Haurraren autonomia sustatzeko gako nagusia haurraren eta hura zaintzen duen helduaren arteko partaidetza eta lankidetza da. Hala diosku EHUko Bilboko Hezkuntza fakultateko Kalitatezko Haur Hezkuntza taldeak. Egindako behaketetan eta adibide praktikoetan oinarrituta azaltzen dute ideia hori artikulu honetan.

Lankidetzan aritzeak, eragiketa guztietan parte hartzeak, esan nahi du, funtsean, haurrak bere mugimendu propioekin erantzuten diela hezitzaileak aurrez egin dituen eskakizunei edo keinuei.” 
Anna Tardos. La mano de la educadora, 2008, 56. or. 

Parte-hartze terminoak dei sozial, ideologiko edo praktiko batean pentsarazten digu. Eragiten diguten gaien aurrean, aktibazioa, konpromisoa edo, gutxienez, erantzukizuna eskatzen du, nahiz eta hasiera batean auzi horiek gure eguneroko bizitzan edo funtzionamenduan funtsezkoak ez direnik iruditu. Gehienetan, zuzenean ez bada ere, benetan eragiten diguten gaiak izaten dira, edo, gutxienez, haien ondorioak. Gero eta konplexuagoa da gizakia bera, bai eta haren gizarte-ingurunea ere, eta horrek gure eskuetatik at gelditzen diren eta parte hartzen ez dugun auziak agertzea dakar. Gauzak horrela, gure gaitasuna mugatua dela argudiatu daiteke, eta eguneroko intereseko gaiak, askotarikoak. 

Ba al du zerikusirik helduen parte-hartze edo lankidetza horrek haur txikien parte-hartzearekin? Bizitzako lehen hiru urteak espeziearen prototipoaren adina dela ulertzen badugu, gizakiak bizitzan zehar izango dituen gaitasun eta funtzio guztiak tarte horretan pizten direlako, erantzuna baiezkoa izango da. Baina kontuz, lankidetza partaidetzaren hazia da. Haurrak zaintzaileak hasitako keinuari jarraitzen dionean gertatzen da, zaintzetan harekin lankidetzan arituz. Haurraren bilakaera, haur-gaitasun guztiena bezala, bizitzako lehen urteetan bizi izaniko zortearekin lotuta egongo da. Argi dago haurtxoek edo haur txikiek beren eguneroko bizitzan edozein helduk baino parte-hartze edo lankidetzarako aukera askoz ere mugatuagoa dutela, baina ez dugu uste behar horregatik garrantzi gutxiagokoa denik, bai bere orainaldirako, hemen eta orain, baita parte-hartze horrek prestatzen duen etorkizun hurbilerako ere. Haurraren inguruneak gaitasun hasiberri hori errespetatzen, babesten eta laguntzen badu, helduak zuzentzen dion zereginean esku hartzeko espazioa eta denbora emanez, hasiera batean, onarpen-, interes- edo lankidetzakeinu txikien bidez erantzungo du, eta hori arreta iraunkor, bere buruaren eta ingurunearen kontzientzia, ikaskuntza autonomo, errespetu, jakin-min, ekimen, nortasun proaktibo eta abar bilakatuko da laster. 

Psikogenesiaren sorrera 

Baina, nola eta noiz sortzen da hori guztia? Zerk sortzen du? Giza kumea mugimendurako prest jaiotzen da, eta erreflexu-sistema konplexu bat du jaiotzen den ingurunean biziraun ahal izateko; aldi berean, bere nerbio-sistema heltzea eragiten du, bere funtzio guztiak pixkanaka abian jarriz, hedatuz eta garatuz. Erreflexu horiek umeari lagundu egiten diote, psikogenesiaren bi baldintza kudeatzen hastean: baldintza organikoak edo gorputzarenak, eta testuinguruko baldintzak edo bizi-ingurunearenak. Espeziearen erreflexu naturalen artean, partaidetzaren edo lankidetzaren gaia hobeto ulertzen lagundu diezaguketenak animazioaren erreflexua eta orientazio-esperimentazioaren erreflexua dira, biak Pavlovek aurkituak eta Wallonek (1980) berreskuratuak. Lehenengoak izaki bizidunak eta bizigabeak bereizten laguntzen dio jaioberriari, eta, bereziki, bere kidekoak, haurtxoarentzat erakargarriagoak direnak. Bigarrenak, berriz, hurbileko ingurunera bideratzen du, harekin elkarreraginean aritzeko interesa izatera, haren ezaugarriak ezagutzera eta, aldi berean, bere pentsamendu hasiberria sustraitzera. Horrela, umeak, gainerako animalia-espezieek ez bezala, bereziki heldugabea eta aldi berean plastikoa den bere burmuinari esker, hasieran modu erreflexuan, baina berehala bere borondatez, bere ingurunearekiko interakziorako mekanismo gero eta eraginkorragoak aktibatzen ditu. 

Horrek guztiak psikismoaren sorrera dakar. Baina, zer da psikismoa? Zertan datza? Funtsean, estimulua eta mugimendua hainbat bitartekariren bidez bereiztea da. Jaioberriaren inguru hurbileko zaindariek haurtxoak behar dituen zaintza eta arreta eskainiko diote. Haurraren partehartzea handia edo txikia izango da, helduek eskainitako aukeren arabera. Horren guztiaren ondorioz, haurtxoak bere tonu muskularra garatuko du, eta, horri esker, gero eta doitasun eta oreka handiagoz mugitu ahal izango da, baita geldirik eta adi egon ere, bere sentsazioak edo kanpokoak hautemanez. Hau da, gizaki bihurtzeko zeregin itzelarekin hasiko da, eta bere psikogenesi berezia gauzatzeko eta garatzeko funtsezko lanak egiten hasiko da: bizitzea egokitu zaion une eta testuinguru gizatiar eta fisiko zehatzean haztea, heltzea eta ikastea. 

Psikogenesi indibidual bakoitzaren baldintzak —aldi berean organikoak eta testuingurukoak—, hasieratik eta funtsean, haurraren ardurapean dauden pertsona helduen eskuetan daude; amaren edo aitaren eskuetan, eta eskolaratze goiztiarreko garai hauetan, baita hezitzaileen eskuetan ere, haurtxoen premiak asetzeaz arduratu behar dutenen eskuetan, hain zuzen. Argi dago mantenugaien azken asimilazioa, loaldi luze eta erlaxatu baten eraginez, haurtxoari eta haren gorputzari dagokiela. Baina horren aurretikoak —elikagaiak umearengana iristea, umeak behar duen atsedena hartzea, asebetetzea eta haztea—, nahitaez, helduen ardurak dira haurtzaroaren amaierara arte; helduen jarrera irekiagoa edo itxiagoa izango da haurtxoaren parte-hartzearen aurrean, keinu kooperatibo txikiei adi egongo dira. Zehazki, 0-3 adin-tarteko haur-eskolan, baldintza horiek kudeatzea hezitzaileei dagokie, erreferentziazko hezitzaileari bereziki, eta arreta handiagoa eskatzen diete, haien ardurapeko haurrak ondo ezagutzeak plus bat eskatzen baitu familiaren testuinguruarekin alderatuta. 

Haurraren autonomia bultzatzen 

Zer gertatzen da, orduan, autonomia goiztiarrarekin? Autonomia ez da absolutua. Heteronomo eta mendeko jaiotzen gara, eta lehen haurtzaroan hazi, heldu eta ikasi egiten dugu, autonomian aurrera egiteko oso bide pertsonal eta partikularra eginez, non aurrerapenak eta atzerapenak, nahiak eta erresistentziak agertuko diren. Autonomia horrek aukera ematen dio haur txikiari bizitzako hirugarren urterako bere burua kontrolatzeko, bere gorputza kudeatzeko eta elkarreraginean aritzeko, bere ingurune fisiko eta humanoarekin modu eraginkorrean jardunez. Baina, nola bultzatzen da autonomia hasiberri hori? Bada, bizitzan gertatzen den guztiarekin bezala, jardunez. Eguneroko jarduera txiki bakoitzean jardunez, laguntzarik gabe eta gustura egiteko gai izan arte. Hau da, partaidetzazko lankidetzak autonomia baldintzatzen du. Itxuraz sinplea den baina beti haurraren gaitasunaren mugan dagoen gauzatze txiki hori gabe, ez dago autonomia posiblerik esku-hartze goiztiarreko arloetan: beharrezkoak dira zaintzak eta jarduera autonomoa, jolas librea barne. Zer forma hartzen ditu partaidetzazko lankidetzak 0-3 adin-tarteko haur-eskolan? Esku-hartzearen eremu bakoitzak bere ezaugarriak ditu? Edo praktikan oso antzekoak dira? Adibide batzuk erabiliko ditugu galdera horiei erantzuten saiatzeko. 

Katixa, hogei hilabeteko umetxoa, bere gelakideekin batera dago jolas-eremuan, autoekin jolasten. Oso gustuko ditu auto txikiak. Hezitzaileak, higiene-gelarako bidean Jurgiren atzetik doala, Katixari esan dio bera izango dela pixoihala aldatzen hurrengoa. Zer dakarkio Katixari hezitzaileak abisua emateak? Batetik, bere jolas librea gelditu edo itxi beharko duela jakinarazten dio, beste jarduera bat tartekatuko delako. Bestetik, pixoihala aldatzean jasoko duen harreman intimoaren eta arreta pertsonalizatuaren unea irudikatzeko aukera ematen dio, baita garbi egoteak sortzen duen ongizatea ere. Abisuak, beraz, espazioan eta denboran psikikoki kokatzen laguntzen dio, bere txanda aurreikusteko aukera ematen dio. 

Katixak jolasten jarraitzen duen bitartean, hezitzaileak Jurgirekin bukatu du eta Katixarengana hurbildu da, eta oraingoan higienegunera joateko gonbita egin dio. Badirudi Katixak ez duela interes handirik hezitzaileak esaten dion horretan, eta autoarekin jolasten jarraitu du. Apur bat itxaron ostean, hezitzaileak autoa uzteko leku bat proposatu dio, nahi izanez gero pixoihala aldatu ondoren autoarekin berriro jolasteko. Zergatik hurbildu, proposamena egin eta gertu itxaron? Horrek guztiak umeari bere jarduera ixten, zeregina gogoratzen eta onartzen laguntzen diolako, nahiz eta horretarako denbora pixka bat behar izan. Hezitzaileak haurraren ondoan egoteak agerian uzten ditu zereginaren ezinbestekotasuna eta berehalakotasuna. Hezitzaileari bere lana egitea dagokio, haurraren jarrera epaitu gabe, eta, beharrezkoa bada, autoa gordetzeko haurrak gustuko duen leku bat aurkitzen lagunduko dio. 

Haurra higiene-gunera abiatzen denean, hezitzailea atzetik joaten zaio, eta biak jolas-eremutik irtetean, hesia ixten du. Baina, zergatik ez doa haurraren aurretik? Nahiz eta une horretan haurrak aurreko jarduera uzteko gogo handirik ez erakutsi, pixoihalaren aldaketa haurraren beraren erabakia, zeregina eta ardura da. Haurrek hezitzailearekin egon nahi izaten dute, batez ere une pribilegiatu horietan. Katixari agian gertatu zitzaion orduantxe beste zer edo zertan zuela arreta jarrita eta ez zuela garbiketaren beharra sentitu. Eskarmentuz, badaki pozarren itzuliko dela gelara aldaketaren ostean. 

Higienegunera heltzean, hezitzaileak eskaileratxoa atera du, haurra bere kabuz igo dadin. Garrantzi berezia dauka bere kabuz egin izanak? Bada, bai, Katixa igotzeko gai delako. Gainera, horrela bere prestutasuna adierazten du, eta aldaketa haurrak aukeratutako jarreran hastea ahalbidetzen du, jarrera bat inposatu ordez. Hezitzaileak, bitartean, eskua eman edo sorbaldari eutsi beharko lioke? Printzipioz ez, haurrak ez duelako laguntza fisikorik behar. Hezitzaileak zutik, aldalekuaren aurrean eta haurraren atzean, bere gertutasunarekin eta bere besoa luzatuz erabat babestuko luke, psikologikoki zein fisikoki, Katixak zoriz oreka galdu edo txirristatuz gero. 

Katixa aldatzeko tokian eseri da, eta eskumako zapatila kendu du. Hezitzaileak eskua luzatuz jaso du. Gero, beste zapatila erantzi beharrean, ingurura begiratu du, eta hezitzaileak, “ikusten dudanez ez duzu beste zapatila kentzeko gogorik” esanez, ezkerrekoa kendu dio. Oraingoan, haurrak eman du lehen urratsa, eta koreografia ezagutzen duela adierazi du horrela. Hezitzailea haurrak egotzi dion egitekorako prestatu da: zapatila jaso, eta bere lekuan utzi. Neskari bestea kentzeko zantzurik ikusten ez zaionez, hezitzaileak kendu dio, eta horren berri eman dio. Zein litzateke horren arrazoia: kapazitate, gogo edo interes falta? Eskumako zapatila erantzi duenez, jakin badakiela erakutsi du, hau da, gai dela. Aldiz, gauza bera bigarrenez egiteko interesik edo gogorik ez duela adierazi du. Hortaz, hezitzaileak jarraitu du. Parte-hartzea ere gertatu da, helduak haurrak utzi dion partea onartu eta osatu duenean. 

Orain, Katixa zutik eta hesietara oratuta dago. Hezitzaileak erantzi berri du, pixoihala kendu dio, eta, buelta ematean, haurrak gelara zuzendu du begirada, “han, han!”, esanez. Hezitzaileak bere zeregina eten du, eta erantzun dio: “Bai, hortxe dago utzitako autoa, zure zain. Zurea gorria da, ezta?”. Katixak “bai” erantzun du, eta, ondoren, hezitzaileak hau esan dio “Segidan, nahi izanez gero, jarraitu ahalko duzu autoarekin lasterketan”. Benetako elkarrizketa. Zer zentzu dauka pixoihalaren aldaketan bertan aldez aurretiaz utzitako jostailuaz aritzeak? Bada, neskatoari bere osotasunean eta bere interesetan jarraitzea, une horretan haren interesa ez baitago pixoihala aldatzean, ezta hezitzailearekin partekatutako koreografian ere, jostailuan baizik. 

Hezitzaileak, bien arteko begirada hurbila berreskuratzean, pixoihala aldatzen jarraitu du. Baieztatu du erabat garbi dagoela; pixoihala lotu du, eta kamiseta eta prakak prestatu ditu janzteko. Katixarekin egiten ohi duen bezala, janzten jarraitu du, goitik behera eta eskumatik ezkerrera. Lehenik, buruaren zuloa hartu, esku biekin zabaldu, eta haurrari erakutsi dio. Haurraren erantzuna hurbiltzea denez, burua sartzen lagundu dio. Ostean, eskumako mauka prestatu du, haurrak besoa eroso sartu ahal izateko. Oraingoan, Katixak ezkerreko besoa igo du, hezitzaileak irribarre egin dio, eta, berehala, ezkerreko mauka prestatu dio. Tarte horretan, bien erritmoa ez da bera izan. Zeinek markatu behar du? Ba,- da ez batak ez besteak, biek baizik; baterako jarduerak, koreografiak, etengabeko egokitzapena eskatzen duelako. Hala ere, begi bistakoa denez, hezitzaileari dagokio erritmoen harmonia bermatzea. 

Prakekin hasi baino lehen, hezitzaileak azken ukitua eman dio kamisetari, buru-zuloa, sorbaldak, maukak eta gerria egoki kokatuta daudela baieztatuz. Orain, praken txanda da. Hezitzaileak eskumako zangoa bildu du, eta erakutsi egin dio, eta haurrak, prest jada, eskumako hanka sartu du. Ostean, ezkerrekoa sartu du. Katixak hanka biak zangoetan sartuta dituela, hezitzailea bere zain gelditu da. Katixak gerritik heldu die prakei, eta, eskumako eskuarekin lehenengo eta ezkerrekoarekin gero, igotzea lortu du. Haurrak zoriz jantzi ditu prakak, ala hezitzaileak bideratu du? Hezitzaileak haurraren ezagutza sakona du, haren erritmo, behar eta interesetara egokitzea ahalbidetzen diona. Duela astebete hasi zen Katixa gogoz prakak igotzen, eta gaur ere horixe egin du. Pozik dago hezitzaileak eskainitako aukeraz eta berak lortutako emaitzaz. 

Behin haurra erabat jantzita, azken ukituen txanda da: den-dena ondo jantzita dagoela egiaztatu eta txukun-txukun jarri, eta haurrari alda-lekutik bere kabuz jaisteko aukera eman. Haurra jolas-eremura bueltatu da, eta hezitzaileak eskuak garbitu ditu.

Partaidetza da gakoa 

Partaidetzan oinarritutako pixoihalaren adibidearen azterketa luzea eta zehatza izan da, baina, aldi berean, oso emankorra izan da. Azter dezagun zaintzaren beste une bat. Iker oso gustura dabil jolas-eremuan jolasten. Hezitzailea, mukiak dituela konturatzean, hurbildu egin zaio, eta aurrez aurre, hauxe diotso: “Iker, mukiak dituzu, paperezko musuzapi baten bila noa sudurra garbitzeko”. Eta bila joan da. Aldiz, goizean sartzean kasualitatez paperezko musuzapia eskuan zuenez, hezitzaileak sudurra garbituko ziola esan, eta garbitu egin dio. Oraingoan, aldiz, bere burua prestatzeko tarte luzeagoa eskaini dio hezitzaileak. Paperezko musuzapiarekin bueltan etorri denean, makurtu egin da lehendabizi, haurraren altueran jarri ahal izateko, eta paperezko musuzapia zabaldu du. Paperezko musuzapia zabalik duen eskua aurreratzeko keinu txikia egin ostean, zain gelditu da, ea Iker hurbiltzen den. Orduantxe hasi da garbitzen ohitura legez, lehenengoz ezkerreko sudur-zuloa, eta, paperezko musuzapiari buelta eman ostean, alde siku bat prestatu eta eskuineko sudur-zuloa, sudur zulo biak batera ixtea eta itotzearen sentsazioa saihesteko. Gehienetan, goiko ezpainaren gainetik bi aldiz pasatu behar izaten da; beraz, berriro ere beste buelta bat eman behar zaio paperezko musuzapiari, ingurua ondo sikatzeko. Behin siku egonda, hezitzaileak azken ukitua eman dio, eta, sudurra ondo garbiturik eta Iker jolastera bueltatzeko prest dagoela baieztatzean, paperezko musuzapia botatzera joan da. 

Zaintza txiki hori normalean oso azkar egiten bada ere, hainbat gogoeta esanguratsu sorrarazten ditu. Erraza al da haurrarentzat beren burua prestatzea sudurra garbitzeko? Hau da, zergatik begiratzen dute beste aldera haurtxo gehienek paperezko musuzapia ikusi bezain laster? Bada, mimatuz egiten ez bada, deserosoa edo mingarria delako. Eta paperezko musuzapia erabat bustirik edo zikin badago bigarren bueltarako? Bada, behar diren beste paperezko musuzapi erabil daitezke, sudurra garbi geratu bitartean. Zintz egiten ikasi behar da 0-3 adin-tartean? Ez. Normalean, 3-6 adin-tartean ikasten da zintz egiten. Putz egitearekin batera, erraz lortzen dute haurrek autonomoki eta taxuz sudurra garbitzea. Bitartean, adierazi bezala egin behar da, sudurraren garbiketa prozesuan haurtxoaren kooperazioa nahita bermatu ahal izateko. Hortik berehala iritsiko da zintz egitera. 

Egunerokotasunean kooperazioarekin zeharkako harremana duen beste kezka bat planteatzen da. Hots, zergatik erabili behar da paperezko musuzapia eta ez komuneko papera? Zaintza-mota bakoitzari bere materiala dagokiolako. 0-3 adin-tartea espeziearen prototipoaren adina izanik, adin horretan egiten den guztia eredugarria da, bai orainaldirako, bai etorkizunerako. Busti bezain pronto, komuneko papera desegin egiten da, zaila da hori maneiatzea eta koipetsua dela ematen du. Zergatik bota behar da paperezko musuzapia haurraren garbiketarekin amaitutakoan? Sudurra garbitzea, nahiz eta zaintza txikia izan, zaintza garrantzitsua da, eta horrekin du zerikusia. Zikinkeria galanta izateaz gain, arduragabetasun handia da paperezko musuzapi berarekin gelako sudur bat baino gehiago garbitzea, haurraren higienearen benetako ikaste-prozesua kolokan jartzen duelako. 

Parte-hartzeko aukera zabala dago 

Agian, parte-hartzea edo lankidetza ia ikusezina da jarduera autonomoan eta jolas librean, hezitzailearen esku-hartzea batez ere zeharkakoa delako. Hurrengo adibidean ohartu gaitezke hortaz. 

Hamalau hilabeteko haurra da Andere. Azkenaldian, ikasgelara heltzean, ez da jolasten orain arte egiten zuen bezala. Egun batzuetatik hona, izkina batera hurbiltzen da, eta han etzaten da, materialetan interesa jarri gabe eta inolako jarduerarik hasi gabe. Hezitzailea haurrarengana hurbildu, eta haren mailara egokituz jolastu beharko luke? Aukera hori oso tentagarria izan daiteke, are gehiago haurrekin jolastea gustuko badugu, baina, aldi berean, kalterako izan daiteke. Zer dela eta? Helduaren jolasaren distirak eta erakargarritasunak haurraren jolas-jarduera hasiberria are gehiago itsutu dezakeelako, desira murriztuz eta ekimena geldiaraziz. Kaltegarria da, haurraren gaitasunaren eta eredu den helduak aurkezten duenaren arteko distantzia hain handia izanda, ezintasun- eta ezgaitasun-sentimendu saihetsezina sortzen baita haurrarengan. 

Andere ondo egokitutako neska da, egunero materialekin jolastu dena, baina bi aste dira uzkurtutik dagoela, agian oso aktiboa eta mugitua den kide berri bat taldera heldu delako. Anderek harengandik aldentzeko joera dauka. Kasu honetan, hezitzaileak jolas-eremu seguru eta babestu batera eraman dezake haurra, eta han bere intereseko materialak aurkeztu. Haurra eta haurraren lehentasunak edota gustuak ondo ezagutuz gero, erraza izango da garai horretan hari erakargarriak zaizkion objektuak ezagutzea. Gonbidapena egitea baino ez litzateke faltako. Haurra aktibatzen baldin bada eta jolasten baldin bada, pentsatzekoa da irtenbideaaurkitu dela. 

Hurrengo egunean, Andere, bere ama agurtu ostean, katuka joan da pieza txikiak dauden jolas-eremuraino, baina, gelditu gabe, gogokoen duen izkinaraino jarraitu du, eta inguruari jaramonik egin gabe etzan da. Zer egin dezake hezitzaileak Andereren iniziatiba goiztiarra bermatzeko, gune babestu batean ere aktibatzen ez bada? Hasiera batean, hezitzaileak sakonago eta zehaztasun handiagoz itxaron eta behatu dezake. Zer egiten du Anderek jolasten ez dagoen bitartean? Zeri edo nori begiratzen dio? Begiak zabalik mantentzen ditu, edo bere begiradaz zerbait bilatzen du edo zerbaitetan jartzen du arreta? Agian, trantsizioobjektua eskaini beharko litzaioke, eta, hura eskuen artean duelarik, ea ingurunera hurbiltzen den ikusi beharko litzateke. Eta Andereri jolasteko gogoa antzematen bazaio baina azkenean animatzen ez bada? Orduan, litekeena da hezitzailearen hurbiltasuna eta arreta behar izatea, zeinak materialen bat eta piezaren bat edo beste eskainiko dizkion. Eta, hala ere, horretarako modurik ez balego? Orduan, behar bezalako zaintza-une bat planteatu beharko litzateke. 

Azkenik, pixoihal aldaketaren, arreta indibidualizatuaren eta mimoen ostean, Andere berriro ere mugitzen eta jolasten hasi da, eta haren poztasunak, jakin-minak eta inguruko objektuekiko interesak harritu egin gaitu. Ama haren bila etorri denean eta azken egun hauetan Andereri bere jolasean zentratzea kostatu zaiola esan diogunean, hark esan digu duela pare bat aste jakin zuela haurdun dagoela eta neskatoaren edoskitzea eteten saiatzen ari dela. 

Ibilbide praktiko honen bidez, agerian geratu da parte-hartze goiztiarrak kooperazio, zolitasuna eta haur-garapen psikikoan duen garrantzia. Hasierako hausnarketa berreskuratuko dugu. Arlo desberdinetako —zaintza txiki eta handietan, eta jarduera autonomo eta jolas librean— parte-hartzeak edo lankidetzak hartzen dituen formak komunak ala berariazkoak dira? Baten bat besteak baino esanguratsuagoa edo eraginkorragoa al da? Parte-hartze egoeren zerrenda bukaezina presta genezake, baina ezinezkoa litzaiguke aipatutako galderei edota testu honen irakurtze soilak eragingo lituzkeenei erantzun konkretu bat ematea. Izan ere, umetxo bakoitzarentzat parte hartzeko, elkarlanean aritzeko edota jardueraren bat aurrera eramateko aukera, edozein arlotan edo mailatan —hutsala emango balu ere—, urrezkoa da. Urrezkoa haren autonomiaren garapenerako. 

Autonomia garatzeko gakoak Piklerren ikuspuntutik 

Pikler-en lau printzipioek partaidetzazko lankidetzak haurren autonomiaren bilakaeran duen garrantzia maisuki laburtzeko aukera ematen digute: 

  1. Jarduera autonomoa balio handikoa da, ondo kudeatzen denean haurtxoa gizaki gisa osatzen duelako. Eraikuntza hau autonomia lantzen, gauzatzen, burutzen eta eguneratzen denean bakarrik da posible; hau da, haurtxoak, gai den neurrian, berari dagozkion eta hezitzaileak egunero prestatzen dituen jardueretan parte hartzen badu eta lankidetzan aritzen bada. Orain, partehartzea jolastea da. Hezitzaileak proposatzen, prestatzen, aurkezten eta berrantolatzen dituen objektu, jostailu eta materialekin jolastea, eta taldeak eskatzen duen heinean berriro ordenatzea edota eraldatzea, hezitzaileak haurraren gaitasunean konfiantza handia duelako. 

  2. Erreferentziazko hezitzailearekin garatzen den harreman afektibo pribilegiatua edo lotura profesionala balio handikoa da, baita ere. Harreman hori eraikitzeko, ezinbestekoa da haurtxo bakoitzaren ezagutza sakona izatea —nahiak, lehentasunak, zailtasunak, joerak, mugak, izaera, etab.— gonbit bakoitzari eta haurtxoaren erantzunari espazioa eta denbora ematea, berdintasunean oinarritutako interakzioa ezartzea, errespetu pertsonala erakustea eta edozein egoeraedo ezusteko onartzea. Zaintza bakoitzak haurtxoaren parte-hartze esanguratsurako aukera erreal anitz ematen ditu. Aukera besterik ez zaio eman behar. Harreman horrek nahiko egonkorra izan behar du, haurraren partetik errefusatze, itxaronaldi edo arreta falta puntualen bat gertatzen bada zapuztu ez dadin. 

  3. Beharrezkoa da haurraren eta ingurunearen kontzientziazioa sustatzea. Zergatik hainbeste iragarpen, abisu, informazio, neurriko deskripzio, benetako erantzun, keinu apropos, egokitze, entzute, behaketa, etab.? Haurtxoa, segituan datorrena aurreratzeko aukera izateaz gain, beraren baitan eta bizi behar duen ingurunean ahalik eta modu objektiboenean kokatu dadin. Ez da gutxi! Haurraren gaitasunean konfiantza handia izatea printzipio honetan ere islatzen da. 

  4. Osasun fisikoa ezinbestekoa da, eta aurreko hiru printzipioen jatorria eta haien eragina da. Osasun goiztiarrera bueltan berriro ere: haurtxo bakoitzak bere buruarekin eta munduarekin duen harremanaren termometroa da osasuna. Haur osasuntsua mundura irekitzen da. Ondo sentitzen ez denean, baztertu eta itxi egingo da. Gustura dagoen haurtxoak ekimena, kuriositatea eta interesa izango du, eta horrek guztiak bere burua eraikitzea ahalbidetuko du, ingurunean elkarreraginean ari den bitartean; parte hartuz edo lankidetzan arituz, bere bide propioak egingo ditu. Horregatik, besteekin jarduten duen neurrian, bereak egingo ditu. 

Partaidetzazko lankidetza giza joera natural bat da, bizitzaren lehen unetik bertatik maila anitzetan landu daitekeena. Hori da benetan garrantzitsua dena, jardutea. Parte hartzea eta lankidetzan aritzea haur-autonomiak aurrera egiteko mekanismoa da. Haur-autonomiaren orotarako giltza.