Hezkuntza digitalarena eztabaida konplexua da eta argi pixka bat ematen ahalegindu dira hainbat hizlari gurean egin diren jardunaldi ugarietan. Hezkuntza, hezkuntza eta hezkuntza da ondorioa.

 

Beste hainbat gaitan bezala, hezkuntza digitalari dagokionean ere mutur batetik bestera joan gara: 90eko eta 2000ko hamarkadetan dena ona iragartzen zuten teknologia eta hezkuntza uztartzen zituzten ikerketek eta haiei loturiko lerroburuek; orain beste muturrera joan gara, dena kaltegarri eta arriskutsu ikusten dugu maiz. Eztabaida konplexua da eta argi pixka bat ematen ahalegindu dira azkenaldian hainbat hizlari gurean egin diren jardunaldi ugarietan. Hezkuntza, hezkuntza eta hezkuntza da ondorioa. Teknologiak gure haurrak eta nerabeak erabiliko ez baditu, eta eurak teknologiaren erabiltzaile huts izan ez daitezen, ezin da abagunea galtzen utzi: hezi egin behar dira konpetentzia digitala eskura dezaten. Eta argi dezagun: konpetentzia digitala ez da gailu teknologikoak erabiltzen jakitea, baizik eta teknologien erabilera segurua, arduratsua eta kritikoa egiteko gai izatea.

Teknologien lilurak gailu teknologikoak ikastetxeetara modu akritikoan sartzea ekarri zuen, eta baita testuliburuak pantailekin ordezkatzea ere. Baina hori ez da hezkuntza digitala. Adituek beharrezko ikusten dute gauza asko gaizki egin direla onartzen hastea, aurrera begira hobetzeko. Hala adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak BECen antolatu zuen jardunaldian Marimar Cuesta Murtziako Unibertsitateko irakasleak: “Gehiegi digitalizatu dira eskola horiek; gailu pila bat erosi dira, arbela digitalak, chromebook-ak, Ipadak… ezarri dira inolako metodologiarik gabe eta, batez ere, irakasleen formaziorik gabe”. Trantsizio digitala egin gabe, gailuek hartu duten presentzia gehiegizkoak eragin du, hain zuzen ere, teknologiarekiko mesfidantza. Beraz, pause emateko garaia da.

Ikastetxe askok atzera egin dute, teknologiek bere horretan, hezkuntza prozesua ez dutela hobetzen ikusita. Berriro aurrera egiteko, hitz gako bat proposatu zuen Amaia Arroyo Sagasta HUHEZIko irakasleak: pertinentzia digitala: “Noiz da pertinentea teknologia digitalak erabiltzea? Teknologiak ikasketa prozesuari balio erantsia ekartzen dionean”. Irakaslea ziur egongo da teknologiak ongi erabiltzen ari dela, noiz, nola eta zergatik txertatu behar dituen argi daukanean.

Hori guztia ongi pentsatzeko, prestatzeko eta diseinatzeko erreminta gakoa eskolako proiektu digitala da. Eta, funtsezkoa da, familiei ere bertan lekua egitea. Izan ere, pantailena ez da eskolaren auzia soilik, eta familiekin eta komunitatearekin landu beharko da, eskola-orduetatik kanpoko erabilera baita konpetentzia digital handiena eskatzen duena.


Koakzioaren ordez portaeraren domeinu autonomoa baizik eta haren ekintzen domeinu propioa.

Lev Vigotsky