Gontzal Martinez de Hidalga | Pediatra
Ibuprofenoa edo parazetamola
Umeari beti ibuprofenoa ematen diogu sukarrarentzat, beste batzuek, aldiz, parazetamola ematen diote. Zer komeni da noiz? Zer albo kalte izan ditzakete biek?
OROKORREAN, EZ dugu sukarra tratatzen, sukarrak eragindako ondoeza baizik. Umea pozik baldin badago, ez zaio ezer eman behar. Bai ura eskaini, arropa arinak jantzi, bainu epelak eman…
Orokorrean parazetamola hobesten da albo kalte gutxiago dituelako, baina ibuprofenoa ere arazo barik erabil daiteke. Parazetamola 4 ordutik behin eta ibuprofenoa 6 ordutik behin eman dakieke. Bien alboko kalteak oso ezohikoak dira haurtzaroan.
Hantura duten prozesuetan (belarriko mina, eztarriko mina…) ibuprofenoak gehiago lagun dezake, agian, inflamazioaren aurkako ahalmena ere badaukalako.
Pertsona batzuek tartekatuz erabili ohi dituzte biak, baina, normalean, ez dira biak erabili behar; tartekatzeko ohitura horrek ez du oinarri zientifikorik eta albo kalteak areagotu ditzake.
Antitermikoa eman ondoren sukarra gutxi jaisten baldin bada, ez gara larritu behar. Jaitsiera horrekin nahikoa da haurra hobeto sentitzen baldin bada. Sukarrak, berez, ez du kalterik eragiten. Konplikazioak daudenean, sukarraren kausaren ondorio dira, ez sukarraren beraren ondorio.
Pneumonia
Negu honetan pneumonia kasu ugari izan ditugu inguruko familietan. Irudipena dugu gure garaian umetan ez zela hainbeste pneumoniarik gertatzen. Ugaritu egin al dira? Zer arrisku izan ditzake pneumonia batek haurrengan?
OSASUNAREN MUNDU Erakundeak emandako datuen arabera, komunitatean hartutako pneumonia izan da 5 urtetik beherako haurren heriotzen % 15en erantzulea, eta, oro har, ia milioi bat heriotza eragin ditu adin guztietako haurren artean. Dena den, heriotza horiek herrialde txiroetan (zapalduetan) gertatzen dira. Herrialde industrializatuetan ia ez da pneumoniak eragindako heriotzarik ikusten, horri lotutako beste gaixotasun larririk ez baldin badago.
Pneumonia txertaketaren bitartez, elikadura egokiarekin eta ingurumen-faktoreak kontrolatuz prebenitu daiteke.
Zaila da gure inguruan pneumonia kasuak ugaritu direnaren ebidentziak aurkitzea. Agian, diagnostiko gehiago egiten dira diagnostikoak egiteko teknikak hobetu direlako.
Zurrunga
Gure 8 urteko alabak zurrunga egiten du. Garai batean asko entzuten zen haurren zurrunga begetazioetako kontuengatik izaten zela. Hala al da? Zer esan nahi du horrek zehazki? Edo zergatik izan daiteke?
ZURRUNGAK ARNAS hodiaren argian oztopoak agertzen direnean gertatzen dira. Katarro koadroen testuinguruan, mukosak handitu egiten dira eta sekrezioek ere arnasbideak partzialki oztopatzen dituzte. Horrek guztiak, loaldian arnasa hartzean, zarata areagotzen du.
Batzuetan, haur batzuek, arnas koadrorik izan gabe, zurrungak egin ditzakete.
Zurrungen garrantzia ez da zarata bera, baizik eta arnasa behar den moduan hartzeko izan dezaketen zailtasuna. Batzuetan, loaldiko apneekin lotuta egon daitezke. Hau da, haurrak une batez arnasa hartzeari uzten dion unearekin. Etenaldi batzuk normalak dira, baina garrantzitsuak direnean, atseden egokia eta haurraren garapen normala eragotzi dezakete. Loaldiaren apnea-sindromea deritzona da.
Horrelakorik agertuz gero, batzuetan adenoideak edota amigdalak kentzeko eta haurraren garapen normala ahalbidetuko duen atseden egokia errazteko ebakuntza egin behar izaten da.
Eztularentzako sendagaiak
Pediatrak esan izan digu eztula ez dela moztu behar, baina gure 6 urteko haurrak katarro txiki bat harrapatu orduko eztul handia izaten du eta gauak, bereziki, oso gaizki pasatzen ditu. Zer egin genezake? Zerbait eman beharko genioke?
EZTULA ETA mukiak nolabaiteko defentsa mekanismoak dira eta eztularen jatorria askotarikoa izan daiteke. Oro har, pediatrian ez dira eztularen aurkako sendagai orokorrak erabiltzen. Eztula asmagatik eraginda baldin badago, asma tratatzen da. Laringitisak eragindakoa baldin bada, horretarako sendagairen bat erabiltzen da. Dena den, goiko arnasbideetako infekzio gehienek ez dute tratamendurik eta egoera arintzeko neurriak besterik ez dira gomendatzen: ibuprofenoa edo parazetamola ondoezaren aurka, ur asko edatea sekrezioak likidoagoak izan daitezen eta mukosak hidratatuta egon daitezen, arnasa hobeto hartzeko ohean pixka bat altxatuta ipintzea, sudurra serumarekin garbitzea...
Dena den, ez dago zalantzarik: haurren eztula oso astuna izan daiteke.