Nerea Etxaide | Osteopata

ESKOLIOSIA

Gure umeari eskoliosia edo bizkarrezur okerra duela diagnostikatu dio pedriatrak. Zertan eragin diezaioke horrek? Osteopatia lagungarria izan daiteke?

BIZKARREZURRAREN DESBIDERAKETA da eskoliosi deitzen duguna. Eskoliosia konpentsatua izan daiteke (S formakoa) edo ez konpentsatua (C formakoa). Ornoak ez daudenean biratuta, umeak jarrera eskoliotikoa duela esaten da. Aldiz ornoak biratuta baldin badaude, baliteke egiturazko eskoliosia izatea.

Eskoliosi mailaren edo bizkarrezurraren kurbaren arabera, eragina izan dezake gorputzaren malgutasunean, mugikortasunean, arnasketan... baita mina sortu ere. Aldeetako batean nerbioak estutuago egon daitezke, eta horrek mina eragin dezake, eta, luzera begira, baita funtzionamendu arazoak sortu ere.

Eskoliosi arin batek ez du arazorik sortu ohi, eta, ohitura osasungarriak izanez gero, erabat funtzionala izan daiteke. Eskoliosi kasuetan erradiografiak (edo beste proba batzuk, beharrezkoa bada) oso baliagarriak dira, baita diagnostiko mediku zehatza jasotzea ere. Diagnostikoaren zehaztasunak pronostikoa eta garapena baloratzen lagunduko digu, medikuak urte batzuetan zehar bizkarrezurra ebaluatzen jarraituko baitu.  

Umearen adinaren eta bizkarrezurraren malgutasunaren arabera, horren okerdura maila hobetu egin daiteke. Jarrerazko eskoliosi kasuetan, guztiz zuzendu daiteke, jatorri muskularra baitu; edo, gutxienez, mina eta mugikortasuna hobetu daitezke epe luzera. Dena dela, adina eta eskoliosi gradua jakin gabe, zaila da ñabardurak ematea. Kasu hauetan osteopatiak asko lagun dezake, bai epe motzera bai epe luzera. 


BURUKO MINAK

Nerabezarora iristearekin batera, buruko min handiak izaten hasi da gure alaba. Hainbat proba egin diote, eta ez dagoela arazo neurologikorik edo bestelakorik ziurtatu digute. Aipatu digutenez, postura kontua ere izan daiteke, zerbikalen gainkarga... Osteopatiak erantzun diezaioke bere arazoari?

BEHIN ARAZO NEUROLOGIKOAK BAZTERTUTA, osteopatak gorputz guztia ebaluatu eta minaren iturburua aurkitu behar du. Min horrek garezurraren oinarrian, zerbikaletan, masailezurrean izan dezake jatorria, besteak beste. Izan ere, min guztiak ez baitira mina sortu den leku berean edo hortik gertu agertzen.

Esan ohi dudan bezala, medikuak ez badu egituran arazorik aurkitzen, are aukera gehiago izango du osteopatak arrakastarako. Izan ere, arazoak ez badira egiturak sortutakoak, orduan funtzioa izango da arazoaren iturburua, eta hori osteopataren eremua da. Hain zuzen, ondo ez dabilen funtzioa bere onera ekartzea da osteopatiaren helburua.

Nerabezaroan aldaketa fisiko eta emozional asko gertatzen dira, eta horiek proban jartzen dute gorputza, egitura asko tenkatzen dituzte. Ez litzateke harritzekoa izango buruko min horien jatorria muskularra izatea; min oso intentsoak izan daitezke, gainera. Osteopatak arazoaren jatorria aurkitu eta artatu dezake, edo profesional egokiarengana bideratu kasua.


HAURDUNALDIAN

Haurdunaldiaren azken hilabeteetan likido asko ari naiz pilatzen eta asko puzten zaizkit hankak. Zer egin nezake, masajeek lagundu dezakete?

KOMENIGARRIA DA haurdunaldi guztian zehar osteopata batek jarraipena egitea, amaren gorputzari haurdunaldiaren garapenera egokitzen lagunduko baitio.

Batzuetan likido-erretentzioa hormonek eragindakoa da; besteetan, haurraren posizioak eragiten du. Azken kasu honetan, osteopatia lagungarria izan daiteke, haurraren sostengu den pelbisaren posizioa hobetzen lagunduta.  

Oro har, gomendagarria da ariketa fisiko arina egitea, ura edatea, igeriketa egitea, edo, besterik gabe, ur gainean egotea. Dena dela, emaginak eman behar ditu kasu bakoitzera egokitzen diren gomendioak. 


SOLIDORIK JAN GABE

Nire alabak hortz guztiak dauzka, baina ez du solidorik jaten. Zer gertatzen zaiola uste duzu?

IKUSI BEHAR DA EA BA OTE DUEN kuriositaterik solidoa probatzeko. Ahora eramaten saiatzen al den, baina ondoren baztertu egiten ote duen. Beti horrela izan al den, edo jarrera aldatu al duen.

Arazoak jatorri emozionala izan dezake bere ingurunean aldaketaren bat egon baldin bada; anai-arreba berri baten iritsi bada edo banaketa bat egon bada, adibidez. Hortzekin arazoren bat duelako ere izan daiteke, edo murtxikatzeko funtzioan arazoren bat duelako; adibidez, oklusio (goiko eta beheko hortzek bat egiten duten modua) arazo bat izan daiteke. Bestalde, gerta liteke eztarriko arazoren bat egotea arazoaren jatorrian.

Pediatrak ez badu arazorik aurkitzen, odontopediatrarekin edo osteopatarekin kontsultatu daiteke. Osteopata bezala, esan diezazuket oso erraz konpontzen diren arazoak aurkitzen ditugula. Ikusi izan ditut erditzean edo lehen urratsak ematen hasitakoan erori eta okertutako masailezurrak, zerbikaletan jatorria duten tentsioak eztarrian… horiek guztiek konponbide ona izaten dute.


ZESAREA

Nire bi haurrak zesarea bidez jaio dira, dilatazio-ordu luzeen ostean. Hain garrantzitsua bada erditzeko kanaletik igarotzea, ez daudela ondo esan nahi du? 

HAURRAK BAGINAREN KANALA igarota erditzea da onena, modu horretan presio-aldaketak eta estimuluak egokiak baitira. Zesarea batean, presio-aldaketa bortitza da,  eta garezurra ez da modelatzen. Horrek ez du esan nahi haurra ez denik ondo egokituko, edo ezinbestean ondorioak izan behar dituenik. Gerta daiteke zesarea bidez jaio eta estimulu guztien beharrik ez izatea.

Dena dela, erditzearen ondoren osteopatarekin kontsultatzea aholka-tzen dugu, ahalik eta azkarren ar-
tatzeko balizko beharrak. Pediatrarekin egiten den errebisioan bezala, horrek ez du esan nahi haurra gaixorik egon behar denik.

Zesareak, dilatazio luzeak, instrumentalizazioak… daudenean tarteko, orduan bereziki gomendatzen dugu osteopatarekin kontsultatzea, kasu horiek izaten baitira sarrien osteopataren esku-hartzea eskatzen dutenak.