Alaia Martin | Bertsolaria

Guraso izateko mila modu daude eta pandemia batean guraso izateko, beste mila. Pandemialek izango dute zer kontatua koxkortzean.

Pandemia hastear zenean hasi genuen haurdunaldia eta bigarren olatua hastear zenean jaio zen Aiuri. Testu hau ontzeko eskatu eta idazten saiatzen hasi nintzenean kosta zitzaidan nondik hasi eta nora arte segi erabakitzen. Has nintekeen beldurraz hizketan. Nire beldurraz edo ingurukoenaz hizketan, haurrari helarazi nahi ez nion beldurraz hizketan. Haurra babesteko behar nuen beldur dosi proportzionatua zein zen ez jakiteaz. Ezinegonaz. Egunero beldurrak eraitsi eta konfiantza eraikitzeaz.

Hitz egin nezakeen bestela mediku kontsultez eta erditzearekin lotutako prestakuntzaz. Mediku kontsultetara bakarrik sartu behar izatearen tristuraz, haurraren taupadak entzundakoan —zorionez— estutzeko eskurik ez izateaz edo ispilu-malkorik ez topatzearen arrarotasunaz. Hitz egin nezakeen gurasokidearen tristuraz ere. Hitz egin nezakeen jaso ez ditugun erditze aurreko eta osteko klaseen hutsuneaz. Erabat berria den esperientzia baten aurreko prestakuntza eta ziurtasuna intuizioz eraiki beharraz, senari deika gauak eta gauak igaro beharraz, buru-janean. Hitz egin nezakeen oinarrizko klase horiek beste lekuetan bilatu eta ordaindu beharraz. Hitz egin nezakeen Neixen en casa-ko profesionalen formakuntzaz, Emekiko kideen laguntzaz, Magalekoen eta Numaikoen babesaz edo Donostiako ospitalean erditzea guk nahi bezala errespetatu zuen lan-talde ederraz. Aipa nezakeen etxean erditzeko aukera publikoa izatearen balioaz; egiteke dagoen bideaz.

Hitz egin nezakeen ziurgabetasunaz, arduraz eta bakardadeaz. Familiarekin, hautatutako familiarekin eta guraso izan berriekin haurdunaldia eta erditze ostea nahi beste partekatu ezin izatearen minaz. Jaso nahi gabe jaso ditudan aholkuez, jaso nahi eta jaso ez ditudanez. Distantziaz, musukoez eta gel hidroalkoholikoaren eta esnearen usainaz.

Hitz egin nezakeen zaintzaz, bizitza erdigunean jartzearen garrantziaz eta jartzeaz harago, bizitza berez erdigunean dagoela jabetu izanaz; geu garela epizentroa aldatzen dugunak. Bizitza gertuago dago jaioberri baten arnas leunetik geure arnasestutik baino.

Hitz egin nezakeen hezteaz eta holistikoki hezteaz, ezagutzatik eta baiezko eta ezezkoen binomioen gainetik hezteaz, gorputzarekin hezteaz.

Hitz egin nezakeen pandemiari esker barrura begiratzeko denbora gehiago eduki izanaz eta Aiuriren irribarreak sortzen didan bakeaz. Ordea, hitz egin nezakeen guztiaz hitz egiteko tartea amaitu berri dut; antzokien atarietan, bidegurutzeetan edo ibai ertzetan topatuko dugu elkar.