Ospakizunei buruzko gogoeta egiten aritu dira azken urteotan hainbat eskolatan.
Ospakizunei buruzko gogoeta egiten aritu dira azken urteotan hainbat eskolatan. Artikulu honen egileek Euskal Herriko antzinako ohiturak berreskuratzeko proposamena egiten dute.
Gabonak, Agate Deuna, Inauteriak, Aste Santua, San Joan… zer dira? Zergatik ospatzen ditugu? Eta nola? Euskal tradizioarekin eta ohiturekin lotura estua duten jaiak dira, eta oso errotuta daude gurean. Baina guk Euskal Herriko antzinako ohiturak berreskuratu nahi ditugu, eta jai horiek guztiek naturaren zikloekin eta elementuekin duten lotura nabarmendu. Horiek gaurkotzeko edo egokitzeko gonbita egin nahi dizuegu, eta, horregatik, eskola bakoitzeko testuinguruak ematen dituen aukerez eta erakargarritasunaz baliatzea proposatzen dugu, eta jaien interpretazioa berritzea.
Era berean, ospakizun horien inguruan izaten den estres, itxurakeria, kontsumismo eta homogeneotasun kutsu horretatik aldendu nahi dugu, eta haurrei zein helduoi gozatzeko aukera emango digun atea ireki nahi dugu. Horretarako, pertsona bakoitzaren autonomia, gaitasuna eta emozioak errespetatu beharko genituzke, bakoitzaren bizipenei eta ingurukoen bizipenei adi egonda. Azken batean, kontu handiz zaindu nahi dugu hezkuntza komunitatea elkartzeko aukera ematen duen une pribilegiatu hori.
Mugarriak
Antzinako ohiturak eta ospakizunak berreskuratzeko bidean, hainbat mugarri jarriko ditugu, ibilbideari zentzua emateko asmoz.
Naturaren zikloekin konektatzea. Urteko ospakizunek lotura zuzena dute lurrarekin eta eguzkiarekin. Gure erronka jaien jatorria arakatzea eta hori plazaratzea izango da.
Euskal Herriko aspaldiko ohiturak ezagutzea. Nola ospatzen ziren data berezi horiek elizak, globalizazioak eta kontsumismoak dena irentsi baino lehen? Zein ziren komunitatea eraikitzeko antzinako erritualak?
Euskararekin bizipen positiboak izatea. Euskararekiko motibazioa bizipenetatik eraikitzen da. Euskaraz gozatutako festa batek arrastoa utziko du, eta hizkuntzarekin lotutako esperientzia positiboak sortuko ditu.
Ahozkotasuna indartzea. Ahozko transmisioa eten egin da, hein handi batean, pantailen gehiegizko erabilerarengatik. Istorioen, ipuinen eta antzezpenen balioa aldarrikatu nahi dugu erritmo geldoagoetara itzultzeko eta norberaren sentipenekin eta hausnartzeko gaitasunarekin konektatzeko.
Ospakizunak denontzat izatea. Gaur egun, aniztasun handia dugu hezkuntza komunitateetan, eta, naturaren zikloekin erlazionatutako ospakizunetan, denok dugu tokia.
Eskolaren eta herriaren arteko zubiak eraikitzea. Proposamen hau herriak eta eskolak elkarri egin diezaioketen ekarpenaren parte izan daiteke.
Genero estereotipoak gainditzea. Estereotipoak hausteko eta rolak gainditzeko aukera emango digu.
Jasangarritasuna bultzatzea. Ospakizunen inguruan bultzatzen den kontsumismo basatitik aldendu, eta jasangarritasuna bultzatu nahi dugu. Horretarako, materialak berrerabiliko ditugu.
Urteko sasoiak
· Udazkeneko ekinokzioa (airea)
Uda azkena: udari agur esaten diogun unea da. Hostoak erortzearekin batera, lurraren azken uztak jasotzeko sasoia da, ereindakoa biltzeko garaia. Egunak gero eta laburragoak eta ilunagoak dira, eta, beraz, barrura begiratzeko gonbita egiten digu urtaro honek. Urtearen heriotza prestatzen den sasoia da, eguzki orduak murrizten diren aroa eta hildakoez gogoratzen garen garaia.
Testuinguru horretan ospatu izan da Euskal Herrian eta munduko hainbat lurraldetan Gau Beltza. Gau horretan, hildakoen arimak etxeko berora etortzen omen dira berriz negua pasatzera. Gure adineko pertsonek oraindik ere gogoan dute bizilagunak beldurtzeko oihal zaharrekin estaltzen zituztela aurpegiak, eta baita ere arimei bidea erakusteko eta jendea beldurrarazteko kalabazak hustu, aurpegi itxura eman, kandela txiki bat sartu eta bide bazterretan edota etxe atarietan jartzen zituztela.
· Neguko solstizioa (ura)
Udazken amaieran natura loak hartzen du, eta eguzkia ahuldu egiten da, urteko gaurik luzeena heltzen den arte. Orduan, Eguberrietan, egun berriak jaiotzen hasten dira, apurka-apurka egunak luzatzen baitoaz. Neguari eta urte berriari ongietorria egiteko aukera ematen digun garaia da. Horixe ospatzen zuten gure arbasoek eta munduko beste hainbat herrialdetako bizilagunek, eguzki berri baten jaiotza, ziklo berri baten hasiera, naturaren berritzea, hain zuzen.
Sua izan da ospakizun honetan elementu nagusietako bat, urarekin batera. Udazkenean, enbor handi bat eramaten zuten baserrira basotik. Enbor horri, besteak beste, subila, Eguberri enborra, Olentzero edo Olentzaro deitzen zitzaion. Eguberrietan, piztuta izaten zuten gau eta egun, ahuldutako eguzkiaren argiari eusteko, antza; baita berriztatzeko, garbitzeko, iluntasunarekin lotutako beldurrari aurre egiteko eta eguzki berria irudikatzeko ere. Haren errautsak gorde egiten ziren hazien gainean zabaltzeko (ereiteko garaian lurrari botatzeko)gordetzen ziren, uzta ona izan zedin.
Olentzero hitzaren jatorriari buruz, bestalde, hainbat hipotesi eta iritzi azaldu dituzte antropologoek eta hizkuntzalariek. Horietako batek oles egiteko edo, beste modu batera esanda, etxez etxe eske kantuan ibiltzeko garaia zela esaten du (olesen aroa).
Olentzero pertsonaiaren jatorria, izaera, itxura edota zeregina ere ez daude guztiz argi: bukatzear zegoen urtearen pertsonifikazioa edo Eguberrietan etortzen zen naturaz gaindiko izaki zakar eta beldurgarria? Mari Domingi, berriz, emakumezko erreferentzia baten beharra ikusita, gure garaian eraiki dugun pertsonaia da. Garrantzitsua izango da biei buruzko hausnarketa egitea: nolakoa da gure eskolako Mari Domingi? Zer-nolako rola du? Eta Olentzero? Zer itxura du? Ikazkin zakarra da, ala bizar zuria duen aitona goxoa?
Era berean, garrantzi handikoa da kantak egokitzea, ospakizun horren jatorriarekin eta eskolako hezkuntza proiektuarekin ahalik eta koherenteenak izateko. Esate baterako, Olentzeroren abestian, “Jesus jaio dela” abestu beharrean, “negua heldu dela” kanta dezakegu.
Ospakizun horien inguruan izaten den estres, itxurakeria, kontsumismo eta homogeneotasun kutsu horretatik aldendu nahi dugu, eta haurrei zein helduoi gozatzeko aukera emango digun atea ireki
· Udaberriko ekinokzioa (lurra)
Neguko solstiziotik udaberriko ekinokziora bitartean, eguzkia indartzen hasiko da, eta, harekin batera, baita lurra ere. Garai horretako ospakizunak udaberriko naturaren berpiztearekin batera datoz, eta eske kantuak izan ohi dira jarduera nagusia.
Neguko elikagai eskasiak bultzatuta, lagun taldeak errondan ibiltzen ziren atez ate baserrietan. Baina jarduera horiek beste helburu bat ere ba omen zuten: espiritu txarrak uxatzea eta lurra esnatzea, udaberriko uzta ona izan zedin. Horregatik dira hain ohikoak ospakizun horietan zintzarriak, makilak... Horren adierazgarri dira Iturengo eta Zubietako joaldunak: joareak astintzen dituzte natura esnatzeko eta haren gaitzak uxatzeko, antza. Juan Antonio Urbeltz antropologoaren hitzetan, udaberrian izurriterik ez izateko, mozorrotu edo zomorrotu egiten ziren inauterietan, hau da, intsektu bilakatzen ziren, eta eske kantuan ibiltzen ziren. Etxeetan, jana edo beste zerbait ematen zieten, eta, plazan, dantzak, musika, zarata, sua... egiten zituzten zomorroak uxatzeko. Garai horretan, inauste lanak egiten ziren, zomorroak larba diren artean garbitzeko. Jardun horretatik omen datoz inauteri hitza eta mendez mende iraun duen ospakizuna.
Eske kantuetako kopletan, batez ere, Santa Agatari egiten zaio gorazarre elizaren eraginez. Gure proposamena eskoletan eske kantuan ibiltzeko ohiturari eustea eta ospakizunaren jatorrizko izaera berreskuratzea da, eta koplen letrak egokitzea edo eraldatzea eta gaur egungo kantuekin osatzea.
· Udako solstizioa (sua)
Ekainaren 20an edo 21ean, urteko egunik luzeenean eta gaurik laburrenean, eguzkia bere punturik gorenera heltzen da. Hainbat antropologoren eta hizkuntzalariren ustez, ekain hitzak hori adierazten du (eki+gain= ekain). Egun horretan, eguzkiaren omenez, sua piztu eta dantza egin izan da Euskal Herriko baserrietan eta herrietan. Elizgizonek suarekin lotutako ospakizun horiek sorginekin eta deabrua gurtzearekin lotu zituzten, eta jaia ekainaren 23ra, San Joan bezperara, pasatu zuten. Baina, herri gehienetan, erritual zaharrei eutsi diete, eta, horietako batzuetan, akelarrea ere antzezten dute, debekuen eta errepresioaren aurrean askatasuna aldarrikatzeko.
Udako solstizioa ikasturte bukaerarekin batera dator, eta, zikloari amaiera emateko, sua egin dezakegu eskolan ere.
Urtebetetzeetan eguzkiari biraka
Gure proposamena urtebetetzeak naturaren zikloekin lotzea da, kasu honetan, lurraren translazioarekin lotzea eta haur bakoitzak eguzkiaren inguruan egindako birak ospatzea. Era berean, umeak urte horretan izan dituen bizipenak eta gertaerak gogora ekartzea eta familiaren zein gertuko pertsonen garrantzia azpimarratzea da gure asmoa, ospakizunaren zentzu kolektiboa azaleratzearekin batera. Horretarako, eguzkia irudikatzen duen objektu bat jarriko dugu gelan, lau urtaroak irudikatzen dituen oinarri baten gainean (kartoi meheekin edo oihalekin egina, esaterako). Urteak bete dituen haurrak birak emango ditu horren inguruan (urte bakoitzeko bira bat), eta, bien bitartean, haren bizitzako pasarte batzuk kontatuko ditugu; adibidez, urtebete zuenean titia hartzen zuela, bi urte zituenean ahizpa jaio zitzaiola… Horrela, umearen bizitzaren ipuintxoa sortuko dugu. Horretarako, aldez aurretik haurraren argazkiak edota etxekoek idatzitako kontu aipagarri batzuk jasoko ditugu. Bukaeran, denok elkarrekin abestuko dugu, eta kandelak itzaliko ditugu.
Izendegi proposamena · Gau Beltza / Arimen Gaua vs Halloween. |