Nerea Etxaide | Osteopata

FORZEPS-AK ERDITZEAN

Esan didatenez, erditzean forzeps-ak erabili badira, haurraren buruko nerbioetan kongestioak sor daitezke, eta hortik hainbat arazo eratorri, besteak beste, estrabismo arazoak begietan. Hala bada, osteopatia lagungarria izan al daiteke kongestio horiek leundu eta arazo horiek ekiditeko?

ERDITZEAN, HAURRARI ATERATZEN LAGUNTZEKO forzeps-ak erabiltzea beharrezkoa izan denean, gerta daiteke forzeps horiekin indar gehiago edo gutxiago egin izana, gehiago edo gutxiago tiratu izana, gehiago edo gutxiago biratu izana... Ez dugu ahaztu behar haurra ateratzerakoan sorturiko zailtasunen bat gainditzeko erabiltzen direla forzeps-ak, eta zailtasun horiek maila desberdinetakoak izan daitezkeela.

Hori argitzea garrantzitsua iruditzen zait. Izan ere, kon-tsultan ikusten dudanez, medikuen esku-hartzea egoten den kasuetan estutasun handia sortzen da gurasoen artean, eta komeni da azaltzea ez dela beharrezkoa izango zuzenketa-lan bat egitea medikuen esku-hartzea dagoen aldi bakoitzeko. Ondo dago osteopata bat bisitatzea eta balizko lesiorik ba ote dagoen ikustea, baina ez dugu errudun sentitu behar, ezta esku-hartzea deitoratu behar ere.

Behin hori argiturik, esango nuke baietz, osteopatiaren bidez posible dela sorturiko tentsioak, sorturiko kongestioak erlaxatzea. Era berean, erditzeak edo kanpo maniobrek eraginda suturetan ager daitezkeen blokeoak arintzeko ere lagungarria da osteopatia. Izan ere, tentsio, kongestio eta blokeo horietatik erator daitezke estrabismo arazoak, tortikolia, edoskitzeko zailtasunak, hesteetako mugikortasun-arazoak, urduritasuna...


HAURDUNALDIA ATSEDENALDIAN 

Hanka hautsi dut haurdunaldiko zazpigarren hilabetean, eta eskaiolarekin eta atsedenaldian egon beharko dut ia erditzeko data iritsi arte. Mugikortasuna mugatua izateak eragin al diezadake erditzean? Hala bada, nola konpentsatu dezaket?

PENA DA HAIN ZUZEN UNE HONETAN IRITSI IZANA LESIO hori. Zuk diozun moduan, konplikatu egiten da erditzea, bai, ez bakarrik atsedenaldian egon behar duzulako, baizik eta batez ere atsedenaldiaren ondoren zure mugikortasuna mugatua egongo delako, gihar-masa galdu egingo duzulako eta geldirik egotetik eratorritako gernu-erretentzioagatik.

Hori guztia konpentsatzeko, gomendatuko nizuke obstetrizian espezializaturiko fisioterapeuta batekin harremanetan jartzea, zure egoera eta zure aukerak baloratu ditzan. Honek ariketa-pauta bat ezarriko dizu, drainatze linfatikoa gomendatu, edo atsedenaldiaren eragina ahalik eta txikiena izan dadin egin beharreko mugimenduak gomendatuko dizkizu.

Bestalde, edozein haurdunalditan bezala, osteopata bat bisitatzea gomendatzen dizut, beharrezkoa bada pelbiseko eta gerrialdeko deskonpentsatzioak zuzentzeko. Horrekin batera, komeni da haurdunaldi aurretik gertatu diren lesioak tratatzea, horiek eragina izan baitezakete erditzean.