Leire Ibarguren, Zarauzko Lizardi BHIko irakaslearen artikulua.
Hezkuntza arloan, etengabe ari gara gure ikasleak hezten, egiten, esaten eta isiltzen dugunarekin. Eta gure ikasleei gehien interesatzen zaiena, gainera, gure bizitza pertsonala izaten da gehienetan. Hori abagune ederra da, heteroarautik kanpo kokatzen diren bizitzak erakusteko eta askotan LGTBI+ identitateen baitan kokatzen garenok eredu izateko aukera eta ardura sentitzen dugu. Batzuetan, ordea, ikastetxeak ez dira espazio seguruak irakasleontzat ere, eta kontraesanez betetzen zaizkigu kontzientziak.
Ikasleak askatasunez hazi daitezen, heteroarauaren propaganda egiteari utzi behar diogu lehendabizi. “Ezkonduta al zaude?”, “seme-alabak dituzu?”, “mutil-lagunik ba alduzu?” eta halako galderen aurrean bestelako eredu ez-normatiboak azaleratuz, esaterako. Gure lagunez edo zaintzen ditugun lagunen seme-alabez hitz egin ahal diegu, baita espero ez duten gure parte “ez-normatiboa” erakutsi ere. Denok apurtzen baitugu araua, nahiz eta ez erakutsi, nahiz eta ezkutuan eraman. Egunerokoan aipatzen dizkiegun bizipenetan eta adibideetan, sotilki baina kontzienteki, paisaia ez-normatiboak marraztu behar dizkiegu, heteroaraua indartzen duten esperientziak baztertuz. Beraz, heterosexualitatean eta itxurazko heteroarauan murgilduta daudenek ere badute ardura ikasleei bestelako ereduak ikusarazteko. Eta seguru, armairutik zer atera ere badutela!
Horrez gain, arnasguneak behar dira ikasleentzat, irakasleentzat nahiz gurasoentzat. Heteroarauaren krudeltasunetik kanpo bizitzeak merezi duela, eta kolektiboki antolatuta, poza eta askatasuna topatzen ditugula erakutsi behar diegu. Zarauzko Oteiza, Lizardi eta Monte Albertiako ikasleen artean burutu ditugu halako saio pare bat LGTBI+ kolektiboetan antolatuta dauden ikasle ohiekin eta indartuta eta gehiagorako gogoz atera ziren ikasleok saioetatik.
Ondorioz, maiatzak 17, ekainak 28 eta halako egun sinbolikoetatik haratago, eraiki ditzagun egunerokoan paisaia ez heteroarautuak eta LGTBI+ arnasguneak ikas komunitateetan. Eta baztertu dezagun behingoz, egunerokoan egiten den propaganda heteronormatibo hori guztia. Denon ardura da eta.