Ixabel Agirresarobe | Ipuin kontalaria
Ai ene! Denak etxera.
Dena ilun, dena triste. Munduak bukatu behar zuen!
Etxetik ezingo genuela atera eta zigor moduan jaso genuen. Hiru seme nerabeak etxean 24 ordutan. Ederra zetorkiguna.
Ez zen txantxetarako kontua, eta derrigorrez egin behar. Hori izan zen gustatu ez zitzaiguna, bai baitakigu derrigorrezko eginkizunak ez ditugula gustuko. Nik ez, behintzat.
Azkenean, ordea, ez zen izan horrenbesterainokoa. Beste modu batera antolatzen ikasi genuen. Ahaztuta genuen nonbait zer zen elkarbizitza. Ordura arte eguna erabat antolatuta zuten gure gazteek: eskola orduak, ondoren eskolaz kanpoko jardueren bat...
Aitortu behar dut hasieran ni ere pittin bat izutu nintzela. Etxea kolonizatu zidaten. Ordura arte nire modura antolatzen nituen barruko eta kanpoko lanak eta bat-batean hori bukatu egin zen. Gainera, denak ordenagailuz eskolak jasotzen, azterketak egiten.. Eta noski, wifiak komeriak ematen zizkigunez, nire lanak azken putz!
Nahikoa pantaila jaso ez nonbait, eta lanak bukatu ondoren, mugikorrei begira, ez aspertzeko. Aspertu, aspertu. Beraiek bai aspertzen nindutela ditxosozko pantailei begira ikusten nituenean. A ze beldurra aspertzeari. Etengabeko lanera, jolasera eta eginkizunetara ohitzen dituzte, eta denbora librea dagoenean jakin ez hori aprobetxatzen.
Baina, zorionez, gauza guztietatik ikas daitekeela ezagun da. Pantailekin ere ase ziren eta orduan etorri zen sormena. Irribarrea eta aldarte onak etorri ziren. Noren etxean ez ziren sortu otorduetarako errezeta berriak, mahai-jokoak berreskuratu edo kontu kontari aritu?
Lasai antzera bizitzen ikasten ari ginela, kirolaren mamua zabaldu zen. Kirola falta zela eta kirola falta zela. Baina kontuz, galarazi zutena kiroldegira sartzea izan zen, beste lekuetara sartzea bezalaxe; ez, ordea, kirola egitea.
Eta hortatik ere ikasi genuen. Norberak bere herriko mugetan paseoak emateko aukera izan zuenean, a zer nolako arrakasta! Herri osoa atzera eta aurrera. Gure semeak ere han joan ziren, lagunen arteko denbora-pasa berria sortuz, elkarrekin bueltatxo batzuk emanez edo mendi tontorrera igoz. Hori ere kirola izango da ba, ezta? (Hobe horrela, kiroldegian akuriak zintan bezala korrika inora joan gabe ikustea baino).
Herriko jaiak bazetozen eta ezin ospatu. Hau deskalabroa! halere, sormenari esker beste modu batera ospatu ziren. Lasaiago.
Eta orain 22:00etarako etxera. Nerabeei ez zaie gustatuko, baina nik, amak, kezka bat gutxiago dut. Ez dut etxeratzeko ordutegiarekin borrokatu behar.
Egunez ondo pasa daitekeela ikasten ari dira eta alkohola eta aisia ez direla irtenbide bakarrak ere bai.