AMAREN SABELEAN, LIKIDO AMNIOTIKOAN, HASTEN DA HAURRAREN MUGIMENDUA, ETA MUGIMENDU HORRI INTENTZIO BAT ERANSTEN ZAIONEAN, DANTZA BIHURTZEN DA. “EMOZIOA DA DANTZA, AZKEN FUNTSEAN”, DIO TELLERIAK.

Etxetik datorkio dantzarekiko maitasuna Pantxika Telleriari (Donibane Lohitzune, 1972). Umetan euskal dantzak ikasten zitueneko oroitzapen goxoa du. Gero, nerabetan, Parisera joan zen, kontserbatoriora, baina lesio batek atera zuen zidor hertsi hartatik, eta dantza garaikidearen mundu irekiagoan jarri zuen, ostera ere, Euskal Herrian. EliralE konpainia sortu zuen 2011. urtean, eta koreografo gisa Kukai konpainiarekin ere egin du lan. Gaur egun, ‘H’ lana ari da han hemenka taularatzen. Haurren dantza irakasle ere bada, edo berak nahiago duen bezala, “eramaile”.  
Azkaineko elkarteen etxean sei haur batu dira larunbat goizez. Hiztun daude garaiz izanagatik. “Untsa zara?”, “ama sendatu da?”. Hizketarako tarte bat hartu dute eta musika jarri die gero Telleriak, arnasa hartu eta lasai daitezen, eta dantzan hasi dira haurrak.

Haur asko dira dantzariak, edo, bederen dantza zaleak. Nondik hasten da mugimendua? 
Mugimendua amaren sabelean garenetik hasten da. Nahiz eta ahantzi, mugimendu bide oso berezi bat bizi dugu likido horretan, eta haur bat sortzen delarik, bere eraikuntzan joanen da mugimenduaren bila, alde horretara estimulatua baita. Mugimendua noiz hasten da dantza izaten? Mugimenduarekin batera intentzio bat datorrenean; emozioa da azken funtsean. Koreografo gisa, ikusle bihurtzen naizelarik, emozio gehiago pizten zait ezartzen naizelarik per-
tsona baten aurrean eta ikusten dudalarik bere mugimendua bat datorrela bere intentzioarekin, eta jostetan ari dela horrekin.

Esan izan duzu gorputza gaizki erabiltzen zenuela 12 urte izan arte. Zertan lagundu zizun dantzak?
Nik esan dut hori? Ez dut gogoratzen... Txiki-txikitatik xantza izan dut, nire familian ama eta izebek eta aitak ere biziki maite izan dute dantza. Zortea izan dut, giro horretan erori naiz eta maitatu dut dantza. Euskal dan-tzen munduan ibilitakoa naiz, eta  nahiago nuen plazan ibiltzea eskoletan aritzea baino. Donibane Lohitzunen zegoen dantza eskola, eta parkean askatasunez ibiltzen ginenekoa gehiago gustatzen zait. Gero,  nerabe nintzelarik, Parisko kontserbatoriora joateko babesa eduki nuen etxean.
Dantza eta umea lotzen direnean, sarri teknika lehenesten dugu: pauso konkretu batzuk ikastea, sakrifizioa... eta berezkotasuna galtzen da.
Nik umetako oroitzapen goxoa atxikitzen dut. Gero, handitzean, nahi izan dut dantza mundura hurbildu. “Dantzaria izan nahi dut” esan dudalarik, behar izan dut balleta ikasi. Eta egia esan, gustatu zait; banuen espontaneitate hori, baina gustatu zait teknika ikastea ere. Uste dut biak edukitzea, teknika eta espontaneitatea, interesgarria dela dantzari profesional batentzat. Nire koreografo lanean espontaneitatea ekartzeko ahalegina egiten dut. Dantzak hori eskatzen du, espontaneitatea, baina baita besteekin lotzeko gaitasuna ere. 
Gustatzen zait, zinez, 6 urteko haurrekin lan egitea. 4 urte arte haurrek ez dakite sobera gorputz mailan non dauden, eta besteekin konektatzea zaila da. Bestetik, 6 urtetik aitzina, egun osoan jarrita egotea eskatzen zaie, eta horrek baldintzatzen du beren dantza proposamena. Adin horretan, oraindik proposamenak sartu eta aski irekia dute irudimena, eta onar-tzen dute espontaneitatea. Pauso eta mugimendu zehatzak irakastea baino gehiago, haur bakoitzak barnean izan dezakeen harribitxia ateratzen laguntzea interesatzen zait.

Dantza egitea fisikoki osasungarria izateaz gain, eragin psikologikoa ere badu: lotsak galtzeko, autoestimua lantzeko... onuragarria da. 
Lehenik eta behin, gorputza ezagu-tzeko interesgarria da dantza; eta 
teknika hor dago, laguntzaile gisa. Nik teknikaren bidez azaltzen diet haur txikiei nola dagoen osatua gure gorputza, fisikoki zer garen; horretarako, marrazkiak erabiltzen ditugu, bizkarrezurraren irudiak, eta beti funtzionatzen du. Animaliak ere erabiltzen ditugu gorputzaz mintzatzeko: maite dituzte animaliak, hegalak... txoriekin alderatzen dute eta ezagutzen dute euren gorputza. Orain arranoa gara, orain txantxangorri txiki bat... Animalien irudi ezberdinekin aska-tzen ahal duzu gorputza. Funtsean denok dugu mugitzeko gaitasun hori, dantza berezko gaitasuna baita. Batzuengan eragin psikologiko ona du gorputza askatzeak, gorputza ezagutzea bera, askotan, askatze bat da. Baina haur batzuengan sortzen ahal ditu angustia batzuk.

Zer nolakoak?
Batzuetan haurrei eskatzen zaie espontaneitatea eta dena ematea, baina, agian, dantza hori bere amari bakarrik erakutsi nahi dio, edo lagun talde bati. Intimitate bat erakustea eskatzen diozu ume horri, azken funtsean, talde oso bat baituzu begira, eta, agian, haur horrentzat ez da ez mementua, ez lekua... Pentsa heldu gisa, nola biziko zenukeen egoera hori bera? Batzuetan nahi genuke dena askatzea, badugu gogoa, baina ezin dugu. Gure barnetik datorren zerbait adierazteko, ez gaude prest momentu edo espazio horretan. Ematea ez da beti plazera edo askatasuna, edo ongizate bat. 
Haurrek badakite dantza-eskolan badutela eskubidea batzuetan dan-
tza ez egiteko eta ikusle gisa jartzeko, euren momentua izan arte. Eta hori ere onartu behar da.

Errespetatzen dira bakoitzaren gorputzaren bereizgarritasunak?
Badira gorputzaren eta gorputzarekin izateko eredu batzuk. Guk helduok bezala rol batzuk, eta gauza bat edo beste erakutsi nahi dugu, baita gure gorputzarekin ere. Eta haurrek ere berdin jokatzen dute. Gorputzetan azaltzen da hori, eta baita dantza egiterakoan ere. Maiz gertatzen zait eskoletan: oso txintxoak eta lasaiak diren neskek, espresatzeko unean, zailtasun handiak dituzte; aldiz, mutiko bihurriak kanalizatzen badituzu, askoz proposamen handiagoak ateratzen dituzte. Hori ez da beti horrela, baina neskak txikitatik saiatzen dira mugimendua segmentatzen, biziki moztua da neska horien mugimendua. Neskok normalki ibiltzeko era finagoa dugu, baina, batez ere, gorputz atalak moztuak bezala lantzen ditugulako gertatzen da hori; mutikoek sabeletik gehiago hartzen dute eta beraien mugimenduak globalizatuagoak dira. 
Sexuen arabera heziketa desberdina da, eta baita gorputzaren eta mugimenduaren heziketa ere. Mutiko bat fiteago joango da zerbait fisikoagoa egitera, mugimendu globalagoa egitera, bizikletan ibiltzera, adibidez; eta neskak mugimendu zehatzagoak landuko ditu, grafia adibidez; eta diferentzia hori dantzan ere ikusten da. Nik zortea dut, Azkainen ditugun tailerretan bai mutikoak eta bai neskak daude. Bi energia horiek batera sortzen dute beste zerbait, mugimendua ekartzeko unean ere.

Mugimendua ere hezi egiten da, beraz?
Ez dut hori landu, baina interesgarria izango litzateke antropologo batek hori lantzea, ea beste kulturetan nola den jakiteko. Behin, Indonesiako emanaldi bat ikustera joan nintzen, biziki ederra, intentzio handia ikusten zen, baina ez zidaten eman giltza bat bera ere emanaldia ulertzeko. Mugimendua fisiologikoa den erabat edo kulturak zehazten duen, ez dakit. 
Zein espaziotan kokatzen diren eta denboraren nozioa ere garrantzitsua da; espazioak eta denborak gorputza erabiltzeko manerak marrazten dituzte. Esaterako, mendiak dakarren bakardade eta isiltasunak eragiten du. 
Baina beste zerbait dago, Euskal Herriko haurrei ezartzen diezu euskal kutsua duen musika bat, eta berehala mugitzen dira; musika mota horrekin badute lotura berezia, bai. Hori ez zaie nire haurrei bakarrik pasatzen.

Melodia ala instrumentua errekonozitzen dute?
Melodia. Eta hori, 3-4 urterekin gertatzen da, ez soilik 6-7 urterekin. Hor, seguru aski, gurasoekin bizitako zerbait egongo da sakonean. Beste musikekiko baino positiboagoa da beren jarrera, eta, mugimenduan sartzeko, errazagoa da euskal musikarekin. Agian sozializazioa dago martxan. Festarena bizi izan dute.

Zer musika jartzen diezu haurrei dantza egin dezaten?
Oskorriren biribilketa bat, edo Aikoren maskarada dantza edo esku-dantza bat, edo... Musika alaiekin,  festa girokoarekin, ‘Txulalai’ jarririk, adibidez, animoa berehala sortzen da haurrengan ere.

Bestelako zer musika da egokia haurrekin dantza lantzeko?
Nik den-dena jartzen dut. Rocka, klasikoa... Orain isiltasuna lan-tzen ari naiz, 7-8 urteko umeekin. Idealena litzateke musikari batekin aritzea zuzenean. Hori ez da luxua, hori oinarrizko zerbait da. Horrela lana egin dudalarik, pianistak jarraitzen zaitu eta, behar duzunaren arabera, pasatzen da klasikotik zerbait esperimentalagora,  edo polka batera. Magnetofoiarekin, bi edo hirugarren musika-zatitik aurrera, haurrek ez dute gehiago en-tzuten musika, eta musika aditu ere egin gabe egiten dute mugimendua. Orduan soinuekin hasten naiz azaltzen. 
Musikarik gabe haurrengana iristeko asko aritu behar duzu. “Kaskazurra hor duzue, orain mermelada duzue buruan, mermelada aterako da belarritik, eta azukrez beterik joanen da besora, gero ukondora, gero eskumuturretara eta joanen gara lurrera...”. Eta beti erreximenta izaki, saiatu norbera bere musika jartzen. “Orain, aldi honetan, erreximenta potean Ezpeletako piperra sartu da eta beste soinu batzuk atera beharko ditugu”. Lotzen gara horrela, bai irudiekin eta bai soinuekin.
Nire lanean, gero eta aspertuago nago, taulan garelarik, dantzariok ezin dugulako gure ahotsa erabili. Dantzari bat —eta pertsona bera— gero eta helduago bihur-tzen delarik, mugimendua txikitu egiten da, gordetzen da baina txikiturik; barneko arnasa eta soinua aldiz, maiz bizi-bizirik atxikitzen dute dantzariek. Orduan, ahal banau lagundu, zergatik isildu behar dut soinua?
Nini txikiekin dantzatu egin behar da, baina soinua ere landu behar dugu. Gure inguruan dauden soinuak ez ditugu entzuten. Goazen entzutera eta goazen gure ingurunearekin erresonantzian bizitzera.

Zu ikasle zinen garaitik irakasle zarenera, dantza-irakasteko moduetan egon da aldaketarik?
Ez dakit ikuspegi aski zabala dudan pedagogia aldatu den ala ez esateko. Ni neu saiatu naiz lan bat egiten horri buruz. Nik txikitan espontaneitate handia nuen, eta beti ari nintzen sortzen mugimendua eta dantzak, nire kezken arabera. Gero, teknika lantzera joan naizelarik Parisera, sekulako se-
lekzioa zegoen, sekulako maila. Ni nintzen kontserbatorioan, azken urtean zuzendari berria iritsi zen (beti esaten dut 5 urte goizegi jaio nintzela), eta klasikoan ziren dan-tzariei garaikidea proposatzen zien, aktore-lanetara ere irekia zegoen, eta musika proposamen irekia eskaintzen zuen. Gero, beste zuzendari bat sartu zen, eta atzera egin zuen. Zuzendariaren eta per-tsonen araberakoa da.
Han irakasleak nituen, baina nik neure burua eramaile gisa ikusten dut haurrekiko, eta horrela ikusi nahi dut. Beraiekin, dantzariekin, eraiki nahi dut zerbait. Ez dut erran nahi teknika erakusten ez dudanik, haur bati teknikak lagunduko baitio mugimendu bat egiten, ez minik hartzeko, adibidez. Baina ez da horregatik, berak musika horren gainean ez badu ikusi nik ikusi dudan lehoia, eta berak lepo-luzea ikusi baldin badu, goazen garatzera elkarrekin ikusi duen hori.