Uxue Izko, Eusfera ekimenaren koordinatzailea.

 

Haurren egunerokoan euskararen presentzia indartzeko asmoz, Eusfera ekimena jarri zuen martxan Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak maiatzaren 7tik 17ra. 0-12 urteko haurrak dituzten familiei zuzendutako egitasmoa izan zen, eta Uxue Izko koordinatzailearekin hitz egin dugu ekimenaren beharraz, familiei eskainitako tresnez eta herrietan izan duen harreraz.

 

Eusfera ekimena jarri zenuten martxan 0-12 urteko haurren inguruneetan euskararen presentzia handitzeko. Zer beharretatik edo kezkatik sortu zen ekimena? 

Gero eta gehiago sumatzen dugu gure ingurunean gaztelaniak eta frantsesak presentzia handia dutela, baita beste hainbat hizkuntzak ere. Horrek kezka handia sortzen du gugan, eta hainbat ikerketek ere erakusten dute haurren ingurunea gero eta erdaldunagoa dela. Herrietan ere bazegoen kezka hori, eta "etorkizunean gure haurrek euskaraz hitz egingo al dute?" galderatik abiatuta, sortu zen Eusfera ekimena.  

 

Eusferan, haurren unibertsoa euskalduntzeari egin zenioten erreferentzia. Unibertso horren barruan zein espazio sartzen ziren? 

Unibertsoa esaten genuenean, haurrek eskolaz kanpo erabiltzen duten hizkuntzaz ari ginen batez ere. Hor sartzen dira, besteak beste, aisialdia, etxeko eremua, telebista, pantailak, familia eta eguneroko beste hainbat espazio.   

Azken batean, Eusferarekin egin nahi izan genuena zen testuinguru horietan guztietan fokua jartzea, eta euskararen presentzia handitzeko tresnak eskaintzea. Hau da, haurrek aisialdian, familian, pantailetan edo bestelako eremuetan jasotzen duten hizkuntzari erreparatzea, eta pausoak ematea euskara gero eta gehiago txertatzeko. 

 

Askotan euskararen transmisioa familiaren ardurarekin lotzen da. Baina familia nahikoa al da haur batek euskaraz bizitzeko aukera izan dezan? 

Ez, ez nuke esango familiaren ardura soilik denik, eskolaren ardura soilik ez den bezala. Haur batek euskaraz bizitzeko aukerak izan ditzan, eragile guztien inplikazioa behar da. Horregatik, Eusfera prestatzeko orduan, eskolekin, familiekin eta herrietako eragileekin elkarlanean aritu ginen. Azken batean, haurren ingurunean eragin nahi baldin badugu, beharrezkoa da hainbat alorren arteko konexioak egitea. Gure kasuan, 0-12 urteko haurrak dituzten familiekin egin genuen ekimena, baina betiere haur horien ingurune osoan eragiteko asmoarekin.  

 


Familia bakoitzak bere haurrekin eta herriko jendearekin pauso txikiak ematea zen asmoa

Uxue Izko, Eusfera ekimenaren koordinatzailea


 

Eusferan familietan euskararen presentzia handitzea izan zen zuen helburuetako bat. Nola lagundu daiteke horretan, gurasoei errurik edo presiorik erantsi gabe? 

Ekimena gurasoekin batera sortu genuen; beraz, ez zen familiei egindako eskaera soilik izan. Guk baliabideak, tresnak eta ideiak eskaini genizkien, eta gero familia bakoitzak bere errealitatetik, nahi zuen moduan parte hartzeko aukera izan zuen. Oso modu irekian planteatu genuen: familia bakoitzak bere haurrekin eta herriko jendearekin pauso txikiak ematea zen asmoa. Ez genuen sekulako espektatibarik jarri; helburua zen ahal zen neurrian pausotxoak ematen hastea. Nolabait, presiorik gabe norabide bat eskaintzea izan zen gure lana.  

 

Eusferan parte hartzeko, familiei etxean egiteko “misioak” proposatu zenizkieten, eta herrietan elkartzeko “Euspazioak” sortu ziren. Zer lortu nahi izan zenuten bi tresna horien bidez? 

Etxean egiteko "Euskonauten Bidaia" izeneko misioen bidez, haurren eguneroko bizitzako eremuetan eragin nahi genuen. Horretarako, zortzi planeta proposatu genituen: ipuinen planeta, pantailen planeta eta beste hainbat. Planeta bakoitzean, euskararen erabilera eremu jakin batean indartzeko misio praktikoak eskaintzen genizkien familiei. Helburua zen euskara erakargarria, gozagarria eta dibertigarria izatea; hau da, haurrei gustatzen zaizkien jardueretan euskara txertatzea. Baina ez genien haurrei soilik begiratu nahi: familiaren ikuspegitik ere planteatu genuen, elkarrekin une goxoak sortzeko. 

"Euspazioekin", berriz, herriko jendea elkartzeko guneak sortu nahi izan genituen. Euskaraz lasai hitz egiteko espazio seguruak izatea bilatu genuen, eta, aldi berean, lehen pausoak emateko laguntza eta babesa eskaintzea. Azken batean, familiek etxean ez ezik, herrian eta komunitatean ere euskarazko uneak eta harremanak izatea nahi genuen.  

 

 

Familia guztiak ez dira egoera berean egoten: badaude guraso euskaldunak, bikote mistoak, euskara ulertu bai baina hitz egiteko segurtasunik ez dutenak, edo euskaraz ez dakitenak. Eusferak nola hartu zituen kontuan errealitate horiek? 

Oso kontziente gara dagoen errealitateaz, eta, horregatik, euskaraz jakin ala ez, guraso guztiei egin genien Eusferan parte hartzeko gonbidapena. Familia bakoitzak parte hartzeko modu desberdinak izan zituen, egoeraren eta aukeren arabera. Alde batetik, etxean egiteko misioetan, familia bakoitzaren ezaugarrietara moldatzeko aukera eman genuen: galdetegi txiki baten bidez, proposamenak familiaren hizkuntza-gaitasunera egokitzen ziren.  

Bestetik, herrietan antolatutako "Euspazioetan" parte hartzeko gonbidapena ere egin zitzaien guraso erdaldunei. Egoera horiei erantzuteko, gidatxo bat sortu genuen, irizpide eta rol desberdinekin. Esaterako, guraso euskaldunek gidari edo aurkezle rola hartu zezaketen, euskararen presentzia bermatzeko; eta guraso erdaldunekin, zenbait tokitan, xuxurlarien papera landu zen. Horrez gain, gure webguneko edukiak euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez jarri genituen. Aholku-bideoak ere sortu genituen, bai guraso euskaldunentzat, bai beste hizkuntza batzuetan hitz egiten duten gurasoentzat, bakoitzari egokitutako eduki zehatzekin.  


Hizkuntzaren erabileraz gain, jarrerak ere pisu handia duela esango nuke. Izan ere, badira euskaraz hitz egiten ez dakiten gurasoak, baina euskararekiko jarrera oso positiboa dutenak

Uxue Izko, Eusfera ekimenaren koordinatzailea


 

Haurrak euskaraz hezteko orduan, helduon hizkuntza-ohiturek zer pisu dute? Hau da, haurrekin euskaraz egiteaz gain, garrantzitsua al da helduen artean zer hizkuntza erabiltzen dugun? 

Oso garrantzitsua da gurasoek eta helduek zer hizkuntza erabiltzen duten; izan ere, haurrek ikusten dutena ikasten dute, eta horrek eragin zuzena du haien hizkuntza- ohituretan. Gainera, ez dute hizkuntza bera soilik ikasten, hizkuntzaren erabilera soziala ere barneratzen dute; norekin erabiltzen den euskara, norekin ez, noiz bai eta noiz ez. Horregatik, garrantzitsua da helduok horretaz kontziente izatea.   

Hizkuntzaren erabileraz gain, jarrerak ere pisu handia duela esango nuke. Izan ere, badira euskaraz hitz egiten ez dakiten gurasoak, baina euskararekiko jarrera oso positiboa dutenak. Eta horrek ere eragin handia du haurren hizkuntza-bizipenean. 

 

Haur batek euskara bizipen positiboekin lotzeko, zer eskaini behar dio inguruneak? 

Haurrek euskara erabiltzeko behar dutena motibazioa da, eta, batez ere, euskara erabiltzeko aukerak izatea. Egia da eremu euskaldunetan aukera horiek egon badaudela, baina erdararen presentzia oso handia den inguruetan bereziki garrantzitsua da haurrei euskaraz aritzeko espazioak eskaintzea. Motibazio hori lortzeko, funtsezkoa da gozamenean oinarritutako ekintzak euskaraz bizitzeko aukera izatea: aisialdian, etxean, lagunartean eta eskolatik kanpoko beste hainbat eremutan. Azken batean, haurrek eskolatik kanpo ere behar dituzte euskara erabiltzeko aukerak.  

 

Behin Eusfera amaituta, zer balorazio egiten duzue orain arteko ibilbideaz, eta zer arrasto uztea gustatuko litzaizueke familiengan eta herrietan? 

Oso sentsazio onekin amaitu genuen ekimena. Aste Santutik bueltan egin genuen lanketarik handiena, eta ikusi genuen jendea gogotsu zegoela ekintzak antolatzeko. Orokorrean, oso harrera ona izan zuen: herrietan 150 ekintza inguru antolatu ziren, eta parte-hartzea oso positiboa izan zen. Familietan ere misioak egiten aritu ziren, eta horrek erakutsi zigun kezka partekatua dela. Azken batean, Eusferarekin kezka horri erantzuteko saiakera egin genuen, eta jendeak ikusi du tresnak eskaini direla, herri bakoitzak bere egoeraren arabera probak egiteko eta bide berriak ireki ahal izateko.  Aurrera begira, oraindik ez dakigu Eusferari zer formatu emango diogun, baina lanean jarraitzeko gogoz gaude. Gainera, orain arte sortutako proposamenak eta webgunea edonorentzat eskuragarri egongo dira, edozein unetan erabiltzeko.