Gonzalez Martinez de la Hidalga, Pediatra
Estreptokokoa
Beti pentsatu izan dugu estreptokokoarekin haurrak eztarriko min handia izan behar zuela, baina gure haurrak hainbat alditan izan du eta ez da minaz kexatu. Ondoren legena atera izan zaio eta hiru aldiz pediatrarenera eraman gaitu horrek. Medikuak estreptokokoarekin lotu du. Hori posible al da?
FARINGOAMIGDALITISAREN KAUSARIK ohikoena birusak dira. Batzuetan, bakterio batzuek ere eragin dezakete, batez ere estreptokokoak, bereziki 3 urtetik gorako haurrengan. Normalean ez dute katarro-sintomarik izaten, eztarriko mina izan dezakete, sukar handia, buruko mina, sabeleko mina eta lepoko gongoilak handituak. Nolanahi ere, sintomatologia aldakorra izan daiteke. Batzuetan, larruazalean lesio bat ager daiteke: eskarlatina. Eztarriko mina ohiko sintoma bada ere, ez da beti agertzen. Era berean, eskarlatina larruazaleko lesioen ondorioz gerta daiteke, eztarrian eraginik izan gabe.
Haurtzaroan, estreptokoko kasu gehiago izaten dituzten haurrak daude, eta batzuk eramaileak ere badira. Faktore anatomikoek eragiten dute, hala nola amigdalen formak eta tamainak, eztarriak eta pertsonaren faktore immunologikoek. Adinarekin hobera egiten du.
Pubertaro goiztiarra
Gure 8 urteko alabari titi koxkorrak ateratzen hasi zaizkio. Pubertaroaren hasiera 9- 10 urte bitartean kokatzen genuen eta garaiz dela iruditzen zaigu. Zer ondorio ditu garaiz garatze honek? Zerbait egin behar al dugu?
TITIBURU BATEN edo bien azpian koxkor txiki bat ateratzeari telarkia esaten zaio. 8 urte bete baino lehen agertzen denean telarkia goiztiarra da. Bularreko botoi hori lehen pubertaro-zeinua izan daiteke. Hala ere, telarkia goiztiar isolatutzat hartzen da beste adierazpenik ez baldin badago: pubiseko edo besapeko ilea, helduen gorputz-usaina, aknea edo altuera azkar handitzea. Historia kliniko zehatza egin behar da, pubertaroaren berezko beste ezaugarri batzuk aztertzeko: hazkunde-abiadura ebaluatzea, hezur-adina baloratzea... Batzuetan, beste proba batzuk egin daitezke: analitika, ekografia… Telarkia isolatua edo pubertaro goiztiarra den ikusteko.
Telarkia goiztiar gehienetan eboluzioa aztertu besterik ez litzateke egin beharko. Kasuen % 10 inguruk egiazko pubertaro goiztiarrerantz eboluziona dezake.
Urduritasuna eta zauriak
Gure 9 urteko alaba oso urduria da eta buruari buelta asko ematen dizkio. Azazkalak jaten ditu, zauri guztiak urratzen ditu, eta zauriak handitu egiten ditu beti. Arnasketa eta lasaitzeko teknikak erakusten saiatzen gara; pediatrak esan digu denborarekin pasako zaiola eta emozioak kudeatzen lagundu behar diogula… Egokia ote litzateke 9 urteko haur baten kasuan halako gauzak psikologo batekin tratatzea?
ONIKOFAGIA AZAZKALEI kosk egiteko ohitura da. 7 eta 10 urte bitarteko haurren % 30ek dute, eta nerabeen % 45ek. Horietatik, % 10ek, gutxi gorabehera, helduaroan ohitura horri eutsiko dio. Estresaren, nekearen edo asperduraren aurrean antsietatea murrizteko erabiltzen dute. Zer egin daiteke? Lehenik eta behin, pazientzia izan eta onikofagia eragiten duen arrazoia ikertu. Baliagarria izan daiteke ariketa fisikoa egitea; eraikuntza-jolasak, margoketa, plastilina edo eskuzko jarduerak estimulatzea edo, azazkalei hozka egiten dienean, objektu bat emanez arreta desbideratzea, eskuartean eduki dezan.
Jakina, errefortzu positiboa oso garrantzitsua da: egiten ez duenean, zoriontzea eta saritzea. Ez zaio errietarik egin behar eta ezta zigortu ere, eta are gutxiago lotsarazi.
Batzuetan, zapore mingotseko esmalte baten aplikazioak lagundu dezake. Eta, hainbat kasutan, beharrezkoa izan daiteke psikologo batengan laguntza bilatzea, ohitura horrek familian edo haurrarengan antsietate handia sortzen baldin badu edo aho-hortzetako arazoak eragiten baldin badizkio.
Kukutxeztula
Gure 7 urteko alabak kukutxeztula izan du negu bukaeran, txertoa hartua zuen arren, eta antzeko kasu batzuk ezagutu ditut inguruan. Nola da posible? Aurten fuerteago erasaten ari al da gaitz hori?
KUKUTXEZTULAK 3-5 URTEAN behin epidemiak sortzen ditu. Pandemia garaiko konfinamenduko neurriekin, nabarmen murriztu zen bere eragina, eta orain handitzen ari da pandemia aurreko datuak gaindituz.
Hazkundearen arrazoien artean hauek daude: gaixotasunaren diagnostikorako gaitasuna handitu da eta mikroorganismoak txertaketak eragindako defentsei egokitu dira.
Txertoak oso eraginkorrak dira, baina ez dute % 100 babesten. Eraginkortasun handia dute gaixotasunaren larritasuna prebenitzeko, baina ez dute guztiz prebenitzen pertsonak kutsatzea. Gainera, denborarekin eraginkortasuna galtzen da, eta, horregatik, txertoaren oroigarriak jarri behar dira.
Kukutxeztula haurtzaroko gaixotasuna izan ohi da eta horregatik txertatzen da adin horretan, baina pertsona helduen kasuak ugaritu egin dira, eta, beraz, litekeena da kasu horien prebentziorako nerabezaroan txertoaren oroitzapen-dosi bat gehitzea.