

Alaitzen inbidiarekin [barreak]. Ni seme bakarra izan naiz eta Alaitz alaba bakarra. Beti eduki dut idealizatuta anai-arrebak edukitzea. Aitak markatu egin ninduen, eta argi neukan akats horiek ez nituela errepikatuko. Gero minbizia eduki nuen eta esan zidaten igual ezingo nuela umerik izan. Desio ikaragarria garatu nuen umeak edukitzekoa, eduki dudan bizitzagatik: seme bakarra, haurtzaro gogorra, momentu gutxi zorionekoak, gero minbizia… Ia obsesio bihurtu zen familia izatea. Argi geneukan gutxienez hiru ume eduki gura genituela, eta azkenean hiru bakarrik eduki ditugu. Alaitz Xabaten haurdun gelditu zenean, ikaragarrizko inbidia ematen zidan umea tripan edukitzeak, titia emateak, usain horrek… Orain 18 urte ditu Xabatek, Aimarrek 15 egin ditu, eta Unaik 12 eta gauza pila bat egiten ditugu elkarrekin, asko disfrutatzen dut. Ohitura daukat semeei galdetzekoa “0tik 10era baloratu, zelan egin dut aita moduan?”, “Aita oso ondo, aita 20!”. Esaten diet, helburua dela ni ez nagoenean, haiek pentsatzea, “aita on bat eduki dut, ama on bat eduki dut; zoriontsu izan naiz; haurtzaro on bat eduki dut; zer suerte ona izan dudan familian”. Hori pentsatzen badute, nik guraso moduan ondo egin dut. Hori da gure helburua. Zorrotzak gara, konpromisoa eta enpatia eskatzen dugu, baina gura dut zoriontsu izatea. Ohera joaten garenean, bi txikienekin sartzen naiz —zaharrenak paso egiten du—, eta belarrira esaten diet, “jakizu beti amestu dudala zure moduko seme bat edukitzea; plazer bat dela zure aita izatea; eskerrik asko gure bizitzetara etortzeagatik”, uste dudalako horrek euren konfiantza indartu egingo duela eta atxikimendua sendotuko duela. Askotan erabiltzen dudan esaldia da honakoa: “Ez iezadazu esan nor zaren; aurkeztuizkidazu zure seme-alabak”. Legatua hori da.

Txirrindularitza utzi nuenean, Alaitzek agenda bat oparitu zidan, eta esan zidan, “idatzi hemen, betetzeko gelditzen zaizkizun ametsak, ze hemendik aurrera horiek bete behar ditugu”. 39 urte neuzkan, eta berak asmatu zuen nire lehenengo ametsa aitona izatea zela idatzi nuela. Nire bizitzan falta zaidan etapa zoragarriena aitona bihurtzea da. Hori bai, Alaitz bera da hori horrela bizitzea eragin didana. Bera era gogortasun handitik dator, baina maitasun handiarekin kudeatu izan da bere etxean aitaren heriotzaren gaia [Jabier Perez de Arenaza GALek hil zuen Miarritzen, 1984an, Alaitzek 4 urte zituela]. Bere amak oso ongi kudeatu izan du biolentziaren gaia, inolako amorru barik, beti maitasunetik. “Hau pasatu da eta ez zen pasatu beharko, baina aurrera egin behar dugu”, eta guk ere horrela pasa diegu mezua gure semeei. Amama oso liderrak izan ditugu, eta maitasun handia jaso dugu. Eta gure akatsekin —hemen ez dago inor perfekturik!— hori saiatzen gara gure semeei helarazten.

 

Ez da ohikoa zu entzun izan zaitugun sentiberatasunetik hitz egiten entzutea aitatasunaz, semeez… bestelako gizon eredua lotzen dugu, oraindik ere kirolarekin…

Ematen du gizonak testosteronikoak izan behar dugula, matxo alfak. Nik dortsal bat jartzen dudanean oso borrokalaria eta konpetitzailea naiz, barne indar handia daukat, baina hori konfiantzatik dator; barrutik beteta sentitzen naiz eta neure buruarengan konfiantza daukat.

Gure etxeak mila arazo dauzka beste etxe denen moduan, baina nik pentsatzen dut munduko etxe onena dela; zorionekoa naiz. Oso bizipozeroa naiz, eta asebeteta sentitze hori kutsatu egiten da. Hortik egiten dut taldean lan, ia lan pedagogikoa da, eta umiltasunetik diot, baina denboraldia oso-oso ongi joan zaigu: munduko txapelketa irabazi, ranking-a irabazi… eta nire egitekoa izan da bizipoz hori transmititzea. Beste gizon eredu batetik erlazionatzen naiz mutilekin, eta hasieran arraroa egiten zaie, baina ongi hartzen dute. Korredore asko eskandinabiarrak dira, eta oso hotzak dira, baina nik besarkadak ematen dizkiet. Nire amama ikaragarri kariñosoa izan da, eta hori dago nire DNAn.


Zer esango zenieke euren seme-alabak lehenak izaten tematzen diren gurasoei?

Uzteko umeei euren bidea egiten. Gure umeek ez daukate gure frustrazioekin bizi beharrik. Indarkeriaren kasuan bezala, gure umeek ez daukate gure erabakien ondoriorik ordaindu beharrik. Nire semeek ez daukate amorru horrekin bizi beharrik, ezta gure beste frustrazioekin ere. Nire kasuan, nik Ivef ikasi gura nuen, baina ez nuen ikasi gure etxean ekonomikoki gaizki geundelako. Orain nire semea Ivef ikastera doa eta zirkulua ixten ari naizela sentitzen dut, baina argi esaten dit Alaitzek:“Markel, akordatu, bereizi zure frustrazioa eta bere bidea. Berak egin du bere hautua”. Inportantea da gure frustrazioak ez islatzea gure umeetan, denean, baina baita kirolean ere. Konpromisoa eta barne indarra bai, eska ditzakegu; teknika ez, hori entrenatzailearen egitekoa da, “penalti hori horrela bota behar zenuen; edo jokaldi hori gola izan behar zen”, hori ez. Gurasoak gara, ez entrenatzaileak.