Arantxa Urbe irakaslearen eta hikhasitarraren iritzi artikulua.

 

Palestinako hezitzaile baten azalean jartzen saiatu nahi dut, gazatar batena, zehazki. Haren eskolarako itzulera eguna bizi. Haren sandaliak jantzi, eskolako giltza poltsikoan hartu eta lantoki duen/izan zuenaren bidea hartu.

Baliteke eskolako aterik ez aurkitzea, giltza sartzeko sarrailarik ez egotea. Kontuan izan, Palestinak Estatu Espainiarrean duen enbaxadak dioenez, Gazako ikastetxeen % 92 suntsitu dituela Israelek bonbardaketa, tiroketa eta gose itxura eman dion gorrotoak. Akaso, sarraila aurkitu, giltza sartu eta atea zabalduko da. Beste aldean, txikizioa aurkituko dut, edota eskola derrigorrez desplazatuak izan diren milaka pertsonen aterpe bilakatua.

Ate ondoan geratuko naiz, nor hurbildu zain. Izan ere, NBEk dioenez, azken hiru ikasturteetan ikasleen % 60k ezin izan du inolako ikasketarik jarraitu, 18.000 izan omen dira erailak eta auskalo zenbat zaurituak. Palestinar Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziak (UNRWA) esan du 660.000 haur gazatarri hezkuntza eragotzi zaiela. Zer ikusi ote dute hurbiltzen direnen begiek? Bonben ziztuak eta eztandak gortutakoek entzun ote dezakete beste ezer? Heriotzak eta minak harrapatu dituenak nola ulertuko du justizia hitzaren esanahia? Non kabituko zaie irakaspenik bizirauteko ikasketa guztiak dituztenei?

Hezkuntza sarea suntsituta dago eskolako obra-hondakinen azpian. Ehundaka mila hildakoen artean izen-abizena zuten ikasle, irakasle, guraso, hezkuntza ikuskari, psikologo eta beste hainbat profesional daude. Zaurituez gain, kalkulatu da, gutxienez, 246 hezkuntzako langile erail dituztela: hezitzaile zein administrazioko langile.

Errealitateak beti gainditzen du fikzioa, beti. Palestinan eta Gazako zerrendan Israelek palestinarrentzat diseinatu duen genozidioa ez luke errealitate behar; ez haientzat, ez inorentzat. Ez dut eragiketarik ezta zenbakirik aurkituko herri oso bat akabatzeko helburuz martxan jarri duten gerrak dirutan zenbat kostatu duen kalkulatzeko. Diru horrekin zenbat eskola eraiki, hornitu eta martxan jarri ahalko lirateke? Zenbat hezitzaile-jende eta drama humano hau jaso eta, apika, bizitzaren lekuren batean kokatzen ahalegindu daitezkeen profesional kontratatu ahal izango lirateke?

Gizateriaren etikak eta balioek porrot egin dute. Bihotza uzkurturik daukat. Ezin dut palestinar hezitzailearen lekua hartu, horroreak irentsi nau. Sandaliak erantzi eta giltza itzuli aurretik esan nahi diot itxaropenak badituela hitzak euskaraz, eta arabierari ere aurkitu dizkiodala: الحاطاات جاميلا. Palestinarrek ere merezi dute kalitatezko hezkuntza jasotzea.