Gontzal Martinez De Hidalga | Pediatra
GASTROENTERITISA
Haurrak ginenean eta gastroenteritisarekin geundenean, dieta zorrotza bete behar izaten genuen: arroz zuria, york urdaiazpikoa, tortilla frantsesa eta jogurta. Orain hori ez dela egokia esan izan digute, baina zer eman, hortaz, haurrei jateko gastroenteritisarekin daudenean?
GASTROENTERITISAREN ARRISKUA deshidratazioa da. Orduan, likido asko eman behar zaie umeei. Haurrentzako errehidratazio sueroa ere erabil daiteke. Jateko edozein gauza eman ahal zaie, azukre edo gantz askoko elikagaiak saihestuz. Berez, dieta normalak murrizketarik gabe gaixotasunaren iraupena laburtzen du, eta antzina gomendatzen zen dieta astringente zorrotzak, berriz, printzipio batzuen eta kalorien defizita eragiten zuen eta horrexegatik ez da gaur egun gomendatzen. Gantz gutxiko haragia, jogurta eta karbohidrato konplexuak gomendatzen dira bereziki, tolerantzia ona dutelako.
Umea amagandiko edoskitzearekin badago ez da inoiz eten behar. Amaren esnea elikadura ezin hobea da defentsa faktoreak ere helarazten dizkiolako. Formula artifiziala ez da diluitu behar ezta laktosarik gabeko esnea erabili ere. Esne osoarekiko tolerantzia ona izaten da. Gastroenteritisarekin ez da inolako baraualdiarik egin behar ezta medikuntza-tratamendurik eman ere, normalean.
IKUSMENA
Gure sei urteko alabari ikusmen proba egin diote eta oftalmologoarenera joan behar dugu. Gelan badira antzeko kasu gehiago eta ardura sortu zaigu pantailek eraginik izan ote dezaketen honetan, irudipena baitaukagu gero eta ikusmen-arazo gehiago daudela haurretan. Saiatzen gara mugatzen, baina tableta, telebista, eskolan ere pantaila... Nola zaindu haurren ikusmena?
ANTZA DENEZ, enfokatzeko orduan ahalegin handiagoa egin behar da pantailaren aurrean eta, beraz, ikusmenaren nekea eragiteaz gain, miopia edo beste errefrakzio akats batzuk areagotu ditzake agian. Pantaila baten aurrean, denbora luzean distantzia laburrera begiratzea ahalegin handia izan daiteke gure sistema optikoaren-
tzat. Orokorrean atsedenaldiak egin behar dira pantailaren aurrean lan egiten ari direnean, urreneko objektuak begiratuz. Distirak eta erreflexuak saihesten saiatu behar da.
Eta ikusmenaren arazoez gain, arazo handiago sorraraz dezake: adikzioa.
Gaur egungo bizitzan pantailez inguraturik gaude eta umeek komeni dena baino denbora gehiago egoten dira pantailaren aurrean: ordenagailua, tableta, bideo-jokoak, telefonoa, telebista, etab. Orokorrean, 2 urtetik behera pantailak saihestu behar dira Munduko Osasun Erakundeko adituen arabera. 4 urtera arte gehienez ordu bete egunean eta adin horretatik aurrera zerbait gehiago, baina ahalik eta gutxien.
ANTSIETATEA
Batxi 2-ko irakaslea naiz, presio handiko ikasturtea da eta ikasleen osasunean eragiten duela iruditzen zait. Urterik urte ikasleen artean gero eta tripako eta buruko min kasu gehiago ikusten ari naiz. Ikasle batzuen kasuan denboran luzatzen dira sintoma horiek eta okertu egiten dira azterketak etorri ahala. Familiekin hitz egiteko gaia iruditzen zait; zerbait egin al dezakete beraien seme-alabei laguntzeko?
IKERKETEN ARABERA, gure Lehen eta Bigarren Hezkun-
tzako ikasleen artean laurden batek antsietate maila handiak pairatzen ditu azterketen aurrean. Zaila da horri aurre egitea.
Garrantzitsua da elikadura osasungarria izatea, janari astunak saihestuz. Nahiko lo egitea (gutxienez zortzi ordu). Hau da, esfortzu handirik gabe jaikitzea. Edari energetikoak eta kafea ez edatea. Ikasteko denboran atsedenaldiak hartzea. Kirola eta ariketa fisikoa egitea. Erlaxazio-teknikak erabiltzea. Azterketa-egoera mehatxutzat ez hartzea. Kasu horietan, lotutako emozioa antsietatea izango da, mehatxu edo arrisku egoeretan agertzen baita.
Gizarte mailan, agian, birplanteatu beharko genuke zertarako den hezkuntza sistema, gehiegizko presioa eragiten baitie umeei. Irakasleek ere presio handia jasaten dute emaitzak lortzeko eta batzuetan gizarteak ez du kontuan hartzen hezkuntzak umeen hazkundearen prozesuan ardatz desberdinetan lagundu behar duela. Emaitza akademikoaren gainetik pertsonak egon beharko lukete.
TXERTOA HAURRETAN
Txertaketari buruz etengabe hitz egiten da, baina ez dugu medikurik edo pediatrarik entzun haurren txertaketaren inguruan hitz egiten. Ba al dago dagoeneko ebidentziarik/ ikerketarik /daturik haurrak txertatu beharko ote liratekeen ala ez esaten dutenik? Badakigu herrialderen batean egin dela (Israel), eta hemen egitea komeni den ala ez jakin nahiko genuke, eta arriskurik ba ote leukaken.
DENBORA PASA AHALA, gero eta gehiago dakigu txertoen inguruan. Hasiera batean, ohi den bezala, umeen inguruko ikerketak azkenak izan dira, medikuntza-produktuak lehenengo helduetan probatu behar direlako. Gainera, COVID-19a adineko jendearen gaitz bat da, batez ere. Ez du eragin handirik gazte eta umeengan. Arrisku faktore nagusia adina da eta gaixotasun kronikoek ere eragin handia dute. Lehen ikerketen arabera, onartuta dauden txertoek babesten omen dute eta alboko efektuak ez dira oso ohikoak.
Momentuz (ekainaren hasieran), umeen txertaketa orokorra ez dago justifikaturik ikerketa handiagoak izan arte. Gauzak oso azkar doazenez hori alda daiteke. Nerabeetan ikerketak hasi dira eta informazio gutxirekin Israelek nerabeak txertatzea proposatu du. Nahiz eta Israelgo txertaketa-kanpaina etengabe hedabideetan agertu, ez da batere eredugarria. Lehenik eta behin, apartheid sistema batean oinarrituta dagoelako. Palestinarrak bigarren klaseko pertsonak dira estatu horretan eta osasun sisteman, beste esparruetan bezala, diskriminazioa da nagusi. Haiek ez dute ia txertorik jaso. Gainera, txertaketa kanpainak iraun bitartean genozidioa areagotzen ari dira Gazan.
Pandemia honi aurre egiteko ikuspegi globala behar dugu. Gizakiok daukagun arazo bat da. Ez da euskaldunona, ez estatu espainol edo frantseseko biztanleena, ezta europarrena ere. Hortaz, ikuspuntu etiko batetik, txertoen ekoizpena mugatua den heinean, ez du zentzurik ezta etikarik ere, umeak herrialde industrializatuetan txertatzea herrialde txiroetan nagusiak oraindik txertatu barik badaude. Munduko Osasun Erakundeak lehengo txertoak herrialde txiroetara bidaltzea gomendatzen du, han bizi diren pertsona nagusiak txertatzea.
COVID-19AREN SINTOMAK HAURRENGAN
Hasieran, inguruan bederen, sukarra izan zen birusaren lehen sintomatako bat, usaimena eta dastamena galtzearekin batera. Azken hilabetean, bestalde, COVID-19a harrapatu duten inguruko haurrengan beherako kasuak entzun ditut eta baita sukarrik gabeko katarro handi baten antzeko sintomak ere, mukiekin. Aldatuz al doaz sintomak?
GAUZAK EZ DIRA asko aldatu hasieratik. Ebidentziak daudenetik badakigu umeek gehienetan sintoma arinak dituztela edo ez daukatela sintomarik, ez direla hain kutsakorrak eta ez direla hainbeste kutsatzen. Normalean, sintomak izanez gero, arnas bideetakoak dira, baina beste organoen sintomak ere ager daitezke noizbait: beherakoa, larru azaleko lesioak… Beste birusek eragindako gaixotasunetan bezala. Gauzak horrela izanda, lasaitasuna da nagusi gurasoontzat. Akats larria izan zen umeen konfinamendu zorrotza eta eskolen itxiera pasa den urtean. Akatsa baino gehiago, erabaki tamalgarria, ebidentzia zientifikoetan oinarritu gabea. Horrelakorik berriro inoiz ez gertatzea espero dugu.