Azken hilabeteetan jardunaldi ugari egin dira pantailek hezkuntzan izan beharko luketen rola aztertzeko. 

 

Erreportaje honetan HUHEZIko Amaia Arroyo Sagasta, Murtziako unibertsitateko Marimar Sanchez eta Madrilgo Camilo Jose Cela unibertsitateko Laura Cuesta Cano irakasleen eta CSICeko Cesar Rendueles soziologoaren hitzak jaso ditugu. Guztiak bat datoz: oro har, trantsizio digitala ez da egin eta ikasleak hezi, hezi eta hezi egin behar ditugu erabilera arduratsua eta osasuntsua izan dezaten.

 

Teknologiak eta hezkuntza. Binomio zaila, baina, binomio ezinbestekoa. Azken hilabeteetan eta asteetan hainbat jardunalditan heldu diote gaiari, binomio horren erantzun egokia eman ahal izateko. Ondorioa: hezkuntza, hezkuntza eta hezkuntza. Haurrak, nerabeak eta gazteak ez ezik, helduok ere hezi behar dugu eta konpetentzia digitala garatu: hau guztia gelditzeko etorri baita eta alor pertsonalean, familiarrean, sozialean, profesionalean eta, zer esanik ez, hezkuntzan eragiten ari da.

Alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatu ditu hainbat jardunaldi: BECen, besteak beste, Maria del Mar Sanchez Vera Pedagogian doktorea, Murtziako Unibertsitateko Hezkuntza Teknologiaren Ikerketa Taldeko kidea eta Didaktika eta Eskola Antolaketa Saileko irakaslea mintzatu zen Telefono mugikorrak eta erloju adimendunak jardunaldian, urriaren 11n; Gasteizen Hezkuntza eta Teknologia jardunaldietan, urtarrilaren 31n, Laura Cuesta Cano Madrilgo Camilo Jose Cela unibertsitateko irakaslea eta Amaia Arroyo  Sagasta Komunikazioan eta Hezkuntzan doktorea eta HUHEZIko irakaslea hizlari izan ziren. Beste alde batetik, EH Bilduk ere, besteak beste Arroyo Sagasta gonbidatu zuen, Pantailekin zer? jardunaldira urtarrilaren 15ean, eta Cesar Rendueles Filosofian doktorea eta CSIC Ikerketa zientifikoaren kontseiluko ikerlaria ere izan zen hizlari. Helburuan bat egin zuten guztiek: teknologien erabilera kritikoa, osasuntsua eta arduratsua sustatu behar da, eta, horretarako, beharrezkoa da familiek, irakasleek eta komunitateak elkartuta, hezkuntza proiektuetan sakontzea.

Egoerak kezka sortzen du, hori ezin da ukatu. Horregatik sortu dira hainbeste jardunaldi azkenaldian. Albistegietako titularrek kezka elikatzen dute askotan —pantailei “kokaina elektronikoa” deitzen dieten lerroburuak, edo nerabeei “lerdo digitalak” deitzen dietenek, kasurako—. Renduelesek esan zuen moduan, penduluaren mutur batetik bestera joan da teknologien gaia: “Duela 10-15 urte teknologiei buruzko lerroburuek onurak soilik nabarmentzen zituzten; dena abantaila zuen teknologiak hezkuntzan eta gazteengan. Orain ez dugu beste muturrera joan behar: ez ditugu gizarteko gaitz guztiak teknologiekin lotu behar”.

 


Konpetentzia digitala gaizki ulertu da: konpetentzia digitala ez da gauza teknikoetara mugatzen, baizik eta teknologien erabilera segurua, arduratsua eta kritikoa da

Maria del Mar Sanchez, Pedagogian doktorea


 

Poloetako diskurtsoak elikatu barik, hizlariek elkarrizketa eraikitzailerako gakoak eman zituzten hiru jardunaldietan, eta bizi dugun egoera konplexuari begiratzeko ikuspegi irekia behar dela adierazi zuten. Gaurko egoera ulertzeko eta aurrera begiratzeko gako hauek jarri zituzten abiapuntuan:

- Ez mitifikatu iragana. Cuesta: “Oraina eta etorkizuna guztiz teknologikoak dira eta izango dira, gizarte guztiz konektaktuan bizi gara, eta nostalgia gainetik kendu behar dugu. Hori da abiapuntuko arazoetako bat: iruditzen zaigu gure gaztaroa oraingoa baino askoz hobea izan zela, eta hori Sokratesen garaietatik esaten den gauza bat da”.

- Gaurko haurrak eta gazteak ez dira natibo digitalak. Marc Prenskyk 2001ean belaunaldi berria izendatzeko sortu zuen “natibo digital” kontzeptua, baina Arroyo Sagastak dioen moduan, kontzeptua urardotu egin da, eta horrek pentsaraz dezake gaurko haurrek eta nerabeek, garai honetan jaiotze hutsagatik, badakitela teknologia erabiltzen, per sé, baina argi izan behar dugu ezetz: “Umezurtz digitalak dira, eta lagundu egin behar diegu testuinguru egokiak emanaz eta geu eredu izanaz, irizpideak, konpetentziak, jarrerak eta jakintzak gara ditzaten”. Sanchezek bereizketa egin zuen: “Gaurko haurrek eta gazteek beldur gutxiago daukate gailuak teknikoki erabiltzeko, baina ez daukate kontzientziarik eta jakintzarik horiek ongi erabiltzeko. Irakasleek, aldiz, beldurra dute teknologia erabiltzeko, ez dakitelako gailua teknikoki erabiltzen, baina modu egokian erabiltzeko kontzientzia eduki behar dute”.

- Berreste alderako isuria baztertu. Arroyo Sagastak dioen moduan, bizitzako beste alor batzuetan bezala, teknologien gaian norbere iritzia berrestera datozen ikuspegiak entzuteko eta irakurtzeko joera izaten dugu, “baina hainbeste ardura eta erantzukizun eskatzen digun gai honetan garrantzitsua da bestelako iritziak entzutea, denontzat osasuntsuak izango diren soluzioak bilatzeko”.

- Ikerketak lupaz begiratu. Titular arranditsuen atzean egoten diren ikerketekin ere “ikuspegi kritikoa” edukitzeko deia egin zuten Renduelesek, Sanchezek, Cuestak eta Arroyo Sagastak, lagin murritzekin egiten direlako askotan eta korrelaziozko ondorioak ateratzen direlako, eta ez kausalitatezkoak.

- Konplexutasuna aitortu eta nahasmendua ekidin. Pantailei buruz hitz egiten dugunean, guztia zaku berean sartzeko arriskua nabarmendu zuen Cuestak: “Ez da gauza bera ikaslearen gailu mugikorra, edo smartphone bat eta hezkuntza teknologia; hezkuntza teknologiaz ari garenean, ikaslearen ikaskuntza prozesua aberastuko duten teknologiez, plataformez eta aplikazioez ari gara. Pantailei buruz hitz egiten dugunean, Instagram, Fortnite, bideo-jokoak, sare sozialak eta dena zaku berean sartzen dugu, eta hezkuntza digitala ez da hori”.

 

Abiapuntuko nahasmenduak argituta, helmuga deskribatu zuen Cuestak: “Eszenatoki idealean ikastetxe guztiek estrategia eta helburu pedagogikoekin txertatuko lukete teknologia, eta gurasoek, era berean, alfabetizazio digitalean bidelaguntza eskainiko lukete”. Errealitatean, ordea, “familiek gero eta garaizago ematen diete mugikorra seme-alabei, eta, oro har, ikuskapenik eta bidelaguntzarik gabe eta horretarako prestatu gabe”; eta eskoletan azken hamarkada honetan “gauza asko gaizki” egin direla esan zuen ahobizarrik gabe: “Gehiegi digitalizatu dira eskola horiek; gailu pila bat erosi dira, arbela digitalak, chromebook-ak, Ipadak… ezarri dira inolako metodologiarik gabe eta, batez ere, irakasleen formaziorik gabe”. Ildo beretik mintzatu ziren Rendueles eta Sanchez ere. Hainbat gauza gaizki egin direla onartzea beharrezkotzat jo zuten aurrera begira, zuzentzen hasteko. Rendueles: “Ikastetxeek oso modu akritikoan onartu dute digitalizazioa; baina trantsizio digitala ez da egin. Tablet pila bat erosi ziren, baina funtsean, liburu tradizionalak igo dira tablet horietara, eta teknologian heztea guztiz kontrakoa da: digitalaren kaxa beltza irekitzea da, gazteek ulertu eta zalantzan jarri behar dute egunerokoan aurkitzen duten teknologia”. Iritzi berekoa da Sanchez: “Testuliburu bat digitalizatu eta portatil batean online jartzea ez da ez hezkuntza berrikuntza eta ezta hezkuntza teknologia ere. Konpetentzia digitala gaizki ulertu da: konpetentzia digitala ez da gauza teknikoetara mugatzen, baizik eta teknologien erabilera segurua, arduratsua eta kritikoa da”. Harago joan zen eta zehatzagoa izan zen Cuesta: “Ez guraso moduan, ez hezitzaile moduan, inork ez dugu 3, 4 edo 5 urteko haurrik ikusi nahi hezkuntza baliorik gabeko bideoak Youtuben ikusten. Ohitura horiek alboratu egin behar dira”.

 


Irakaslea ziur egongo da teknologiak ongi erabiltzen ari dela noiz, nola eta zergatik txertatu behar dituen argi daukanean

Laura Cuesta Cano,  Camilo Jose Cela unibertsitateko irakaslea


 

Beraz, nola erabili behar dira teknologiak ikasgelan? Pertinentzia didaktikoa nabarmendu zuen Arroyo Sagastak: “Noiz da pertinentea teknologia digitalak erabiltzea? Teknologiak ikasketa prozesuari balio erantsia ekartzen dionean. Irakasleok irizpide teknopedagogiko kritikoak eduki behar ditugu erabakiak hartzeko, noiz bai/ noiz ez erabakitzeko, eta horretan testuinguruak eta aurrean ditugun ikasleek asko baldintzatuko gaituzte”. Cuestaren aburuz ere, “balio erantsia” gakoa da teknologiak txertatzeko orduan: “Irakaslea ziur egongo da teknologiak ongi erabiltzen ari dela, noiz, nola eta zergatik txertatu behar dituen argi daukanean. Edozein plataformaren, edozein gailuren, edozein softwareren edo edozein euskarri teknologikoren erabilera beti osagarria izango da, sekula ez ditu bestelako baliabide didaktikoak ordezkatuko”. Noiz, nola eta zergatik txertatu erabakitzeko, bi baldintza hauetako bat bete beharko da, Cuestaren iritziz: “Batetik, ikaslearen ikasketa prozesuan hobekuntza dakarrenean ikasgaiari dagokionez; edo, bestetik, hobekuntza dakarrenean eta mesede egiten dionean motibazioari, ikasleari ikasgaia arreta beteagoz jarraitzeko aukera ematen dionean”. Bat dator Sanchez: “Ikasleengana iristeko gero eta baliabide ugariagoak eta anitzagoak behar ditugu gaur egun, eta teknologiak beste baliabide bat gehiago dira, beti osagarriak, inoiz ez ordezkoak. Irakasleak gai izan behar du, beraz, erabakitzeko noiz erabili behar dituen liburuak, koadernoak, fitxak eta noiz robotika, programazioa, podcastak, 3D inprimagailua edo errealitate areagotua”.

 

Erabileratik konpetentziara

Eskolak erabiltzaile izatetik konpetente izateko helburura iristen lagundu beharko lioke ikasleari, hizlarien arabera. Guzti-guztiek konpetentzia digitalaren garapenean jarri zuten fokua, izan ere, curriculumek eta, zer esanik ez, gizarteko erronkek, hori eskatzen dute. Arroyo Sagasta: “Haurrak, nerabeak eta gazteak erabiltzaile huts moduan ikusten ditugu askotan, eta jauzi bat egin beharko genuke eta haiei ere atribuzio batzuk eskaini beharko genizkieke sormenean eta eraikuntzan, teknologiarekin bestelako harreman bat eraikitzeko”. Izan ere, erabiltzaile soil diren neurrian, “kontsumo hutsetik kontsumo kapitalistaren markora pasatzen gara —HUHEZIko irakaslearen arabera—. Aldiz, konpetentzia lantzen dugun heinean, erabilera desegoki hori zuzentzen da, beste marko batean kokatzen gara, eta nerabeak eta gazteak subiranotasunetik gertuago egon daitezke, teknologia gutxiago eta, batez ere, modu kritikoagoan erabiltzeko. Konpetentzia digitala esaten dugunean, horri buruz ari baikara, erabilera kritikoaz, seguruaz eta arduratsuaz ari gara”.

DigComp markoa helburu horien gainean eraikia dago, eta Arroyo Sagastak adierazi zuenez, berau dago curriculumeko "konpententzia digitala" funtsezko konpetentziaren atzean, deskriptore operatiboetan, eta hainbat urrats zehazten ditu konpetentzia digitalaz jabetu ahal izateko. Marko horrek bost dimentsio jasotzen ditu konpetentzia digitalaren barruan: 1) informazioaren eta datuen alfabetatzea; 2) komunikazioa eta kolaborazioa; 3) eduki digitalen sorkuntza; 4) segurtasuna eta 5) problemen ebazpena. “Helburua erabilera kritikoa, segurua eta arduratsua dela esaten dugu, baina ez dakit helburu hori benetan hain argi ote daukagun, beti proposatzen ditugun jarduerak, testuinguruak, ikasegoerak eta proiektuak eduki digitalen sorkuntzara eta informazioaren eta datuen alfabetizaziora mugatzen baitira, eta hori ez da konpetentzia digitala garatzea; jakintzak, trebeziak eta jarrerak trebatu gabe uzten ditugu”.

Konpetentzia digitalaren barruan, segurtasun digitalari funtsezko garrantzia ematen dio Cuestak: “Guztiaren sarrerako atea da eta lehendabizi helduok izan behar dugu segurtasunari buruzko informazioa”. Horrekin batera, konpetentzia digitalaz jabetzeko landu beharreko gai batzuk nabarmendu zituen: zer den identitate digitala; zer den arrasto digitala; zer den hiritartasun digitala; nolako jarrerak izan behar diren ingurune digitalean; eskubide digitalak zein diren eta betebehar digitalak ere zein diren; datuen babesa; gailuak eta perfilak konfiguratzea… Garrantzi berezia ematen dio halaber, pentsamendu kritikoa sustatzeari, teknologiekin ibiltzeko ezinbestekotzat jotzen baitu: “Oso azkar ari gara sartzen adimen artifizialaren (AA) eta adimen artifizial sortzailearen (AAS) garaian, eta gaur inoiz baino beharrezkoagoa da gure ikasleek pentsamendu kritikoa edukitzea, eta are gehiago, jarrera kritikoa edukitzea. Arazoa ez da gure ikasleak ChatGPtik kopiatu duen ala ez; baizik eta gakoa da AAk dauzkan joerak ezagutzen ikasi behar dutela. Ezinbestekoa da pentsatzearen ekintzan formatzea; pentsatu eta hausnartu Interneten, sare sozialetan eta mezuetan zabaltzen denaren gainean… Ez dezaten informaziorik zabaldu modu akritikoan”.

 


Teknologiari buruzko heziketa lan handia egin daiteke eta egin behar da pantailarik gabe

Amaia Arroyo Sagasta, Komunikazioan eta Hezkuntzan doktorea


 

Konpetentzia digitalaren bidez, “erabilera pasiboa ez, baizik eta erabilera sortzailea” bultzatu behar dela dio Sanchezek: “Arazoa da oso gutxi direla sor dezaketenak; erabiltzaile gehienak medio handietatik datorrenaren kontsumitzaile hutsak gara, eta horri buelta eman behar diogu”.  Harago doa Rendueles; haren ustez, teknologiek eta, batez ere, teknologika handiek nola funtzionatzen duten ezagutu beharko lukete gazteek: “Programa digital libreak garatu eta errekuperatu beharko genituzke; gazteak erabilera teknologiko okerretik, komertzialenetik eta akritikoenetik urruntzeko modurik onena software eta hardware librearen garapena dira. Sare sozialen eta teknologien erabilera komertziala gaitzesten dituzten gazteak eraiki behar ditugu, hori iruditzen zait emantzipatzaileena eta askatzaileena”. Desazkunde digitalaren aldeko apustua egin zuen soziologoak: “Ekologian desazkundearen alde apustu egitea ez da pobreziaren aldeko apustua egitea, baizik eta gai batzuetan aktibitate ekonomikoak jaistea; adibidez, alor kutsatzaileetan. Eta beste alor batzuetan, jarduera ekonomikoa igo beharko litzateke, adibidez, zaintzaren arloan. Desazkundearen ideiak ekarrita, teknologiaren erabilera jaitsi egin beharko litzateke bere dimentsio kaltegarrienetan eta alienatzaileenetan, baina hazi eta garatu egin beharko litzateke aktibitate sortzailearekin lotura dutenetan; autonomia eta askatasuna sustatzen duten ekintzetan; eta hori da, nire ustez, hezkuntzaren kasua”.

Teknologiak, noiz, nola eta zertarako txertatu zehazteko, hau da, konpetentzia digitala garatzeko erreminta-gakoa eskolako proiektu digitala da, Sanchezen arabera: “Eskolako proiektu digitalean ezarri beharko genuke, adibidez, zein erreminta bai eta zein ez dugun erabili behar ikasgelan. Erabaki egin behar dugu zer eta nolako erabilerarekin erabili behar dugun”. Irizpideak finkatzeko, datuen babesari, pribatutasunari eta erabilerari begirako erreminten analisia egiten duten dokumentu ofizialak erabiltzea gomendatu zuen (kasurako, INTEF-ena): “Oinarri didaktikoa aintzat hartuta, erremintaren bat erabili nahi baldin badugu, goazen ongi irakurtzera erabilera baldintzak sinatu edo onartu aurretik, inork ez baititugu irakurtzen. Gure kargura adingabeak dauzkagunean, bai ala bai irakurri beharko genituzke”.

Konpetentzia digitala garatzeak ez du esan nahi denbora guztian gailu teknologikoekin lan egin behar denik. Kontrakoa nabarmendu zuten hizlari guztiek. Arroyo Sagasta: “Teknologiari buruzko heziketa lan handia egin daiteke eta egin behar da pantailarik gabe”. Haatik, alderantziz egitea arduragabekeria litzateke: heziketa digitalik gabe pantailak erabiltzea. “Pantailak kentzea edo debekatzea hezteko aukera bat kentzea da —esan zuen Sanchezek—. Heldu moduan, irakasle zein guraso, gure egitekoa da haurrak eta gazteak mundu digitalerako heztea, gu hazi ginen mundua, mundu analogikoa, ez baita itzuli behar. Bizitzea egokitu zaien mundua oraingoa da, eta oraingo mundurako prestatu behar ditugu”.

 

Arriskuak aitortu behar dira

Ingurune analogikoan, hau da kalean, auzoan edo eskolan dauden moduan, ingurune digitalean ere arriskuak egon badaude, eta horiek oso presente eduki behar dira konpetentzia digitala lantzean. Ziberjazarpena, identitatea ordezkatzea, erasoak, ziberiruzurrak, groominga edota sextinga dira arriskurik ohikoenak, hizlarien arabera. Haatik, ez dira soilik eskolaren arazoa, Sanchezek dioen moduan: “Horiek arazo sozialak dira eta gazteengan arazo handiak sortzen dituzte, baina hiritargoari eragiten dion konpetentzia litzateke, eta guztion ardura da”.

Ardura sozial horrekin bat egin zuen Cuestak, eta, haren hitzetan, arrisku bideak irekitzen dituzten plataformen, sare sozialen edota bideo-jokoen aurrean jarrera bat hartzea ardura sozialeko gaia da: “Algoritmo eta produktu etikoak egin ditzaten exijitu behar diegu plataformei, eta ez ditzatela produktu adiktiboak sortu. Bereziki babes ditzatela adin txikikoak plataformetan, eta sor ditzatela benetako egiaztatze-neurriak”. Ingurune digitalean dauden arriskuei buruz txiki-txikitatik hitz egin behar zaie haurrei, teknologia eman aurretik. Sanchez: “Lehen smartphonea eduki aurretik hitz egin behar zaie groomingari buruz, sextingaz, ziberestortsioaz, edo sarean aurki ditzaketen beste arriskuez, betiere adin txikikoen hizkuntzara egokituta. Haiek gai horien inguruan gero eta gehiago jakin, orduan eta prestatuago egongo dira arrisku horiekin topo eginez gero, identifikatzeko, aurre egiten jakiteko eta helduak laguntzeko prest egongo garela jakiteko”. Hala ere, zehaztapen lasaigarri bat egin zuen Cuestak: “Ingurune analogikoan eta digitalean arrisku asko aurkituko ditugu, baina horrek ez du esan nahi beti kalteak jasango ditugunik”.

Gainera, pantailekin sor daitezkeen arrisku egoera gehienak eskolaz kanpoko orduetan gertatzen dira. Cuesta: “Familia ingurunean arrisku gehiago daude, teknologien gehiegizko erabilera dagoenean. Haurrak jende ezezagunarekin harremanetan jar daitezke onlineko txaten bidez, sare sozialen bidez, jokoen bidez… hori ingurune familiarrean gertatzen da. Haur horiek adin goiztiarretan pornora edo ausazko jokoetara sartzen direnean ingurune familiarrean daude”. Horrenbestez, familiarekin elkar hezteko espazioak eta denborak sortzeko beharra aldarrikatu zuen Cuestak. Arroyo Sagastak ere mezu bera zabaldu zuen: “Komunitate osoak elkarrekin heldu eta landu beharreko gaia da pantailena”.

 


 

Telefonoen erabilera, arautua

Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Hezkuntza eta Teknologia jardunaldien irekieran adierazi zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe guztiek gailu elektronikoen erabilera arautu dutela ikastetxeetan, sare publikoko eta sare itunduko ikastetxe guztiek badute telefono mugikorren eta erloju adimendunen erabilerari buruzko araudia barne-erregelamenduan. “Horietako batek ere ez du aukeratu gailuen erabilera askea”, laburbildu zuen Pedrosak.

 

Pantailena ez da eskolaren auzia soilik

Pantailena ez da soilik eskolaren auzia. Hizlariak bat etorri ziren gizarte mailako auzia dela, eta familiak, eskolak eta komunitateak bidea elkar hartuta egin behar dutela esaterakoan. Arroyo Sagastak hiru mailatan eragiteko proposamena aurkeztu zuen: 1) haurrarengan eta gaztearengan 2) hezitzailearengan 3) komunitatearengan.   “Lehen mailan, haurren eta gazteen kasuan, umezurtz digital moduan hartu eta konpetentzia digitalak garatzeko testuinguruak eskaini behar zaizkie, ahalduntzea helburu hartuta”. Horretarako konpetentzia digitalen mailaketa garbia lantzeko beharra nabarmendu zuen; “teknologiaren erabileraren kontzientzia hartzen laguntzeko estrategiak lantzeko beharra” eta, “nerabeei eta gazteen ahotsa entzuteko premia” nabarmendu zuen, “asko baitute esateko gaiaz, eta eurekin proposamenak lantzea ahalduntzeko bide argia da”. Bigarren mailan, irakasleak eta familiak gogoan harturik, elkarrekin hausnartzeko espazioak sortzeko beharra azpimarratu zuen. Irakasleen kasuan, “konpetentzia digitala garatzeko, inplementatzeko eta ebaluatzeko konfiantza-sareak josteko eta elikatzeko beharra” ikusten du, eta bidean lagunduko luke, “konpetentzia digitala garatzeko ibilbideak diseinatzeak”. Azkenik, hezkuntza komunitatetik haragoko auzia da pantailena, Arroyo Sagastaren aburuz, “erantzun kolektibo konplexuak diseinatzeko prozesuak abiatu behar ditugu, iturri eta informazio polarizatuak zalantzan jarri eta haurrentzako eta gazteentzako estimulu eraikitzaileak lehenetsi behar ditugu”.