Gontzal Martinez  De La Hidalga | Pediatra

AZALA

Udan aurpegian orban zuriak ateratzen zaizkio gure 6 urteko alabari. Badakigu eguzkiagatik dela eta ongi hidratatzen saiatzen gara, baina hala ere ez dugu saihesten orbanak ateratzea. Beste zer egin dezakegu?

ORBAN ZURIAK oso ohikoak dira haurtzaroan. Lesio desberdinak izan daitezke. Ohikoenen artean pitiriasis alba deiturikoak dira. Egia esan, ez dira udan agertzen. Garai horretan nabariagoak izaten dira orbanaren larruazalak eguzkiaren izpiekin kolorerik ez duelako hartzen. Bai, ordea, beste larruazaleko aldeek. Ez da ezer larria, ez du azkurarik eragiten eta denborarekin (batzuetan urteak beharko dira) desagertuko dira. Beti bezala, azala eguzkitik babestu behar da eta larruazalaren deshidratazioa saihestu. Beste batzuetan onddoak ere izan daitezke eta horiek ere ez dira larriak. Askotan ez dira tratatu behar eta berez desagertuko dira.


HELDUAK

Eltxoen helduekin burutu ezinik ibiltzen gara gure umeekin eta granoak izugarri hazten eta gogortzen zaizkie, infektatu egingo balitzaizkie bezala. Denetarik probatu dugu, baina erreakzio horrek hor jarraitzen du. Zer egin dezakegu?

ELTXOEN ETA BESTE INTSEKTUEN ziztadak desatseginak izan daitezke askotan eta pertsona batzuen larruazalean erreakzio handiak eragiten dituzte.
Lehenik eta behin, ziztadak saihestu behar dira. Ez zabaldu leihoak arratsean argia piztuta badago. Lokarrietan ipintzen diren gailuak ere lagungarriak izan daitezke.
Ziztada izanez gero, amoniako diluitua duten produktuak erabil daitezke eta erreakzio larriak agertzen badira zure medikuak agian kortikoidea duen pomada edo xarabe antihistaminiko bat eman diezazuke.


SUIZIDIOA ETA NERABEAK

Aurreko HAZI HEZIn irakurri dugu, eta datuek ere hala erakusten dute, gazteen artean suizidio kasuek gora egin dutela. Bigarren Hezkuntzako irakaslea naiz eta ohartzen naiz gaia presente dagoela, baina ez zaiola hezkuntzatik aski arreta jartzen. Haurren eta nerabeen buru-osasuna zaintzeko zer eduki behar dugu presente eskolan eta nola lagundu familiak gidatzen?

SUIZIDIOA ARAZO LARRIA DA gure gizartean. Askotan ezkutatu egiten dugu, gai deserosoa baita: estigma sozial handia du. Dena den, soluzioak lortzeko lehenik eta behin onartu, zergatiak ondo identifikatu eta neurriak ezarri behar dira. Zorionez, azkenaldi honetan lehen zegoen jarrera pixkanaka aldatzen ari da.
Nerabezaroa garai zaila izan daiteke aldaketa handiak izaten direlako. Gainera, gure gaztetxoek jasaten duten presioa ikasketetan emaitza onak lortzeko edo bullying-ak eragin handia izan dezakete. Eta azkenaldi honetan, pandemiaren aurka hartutako neurriek asko handitu dute suizidio-tasa. Kontuan hartu ez zuten beste ondorio kaltegarri bat, hainbesteren artean.
Hezkuntzak funtzio garrantzitsua izan beharko luke arriskuan dauden nerabeak eta haien familiak laguntzeko. Horretarako prestakuntza tailerrak antolatu beharko lirateke ete beste esparruekin elkarlanean aritu (osasungintza eta gizarte zerbitzuak, besteak beste).


TXERTOA

Dagoeneko hasi dira 12 urtetik gorakoak txertatzeko deia egiten, baina nik ez daukat aski informazio haurrak txertatu ala ez, eta are gutxiago haur txikiak (4 eta 7 urtekoak ditut). Txerto horiek ez al dira helduetan frogatu, beraz, nola ziurtatu haurrentzat egokiak direla? Nola ziurtatu ez dela albo-ondoriorik izango, ba al dago nahikoa datu?

MOMENTUZ, (2021eko irailean) umeen txertaketa masiboa ez dago justifikaturik. Kasu konkretu batzuetan egon daiteke: immunoeskasia sindromeetan edo zenbait gaixotasun larriren kasuan. Dena den, orokorrean ez da gomendatzen.
Arrazoi batzuk daude horren atzean:
- Infekzio oso arina eta konplikaziorik gabekoa da ia kasu gehienetan. Beraz, gehienek ez dute onurarik izango.
- Gizarte onurarik duenik ez dago oso argi. Umeak gutxiago kutsatzen dira eta gutxiago kutsatzen omen dute. Gainera, ditugun txertoak gaixotasun larria izateko prebenitzen dute, baina ez transmisioa. Txertatuta daudenek ez dute kutsatzeko gaitasunik galtzen.
- Albo-ondorioak ez dira batere ohikoak, baina batzuk agertu dira. Miokarditisa, besteak beste.
- Oraindik haurtzaroaren eta txertoen inguruko datu gutxi dugu eta ikerketa gehiago behar da. Orokorrean, dena oso azkar ibili da eta Zientziak denbora behar du. Umeekin egiten diren ikerketak azkenak izaten dira askotan arrazoi etikoengatik eta, kasu honetan ere, horrela izan da. Momentuz, Emergentziazko Erabileraren Baimenarekin onartu dira txertoak. Denbora pasa ahala, gero eta datu gehiago izango ditugu.


‘TATOO’ ITSASKORRAK

Gure seme-alabei asko gustatzen zaizkie tatoo itsaskorrak, eta pagarekin sarri erosten dituzte. Beti zalantza dut ez ote diren azalerako toxikoak. Hala da?

EDOZEIN PRODUKTUK erreakzioren bat eragin dezake larruazalean. Dena den, tatoo itsaskorrak, lehen kalkamonia deitzen genienak, ez dira bereziki arriskutsuak. Hala ere, ume batzuek larruazal sentiberagoa dutenez, dermatitis atopikoa dutenekin, adibidez, eta kontuz ibili behar dugu.
Erreakzioa agertuz gero, tatooa kendu eta krema hidratatzailea edo olioa jar daiteke. Henna beltza umeekin erabiltzea ez da gomendatzen erreakzio alergikoak maizago egon daitezkelako.
Literatura medikuan ez dago umeen gaineko ikerketa garrantzitsurik. Baina helduei buruzko ikerketek diote albo-ondorioak arinak izaten direla gehienetan.