ONkologia 360 proiektua.

 

Irudika Lanbide Heziketa Zentroak abiatutako ONkologia 360 proiektuak Plaiaundi LHII, Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastola eta ESCIVIrekin elkarlanean minbizia duten pertsonen eta haien ingurukoen ongizate integrala indartu nahi du, tailer praktikoak eta plataforma digitala uztartuta.

 

Minbizia bizi duen pertsona baten egunerokoa ez da kontsultatik kontsultara soilik neurtzen. Tratamenduek gorputzean uzten dituzten arrastoak, elikadurarekin sortzen diren zalantzak, mugitzeko beldurra edo nekea kudeatzeko moduak, eta emozioen gorabeherak ere prozesuaren parte dira. ONkologia 360 proiektuak horixe du abiapuntu: osasun sistemak egiten duenaz gain, askotan bazterrean geratzen diren arloetan informazioa, tresnak eta laguntza espazioak eskaintzea, ikuspegi integraletik.

Proiektuak lau ardatz uztartzen ditu: gorputz irudia eta irudi pertsonala; nutrizioa; ariketa terapeutikoa; eta ongizate psikologikoa. Eta hiru lan ildotan egituratzen da: jardunaldi zientifikoetan, tailer praktikoetan eta plataforma digital batean.

 

Pandemia aurreko hutsunea

Irudikan irudi pertsonalaren esparruan lan egiten dute, eta Maite Iturralde Berrikuntza zuzendariak proiektuaren jatorria 2014-2015 ikasturtearen inguruan kokatzen du, irudi pertsonaleko enpresek zailtasunak zituztelako minbizia pairatzen ari ziren bezeroekin: “Ohiko bezeroak zirenak, bat-batean egoera zeharo desberdin batera pasatzen dira minbizia pairatzean, eta tratamenduek eragindako albo-ondorioak —ile-galera, larruazalaren lehortasuna…— autoirudian eta egunerokoan nabaritzen dira”.

Sektoreak, Iturralderen hitzetan, prestakuntza eta ezagutza handiagoa behar zuen: profesionalek ikasiz, eta ikasleei transmitituz, etorkizunean langile edo ekintzaile izango diren pertsonek tresna hobeak izan zitzaten: “Osasun arloan zaindu eta sendatu egiten da, noski; baina albo-ondorioei buruz ez da beti informazio nahikorik ematen, eta horrek hasieratik saihestu daitezkeen egoerak ekar ditzake”.

 

 
Lehen pausoak:Onkologikoarekin elkarlanean

Hutsune horri erantzuteko, lehenengo urratsak Donostiako Onkologikoarekin batera etorri ziren: hitzaldiak eta aholkularitza-saioak antolatu zituzten, bai gaixoei bai sektoreko profesionalei zuzenduta. Buruko zapia nola jarri, ile-ordezkoen gaineko informazioa, larruazalaren zaintza edo tratamendu garaiko makillajea bezalako gaiak landu zituzten. Tailerretan, galderei tokia egiten zitzaien, eta bakoitzak bere egoeraren araberako aukerak ezagutzea eta erabakiak hartzea zen helburua.

 


Osasun arloan zaindu eta sendatu egiten da, noski; baina albo-ondorioen gainean ez da beti informazio nahikorik ematen, eta horrek hasieratik saihestu zitezkeen egoerak ekar ditzake

Maite Iturralde, Irudika LH zentroko Berrikuntza zuzendaria


 
Arlo eta aliantza gehiago

2024-2025 ikasturtean proiektuak beste jauzi bat egin zuen Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren proiektu berritzaileen deialdian ONkologia 360 proiektua onartu zutenean. Irudi pertsonalaz gain, ariketa fisikoa, elikadura eta ongizate emozionala ere txertatzeko, beste zentro batzuetara jo zuten: Irungo Plaiaundi LHIIra eta Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolara. Baliabide digitalak garatzeko, berriz, Andoaingo ESCIVI —zinema eta bideo eskola— ere sarean sartu zen. Lau zentroen arteko elkarlanean, bakoitzak bere espezialitatea jarri du mahai gainean: irudi pertsonalean Irudikaren esperientzia, nutrizioan Plaiaundirena, beste diziplina osagarri batzuetan Inmakuladaren ekarpena, eta edukien zabalkunderako ESCIVIren ezagutza. Horrek ahalbidetu du proiektua arlo desberdinak uztartzen dituen ekimena izatea.

 

Ikasleak, ikaskuntza eta sentsibilitatea

Proiektua, neurri handi batean, ikasleen bidez gauzatu da, parte-hartzea hainbat modutakoa izanik: “Batzuek jardunaldietan eta saioetan entzule edo dinamizatzaile gisa hartu dute parte; beste batzuek, zeharka, eduki digitalen eta material pedagogikoen ekoizpenean. Horri esker, ikasleek prozesua bertatik bertara ikusten dute, eta gaixoen egoera ulertu, adituen eskutik informazioa jaso, eta gero ikasitakoa praktikatzen dute”, aipatu du Iturraldek.

Irudikan, gainera, goi-mailako zikloetan onkologiari lotutako erronkak txertatu dituztela gaineratu du Iturraldek: “Ikasleek eduki espezifikoak lantzen dituzte, eta askotan amaieran haiek gidatzen dituzte saio batzuk. Ikasten dutena hurrengo urteko erronketan integratzen joaten dira, gaia ikaskuntzaren parte izan dadin eta lan ildoari jarraipena eman diezaion”.

 


Denok beharrezkoak garela sinisten dugu; elkarlanean eta koordinazio handiagoarekin, gaixoen bidea askoz errazagoa izan daiteke

Maite Iturralde, Irudika LH zentroko Berrikuntza zuzendaria


 
Elkarteekin eta  Osakidetzarekin lankidetzan

ONkologia 360ren sarea ez da LHko zentroen artekoa soilik. Iturralderen esanetan, elkarteen ekarpena funtsezkoa izan da hasieratik: “Haiek dira gaixoekin harreman zuzena dutenak, eguneroko errealitatea ondoen ezagutzen dutenak eta esperientzia handiena metatu dutenak. Horregatik, proiektuan Osakidetzarekin elkarlanean aritzeaz gain, Katxalin, Asgicer, Minbiziaren Aurka Gipuzkoa, Aspanogi eta Iñurri elkarteekin ere aritu gara”.

Lan egiteko modua “lanketa eta kontraste” bidezkoa izan da. Ikastetxeek proposamenak prestatzen dituzte, eta ondoren elkarteekin partekatzen dituzte, norabidea egokia den aztertzeko, ekarpenak jasotzeko eta proiektua benetako beharretara gehiago gerturatzeko. Bilera batzuk online egin dituzte, beste batzuk aurrez aurre, eta hainbatetan elkarteen egoitzetara ere joan dira, harremana estutzeko eta ikuspegiak gurutzatzeko. Iturralderen ustez, hortxe dago gakoa: “Denok beharrezkoak garela sinesten dugu; elkarlanean eta koordinazio handiagoarekin, gaixoen bidea askoz errazagoa izan daiteke”.

 

 
Jardunaldiak, tailerrak eta webgunea

Egin zituzten jardunaldi zientifikoek askotariko profilak bildu zituzten: profesional teknikoak, Osakidetzakoak, elkarteak eta gaixoak. Ezagutza partekatzeko ez ezik, elkarri entzuteko eta elkarren lana hobeto ulertzeko gunea ere badira. Gaixo onkologikoei zuzendutako aholkularitza saioek, berriz, egunerokoan eragin zuzena bilatzen dute: irudi pertsonaleko zaintzatik elikadura egokituraino, eta ariketa fisikoaren gomendioetatik ongizate emozionalerako gakoetara, besteak beste.

Plaiaundin, esaterako, nutrizio eta sukaldaritza saio praktikoak antolatu dituzte pazienteentzat eta senideentzat, tratamendu garaian elikadura nola egokitu lantzeko. Bestalde, webguneak baliabideak eta edukiak bildu, antolatu eta eskuragarri jarri ditu edozein pertsonarentzat —gaixoentzat, familiartekoentzat eta ingurukoentzat—. “Webgunearen helburua, proiektuan sortu diren baliabideak, gidak, jardunaldi onkologikoen bideoak eta abar eskuragarri jartzea da”, azpimarratu du Iturraldek. Komunikaziorako ikus-entzunezkoak ere sortu dituzte, baina proiektuaren muina sareak sortzen dituen topaketak eta baliabideak dira.

 


Webgunearen helburua, proiektuan sortu diren baliabideak, gidak, jardunaldi onkologikoen bideoak eta abar eskuragarri jartzea da

Maite Iturralde, Irudika LH zentroko Berrikuntza zuzendaria


 

Prebentzioari begirako erronkak eta aukerak

Halako sare batek koordinazio handia eskatzen duela dio Iturraldek: “Eragile askoren arteko elkarlana izanik, agenda desberdinak eta lan-ordutegien mugak oztopo handia izan daitezke. Gainera, hezkuntzaren eta osasunaren arteko elkarlanean, batzuetan baimenak kudeatu behar izaten dira. Hala ere, amaierako balorazioa positiboa izan da, eta bideari jarraipena ematea erabaki dugu Irudikak eta Plaiaundik, barne-baliabideekin bada ere”.

Bide horretan, aurten jorratuko dituzten ekintzak prebentzioari lotutakoak izango dira. Minbizi kasuak gora doazela ikusita, eta Lanbide Heziketan ikasleekin lan egiteak duen eragin biderkatzailea kontuan hartuta, ikasleekin prebentzioan eragiteko, eta emaitza positiboak eman ditzakeen lan bat egiteko aukera ikusten dute.