Ospitalean gaixorik dauden umeak bisitatzera joaten dira ospitaletako pailazoak eta horietako bat da Pantxineta. Umorea eta irribarrea lagun, bizitzen ari diren emozioak eraldatzen saiatzen da Algaraklowneko beste pailazoekin batera. Saioa Aizpurua dago Pantxineta sudurgorriaren atzean.

Onura publikodun elkartea da Algaraklown eta horrek esan nahi du egiten duten lana onuragarria dela jendartearentzat. Hain zuzen ere, Donostiako Unibertsitate Ospitalean ospitaleratuta dauden haurrengana joaten dira elkarteko kide diren ospitaleko pailazoak. Egun batean pediatriako eta onkologiako geletara; beste egun batean eguneko ospitalera, itxaron gelara, pediatriako ZIUra eta ospitaleko eskolara; eta beste egun batean kirofano sarrerara.

‘Algaraklown ospitaleko pailazoak’ egitasmoko kide zara, Saioa, eta baita sortzaileetako bat ere. Zerk bultzatuta sortu zenuten ospitaleko pailazo talde bat?
Banekien beste leku batzuetan ospitaleko pailazoak zeudela —Madrilen, Murtzian, Bartzelonan, Bilbon...— eta Gipuzkoan ere beharra ikusten nuen. Hainbat urtetan pailazo izateko prestatu ondoren, Madrilera joan nintzen ospitaleko pailazo gisa prestatzera. Beste batzuek egiten zuten lana ikusi nahi nuen, geroago Donostian abian jartzeko. Madrilen, Donostian bizi den Amparo de Miguel ezagutu nuen, eta hark ere asmo bera zuenez, lanean hasi ginen Donostiako ospitalean ere clown pailazoak egon zitezen.

2011an hasi ginen ideia egosten eta lehenbiziko egitekoa pailazo clownak prestatzea izan zen, gurekin batera ospitalean arituko ziren pailazoak. 2012rako hamar lagun inguru prest ginen eta urte hartako azaroan hasi ginen Donostiako Unibertsitate Ospitaleko ama-haurren atalean bisitak egiten.

Zer da ospitaleko pailazoa? Zer berezitasun ditu?
Clown formazioa duen pailazo bat da, hau da, clownetik abiatzen da, hori da oinarria. Clownaren barrutik adar asko ateratzen dira eta clown mota asko daude: kale ikuskizunetako clowna, antzokietakoa, helduentzakoa, haurrentzakoa... eta ospitalekoa eta zahar egoitzetakoa. Azken talde horretan kokatzen gara gu.


Clownak berez entzumen handia landu behar du, eta ospitaleko pailazoaren kasuan are gehiago



Abiapuntua clowna izanik, clownaren oinarria zein dela esango zenuke?
Bi hitzetan esanda, norbera ezagutzea dela esango nuke, nork bere burua osotasunean onartzea, gero umorez partekatzeko eta jolasteko. Jolasean gure gauza asko atera daitezke, eta onartu gabe baldin baditugu, ezingo dugu jolastu, min egingo baitigute. Clownak inprobisazioaren bidez lan egiten duenez, edozein gai atera daiteke eta inportantea da norberak bere burua osotasunean onartua izatea eta nork bere alderdiak lantzea. Oinarri-oinarrian hori dago.

Eta ospitaleko pailazoak zer ezaugarri berezi ditu? Nolakoa da ospitaleko pailazo batek jaso behar duen prestakuntza?
Hasteko, gaixotasunak ezagutu behar ditu, hori da oinarri bat. Ez gara medikuak eta ez ditugu gaixotasunak zehatz-mehatz ezagutu behar, baina bai modu orokorrean, umeak nola dauden eta nola sentitzen diren jakiteko eta horren arabera zein emozio atera daitezkeen ezagutzeko.

Beste oinarri bat haurraren garapen etapak eta ezaugarriak ezagutzea da. Oso desberdina da 2 urteko ume batekin aritu edo 8 edo 14 urteko batekin jardun. Ulermen maila desberdina dute eta jolasteko modua ere desberdina da.

Hirugarren ezaugarria inprobisazio trebetasun handia edukitzean datza. Jendea ez da gure emanaldi bat ikustera etortzen, alderantziz baizik, gu joaten gara haien geletara, gu sartzen gara haien eremuan. Horregatik, egoeraren arabera, eraldatzeko eta inprobisatzeko erraztasun handia behar da. Ideia batekin sartu gaitezke gela batetara, baina agian ideia hori ez da une horretan ume horrentzat egokiena izango. Orduan, ideia hori askatzen, gertatzen dena ikusten eta beste ideia bati heltzen jakin behar dugu. “Hemen” eta “orain” oso garrantzitsua da.


Jendea ez da gure emanaldi bat ikustera etortzen, alderantziz baizik, gu sartzen gara haien eremuan; horregatik, egoeraren arabera egokitzen dugu gure jarduna


Eta azkenik, funtsezko ezaugarria den beste bat: entzumen handia landu behar da. Clownak berez entzumen handia landu behar du, eta ospitaleko pailazoaren kasuan are gehiago. Lehen aipatu bezala, ez dira haiek etortzen guk aurrez entseatutako saio bat ikustera, gu joaten gara geletara eta egoeraren arabera egokitzen dugu gure jarduna. Une bakoitzean zerk funtzionatzen duen eta zerk ez ikusten jakin behar dugu eta, horretarako, entzumen oso handia izan behar da. Gainera, binaka funtzionatzen dugu, bi pailazo sartzen gara, eta umeari eta haien gurasoei edo laguntzaileei entzuteaz gain, pailazo bikoteari ere entzun egin behar zaio. Ikusiz goazenaren arabera sortzen dugu, pausoz pauso, pixkanaka eta hori da polita; ez da gela guztietan berdina eta ez da beti emaitza bera lortzen, bakoitzari berea ematen saiatzen garelako.

Horretarako garrantzitsua da aldez aurretik haurrek zer duten jakitea. Ezagutzen al dituzue?
Oso galdera inportantea da eta hori da ospitalarekin dugun elkarlanaren muinetako bat. Gurasoek edo laguntzaileek baimen bat sinatzen dute gu gelara sartu aurretik —gu sartzea erabakitzen baldin badute— eta umearen datuak ematen dizkigute: zenbat denbora daraman ospitalean, zein adin duen, zer izan duen eta horrelakoak. Hala, hanka batean ebakuntza egin baldin badiote, badakigu hanka ezin duela mugitu, baina agian besoak bai, eta ez daukala arnasa hartzeko zailtasunik. Horrela, besoak mugitzeko eska diezaiokegu, hitz egiteko ere bai... Aldiz, gaixo dagoen umeak arnasa hartzeko zailtasunak baldin badauzka, lasaitasuna eman beharko diogu eta ez diogu hitz egiteko eskatuko.

Gure lana ongi egiteko ospitalarekin elkarlanean jardutea ezinbestekoa da. Erizainek esan ohi digute zein geletakoek nahi duten pailazoak sartzea eta zein geletakoek ez.

Zein da umeekin egiten duzuen saioaren helburua? Zer da ospitaleko pailazo batek han dagoen ume bati eskain diezaiokeena?
Transformazioa. Ospitaleratuta dauden umeen egoera konplexua eta zaila eraldatzen saiatzen da pailazoa; umorearen bidez bizitzen ari diren emozioak eraldatzen. Batzuetan alaitasuna eta irriak nagusitzen dira, eta beste batzuetan haserrea eta tristura. Haserre baldin badaude, haserrea adieraz dezaten saiatzen gara. Normala da haserre egotea ospitalean ez baldin badute egon nahi, janaria oso txarra baldin bada, lagunekin ezin baldin badute egon, beste arropa bat ezin baldin badute jantzi edo mugikorra kendu baldin badiete. Jolasaren bitartez haserrea eraldatzen saiatzen gara pailazook. Eta jolasaren bitartez emozioak transformatzea lortzen baldin bada, dibertigarria izaten da. Ospitaleko egonaldian momentu txiki bat baldin bada ere, une aparta izan dadin saiatzen gara.


Ospitaleko egonaldian momentu txiki bat baldin bada ere, une aparta izan dadin saiatzen gara


Umorea, alaitasuna eta entretenimendua dira zuen tresnak edo zuek eskaintzen dituzuen bitaminak?
Ez goaz irribarrearen bila, ideia ez da irribarrea lortzea. Helburua ez da umorea; aitzitik, umorea tresna da, ospitalean dauden umeei, edozein adinetakoak izanik, energia psikikoa emateko. Badirudi pailazook irribarre bakarrik egiten dugula, eta ez da horrela. Ateratzen baldin bada, zoragarri, baina ez goaz horren bila, baizik eta eraldaketaren bila, pertsona horrek behar duen eta bera egiteko prest dagoen transformazioaren bila.

Ospitalean ateratzen diren emozioak ez dira kalean ateratzen direnak; ospitalean minez egoten gara, haserre, frustrazio handiarekin... eta emozio horiek ez ditugu irribarre batekin estali nahi; baizik eta jaso, entzun eta jolastu emozio horiek eraldatzeko.

Zuekin ez baldin bada, emozioak landu gabe geratzen al dira?
Gera daitezke. Medikuak hor dabiltza gaixoak ikusten, baina gaixotasunari begira, hori konpondu nahian, eta oso garrantzitsua da. Erizainak ere hor daude gaixoa ongi eta eroso dagoela bermatzeko eta izugarrizko lana egiten dute. Erizaintzako laguntzaileek beste horrenbeste. Baina alderdi emozionala lantzeko eremua falta dela iruditzen zaigu, horri tartea ematea falta dela, emozioak lantzeko eta gehiago ateratzeko. Gure lana emozioak lantzea baino gehiago ateratzea da; atera, ikusi, leku egin eta eraldatu.

Gurasoen eta laguntzaileen emozioekin zerbait egiten duzue? Ateratzen al dira?
Bai, horregatik diot entzumen handia behar dela, ezin dugula begiekin soilik funtzionatu. Batez ere belarriekin funtzionatu behar dugu. Batzuetan umeak txikiak badira ez dira jabetzen gaixotasunak duen larrialdiaz, baina gurasoak bai, eta lur jota egon daitezke. Gure lana hanka puntetan ibiltzea bezala da, bakoitzak zer behar duen jabetzeko. Batzuek besarkada bat gustura hartzen dute eta beste batzuek ez dute ukitzerik nahi. Errespetatzea garrantzitsua da, eta horretarako, entzumen handia behar da. Umiltasun handiz joan behar da, haien eremuan baikaude, ez gurean.