Mikel Aseginolaza Agirretxe Tolosako Herrikide ikastetxeko Bigarren Hezkuntzako zuzendariaren artikulua.
Gure gizartean —eta ondorioz, ikasteetxeetan— teknologia ezinbestekoa bihurtu da: informazioa eskuratzeko modua aldatu du, ikaskuntza pertsonalizatzeko aukerak zabaldu ditu eta ikasleen sormena garatzeko tresna berri erabilgarriak ekarri ditu. Gaur egungo gazteek mundua ulertzeko eta bertan aurrera egiteko erabiltzen duten hizkuntza da, eta eskolak ezin du errealitate horretatik kanpo geratu. Horregatik, teknologia txertatzea ez da aukera bat, hezkuntza sistemaren eguneratze berri bat baizik.
Hala ere, ezin dugu ahaztu aukera berri horrek erronka mardulak dakartzala, bai gizarte mailan, bai ikastetxe mailan. Erabilera okerra oso ohikoa da eta arriskuak sor ditzake, mendekotasuna, besteak beste. Ikasleek pantailen bidez jasotzen dutena ez da askotan ikasketa prozesura mugatzen eta gehiegizko estimulazio horren ondorioak kaltegarriak izan daitezke. Teknologia bera ez da arazoa, baina haren erabilera desorekatua bai.
Horregatik, gure erronka ez da teknologia baztertzea, baizik eta erabilera arduratsua eta orekatua sustatzea. Eskolak funtsezko rola betetzen du, familiekin batera, ikasleei tresna digitalak modu osasuntsuan erabiltzen irakasteko: informazioa kontrastatzen, denbora kudeatzen, sareko arriskuak identifikatzen edo komunikazio etikoa lantzen. Teknologia ez da helburua, ikaskuntza hobetzeko bidea baizik.
Oreka hori lortzeko, beharrezkoa da irakasleen prestakuntza sendoa, familiekiko lankidetza estua eta ikastetxe bakoitzak bere testuingurura egokitutako estrategia digitala garatzea. Ez dugu pantailarik gabeko eskola bat nahi, ezta pantailen mendeko eskola bat ere. Gure helburua ikasleek mundu digital konplexu honetan modu autonomoan, kritikoan eta arduratsuan jarduteko gaitasuna izatea da.
Teknologia gure aliatua izan daiteke, baldin eta guk gidatzen badugu, eta ez alderantziz. Etengabeko oreka mantendu behar da, eta hortxe bertan dago benetako erronka eta aukera.