Nerea Etxaide | Osteopata
PELBISEKO MINA
Orain dela hilabete baino gehiago erditu nintzen eta orandik ere pelbisean mina daukat. Zein izan daitezke arrazoiak? Eta osteopatiak lagun al diezadake min hori arintzen?
ERDITZE-PROZESUAN PELBISA bere gaitasunen muturrera eraman ohi dugu, eta gure gorputza horretarako diseinatuta dagoen arren, ezin dugu ukatu, erditzeko momentua gure erresistentzia fisikoaren proba oso gogor bat dela.
Erditzera arazo fisikorik gabe iritsi zarela pentsatuz hitz egingo dut, hau da, ez zarela ari inolako lesioren ondoriorik jasaten, eta ez duzula inolako lesiorik izan orain dela gutxi.
Gerta liteke zure gorputzari muskulu-ehunen tonua errekuperatzea kostatzea. Izan ere, erditze-ondoan ez da soilik umetokiaren tamaina errekuperatzen, lotailuek ere aurreko tonua berreskuratu behar dute (ez dute egon behar ez tenkatuago ez lasaiago). Era berean, umeari tokia egiteko lekuz mugitu diren errai guztiek ere bere toki originalera itzuli behar dute: maskuria, hesteak, urdaila… Hala, berriz ere gorputzaren grabitate zentrua eta bizkarrezurra berrantolatu egiten dira. Eta horri guztiari gehitu behar zaio, litekeena dela erditzearen ostean hezur-egitura ez itzultzea guztiz lehengo tokira (haurra erabat zentratuta jaitsi ez delako gerta liteke hori, edota erditzean instrumenturen bat erabili behar izan dutelako). Kontuan izan behar da epidurala erabili baduzu, gorputzak denbora apur bat gehiago behar duela errekuperatzen hasteko.
Hori guztia kontuan izanik, zera esan diezazuket: bai, oso normala izan daiteke oraindik ere pelbisak min ematea, baita bizkarrak edota sabelak ere. Emakume bakoitzak, gorputz bakoitzak bere erritmoa dauka, eta guztiok ez gara berrogehialdian errekuperatzen, eta ez gaude bi hilabetetan sekulako forma fisikoarekin. Ez zaitez kezkatu uste zenuena baino denbora apur bat gehiago behar baduzu lehengora itzultzeko.
Hori esanik, gaineratu nahiko nuke erditzearen ostean beti dela gomendagarria osteopata batengana joatea. Nik berrogehialdian zehar joateko gomendatu ohi dut. Osteopatok gorputzari lagundu diezaiokegu errekuperazio-prozesua has dezan. Horretarako hezurduran ajusteak egiten ditugu eta ehun bigunak estimulatzen ditugu errekuperazioan laguntzeko. Eta zure kasuan, daukazun ondoez hori zenbateraino den normala ere esan ahalko genizuke, edota komeni zaizun emaginarengana edota ginekologoarengana joatea.
Zure molestiak pelbisa gaizki lerrokatuta geratu zaizulako sortzen badira, osteopatiak mina arintzeko balioko dizu. Edozein kasutan, behin lehenengo berrogehialdia igarota, hezurdura lantzea gaitzagoa da. Nekeza da, baina ez ezinezkoa.