Elena Zubillaga | Pediatra
HAIZEAK
Gure alabak bi hilabete ditu eta haize asko izaten ditu; kosta egiten zaio horiek botatzea, ordea. Gomendioren bat haize gutxiago sortzeko, eta dituen kasuan botatzen laguntzeko?
HAUR TXIKIAREN GURASOEK oso barneratuta dute bere haurrari haizeak botatzen lagundu behar diotela. Oso zabalduta dago haurrek jaten duten bakoitzean nahitaez haizeak bota behar dituztela, eta gehienek inongo trabarik gabe jaten duten bakoitzean erraz botatzen dituzte puzkarrak, korrokadak… Horrela gertatzen denean gurasoak lasai eta gustura gera-tzen dira. Izan ere, “haizeak ondo botatzeak” haurrari ematen zaion janaria egokiena dela eta dudarik gabe bere digestio-aparatuak ondo funtzionatzen duela esan nahi du. Baina, horrela gertatzen ez denean, eta jan ondoren haizeak ez badira agertzen, edota asko kostata agertzen badira, gurasoak dezente kezka-tzen dira eta laster hasten dira pentsatzen ez direla nahikoa trebeak haurra hazteko, edota haurraren gorputzean badagoela ondo funtzionatzen ez duen zerbait. Horregatik, egoera honetan aurkitzen direnean, berehala kontsultatzen dute eta erremedioren bat nahi izaten dute. Beraz, nahiz eta jakin haizeak sortzen duen gorabehera oso arina dela, bolada motzeko iraupena izango duela eta erremedio guztiz eraginkorrik ez dagoela, ia beti haurrak medikatuta bukatzen du (infusioak, probiotikoak, homeopatia, osteopatia, etab).
Haurraren digestio-aparatuaren arazo organiko batengatik edota esne artifizialari alergia diolako sortzen badira haizeak, orduan bai prebenitu ditzakegula tratamendu bat jarrita. Baina, bestela, haurra osasuntsu dagoen kasuan, prebentzio bezala ez dago ezer finkaturik. Badakigu haur batzuek haize dezente irensten dutela tititik edo biberoitik zurrupatzerakoan eta kasu hauetan jaten hasi aurretik edo jaten ari den bitartean haurra lasaitzeak prebenitu dezake haizeen pilatzea.
Haizeak gutxitzeko eta botatzen laguntzeko erremedio ezberdinak frogatu dira: jan ondoren haurra gutxi edota mantso manipulatzea, adibidez; haur batzuei lagungarri zaie gorputza postura zuzen batean jartzea, edo hauspez, burua zertxobait altuago mantenduta. Aniseteek efektu gutxi dute eta, gainera, anetola daukatenez, kontuz erabili behar dira, intoxikatzeko arriskua dagoelako. Infusioak batzuetan onuragarriak dira, baina arriskutsuak aldi berean, bere kontzentrazioa bereiztuta ez dagoelako eta azukre dezente eraman dezaketelako. Batzuetan probiotiko batzuk efektiboak izaten dira, baina azken bolada honetan modan daude eta gehiegitxo erabili ohi dira. Batzuetan osteopatia eraginkorra da, baina ez dago bermatua. Mesedegarria da haurra lasai dagoenean (ez negarrez) sabela arin masajeatzea edota hankekin ariketak (bizikleta) egitea. Eta, azkenik, oso eraginkorra izaten da gurasoen jarrera: lasaia bada, asko laguntzen dio haurrari bere egonezin arin horiek hobeto jasaten.
HAZI-MINAK
11 urteko gure alabak belaunetako min handiak izaten ditu. Hazten ari delako izango dela esaten digute, baina asko kezkatzen gaitu, zenbaitetan negarrez egoten baita minagatik. Zer egin dezakegu mina arintzeko?
HAZKUNDE-PROZESUAK EZ DU zertan mingarria izan, baina haur batzuek hazten ari diren bitarte horretan mina sentitzen dute, batez ere izterretan eta hanketan. Gehienetan ezin dute zehazki kokatu minaren iturburua, beste batzuetan, berriz, garbi adierazten dute, mina belaunean edo orpoan izaten denean.
Gehienetan arratsaldean edo lotan dauden bitartean sortzen dira hazi-minak, eta batzuetan hain gogorrak izaten dira, haurra negarrez esna-tzea eragiten baitute. Haur batzuek, aldiz, inoiz ez dute inongo minik sentitzen, eta beste batzuek molesti arinak besterik ez dituzte sentitzen. Hazi-minak sortzearen arrazoiak ez daude zehazki identifikaturik. Agian ariketa fisikoak sortzen dituen lesio muskular arinek zerikusia dute; edota, haurra lotan dagoela bere muskuluak erlaxatuak daudenez, edozein mugimenduk eragin dezake mina.
Batzuetan mina kentzeko botikak (antiinflamatorioak) hartu behar izaten dira, baina gehienetan masaje arina emanez desagertzen dira. Zertxobait prebenitzeko, onuragarria izaten da kirola egin ondoren edo oheratu baino lehen tenkadak egitea.
Normalean minak desagertzen joaten dira pixkanaka-pixkanaka, baina denboran luze irauten badute, edo oso handiak baldin badira, edota minaz gain beste sintoma batzuk agertzen badira (sukarra, nekea edo pisuaren galera, adibidez), medikuarekin kontsultatzea komenigarria izan daiteke.
SUKARRA
Semeak eztarriko minak eraginda sukarra izaten du sarritan, eta sendagilearengana jotzen dugu maiz. Zenbat sukarretik aurrera joan behar genuke medikuarengana? Etxean zer egin sukarra arintzeko?
HAUR TXIKIAK ERRAZ gaixotzen direlako oso maiz izaten dute sukarra. Sukarra ez da gaixotasun bat, gaixotasunaren sintoma bat baizik eta beste motatako sintomei kasu egiten zaien bezala, sukarra ere kontuan hartu behar da, tratatua izan dadin. Gehienetan arinak izaten dira haurrek jasaten dituzten infekzioak, hala ere ia beti sortzen dute sukarra, eta askotan hori da haurrak azaltzen duen sintoma bakarra. Gurasoak kezkatu egiten dira haurra beroegi sumatzen dutenean eta askok berehala kontsultatzen dute diagnostiko baten bila, baina gaixotasuna oso hasieran baldin badago, pediatriarentzat zaila da jakitea zein infekzio motak eragiten duen sukarra. Hala ere, argitu behar da 40ºko sukarra edo 38ºkoa ez dela berdina; edo hilabete bateko haur txiki baten 38ºko sukarra kezkagarria den bezala, 2-4 urteko haurrarena ez dela hain larria izaten. Horregatik, zenbateko sukarrarekin kontsultatu behar den zehazki aholkatzea nahiko arriskutsua da. Hala ere, ordu erdi edo ordubeteko 38ºko sukarrak segur aski ez digu inolako pistarik emango; baina sukar berdinarekin haurra apal badago, edo oso kexati, edo orokorrean itxura pattala azaltzen badu, sukar horrek beste esanahi bat izaten du eta kontsultatzea komenigarria da.
Sukarraren tratamendua ere ez da berdina kasu guztietan. 38ºko sukarra tratatu daiteke haurrari arropa kenduz, edo gorputzean trapu bustiak jarriz, baina egonezinarekin badago, ondo etorriko zaio botikaren bat: parazetamola edo ibuprofenoa, adibidez. Sukarra altuagoa denean, merezi du botikarekin tratatzea.