Hamar urte egin ditu HAZI HEZIk. Erraz esaten da! Aurreneko HAZI HEZI aldizkari hartako argazkietan sabelean zeuden umeak neska-mutil kozkorrak dira gaur egun. Urtez urte, aldizkariarekin batera haziz joan dira ume horiek. Erdituz munduratzetik, lehen urratsak egitera, urte gozoetara. Jaio dira berriak ere.  

Aurrera egiteko, jantzi berriekin dator HAZI HEZI hamargarren urteurrenean. Bistan da. Gaurkotuago, arinago, freskoago… baina betiko kalitatearekin eman nahi dizkizugu aurrerantzean ere haurren eta nerabeen bidelaguntzarako lagungarri izango zaizkizun erremintak. Iparrorratz horrekin idatzi ditugu aldizkari honen orrialdeok hamar urteotan. Gurasotasuna eta hezitzaileen beharra lan zaila da oso, exijentea, presazkoa eta presiozkoa, eta HAZI HEZI egiten dugunok, lantaldeak zein gurekin kolaboratzen duten adituek, hazieran eta hezkuntzan laguntzeko tresnak eskaintzeko ahalegina egin dugu alerik ale. Informazio kontrastatua, aditu esanguratsuen galbahetik iragazia eskaintzea izan dugu hamar urteotako helburua.

Bidean, aldizkari honen eta berau argitaratzen duen Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren sortzaile eta arima izan dena galdu dugu: Joxe Mari Auzmendi. Haren argitasun eta ekinarekin sortutako aldizkari hau saiatu da haziera eta hezkuntza gaietan Euskal Herrian eta euskaraz zegoen hutsunea betetzen. Bihoaz lerro hauek Joxe Mariren omenez.

Orain ospatzeko garaia da. Hamar urte ez dira egunero betetzen, eta are gutxiago euskaraz diharduen aldizkari espezializatu baten kasuan. Hiruhilero-hiruhilero buzoian jaso gaituzuen irakurleoi eta gure komunitateari esker egin dugu hamar urteko ibilbide hau, 40 zenbaki. Guraso eta hezitzaileok, eskerrik asko sentitu bat HAZI HEZI egiten dugun lantaldearen izenean.

Adunan ospatuko dugu elkarrekin HAZI HEZIren hamargarren urteurrena. Gonbidatuak zaudete guztiok!

Eta egin dezagun topa: beste hamar urtean!!!