Bizitzaren pasabideak, pertsonaren hazieran eta garapenean izandako trantsitoak izan ditugu hizpide zenbaki honetan. Aurretiko bizipenak, egoerak, emozioak atzean utzi -motxilan gordeta?-, eta beste aro batera garamatzaten pasabideak. Nerabezaroa izan da horietako bat. Gurasotasuna bestea; edo, zehatzago esanda, aitatasuna.

Nerabezaroaren pasabide horretan, arrotza zaion gorputzean aurkituko da nerabea, eta berriak zaizkion emozioak, edo intentsoagoak direnak, deskubrituko ditu bere barnean; maitemina edo sexu-desioa, kasu. Horiekin guztiekin bere ‘ni’ berria eraiki behar du, Juan Carlos Alonso psikologoak azaldu bezala: “Eraikitzen ari den pertsona bat da, ez umea ez heldua”. Trantsitoan dagoena, alegia. Gurasoek ere, arrotza zaien pertsona bat aurkituko dute seme-alabaren larruan. Guztiek egin beharko dute eraldaketa, beraz; guztiek gurutzatu pasabidea. Eta, eskutik bada, hobe. Bide horretan, Ana Elosegi psikologo eta sexologoak gazteekin komunikatzearen, oraindik ezjakintasunez josita dauden nerabeei aldaketa guztiez naturaltasunez hitz egitearen garrantzia azpimarratzen du. “Gurasoek sexu-heziketa lantzen hasten direnean, beldurretik egiten dute”. Horren aurrean, gurasoek beraien bizipenak seme-alabekin partekatu eta sexuaren plazeraz, esperimentatzearen irrikaz eta maiteminaren gozoaz hitz egitea proposatzen du, gazteek harreman osasungarriak eta tratu onak identifikatzeko lagungarria izan daitekeen heinean.

Sexu-heziketan, bereziki mutilak albora utziak izan direla uste du Elosegik, ez zaiela ez gorputzaren ez emozioen aldetik bizi dituzten aldaketen inguruan hitz egiteko tarterik eman, “eta gero nekez eska diezaiekegu emozioetan irekiak eta arduratsuak izateko, ez badugu lanketarik egin beraiekin. Asko dago egiteko gizontasun-ereduei dagokienez”.

Hain zuen ere, aitatasunaren trantsitoan ere, gizontasun-ereduez eta gizonen heziketa emozional hutsalaz hitz egin digu Ritxar Bacete aitatasun positiboaren bultzatzaileak aldizkari honetako elkarrizketa nagusian. Eta, enpatia bezalako emoziak ez lantzeak bikote harremanetan, tratu onetan, duten eraginaz. “Gizonek entrenatu egin behar dute esparru emozional zabalagoa izateko. Nola? Eginez. Eta, horretarako, eguneroko eskola-emozionala da zaintza”. Izan ere, aitatasunak inongo beste esparruk ez dakarren aldaketa dakar gizonengan, bere ustez, eta baliatu beharreko aukera da gizontasun-eredu berria eraikitzeko bidean. Horretarako, zaintzan modu berdinzalean inplikatuko diren aitak aldarrikatzen ditu.

Beste trantsito bat hasi beharko dugu, beraz, gizarte bezala, gizontasun-, aitatasun- eta bikote-harreman eredu berriak eraikitzeko. Lanarekin loturiko gurasotasun-baimenak izan daitezke horretarako giltzarrietako bat, berdinak eta transferiezinak bikoteko bi kideentzat, eta gaur egun baino luzeagoak badira, hobe.