Pandemia garain nola sentitzen diren adierazteko eta partekatzeko postalak erabili dituzte hainbat donostiarrek ‘Postalak2020’ egitasmoaren eskutik, besteak beste 344 neska-mutilek. KideOn ikerketa taldeak postalak ikertu ditu eta haietan ikusitakoaz mintzatu da Hazi Hezirekin.

Urtebete pasako pandemia egoera bizitzen ari gara heldu, gazte, adineko zein ume, eta denbora horri leiho askotatik begiratu dakioke. Donostian emozioen leihotik begiratzeko hautua egin zuten 2020ko udan eta Postalak2020 proiektua abiarazi zuten. Emozioak norbere barruan eta norberarentzat geratu ordez, egoera bera bizitu dutenekin partekatzeko aukera eman zaie donostiarrei.

Itxialditik atera eta berehala sortu zitzaien kezka proiektuaren sortzaileei: pandemiaren alderdi ekonomikoaz, sozialaz eta abarrez hitz egiten zen, baina non zegoen alderdi emozionala? Galdera horri erantzuteko elkartu ziren Eva Salaberria Donostia Lagunkoia Hiri Planaren arduraduna, Sorkunde Jaca Donostiako Udaleko Osasuna Sustatzeko erizaina eta Txemi Valdecantos Tabakalerako MediaLabeko langilea. Emozioetan arreta jarri eta emozioen errekuperazioa landu nahi zuten, eta berehala batu ziren egitasmora Emaus, Itxaropen Telefonoa eta Kutxa Fundazioa. Hala, Postalak2020 proiektua jarri zuten martxan eta donostiarrei itxialdian bizitu zutena eta sentitu zutena adierazteko aukera luzatu zitzaien: postalak banatu zituzten eta bizituriko emozioak modu anomimoan idatzi eta Tabakalerara bidali. Ondoren, Tabakalera MediaLabeko taldekoek irakurri eta postal bakoitzean kontatzen zutenaren arabera etiketa hori bat jartzen zieten postalei, non esaldi, marrazki, abesti, ipuin edo film bat gomendatzen zitzaien. Eta ondotik, postalak gurutzatu eta partaide bakoitzak beste norbaitena jaso zuen bueltan. “Modu honetara, emozioak kolektibizatu dira —azaldu du Sorkunde Jaca Donostiako Udalean Osasuna Sustatzeko erizaina denak—, ‘ez zait niri bakarrik gertatzen’ konturatu dira eta kolektibizatze horrek lagundu egiten duela iruditzen zaigu. Osasunaren aldetik, emozioak mahaigaineratzean eta bakarrik ez sentitzean, egoera normalizatzera iristen gara”.

Haurrei ere galdetu nahi zieten eta Euskarako Zerbitzuak antolatzen dituen udaleku irekiak baliatu zituzten horretarako. Donostiako auzo desberdinetako 6 eta 11 urte bitarteko 344 neska-mutilek ere eurek sortutako postalak eta gutun-azalak idatzi eta marraztu zituzten euren bizipenak azalduz. Tabakalerako MediaLab taldekoek jaso zituztenean, helduen kasuan bezala, pegatina horia jarri zieten gomendio batekin eta, ondoren, ume bakoitzak beste baten postala jaso zuen. Horrela, krisi honen erasan emozionala ikustarazteko proiektuak sortutako katearen zati bihurtu dira neska-mutil horiek.


Postalak ikertzen
Postaletan baliozko materiala zutela ohartu ziren egitasmoaren bultzatzaileak eta KideOn ikerketa taldeko kideekin jarri ziren harremanetan postaletako hitzak eta marrazkiak aztertzeko eta interpretatzeko. Nahia Idoiaga, Amaia Eiguren, Naiara Berasategi, Naiara Ozamiz, Maitane Picaza eta Maria Dosilek hartu zuten postalak ikertzeko lana, batik bat marrazkiak. Izan ere, Nahia Idoiagak dioenez, “marrazkiak oso baliabide egokiak dira haurren ahotsa eta bizipenak jasotzeko. Haurrak txikitatik marrazkiak egiten oso ohituta daude, euren espresiobide nagusienetako bat da eta askotan hitzez esaten ez dakizkiten hainbat emozio eta gauza adieraz ditzakete marrazkien bidez”.

Postalak aztertuta atera duten ondorio garrantzitsuena zera izan da: umeek pandemiaren inguruan irudikapen argia dutela. “Askok birusa bera marraztu zuten”, azaltzen du Idoiagak. “Adinaren arabera batzuk fantasiosoagoak, ahoa, begiak eta abar jartzen zizkioten birusari; eta beste batzuk oso irudi errealak, albistegietan ikusten zuten bezalakoa”.

Bigarren ondorio gisa atera dute babes neurriak oso argi dituztela; hau da, maskarak erabiltzea, eskuak garbitzea, distantzia soziala mantentzea... “Une hartan uda zen eta deskonfinamenduko pausoak zein ziren oso argi zuten”. Horrekin batera, hainbat gai oso presente agertzen ziren: itxialdia; txertoaren inguruko gorabeherak; medikuen eta osasun langileen garrantzia —heroi gisa marrazten zituzten—; eta baita heriotza ere. “Heriotza ere adierazi zuten eta nahiko garrantzi handiarekin. Birusa heriotzarekin lotzen zuten. Ez zuten beraiek hiltzeko beldurra adierazten, baizik eta jendeak zenbat sufritu duen honen inguruan”. Batek baino gehiagok marraztu zuen mundua maskarekin eta “mundua gaixo dago” idatzi.

Emozioei dagokienez, orokorrean, emozioen zurrunbilo batean bizi izan dira: pozik sentitu ziren etxean gurasoekin edo kalera irtetean; triste ere bai lagunekin ezin zutelako egon; eta gaizki ere bai. “Gehien azaltzen zen emozioa tristura zen eta bereziki deigarria egin zaigu gaizki sentitzen zirela adieraztea, baita idatziz ere”, aitortzen du Idoiagak. “Baina gero ez zekiten izen-abizenik jartzen tristura horri eta izendatzea oso garrantzitsua da. Horregatik, horrek lanketa bat eskatzen du, baliabideak eta lanabesak beharko lituzkete zerk sentiarazten dituen gaizki adierazteko”.

Maskararen erabilera ere emozioekin lotzen zutela dio KideOneko partaideak. “Askok adierazi zuten ‘maskararekin ez naiz ondo sentitzen’, ‘txarto sentitzen naiz’, ‘nekatuta sentitzen naiz, baina badakit zaintzarako edo besteak maitatzeko bidea hau dela. Hau da gure artean zaintzeko bidea’. Azken hori 6-10 urteko umeek esatea oso ahaltsua iruditzen zait”.

Irudiek erakutsi duten beste alderdi bat etxean egiten zutena izan da eta “oso deigarria izan da etxe barruan zeuden garaian pantaila pila bat margotzen zutela: bideo-jokoak, sare sozialak, telebista... denetarik. Pantaila bere bertsio guztietan. Beraz, horrek ere lanketa bat beharko du. Etxe barruan egon direnean pantailetara oso lotuta egotera ohitu dira eta 6-10 urteko umeak dira”, dio Idoiagak. “Baina, aldi berean, pila bat azpimarratzen zuten zelako beharra zuten naturaz gozatzeko, mendira joateko, hondartzara joateko, kirola egiteko, parkera joateko... Beraz, mugimendu behar hori ere kontuan hartu behar da. Haien mugimendu behar hori asetzeko ere lanabesak eman behar zaizkie, edo aukerak behintzat”.

Azkenik, Idoiagak marrazkietan islatutako beste alderdi bat ere aipatzen du: alderdi soziala. Hau da, inguruko jende asko faltan bota zutela zioten, bereziki familiakoak eta lagunak. “Eta horrek beste hausnarketa batera garamatza: nahiz eta beraien artean pantailen bitartez erlazionatu itxialdiaan, euren erlazionatzeko modu naturala aurrez aurrekoa da. Beste guztian ez dira hain ondo konpontzen, ez dituzte asetzen euren erlazionatzeko beharrak eta premiak”. Lagunekin egoteko zuten beharra handia zen eta udan udalekuak baliatu zituzten haiekin egoteko.
 

Aintzat hartzeko egoera da
Modu zientifikoan azaldutako hau era dibulgatiboan zabaltzeko ipuin bat sortu dute (https://2020postalak.eus/eu/postalak-2020-eu/). Itxialdiaren ondorengo unean haurrek bizi izan zutena jakiteko baliagarri izango da eta baita erreminta gisa beste umeekin lantzeko eta haiek bizi izan dituztenak ere ateratzeko. Idoiagaren iritziz, “pandemiaren ondorioak esplizituki landu behar dira eta horretarako lanabesak izatea funtsezkoa da. Urtebete baino gehiago daramagu pandemian, gero eta karga mental eta emozional handiagoarekin, eta hori lantzeko baliabideak behar dituzte gurasoek eta irakasleek”. Umeek izugarrizko erresilientzia eta egokitzeko gaitasuna dutela esan arren, horrek ez du esan nahi iragazgaitzak direnik eta ez duenik eraginik eurengan. “Aitzitik, eragina du eta horren kontziente izan beharko genuke helduok, zerekin bizi garen eta zerekin lan egiten dugun, alegia”, dio Idoiagak.