Herrietan haurren parte-hartze kanal iraunkorrak sortzeko G(H)AURKI gida metodologikoa sortu du Oinherrik.

 

Hainbat herritan izandako esperientzia eta adituen ezagutza biltzen du G(H)AURKI gida metodologikoak. Horietako bat izan da Itziarko auzo-udala. Bertan, eskola-orduetan ari dira parte hartzeko bideak urratzen.

 

Oinherri Euskal Herriko herri hezitzaileen sareak, argi dauka parte- hartzea dela herri hezitzaile bat eraikitzeko tresnarik inportanteena. “Parte-hartzeaz ari garenean, noski, haurrak eta nerabeak ere txiki-txikitatik parte-hartzean hezteari egiten diogu erreferentzia”, zehaztu du Maite Azpiazu Oinherri elkarteko koordinatzaileak. Ñabardura horretan, alabaina, mundu bat dago. Izan ere, nola sustatzen da haurren eta nerabeen parte hartzea? Oinherrik bere ibilbidean gaiaz sakonki hausnartzeko geldialdi bat egin zuen duela bi ikasturte, “haurren parte-hartzea modan jartzen ari zela ikusirik”, hainbat arrisku ikusten baitzituzten gaian sakondu gabe ustezko parte-hartzeak sustatzeari lotuta. Azpiazu: “Alde batetik, Francesco Tonuccik diseinatutako Haurren Kontseiluak bere horretan herrietan kopiatzeko arriskua ikusten genuen, eta bestetik, haurrak helduen moduetan parte hartzen jartzeko arriskua ere ikusten genuen”. Beraz, gelditu eta herri hezitzaileen elkarteak denbora hartu zuen “haurtzaroaren kulturaren beharrak kontuan hartuko zituen parte-hartzeak nolakoa izan behar zuen pentsatzeko”.

Horretarako, parte-hartze prozesuetan adituak diren autoreekin txosten bat idatzi zuten, EHUko Parte Hartuz ikerketa taldearekin,  Emagin pentsamendu kritiko feminista sustatzen duen elkartearekin eta Joxemi Zumalabe Fundazioarekin, hain zuzen ere. Txosten horrek Oinherriren ikuspegitik haurren parte- hartzea bermatuko duen kanal baten marko erreferentziala ezartzen du. Besteak beste, honako gai hauek aztertzen ditu: parte-hartze komunitarioa; haurren kultura; jolasaren eta iniziatibaren garrantzia; haurren parte-hartzea eskubide moduan sakontzeko eta zabaltzeko planteamendua; haurra subjektu politiko moduan ezaugarritzea eta egituratzea; haurrentzat parte-hartzeak dituen onurak eta haurren parte-hartzeak jendartean dituen onurak edota nola ulertu komunikazioa haurrekin.

Ondoren, txostenean jasotako teoria hori guztia herrietan gorpuzteko esperimentazio faseari ekin zion Oinherrik Gipuzkoako lau herritan: Hernanin —gero Ereñotzu ere batu zen—, Oiartzunen, Seguran eta Itziarren. Herri bakoitzean lan-taldeak sortu zituzten, herri hezitzailetako hiru ordezkaritzarekin: udaleko ordezkariekin, hezkuntza formalekoekin eta hezkuntza ez-formalekoekin. Azpiazu: “Herri guztietan bosna esperimentazio saio egin genituen. Lehenengo biak diagnosia egitera bideratuak izan ziren; haurrek orain arte herrian zertan parte hartu duten eta zer haurtzaro mota desberdin ditugun ikusi genuen. Ondoren, hori jakinda, hezitzaileak zein izan behar diren zehaztu genuen, tokian tokikoa izatea nahi baikenuen. Laugarren saioan metodologiaz eta behaketaz formazio saio bat egin ostean, azkenik, herri bakoitzean zer-nolako kanala sortuko genuen erabaki eta kronograma bat adostu genuen”. Herri bakoitzean forma desberdina adostu zuten, haurren parte-hartzea bermatzeko tokiko ezaugarrietara egokitzen diren kanalak lehenetsi baitzituzten.

 


Udalak, eskolak eta hezitzaileak lehenengo aldiz ari dira elkarrekin hausnartzen zer ulertzen duten parte-hartzeaz edota zer den haurra

Maite Azpiazu, Oinherriko koordinatzailea


 

G(H)AURKI: haurren parte-hartze kanalak adosteko moodle plataforma

Behin lan txostena idatzi eta lau herrietan kanalak sortzeko praktikak esperimentatu ostean, jakintza eta esperientzia horrekin guztiarekin edozein herrirentzat haurren parte-hartzea sistematizatzeko eta iraunkortzeko kanala sortzeko baliagarria izan daitekeen tresna metodologiko bat sortu du Oinherrik: G(H)AURKI izena du eta Oinherriren webgunean dago edonorentzako eskura. Azpiazuk azaldu duenez, izatez, ikastaro digital bat da moodle plataforma batean. Oinherrik ikastaroa lantaldeetan egitea proposatzen du, eta lan-taldeetan herri hezitzaileen hiru esparruetako ordezkariak biltzea (udala, hezkuntza formala eta hezkuntza ez-formala). Ikastaroak, marko teorikoko irakurgaiak eta ariketak proposatzen ditu, irakurritakoa norbere bizipenekin konektatzeko eta herrian nola garatuko duten pentsatzeko. “Horrela, irakurgaiz irakurgai eta ariketaz ariketa, herrian haurren parte-hartze kanal iraunkor hori elkarrekin pentsatzen eta erabakitzen joango ginateke. Hilero saio bat eginez, adibidez, ikasturte bukaeran hiru ordezkaritzen artean herriari begirako parte- hartze kanal iraunkorra diseinaturik edukiko genuke”, azaldu du Azpiazuk.

Haurren eta nerabeen parte-hartze kanal iraunkorrak sortzeko G(H)AURKI gida metodologikoa lau herritan ari dira probatzen orain: Bergaran, Berriatuan, Asteasun eta Usurbilen. Maiatzean, behin lau herri horiek testatze-prozesua egin ostean, uztailean tresnari hobekuntzak egingo dizkiote eta jardunaldi batzuetan aurkeztuko dute. Dagoeneko, ordea, jaso dute herrietako feedbacka, Azpiazuk azaldu duenez: “Ikastaroaren formatua oso ongi baloratu dute herrietan, izan ere, izaera ezberdinetako eragileak ikasturte oso bat ari dira hartzen haurren parte-hartzeari buruz hitz egiteko, eta hori pauso garrantzitsua da. Udalak, eskolak eta hezitzaileak lehenengo aldiz ari dira elkarrekin hausnartzen zer ulertzen duten parte-hartzeaz edota zer den haurra eta nola ulertzen duten haurtzaroaren kultura. Oraindik ere herri bakoitzak bere kanala diseinatu ez badu ere, prozesuak oso garrantzitsuak eta interesgarriak ari dira izaten”.

 

 

Itziarren, eskolatik herrira

 

Itziar bere bidea egiten ari da haurren eta nerabeen parte-hartzeari begira, Itziarko auzo-udala adituekin idatzitako lan txosten teorikoa praktikan gauzatzeko guneetako bat izan baitzen. Eta Itziarren eta beste herrietan ateratako ezagutzarekin sortu eta ondu dute, ondoren, G(H)AURKI  plataforma.

Auzo-udalean 2024tik martxan dihardu parte-hartze kanal iraunkorrak. Haurrak, eskolako irakasleak eta gurasoak, auzo-udaleko hezkuntza ez-formala eta udala batzen ditu foroak. Hezkuntza formalean kokatu zuten kanala, herriaren ezaugarriengatik zaila baitzen eskola-orduetatik kanpo herriko haur guztiengana iristea, eta beraz, guztiek parte hartzea. Horrela, LH3tik LH5era bitarteko herriko haur denek hartzen dute parte foroan — Itziarko eskolan oraindik ez da LH6 eskaintzen—.

Eskola-orduetan bai, baina ez eskola eremuan, ezta eskolako irakasleen dinamizaziopean ere. Herriko Burugorri martxan hezkuntza ez-formaleko elkarteko hezitzaileak dira haurrekin lanketak egiten ari direnak. Horietako bat da Ibai Ponce Oyaneder: “Helduoi parte- hartze kanala zer den ulertzea kosta egiten bazaigu, haurrei are gehiago, eta lehenengo momentutik ekiten hasi ginen; parte hartuz eta ekinez ulertuko zuten zer den parte-hartzea”.

Eskola-orduetan, baina herriari begira jarri dira martxan haurrak eta nerabeak. “Itziar perfektu baten bila”, haurrek zer sumatzen duten faltan galdetu zieten hezitzaileek: “Taldeka erantzun zioten galderari, eta eurek idatzitako ideietatik abiatuta, eztabaidatu egin zuten hurrengo saioan; zer ideia den egingarria eta zer ez den egingarria erabaki zuten. Egingarrien artean, berriz, ikasleek eurek epe ertainean edo luzean egiteko moduko proposamenak zein diren zehaztu zuten”. Ez egingarrien artean, adibidez, Kopraixetako jaietan zezen txikiak ateratzea ezarri zuten, orain ez delako zilegi; epe motzean egingarri moduan adostu zuten boulder gainean sare bat edo egurra ezartzea, baloiek goitik ihes ez egin ez diezaieten. Epe luzekoen artean, ostera, bizikletan ibiltzeko eremu bat prestatzea onetsi zuten, adibidez.

 

Parte hartzeko estrategiak bilatzen

Baina zein ideia egingarriri heldu? Eta nola lortu haur guztiek iritzia ematea eta denek adostasuna erdiestea? Nola lortu haurren parte-hartzea benetakoa izatea? Bideak galderak ekarri dizkie Itziarren ere eta parte hartzeko estrategia egokienak bilatzeko beharra mahai gainean dago: “Hau ez da ‘goazen parte hartzera’ esatea soilik —dio Poncek—. Bestelako bide batzuk bilatu behar dira guztiek euren iritzia eman eta defenda dezaten, eta ez gutxi batzuek soilik”. Antton Etxeberria eskolako irakasleak adierazi duenez, eskolan hainbat dinamika errepikatzen dira parte-hartzeari dagokionez, helduon moduan, haur guztiek ez baitute maila berean parte hartzen: “Geletan eta umeen artean dinamikak eta rolak ezarrita daude, eta soilik beti betikoek hitz egin ez dezaten eta isilik egon ohi direnei hitza emateko, bideak bilatu behar izaten ditugu etengabe. Beti batzuen ideiak nabarmentzen dira, kasu honetan, gainera, mutilen iritzia gailentzen da, eta beste askoren iritziak, kasu askotan oso interesgarriak eta aberasgarriak direnak, ez dira entzuten, eta haur horiek isildu egiten dira eta besteen ideiak onartzen dituzte, gustatu ez arren”.

 


Helduoi parte-hartze kanala zer den ulertzea kosta egiten bazaigu, haurrei are gehiago, eta lehenengo momentutik ekiten hasi ginen; parte hartuz eta ekinez ulertuko zuten zer den parte-hartzea

Ibai Ponce, Burugorri martxaneko hezitzailea eta kanaleko dinamizatzailea


 

Irtenbidea bozketa anonimoa izan zen, kasu honetan. Ondoren, prozesua bera ere umeei egokitu diete hezitzaileek, Poncek azaldu duenez: “Umeek eurek marrazkien eta komikien bidez diseinatu dituzte bai epe motzeko proiektuak eta baita epe luzekoak ere”. Ondoren, Udalaren konpromisoa dute abian jarritako prozesu batzuk egikarituko dituztela, Itziar Borda zinegotziak azaldu duenez.

Eginez, parte hartuz ari dira Itziarko haurrak parte-hartzea zer den ikasten, eta euren parte-hartze kanal iraunkorrari forma ematen, herrian zer behar ikusten dituzten identifikatzeko eta horiek nola egikaritu pentsatzeko. Oroz gain, hezitzaileek, gurasoek, udalak eta eskolak haurren ilusioa eta herriko premiei erantzuteko gaitasuna nabarmendu dute.