Nerea Etxaide | Osteopata

LUNBALGIA HAURDUNALDIAN

Haurdunaldiaren laugarren hilabetean nago eta azkenaldian mina sentitzen dut lunbago aldean, batik bat eskuinaldean. Mina aregotu egiten da lanorduetan, eserita egotean, eta arindu adibidez paseatzerakoan. Zerk eragiten du, eta nola arindu?

HAURDUNALDIAN EZ DA SABELALDEA bakarrik hazten, gorputzak hainbat aldaketa jasaten ditu 9 hilabetean zehar eta horiek benetako esfortzu-proba bilakatzen dira organismoarentzat. Lehen minik ematen ez diguten zonaldeak orain nabaritu egiten ditugu, sendatuak uste genituen lesio zaharrak berriz agertzen dira, eta alderantziz.

Zure kasuan, esango nuke uteroa tamainaz handitzen hasi dela, eta pisua hartu du. Pisu horri ligamentuek eutsi behar diote: uteroa estuki lotua dago iliakoetara eta sakrora, eta, beraz, uteroan izandako aldaketek eragin zuzena dute egitura horietan. Hazten doan heinean bertikalizatzen doa uteroa, askatzen eta luzatzen ari balitz bezala, eta zenbait unetan pelbisaren estatika azkar aldatzen da. Egun batetik bestera, pelbisak modu desberdinean banatzen du pisua hanken gainean, desberdin zapaltzen dugu, eta bizkarrezurra ere egokitu egin behar da aldaketa horietara. Bizkarrezurrak bere funtzioa bete-tzen jarraitu behar du, ondo lerratuta, minik eman gabe, eta lesio zaharrek min eman dezaten saihestuz. Baina batzuetan hori guztia ez da posible: pelbisa aldatzen da, baina lunbar aldeak denbora bat behar du aldaketa horretara egokitzeko, edo lesio bat konpensatzeari uzten dio, edo zapaltzeko modua aldatzen da eta tendinitisa agertzen da txorkatilean edo belaunetan...

Osteopatiak erakutsiko digu eraginkorra dela gure gorputzari egin behar dituen aldaketetan laguntzen, etapa bakoitzeko aldaketetara egokitzen laguntzen. Modu horretan, erosoago senti gaitezke prozesu guztian zehar, eta erditzeko unera gure kondiziorik honenetan iritsiko garela ziurtatzen dugu.

Era berean, gomendagarria da erditu ondoren errebisio bat egitea, ikusteko ea laguntzarik behar ote dugun normalitatera itzultzeko prozesu horretan. Ohikoa da gure gizarteak bigarren plano batean uztea amaren ongizatea baldin eta erditzea normala izan bada, baina aldarrikatu behar dugu beharrezkoa dela erditze ondorengo zain-tza erditu aurrekoa bezain ona izatea. Zorionez, geroz eta arreta handiagoa eskaintzen diogu zoru pelbikoaren zaintzari, baina gorputz osoa da zaindu beharrekoa.


HAIZEAK

Nire alabak haizeak izaten ditu digestio garaian. Osteopatia lagungarria izan al daiteke?

ZEIN DA ZURE ALABAREN adina? Beti izan al ditu haizeak? Tripako mina izaten du, edo haizeak botatzerako orduan sentitzen du mina? Faktore horiek guztiak lagungarriak izan daitezke jatorria zein den ikertzeko orduan. Ohikoenak aipatuko ditut:

- Nerbio bagoan irritazioren bat dago. Nerbio bori buruan bertan hasten da eta liseri-aparatura iristen den agindua aldatuta egongo da. Buruhezurra landuta askatu daiteke segur aski nerbioa harrapatuta dagoen puntua, edo konprobatu beharko genuke nerbioa bere ibilbideko beste punturen batean ote dagoen harrapatuta.

- Bizkarrezurra ez da modu askean mugitzen eta alterazioren bat dago beste nerbioren batean, zeinek eragina duen hesteen lanean. Zenbat eta denbora gehiago pasa janariak hestean, orduan eta gehiago fermentatuko da, eta are haize gehiago sortuko ditu.

- Intolerantzia bat dagoenean, alergia izatera iritsi gabe.


Kasu horretan, gorputza ez da gai jakiren bat modu egokian asimilatu edo digeritzeko. Intolerantzia arina bada, haizeak sor ditzake, baina baita beste sintoma gehigarri batzuk ere.


BIZKARREZURRA OKERTUTA


Gure semea bat-batean asko hazi da azkenaldian, eta agian bere altuera berriarekin deseroso sentitzen delako, makurtuta ibiltzen hasi da, bizkarrezurra okertuz. 
Osteopatia lagungarri izan al daiteke postura zaintzen ikas dezan?

HAZTEN ARI GARENEAN, hainbat desdoitze gerta daitezke, baina denborarekin, gorputzak berak doitzen ditu horiek, bai zuzenduz edo bai inguruko egiturak egokituz.

Garrantzitsua da eskoliosisik ez dagoela ziurtatzea, hau da, bermatzea bizkarrezurra ez dela okertzen norabide ez fisiologikoetan. Diagnostiko hori pediatrak egin beharko du.

Bat-batean asko hazten diren umeen kasuan, aholkatuko nuke fisioterapeuta edo osteopata batek jarraipena egitea umearen garapenari. Nire ustez bi diziplina horiek lagungarriak izan daitezke haurrarentzat mina dagoen kasuetan, baita bere gorputza nola kudeatu eta postura egokia nola mantendu irakasteko ere.

Beste kontu garrantzitsu bat izaten da alde psikologikoa (konplexu fisikoen gaia), garrantzia handia har dezakeena nerabezaroan. Fisikoki egiten den lanaz gain, arlo hau ere landu beharrekoa izango da.