Gizartea patriarkala da, eskolak sistema patriarkalaren parte dira, baina maisu-maistrak ez, eta zerbait desberdina egin dezakegu.

 

Gizartea patriarkala da. Baina badira eskola feministak, badira irakasle feministak eta badira ikasle feministak. Badira hezkuntzako sindikatu feministak eta hezkuntza erakunde eta eragile feministak. Zein da horien guztien funtzioa gizarte patriarkalean? Feminismoa tresna gisa erabiliz gizarte patriarkalarekin amaitzea.

Zeren, zenbaki honetan Adriana Guzman Arroyo irakasle boliviarrak eta Abya Yalako feministen antolakundeko kideak dioen moduan, gizartea patriarkala da eta eskola sistema patriarkalaren parte da. Baina maisu-maistrak ez, eta zerbait desberdina egin dezakegu. Horrez gain, neutralak izan behar dugula dio. Haren ustez, maisu-maistrak ez dira langile publikoak, ez eta zerbitzari publikoak ere, baizik eta eraldaketa bilatzen duten pertsonak.

Hasteko, ikasgeletan gertatzen denari so egin diezaiokegu, patriarkatuak ikasgeletan zer sortzen duen aztertuz. Umeek eta gazteek egitura patriarkala eta desberdintasunak ezagutu eta atzeman ditzaten lan egin dezakegu. Patriarkatua gure geletan nola aritzen den ikusi behar dugu, eta izendatu. Garrantzitsua da izendatzea errealitatea aldatu nahi baldin badugu.

Emakundek Eman tokia berdintasunari leloa aukeratu du aurten Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, emakumeen eskubideak esparru guztietara zabaltzen jarraitzeko deia eginez. Hezkuntzaren esparruan ere bai. Horregatik, martxoaren 8an ikastetxeak morez “jantziko” dira, irakasleak eta ikasleak ere bai, eta errebindikazio feministak lau haizetara zabalduko dira.

Gaur egun, feminismoaren indarraldiaren aurka diskurtso erreakzionarioak ugaritzen ari diren honetan, eta gazteen artean sare sozialen bidez nola zabaltzen ari diren ikusita, irmo kokatu beharra dago. Desberdintasunak ikusarazten eta izendatzen jarraitu behar dugu, eta gure eskuetatik pasatzen diren ikasleei hori egiten irakatsi behar diegu.