Nerea Etxaide | Osteopata
ERDITZE ZAILA
Erditze zail baten ondoren, adibidez, bentosak erabili direnean, zenbat denbora itxaron behar da osteopatarekin lanean hasteko?
OSPITALETIK IRTEN ORDUKO eraman dezakegu haurra balorazio-osteopatiko bat egitera. Eskuekin modu leunean lan eginez, haurraren garezurra tratatzen has daiteke. Horrela, tentsioak, distentsioak edo gehiegiz-ko konpresioak desegin ditzake, eta hori erabat onuragarria izango da haurrarentzat.
Doitze-saio bat bezala izango da osteopatarekin egindako hitzordu goiztiarra. Dena dela, horrek ez ditu ordezkatu behar pediatrarengana egin beharreko derrigorrezko bisitak, ezta haurrak behar duen beste edozein espezialistarekin egin beharrekoak ere. Kontsulta horiek desberdinak dira, eta, horrenbestez, osagarriak.
Garezurreko tratamendua, zenbat eta goiztiarragoa, orduan eta eraginkorragoa izango da:
- Oso erraza da egiteko jaio eta ondorengo hiru hilabeteetan. Hezurrak ez daude formatuta eta malguak dira, eta denboraldi onena da forma-anomaliak zuzentzeko.
- Erraza da 3 hilabete eta 6 hilabete artean. Fontanela batzuk itxita daude, baina oraindik ere garezurra malgua da eta bestelako asimetria batzuk zuzendu daitezke.
- Ez da hain erraza 6 eta 12 hilabete artean. Garezurra egituratzen ari da eta denbora nahiz saio gehiago behar dira emaitza egokiak lortzeko.
- Zailagoa da urtebete eta 3 urte artean. Fontanelak hezurtuta daude; disfuntzioak zuzentzea posible da, baina modelatzea gero eta zailagoa da.
- Gero eta zailagoa da 3 eta 6 urte artean. Garezurra trinkotzen ari da, eta 6 urterekin garezurraren oinarria kartilaginosoa hezurtuta egongo da.
Jakin behar da zenbat eta lehenago tratatu haurraren garezurra, orduan eta azkarragoa eta errazagoa izango dela tratamendua, eta emaitzak hobeak. Garezurreko nahiz aurpegiko asimetriak modelatzeko, ahalik eta azkarren esku hartu behar da.
Bestalde, garezurraren mugikortasun-galerak normalizatzeko, ez dago adin-mugarik esku hartzeko.
MUKIAK
Nire semeak muki asko du belarrietan. Zer egin daiteke?
HAUR JAIOBERRIETAN, jaten ematerakoan haurra aldez alda-tzea gomendatzen da. Titia ematerakoan modu naturalean egiten da, baina ez hainbeste biberoia ematerakoan, pisua hartzeko erosoena egiten zaigun postura erabiltzen baitugu. Hartualdi bakoitzean, zurrupatzeak ponpaketa bat sortzen du entzumen-kanalean, eta horrek lagundu egiten du mukiak eztarri aldera jaisten, eta entzumen-kanala garbi mantentzen. Modu horretan, belarriak gehiago drainatzen du, altuago baitago.
Jaiotzatik ikusten badugu belarria urratzen duela, edo belarria kentzen saiatzen dela, horrek esan nahi du zonalde horretan tentsioren bat duela. Osteopata batek egoera baloratu behar du, belarrietan tentsioren bat eragin dezaketen baldintzak egon baitaitezke.
IPURDIZ DATOR
Hardun nago eta nire alaba ipurdiz dator. Osteopatiaren bidez eman al diezaiokegu buelta?
BAI ETA EZ. Nik kontsultan amaren tentsioak eta mugimendu-murrizketak lantzen ditut. Behin gorputzak bere berezko elastikotasuna eta malgutasuna berreskuratzen dituenean, naturak bere bidea egiten du eta haurrak bere kabuz buelta ematen du. Hala ere, zenbait kasutan beharrezkoa da estimulatzea buelta ematen has dadin.
Osteopata batek ez du ebertsio-maniobrarik egingo, eta ez du modu agresiboan manipulatuko haurra, beraz ez da osteopata haurrari buelta ematen diona, bidea erraztu besterik ez du egiten. Lan hori interesgarria da; izan ere, zure alabak bere kabuz buelta ematen ez badu eta ginekologoarekin ebertsio-maniobra egitea erabakitzen baduzue, dena errazago eta arinago joango da. Zenbaitetan haurrak ez du buelta ematen inolaz ere; horrelakoetan, errespetatu egin behar da, hori eragozten duen arrazoi fisiko bat egon baitaiteke, adibidez, umetokiaren forma edo kordoiaren bueltaren bat. Batzuetan hori erditzearen ondoren ikusten da.