Gontzal Martinez De Hidalga | Pediatra
KORONABIRUSAREN ONDORIOAK
Gure ilobak 6 hilabete ditu eta koronabirusa pasa du, ezer larririk ez, baina ia hilabete pasa du dezima batzuekin. Gurasoak arduratuta gelditu dira ea arrasto txarrik geldituko ote zaion. Ba al dago ondorio txarren gaineko ikerketarik? Zer esan zenezake?
DEZIMEN KONTUA koronabirusagatik izan zitekeen edo beste edozein gauzagatik ere bai. Adin horrekin febrikula, hau da, besapeko 37 eta 38 graduen arteko tenperatura ez da ezer larria normalean. Beroagatik, ariketa fisikoagatik, edozein birusengatik ere ager daiteke. Gainera, inoiz ez dugu hainbeste aldiz tenperatura hartu. Hori ere ikertu beharko da etorkizunean, agian estandar berriak ezartzeko.
Antza, sekuelak ez dira ohikoak eta haurtzaroan are gutxiago. Dena den, ikerketa gehiago beharko dira. Dakigunarekin, eta pixkanaka gero eta gehiago da, ez da inongo ardurarik izan behar kasu horretan. Dakiguna da infekzioa pasa ostean immunizatuta egongo dela. Ez dakigu noiz arte, baina ematen du 6 hilabete eta urtebeteko epean gutxienez baietz.
Haurrentzako sekuela kezkagarrienak pandemia kontrolatzeko umeen aurkako hartutako neurriek eragindakoak dira. Hau da, eskolak ixtea, etxeko konfinamendu zorrotza, kontaktu falta, aurpegiak ez ikustea, eskola batzuetan egon daitekeen gehiegizko beldurra, etab. Hori askoz kezkarriagoa da eta asko egin behar dugu horrela sortutako kalteak gutxitzeko.
AZALA
Eskuak gel hidroalkoholikoarekin oso sarri garbitzeak azalean zer eragin izan dezakeen jakin nahiko nuke, 6 urteko alabak inoiz ez bezala oso lehor eta gorrituak baititu eskuak…
GEL HIDROALKOHOLIKOAK normalean bi osagai nagusi ditu: alde batetik antiseptikoa (alkohola edo deribaturen bat) eta beste aldetik substantzia hidratatzaile bat lehortzeko efektua gutxitzeko. Hidroalkohola erabiltzeak edo eskuak hainbeste aldiz garbitzeak eragin negatiboa izan dezake. Hori saihesteko egunero eskuentzako krema hidratatzailea erabil daiteke etxean.
ALDAKETA GARAPENEAN
6 urteko alabaren errebisioan esan digute adi egoteko ea gorputzean bilorik ateratzen hasten zion, bularrak handitzen… izan ere, pubertaroko garapena aurreratzen ari omen da… Jakin-minarekin gelditu nintzen. Zeri zor zaio haurren gorputz-garapenean gertatzen ari omen den aurrerapen hori?
PUBERTAROAREN HASIERAK konponente genetiko argia du eta baita inguruari lotutakoak ere. Azken mendean pubertaroa aurreratu da zertxobait. Orokorrean, bederatzi urtetik aurrera normaltzat hartzen dugu. Dena den, lehenago agertuz gero saiatzen gara tratamendu hormonalarekin atzeratzen. Tratamendua jasotzen duten neskatilek garapen normala izango dute. Haur osasuntsuaren pediatriako kontroletan horri denari garrantzia ematen diogu.
TXERTOA
Koronabirusaren txertoaren inguruko albiste asko ari gara entzuten. Nire kezka da txerto hori haurrengan probatu ote duten, eta zer eragin izan ditzakeen. Izan ere, haurrengan COVID-19ak eragin txikia baldin badu, eta helduak txertoa jartzen baldin badugu, agian ez da beharrezko izango haurrak txertatzea, ala bai?
TXERTOAREN INGURUAN asko hitz egiten da. Horren inguruan dakiguna baino askoz gehiago. Zuhurtziaz ibili behar dugu. Mahaiaren gainean aurrekontu erraldoiak ipini dira txertoak garatzeko eta horrek epeak laburtu ditu. Dena den, zientziak denbora behar du. Gutxinaka gehiago jakingo dugu. Momentuz espekulazioak dira nagusi. Garai aztoratu hauetan zaila da aurreikustea. Egonarria behar dugu ezagutza gutxinaka finkatzeko.Haurrengan proba gutxi egin dira orain arte, baina ez da garrantzitsuena gaur egun eta ziur aski umeen txertaketa askoz beranduago etorriko da. Momentuz hori ez dago agendan. Ziur aski koronabirusa geratzeko heldu da. Gizakiok germen bat besterik ez dugu erradikatu: baztanga edo nafarreria (gazt. viruela; fr. variole). Denborarekin beste infekzioekin egin duguna egingo dugu. Ohitu eta neurriz borrokatu.
GONGOILAK
Sustoa pasa dugu, 3 urteko alabak lepoko mina zeukan eta ohartu gara kozkor txiki batzuk dituela. Pediatrak esan digu gongoilak direla eta ez daukala garrantzirik… Zer dira gongoilak, zer garrantzi dauka?
GONGOILAK gure gorputzaren organo normalak dira. Denok ditugu leku askotan. Batzuk ukitu ditzakegu eta beste batzuk, aldiz, ez. Umearoan nabariagoak dira eta ohiko kezka dira guraso askorentzat. Gehien-gehienetan ez dira patologikoak. Gainera, alboko hantura edo infekzioa dagoenean, zonalde horri dagozkion gongoilak handitzen dira defentsarako zelulak hurbiltzen direlako. Adibide ezagunenetako bat amigdalitisarekin gertatzen dena da. Amigdalen hantura izanez gero masailhezurraren azpian dauden gongoilak handitzen dira.
PEDIATRAREN ERREBISIOAK
2 urteko gelako andereñoa naiz. Ohartu naiz ikasturte honetan haur askok ez dutela pediatraren errebisioa pasa, martxotik hasitako itxialdia lehendabizi eta ondoren, gurasoek anbulatoriora joatea saihestu egin dutelako. Txertorik ez dago errebisio horretan, baina zaindu beharreko errebisioa dela pentsatzen dut… Zer ondorio izan litzake horrelako errebisioak ez egiteak?
ERREBISIOAK txertoak ipintzeko, osasun arazoak aurkitzeko eta osasun hezkuntza egiteko baliatzen ditugu. Gaur egun, umeak askotan ikusten ditugu eta normalean arazoak nahiko goiz kontrolatzen ditugu. Dena den, falta diren kontrolak egin daitezke geroago, egin gabe badaude. Zentro askotan kontrolak egunero egiten ditugu eta ez dugu atzerapen handirik horrekin. Zalantza izanez gero falta den kontrola egiteko hitzordua eska daiteke osasun zentroan.