Nerea Etxaide | Osteopata
KOKZIXEAN KOLPEA
Haurdunaldiko seigarren hilabetean nago, eta erditzerako prestaketarekin hasi naiz. Hainbat ariketa egitean molestia sentitzen dut kokzixean. Orain dela urtebete pasatxo, eskaileretan behera erori eta parte hori kolpatu nuen. Ondorengo hilabeteetan, aldika min apur bat sentitzen nuen kokzixean, batez ere, denbora asko eserita pasatzen nuenean, eta mina arindu egiten zen ariketak eginez gero. Orain sentitzen ditudan molestiek zerikusirik izan ote dezakete kolpe harekin? Erditzerako arazorik ekar ote diezadake? Beldur naiz kokzixa blokeatuta geratu ote den, mugikortasunik gabe, eta umeari pelbisetik igarotzea zailduko ote dion. Zer egin dezaket?
ERDITZERAKO PRESTAKETA egitea nahi eta nahiezkoa da mekanikoki amaren egoera zein den jakiteko. Prestaketa horretan egiten diren ariketen helburua da erditzean derrigorrez egin beharko diren mugimenduak egiten hastea. Horrez gain, prestaketa horretan informazioa ematen da, eta baita bizitzako etapa berri bat hasteko laguntza ere.
Erditzerako prestaketan molestiak edo minak sentitzen badira, komeni da osteopatari edo fisioterapeutari kon-tsulta egitea, egoera zein den azter dezan. Eskaileretako erorketaren ondorioz pelbiseko artikulazioetan inolako mugarik baldin badago, hori tratatzeko modu egokia da osteopatia. Muskuluaren kontraktura bakarrik bada, hainbat teknika erabil daitezke hori konpontzeko.
Oso ohikoa da muskuluetan kontrakturaren bat eduki-tzea. Izan ere, gure bizitzan zehar arrunta da kolperen bat hartu izana, erorketak edukitzea, kotxeko istripuak... Askotan ahaztu ere egiten gara aldi batean horrenbeste min eman ziguten traumatismoekin, jada “denbora asko pasa delako”. Jende asko, kontsultara datorrenean, harritu egiten da euren bizitzan aintzat hartzeko moduko kolperen bat izan ote duten galdetzen diedanean eta erantzuna ondokoa izan ohi da: “denbora asko pasa da, kolpe horrek orain ez dit minik ematen”. Baina arazoa ez da molestiaren bat eragiten duen edo ez, baizik eta kolpe horrek utz dezakeen arrastoa. Gorputza arazo bati konponbidea emateko gai ez denean, gutxienez gehiago molesta ez diezaion lortzen du. Baina horrek gero zein isla izaten du gorputzean? Artikulazioetako blokeoa, mezuak igarotzea galarazten duen kontrakturaren bat, hainbat muskuluren aldi bereko kontraktura...
Oraingo honetan haurdunaldi batez ari gara hizketan, eta kasu horretan ondoriorik berehalakoena da haurdunaldi amaieran mina sentitzea, orduan hasten baita pelbisa eraldatzen, edota posible da baita ere haurra etengabe toki berean “iltzatuta” geratzea. Pelbisa nahikoa zabaltzen ez bada, haurra daukan tokira egokitzen da. Batzuetan ez du buelta ematen eta ipurdiz geratzen da toki falta daukalako. Eta aurrerago litekeena da pelbisa behar beste ez zabaltzea, dilatazioa nekezagoa izatea, eta hainbat kasutan baita ez dilatatzea ere.
Nire gomendioa da haurdunaldian zehar edozein molestia edo min izanez gero, osteopatarengana joatea. Inolako arazo medikurik ez badago ere, osteopatiak lagundu dezakeelako haurdunaldiko nahiz erditzeko arazo mekanikoak saihesten. Eta arazo medikuren bat baldin badago, berriz, askotan sintomak arintzeko balio du.
ZIATIKA
Haurdunaldian ziatikako minarekin hasi naiz. Bizkarreraino eta hanketan behera zabaltzen zait, beti eskubiko aldean; batzuetan saihetsetan ere izaten dut mina. Eta gidatzerakoan dezenteko molestia sentitzen dut. Nola arindu dezaket min hori?
HAURDUNALDIAN ZEHAR IZATEN DEN arazorik ohikoena da ziatika, baina konponbide nahiko erraza du. Min hori eragiten duena nerbio ziatikoaren narritadura da. Narritadura hori muskuluetan edota ornoetan gerta daiteke. Zenbat eta min handiago eman, orduan eta gehiago uzkurtzen da parte hori; eta zenbat eta gehiago uzkurtzen den, orduan eta min handiagoa ematen du.
Sorgin-gurpil moduko batean sar gaitezke hor. Beraz, komeni da mina zabaldu baino lehen konponbidea bilatzen saiatzea. Muskuluaren uzkurdura saihetsetara heltzen denean, sahietsarteko nerbioren bat harrapa dezake. Eta nerbio horien ibilbidea bizkarrezurretik esternoirakoa denez, minaren ibilbidea ere horixe bera izango da. Bularreko mina ere eragin dezake, eta min horrek arduratu egiten gaitu batzuetan.
Momentuan bertan mina arintzeko —aldi baterako bederen—, luzaketa-ariketak egin daitezke, baita yoga ere, edota masajeren bat hartu. Baina, horrelako kasuetan beti gomendatzen duguna da lesioaren jatorria tratatzea eta sorgin-gurpila etetea.
Gidatzean molestia sentitzen baduzu, esan nahi duena da fisikoki mugatuta zaudela, eta haurdunaldiak aurrera egin ahala egoera hori okertzen joango dela. Beraz, lehenbailehen osteopata batengana joatea gomendatuko nizuke, egoera hori gehiago okertu baino lehen. Zenbat eta lehenago egiten duzun tratamendua, orduan eta azkarrago arinduko zaizu mina eta jarriko diozu konponbidea.